lunes, 10 de julio de 2017

2017-07-16 - Urteko 15. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 15. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Euriak lurra emankor bihurtu du.

Isaias liburutik 55, 10-11

«Euria eta elurra zerutik jaitsi
eta ez dira bertara itzultzen,
lurra urez ase gabe,
emankor bihurtu
eta ernamuindu gabe,
ereiteko hazia
eta jateko ogia sor ditzan;
berdin nire ahotik irtendako
hitza ere:
ez da niregana itzultzen
bere eragina izan gabe,
baizik eta nik nahi dudana egiten du
eta nik ezarritako helburua
betetzen».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 64, 10. 11. 12-13. 14 (R.: Lc 8, 8)

R.
Haziak lur gozoan erori ziren; erne eta bateko ehun eman zuten fruitu.

Zuk zaintzen duzu lurra,
urez ase eta oparo aberasten;
gainezka doa urez zeruko ubidea,
zuk ematen diozu gizakiari garia,
zuk prestatzen lurra. R.

Ildoak ureztatu, zokorrak berdindu,
euri-zaparradaz harrotu,
ernamuinak bedeinkatu.  R.

Urtea ondasunez mukurutzen duzu,
zure lautadak joritasunez janzten.
Heze eta jori daude landa zabalak,
pozez apaindurik mendi-muinoak. R.

Zelaiak artaldez jantzi dira,
ibarrak gariz estali.
Denek irrintzi eta kantu! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 8, 18-23

Senideok:
Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean.
Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea. Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren –ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik–, badu itxaropena esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko. Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte.
Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluia, aleluia.
Hazia Jainkoaren hitza da, ereile Kristo da;
nor aurkitzen dena betirako biziko da. Aleluia.

EBANJELIOA

Atera zen behin ereilea hazia ereitera.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 13, 1-23 (laburren irakurketa 13, 1-9)

Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen.
Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. Ulertzeko gauza denak uler beza».

[Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten:
–Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?
Jesusek erantzun zien:
–Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.
Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.
Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako.
«Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan:

«Entzungo duzue, bai,
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.
Izan ere, herri honek
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan.

«Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako!
Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.
«Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia. Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena. “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena; baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da. “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.
“Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».]

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.