lunes, 7 de agosto de 2017

2017-08-13 - Urteko 19. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 19. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Egon zutik mendian, Jaunaren aitzinean.

Erregeen lehen liburutik 19, 9a. 11-13a

Elias Horeberaino, Jainkoaren mendiraino, heltzean, leize-zulo batera sartu eta bertan eman zuen gaua. Jaunak, esan zion:
–Irten eta egon zutik mendian, Jaunaren aitzinean; Jauna igaroko da.
Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo zuen; mendiak urratu eta haitzak zartatzen zituen. Jauna, ordea, ez zen haizean. Haizearen ondoren lurrikara izan zen; Jauna, ordea, ez zen lurrikaran.
Lurrikararen ondoren, sua; Jauna, ordea, ez zen suan ere. Suaren ondoren, zuzmur apal baten hotsa. Entzun zuenean, Eliasek aurpegia estali zuen bere soingainekoaz; gero, irten eta zutik gelditu zen leizearen ahoan.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 84, 9ab-10. 11-12. 13-14 (R.: 8)

R.
Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
eman zeure salbamena!

Jainko Jaunak dioena iragarriko dut:
bakea agintzen die bere herri eta fededunei,
Gertu dago, begirune diotenak salbatzeko;
bai, haren ospea gure lurraldean kokatuko da. R.

Maitasunak eta leialtasunak topo egiten dute,
justiziak eta bakeak elkar besarkatzen;
leialtasuna lurretik ernetzen da,
justizia zerutik jaisten. R.

Egiaz, Jaunak euria emango du,
eta gure lurrak uzta ekarriko.
Jaunaren aurretik joango da justizia,
haren urratsei jarraituko ongizateak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Aldendua izatea– ere onartuko nuke nire odoleko senideen onerako balitz

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 9, 1-5

Senideok:
Egia diot –Kristo dut lekuko–, ez diot gezurrik; neure kontzientziak ere, Espiritu Santuak argiturik, hala aitortzen dit: handia da nire nahigabea, etengabea nire bihotzaren mina. Ni neu madarikatua izatea –Kristorengandik aldendua izatea– ere onartuko nuke, baldin eta hori nire odoleko senideen onerako balitz.
Israelen ondorengo dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu zituen; beraiek dituzte Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua eta agintzariak; beraienak dira arbasoak eta, giza jatorriari dagokionez, beraiengandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoen Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Cf Sal 129,5

Aleluia, aleluia.
Jaunaren zain nago,
haren erantzuna dut itxaro. Aleluia.

EBANJELIOA

Agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 14, 22-33

Jendea asetzeraino jan zutenean, Jesusek ikasleak txalupan sarrarazi eta bere aurretik beste aldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendeari agur egin ondoren, mendira igo zen, bakardadean otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik.
Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, uhinek astindua, haizea kontra baitzuen. Goiz aldera, ikasleengana joan zen Jesus, ur gainean oinez. Aintziran ibiltzen ikusi zutenean, ikasleak izutu egin ziren, mamuren bat zelakoan; eta beldurraren beldurrez oihuka hasi ziren.
Baina Jesusek berehala hitz egin zien eta esan:
–Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!
Orduan, Pedrok esan zion:
–Jauna, benetan zeu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.
Jesusek erantzun:
–Zatoz.
Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion, eta, hondoratzen hasi zelarik, deiadar egin zuen:
–Jauna, salba nazazu.
Jesusek eskua eman eta heldu egin zion, esanez:
–Sinesmen gutxiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?
Txalupara igo zirenean, haizea baretu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren, esanez:
–Egiaz Jainkoaren Semea zara zu!

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.