domingo, 13 de agosto de 2017

2017-08-15 - María Birginaren Jasokundea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
María Birginaren Jasokundea (A)


Besperaren arratsaldeko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Kronikak lehenengo liburutik 15.3-4.15-16;16.1-2

Egun haietan, bilarazi zituen Davidek israeldar guztiak Jerusalemen, Jaunaren kutxa berak prestatua zion tokira igotzeko. Era berean, bilarazi zituen Aaronen ondorengo ziren apaizak eta lebitarrak ere.
Eta lebitarrek eraman zuten Jainkoaren kutxa, haga gainean sorbaldan harturik, Jaunaren esanera Moisesek agindu bezala. Lebitarren artean kantariak izendatzeko agindu zien Davidek lebitar buruzagiei; haiek, musika-tresnak hartuz, harpak, zitarak eta txilinak jo behar zituzten ozenki, alaitasuna adieraziz.
Ekarri zuten, bada, Jainkoaren kutxa eta Davidek harentzat jasoa zuen oihal-etxolaren erdi-erdian ezarri. Ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jainkoari. Oparien eskaintza bukatzean, Davidek bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 131, 6-7. 9-10. 13-14 (R. 8)

R.
Jaiki, Jauna, zatoz zeure egonlekura,
zatoz zeure kutxa indartsuarekin!

Efratan entzun genuen kutxaren berri
eta Jaar aldean aurkitu.
Eta esan: «Goazen Jaunaren egoitzara,
ahuspez gaitezen haren oin-aulki aurrean! R.

Jantz bitez zure apaizak salbamen-indarrez,
ekin biezaiote poz-oihuka zure fededunek.
David zeure zerbitzariaren maitasunagatik,
ez bota zeure aurretik zeuk aukeraturiko erregea ! » R.

Izan ere, Jaunak Sion aukeratu du
eta gogoko izan bertan bizitzea:
«Hauxe izango dut beti neure egoitza,
hementxe biziko naiz, gogoko baitut. » R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,54-57

Senideok, gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioena :

Behin betiko galdua
gertatu da heriotza.
Non duk , Herio, heure garaipena?
Non heure eztena?

Heriotza dakarren eztena bekatua da, eta bekatuak legetik hartzen du bere indarra . Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez!

Jaunak esana.

Aleluia Lk 11,28

Aleluia, aleluia.
Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
eta betetzen dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun dutenak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 11,27-28

Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:
– Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!
Baina Jesusek esan zuen:
– Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!

Jaunak esana.

Eguneko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian.

Apokalipsia liburutik 11,19a;12,1.3-6a.10ab

Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen.
Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana.
Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen.
Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.
Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten.
Emakumeak, berriz, basamortura egin zuen ihes; han bazter bat prestatua zion Jainkoak.
Ahots handia entzun nuen zeruan esaten:
«Orain etorri da
gure Jainkoaren salbamena,
indarra eta erregetza
eta beraren Mesiasen agintea.»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 44, 9. 10-11. 15 (R: 9b)

R.
Zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik.

Errege-alabak dituzu inguruan,
zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik. R.

Entzun, alaba! Zaude erne eta adi!
Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz.
Bera da zure jaun; egiozu agur. R.

Jai-giro pozgarrian sartzen dira
erregearen jauregira. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,20-27a

Senideok: Piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari. Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da. Izan ere, gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak;
ezerezak gora jaso.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-56

Egun haietan, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»
Orduan, Mariak esan zuen:

«Jaunaren handitasuna
dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien
gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei
betiko».

Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.