lunes, 30 de enero de 2017

2017-02-05 - Urteko 5. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 5. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Goiz-argiak bezala
egingo duzu distira.

Isaias liburutik 58, 7-10

Jaunak esan zidan:
«Gose denari zeure ogitik eman
eta aterperik ez duen behartsua
etxean hartzea,
biluzik dagoena jantzi
eta zeure gizakideari
laguntzarik ez ukatzea?»
Orduan, goiz-argiak bezala
egingo duzu distira
eta zure gaitzak berehala
sendatuko dira.
Justizia izango duzu
aurretik gidari
eta Jaunaren presentzia
atzetik babesgarri.
Zuk dei egin
eta hark erantzun egingo dizu,
zuk laguntza eskatu
eta hark esango: «Hemen nauzu!»
Uztarri oro baztertzen
eta salaketak eta gaizki-esateak
uxatzen badituzu,
gose denari
zeure ogia ematen
eta behartsuaren premiari
erantzuten badiozu,
orduan, ilunpetan distira
egingo du zure argiak,
zure gau beltza
eguerdi bihurtuko da.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 111, 4-5. 6-7. 8a y 9 (R.: 4a)

R.
Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat.

Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat:
Jainko errukiorra, bihozbera eta zintzoa.
Zorionekoa errukitu eta laguntzen duena,
bere arazoak zuzen daramatzana. R.

Zintzoak ez du inoiz koloka egingo,
haren oroitzapenak beti bizirik iraungo.
Ez du izango berri txarren beldurrik,
adoretsu dago, Jaunarenganako konfiantzaz. R.

Seguru sentitzen da, ezeren beldurrik gabe;
Eskua betean ematen die behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau:
ohorez jasoko du kopeta. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo gurutziltzatuaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 2, 1-5

Horregatik, senideok, nik ere, Jainkoaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean, ez nizuen hitz egin giza jakinduriazko hizkera landua erabiliz.
Izan ere, zuen artean ez nuen ezer jakin nahi izan, Jesu Kristo, eta berau gurutziltzatua, izan ezik. Horregatik, ahul eta beldurrez dar-dar aurkeztu nintzen zuen aurrean.
Nire hitza eta predikua ez ziren giza jakinduriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baizik, horrela, zuen sinesmena Jainkoaren indarrean oinarri zedin eta ez giza jakindurian.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 8, 12b

Aleluia, aleluia.
Neu naiz munduarentzat argia- esanten du Jaunak-
niri jarraitzen didana bizia ematen duen argia izango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Zuek zarete munduarentzat argia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 13-16

Orduan, Jesusek esan zioten bere ikasleei:
«Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.
«Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


domingo, 29 de enero de 2017

2017-02-02 - Jaungoikoaren Aurkespena (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren Aurkespena (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bere tenplura bilatzen duzuen nagusia sartuko da.

Malakías liburutik 3,1-4

Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hor bidaltzen dizuet neure mandataria, niretzat bidea prestatzera. Bat-batean sartuko da bere tenplura bilatzen duzuen nagusia. Nire ituna iragarriko duen mandataria irrika duzue; horra non datorren!»
Nork aurpegi eman haren etorrera-egunari? Nork zutik iraun hura agertzean? Metala birfintzeko sua bezala, arropa garbitzeko lixiba bezala izango da.
Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten. Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 23, 7. 8. 9- 10 (R.: 10bc)

R.
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea!

Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea! R.

Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jauna da, indartsu eta ahaltsua,
Jauna, guduan ahaltsua! R.

Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea!  R.

Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea!  R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan.

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 2,14-18

Familia bateko seme-alabak haragi eta odol bereko diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizakiaren haragi-odoletan, heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko, eta heriotzaren beldurrez beren bizitza osoan esklabo bezala bizi zirenei askatasuna emateko; hura ez baitzen, noski, aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baizik. Horretarako, erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan, apaiz nagusi errukitsu eta Jainkoari dagozkionetan fidagarri izateko, herriaren bekatuak barkatzeko gai. Bera ere nekeetan probatua izan delako, gauza da orain probaldian daudenei laguntzeko.

Jaunak esana.

Aleluia Lc 2,32

Aleluia, aleluia.
Nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe. Aleluia.

EBANJELIOA

Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Lukas liburutik 2, 22-40

Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio. Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.
Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe. Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, esanez:

«Orain bai, Jauna,
zeuk hitzeman bezala,
utz diezaiokezu zeure morroi honi
bakean hiltzen!
Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea,
herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».

[Aita-amak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik. Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen. Eta zuri ere saminezko ezpatak zulatuko dizu bihotza».
Bazen profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. Une hartan aurkezturik, Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.
Jaunaren legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara itzuli ziren, Nazaret beren herrira. Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen.]

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 23 de enero de 2017

2017-01-29 - Urteko 4. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 4. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eta jende apal eta behartsua utziko dut zurean.

