lunes, 17 de julio de 2017

2017-07-23 - Urteko 16. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 16. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bekatariei bihozberritzeko aukera emanez,
itxaropenez bete dituzu zeure seme-alabak.

Jakinduria liburutik 12, 13. 16-19

Ez da gauza guztiez arduratzen den zu beste jainkorik,
ez duzu zure epaia zuzena dela inori frogatu beharrik.
Zure indarra da justiziaren oinarria,
eta gauza guztien nagusi izateak
guztiekin errukior izatera zaramatza.
Zure boterearen betetasuna zalantzan jartzen dutenei
zeure indarra sentiarazten diezu,
eta, nahiz eta botere hori aitortu,
ausarkeriaz jokatzen dutenak erruduntzat uzten dituzu.
Baina zuk, zeure indarraren nagusi horrek,
neurritasunez epaitzen gaituzu
eta bihozberatasun handiz gobernatzen;
zeure esku duzu nahi duzunean indarraz baliatzea.
Horrela jokatuz erakutsi diozu zeure herriari
zintzoak gizakiaren adiskide izan behar duela;
bekatariei bihozberritzeko aukera emanez,
itxaropenez bete dituzu zeure seme-alabak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 85, 5-6. 9-10. 15-16a (R.: 5a)

R.
Ona zara zu, Jauna, eta barkabera.

Ona zara zu, Jauna, eta barkabera,
dei egiten dizutenentzat onginahiz betea.
Makurtu belarria nire otoitzera, Jauna,
egin kasu nire erregu-oihuari! R.

Herri guztiak zuk eginak: adoratzera etorriko zaizkizu,
zuri, Jauna, ohore ematera.
Handia zara, mirarigilea, zu bakarrik Jainkoa! R.

Baina zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra,
haserregaitza, onginahiz eta leialtasunez betea:
itzul niregana, erruki zakizkit. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espirituak erregutzen du esanezin ahalako intziriz.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 8, 26-27

Senideok:
Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz.
Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Aleluia, aleluia.
Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako
eta jende xumeari agertu. Aleluia.

EBANJELIOA

Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 13, 24-43 (laburren irakurketa 13, 24-30)

Egun haietan, beste parabola bat proposatu zien Jesusek: «Jainkoaren erregetzarekin, gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Etxeko denak lo zeudela, etsaiak soroan sartu eta gari artean olo gaiztoa erein zuen eta alde egin. Garia hazi eta burutu zenean, olo gaiztoa ere agertu zen. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik du, bada, olo gaiztoa?” Hark erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Eta morroiek: “Joango al gara olo gaiztoa biltzera?” Baina nagusiak: “Ez, ez dadila gerta olo gaiztoa biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehenik olo gaiztoa, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».

[Jesusek beste parabola hau kontatu zien: «Jainkoaren erregetza gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da.
Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
Beste parabola bat ere esan zien: «Jainkoaren erregetza legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».
Irakaspen hauek guztiak parabola bidez eman zizkion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabolaz izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana:

Parabola bidez mintzatuko naiz,
munduaren hasieratik
gordea zegoena azalduko.

Jesus jendetza agurtu eta etxeratu egin zen. Hurbildu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta eskatu zioten: «Argi iezaguzu soroko olo gaiztoaren parabola».
Jesusek esan zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; olo gaiztoa, berriz, gaiztoarenak; olo gaiztoa ereiten duen etsaia deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.
Olo gaiztoa bildu eta sutan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere:
Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide gertatzen direnak, eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han.
Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza denak uler beza!]

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.