domingo, 30 de julio de 2017

2017-08-06 - Jaungoikoaren antzalda (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren antzalda (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Haren jantzia elurra bezain zuri.

Daniel profeta liburutik 7,9-10.13-14

«Begira nengoela, hona hemen zer ikusi nuen: Errege-aulki batzuk jarri zituzten eta gizon zahar bat jesarri zen.

«Haren jantzia elurra bezain zuri,
buruko ileak artilea bezain garbi!
Haren aulkia eta gurpilak
sugar kiskalgarri!
Suzko ibai bat
ateratzen zen haren aurretik.
Jendetza izugarria zuen zerbitzari,
milaka eta milaka zeuden
haren aurrean zutik.
Auzia hasi
eta zabaldu ziren liburuak.

«Nire gau-ikuskarietan, gizaseme antzeko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen. Gizon zaharrarengana hurbildu zenean, honi aurkeztu zioten.
Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen.

«Haren aginteak beti iraungo du,
ez du azkenik izango,
haren erregetza
ez da inoiz hondatuko.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 96, 1-2. 5-6. 9 (R : cf. 9 ab)

R.
Jauna, goi-goikoa zara, lur osoaren gainetik gailen.

Errege da Jauna! Poz bedi lurra,
alai bitez uharte eta kostaldeak!
Hodei beltz-ilunak haren inguruan,
justizia eta zuzenbidea haren tronu-oinarri. R.

Mendiak argizaria bezala urtzen dira
Jaunaren aurrean, lur osoaren Jabearen aurrean.
Zeruek haren justizia iragartzen dute,
herri guztiek haren ospea ikusten. R.

Izan ere, Jauna, goi-goikoa zara,
lur osoaren gainetik gailen,
jainko guztien gainetik garai. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori.

San Pedro Apostoluaren bigarren gutunetik 1,16-19

Senide maiteok: Jesu Kristo gure Jaunaren ahalmenezko etorrerari buruz hitz egin genizuenean, ez ginen oinarritu irudipenezko ipuinetan, geure esperientzian baizik, geure begiz ikusi baikenuen haren handitasuna. Jesusek Jainko Aitarengandik hartu zituen ohorea eta aintza, honela esan baitzion Jainkoaren ospe bikainetik etorritako mintzoak: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut nik atsegin».
Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori, mendi santuan Jesusekin geundela.
Badugu profeten hitza ere, hitz guztiz sendoa, eta zuek ederki egiten duzue hitz horri adi-adi egonez: toki ilunean argi egiten duen kriseilua bezala da zuentzat, eguna zabaldu eta goizeko izarra zuen bihotzetan jaiki arte.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 17,5c

Aleluia, aleluia.
Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin.
Entzun berari! Aleluia.

EBANJELIOA

Otoitz egiten bitartean, aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 17, 1-9

Egun haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri.
Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
Oraindik hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta mintzo batek hodeitik esan zuen: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»
Hau entzutean, ikasleak ahuspez erori ziren beldur-ikaraz. Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Zuti zaitezte. Ez beldurtu!»
Begiak altxaturik, Jesus bakarrik ikusi zuten, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, agindu hau eman zien Jesusek: «Ez esan inori ikusi duzuena, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.