Sofonías liburutik 2, 3; 3, 12-13

Eta zuek denok, lurraldeko apalok,
Jaunaren aginduak
betetzen dituzuenok,
bila ezazue Jauna.
Bilatu zuzentasuna,
bilatu apaltasuna.
Eta babesa aurkituko duzue agian
Jaunaren haserre-egunean.
Eta jende apal eta behartsua
utziko dut zurean:
niregan izango dute babes.
Israelen bizirik geldituek
ez dute aurrerantzean
bidegaberik egingo,
ez gezurrik esango,
ez beren ahotan
engainu-hitzik izango.
Eta inoren beldurrik gabe
jango dute eta atseden hartuko».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 145, 7. 8-9a. 9bc-10 (R.: Mt 5, 3)

R.
Zorionekoak bihotzez behartsu direnak,
haiek baitute Jainkoa errege.

Jaunak beti eusten dio bere hitzari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose direnei ogia ematen.
Jaunak askatzen ditu presoak. R.

Jaunak zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak altxatzen lur jota daudenak.
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen.
R.

Umezurtz eta alargunei zutik eusten,
baina gaiztoen nagusigoa iraultzen.
Jauna errege da betiko,
errege zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan!  R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Munduak argaltzat duena aukeratu du Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 1, 26-31

Begira bestela, senideok, zeintzuk zareten Jainkoak deitu zaituztenok: ez dira zuen artean munduak jakintsutzat hartzen dituenetatik asko, ezta ahaltsu nahiz aitoren semeetatik ere. Aitzitik, munduak zorotzat duena aukeratu du Jainkoak jakintsuak lotsarazteko, eta munduak argaltzat duena indartsuak lotsarazteko; munduak baliogabetzat eta mespretxagarritzat duena, munduaren begitan ezerez dena, aukeratu du Jainkoak, zerbait direla uste dutenak ezerezteko; horrela, ez du inork Jainkoaren aurrean harrotzerik. Berari zor diozue izatea, Jesu Kristori esker. Berau egin du Jainkoak guretzat jakinduria, berorren bidez askatu gaitu bekatutik, salbatu eta bere egin. Horrela betetzen da Liburu Santuak dioen hura: Harrotu nahi duena, harro bedi Jaunarengan.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 5, l2a

Aleluia, aleluia.
Poz zaitezte eta alaitu,
handia izango baita zuen saria zeruan. Aleluia.

EBANJELIOA

Zorionekoak bihotzez behartsu direnak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 1-12a

Jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean. Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 16 de enero de 2017

2017-01-22 - Urteko 3. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 3. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Galilea, jentilen eskualdean herriak argi handia ikusi du.

Isaias liburutik 8, 23b-9, 3

Garai batean
lotsagarri utzi zituen Jaunak
Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea;
baina geroztik ospetsu egin du
itsaso ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
eta Galilea, jentilen eskualdea.
Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.
Poz bizia sortu diezu,
alaitasun handia eman.
Pozik daude zure aurrean,
uzta biltzean bezain pozik,
harrapakinak banatzean bezain alai.
Apurtua baituzu lepoan zeramaten
uztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea
apurtu zenuen bezalaxe.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 26, 1. 4. 13-14 (R.: 1a)

R.
Jauna dut argi eta salbamen.

Jauna dut argi eta salbamen:
nork ni beldurtu?
Jaunak dit bizia babesten:
nork ni ikaratu? R.

Gauza bakarra diot Jaunari eskatu,
horixe bakarrik dut irrika:
Jaunaren etxean bizi nadila bizitza guztian,
Jaunaren edertasunari
begira eta haren tenpluaren zaindari. R.

Ziur nago ni:
Jaunaren ontasuna gozatuko dut bizien lurraldean.
Itxaron Jaunarengan! Eutsi gogor, izan kemen!
Itxaron Jaunarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 1, 10-13. 17

Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik; leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko.
Ene maiteok, ihes egiozue, beraz, idolatriari.
Pertsona zentzudunei bezala mintzo natzaizue; juzgatu zeuek diodana. Jainkoa bedeinkatuz hartzen dugun esker oneko kopak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen odolean? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen gorputzean?
Ogia bat denez, denok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen baitugu denok.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 4,23

Aleluia, aleluia.
Jesus Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen
eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.. Aleluia.

EBANJELIOA

Kafarnaum herrian jarri zen bizitzen. Horrela, Jainkoak Isaiasen bidez esana bete zen

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 4, 12-23

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakitean, Galileara joan zen Jesus.
Baina Nazaret utzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea,
itsas ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
jentilen Galilea!
Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.

Une hartatik hasi zen Jesus honela hots egiten: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zebilela, bi anaia, Simon, Pedro deitua, eta Andres, ikusi zituen, sarea uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurrerago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin zien. Haiek, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten.
Jesus Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 9 de enero de 2017

2017-01-15 - Urteko 2. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 2. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nazioen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren bazterreraino eraman dezazun.

