sábado, 29 de julio de 2017

2017-07-31 - Loiolako Inazio santua (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Loiolako Inazio santua (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkazioa eta madarikazioa jartzen dizkizuet gaur aurrean.  

Deuteronomio liburutik 30, 15-20  

Horrela esan zion Moisesek herriari: «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra. Baldin eta gaur nik ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz, berari jarraituz eta beraren agindu, lege eta erabakiak betez, biziko zarete eta ugalduko, eta bedeinkatu egingo zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean. Baina zuen bihotza okerbideratzen bada eta, jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta haiek gurtzeko tentazioari amore emanez, ez entzunarena egiten baduzue, gaur iragartzen dizuet erabat galduko zaretela: ez zarete luzaro biziko Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean.
«Zeru-lurrak hartzen ditut lekuko gaur zuen kontra: bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak. Horretarako, maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa, obeditu eta bizi berari atxikiak, horretan baitatza zuen bizia, eta hortik baitatorkizue Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindutako lurraldean luzaro bizitzeko ahalbidea».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 1, 1-2. 3. 4 y 6

R.
Jaunaren hitza atsegin duena.

Zorionekoa gaiztoen egitasmoei jarraitzen ez
diena,
baizik eta Jaunaren hitza atsegin duena
eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena ! R.

Ur-xirripen ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da:
bere sasoian fruitua dakar,
eta ez zaio hostorik ihartzen;
egiten duen guztia ongi zaio ateratzen. R.

Ez da hori, ez, gaiztoen zoria:
haizeak daraman orbelaren antzeko dira.
Jaunak zaintzen du zintzoen bidea;
gaiztoena, berriz, hutsean galtzen da. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

San Paulo apostoluak Korintotarrei egindako lehenengo gutunetik 10,31-11,1

Senideok: nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako. Eta ez izan erorbide ez juduentzat, ez jentilentzat, ez eliz elkartearentzat ere. Ni ere guztiei atsegin ematen saiatzen naiz gauza guztietan eta ez dut bilatzen neure ona, besteena baizik, salba daitezen.
Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Nor naizela dio jendeak?

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 9, 18-26.

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:
– Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
– Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien:
– Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
– Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da ».
Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu? Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko denean.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.