Isaias liburutik 49, 3. 5-6

Jaunak esan zidan:
«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dut
neure ospea».
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa dut indar.
Amaren sabelean eratu ninduen
bere zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak berarengana
bihurrarazteko
eta Israel herria biltzeko.
Orain, honela mintzo zait Jauna:
«Ez da aski zu nire zerbitzari izatea
Jakoben leinuak susperrarazi
eta berritzeko
eta Israelen bizirik geldituak
itzularazteko;
nazioen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbamena
lurraren bazterreraino
eraman dezazun».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 39, 2 eta 4ab. 7-8a. 8b-9. 10 (R.: 8a eta 9a)

R.
Hemen nauzu, Jauna, zure nahia betetzeko.

Jaunarengan jarria nuen itxaropen guztia:
makurtu eta entzun du nire deiadarra.
Kantu berria ipini dit ezpainetan,
gure Jainkoarentzat gorespen-kanta. R.

Ez duzu nahi izan sakrifizio eta eskaintzarik,
ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik;
baizik eta belarriak ireki dizkidazu, zuri entzuteko.
Horregatik diot: «Hemen nauzu». R.

Liburuan agintzen zait
zure nahia betetzeko.
Ene Jainko, atsegin dut zure legea neure barne-muinetan. R.

Batzar nagusian iragarri dut zure salbazioa,
ez ditut ezpainak itxi, ongi dakizu, Jauna! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 1,1-3

Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Sostenes anaiak Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari idazten diogu. Jesu Kristok sagaratu zaituzte eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten dioten guztiekin batera, hauek eta guk Jaun bat bera onartzen baitugu. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 1, 14. 12b

Aleluia, aleluia.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Onartu zuten guztiei,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien. Aleluia.

EBANJELIOA

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Joan liburutik 1, 29-34

Egun haietan, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.
Honetaz ari nintzen, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.
Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».
Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten, eta honen gainean gelditzen.
Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”. Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 2 de enero de 2017

2017-01-08 - Jaunaren Bataioa (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaunaren Bataioa (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hona hemen nire zerbitzaria, atsegin dudana.

Isaias liburutik 42, 1-4. 6-7

Jaunak dio:
«Hona hemen nire zerbitzaria,
nik eusten diodana,
nik hautatua, atsegin dudana.
Beronen gain ezarri dut
neure espiritua:
nazioei justizia ekarriko die.
Ez du oihu egingo,
ez ahotsa goratuko,
ez kaleetan bere mintzoa
entzunaraziko.
Kanabera printzatua ez du hautsiko,
ahulduriko argi-metxa
ez du itzaliko.
Justizia ekarriko du leialki.
Ez du adorea galduko, ez etsiko,
lurrean justizia ezarri arte.
Haren legearen zain egongo dira
urrutiko herriak».
«Nik, Jaun honek,
salbamen-ekintzarako dei egin dizut
eta eskutik heldu;
nik eratu zaitut
eta egiteko hau ezarri:
herriarentzat nire ituna berritu
eta nazioei argi egitea,
itsuen begiak zabaldu
eta presoak espetxetik ateratzea,
ilunpetan bizi direnak kartzelatik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 28, 1a y 2. 3ac-4. y 9b-10 (R.: 11b)

R.
Jaunak bere herria bakeaz bedeinka dezala!

Goretsi Jauna, zeruko izakiok,
goretsi Jaunaren izen ospetsua!
Ahuspeztu Jaunaren aurrean, bere santutasunez agertzean! R.

Jaunaren ahotsak ur gainean durunda:
Jauna ur handien gainean garai.
Jaunaren ahotsa indartsu,
Jaunaren ahotsa arrandiatsu. R.

Haren zeruko tenpluan denek oihu: «Gora!»
Jauna eseria dago ur handien gainetik,
Jauna tronuan eseria, betiko errege. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen.

Eginak liburutik 10, 34-38

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
«Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan. Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berri ona iragarriz.
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena, Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.»

Jaunak esana.

Aleluia Lk 3,16

Aleluia, aleluia.
Badator ni baino ahaltsuago dena, - Joanek, esan zuen –
horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesus bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu zitzaion.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukas liburutik 3,15-16. 21-22

Denbora haietan, herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango. Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Herri guztia bataiatzen ari zela , Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-tankeran agertuz. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin ».

Jaunak esana.

Edo.

Bataiatu eta berehala, Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateo liburutik 3, 13-17

Jesus Galileatik Jordanera etorri zen, Joanengana, honek bataia zezan. Joanek ez zion utzi nahi eta esan zion:
-Neu naiz zuk bataiatu beharrekoa, eta zu zatoz niregana?
Baina Jesusek erantzun zion:
-Uztazu orain, honela bete behar baitugu osoki Jainkoaren nahia.
Orduan, amore eman zuen Joanek.
Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com