lunes, 3 de julio de 2017

2017-07-09 - Urteko 14. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 14. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hara, badatorkizu zeure erregea, apal dator.

Zakarias liburutik 9, 9-10

Honela dio Jaunak:
Poztu biziro, Sion hiri eder!
Egin irrintzi, Jerusalem hiriburu!
Hara, badatorkizu zeure erregea:
zuzen eta garaile dator,
apal eta asto baten gainean,
astakume baten gainean.
Berak hondatuko ditu
Efraimgo guda-gurdiak
eta Jerusalemgo zaldiak;
hautsiko ditu guda-uztaiak,
eta bakea iragarriko die nazioei;
itsasotik itsasora aginduko du,
Eufrates ibaitik
lurraren bazterreraino.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 144, 1-2. 8-9. 10-11. l3cd-14 (R.: cf. 1)

R.
Zure izena beti bedeinkatuko, ene errege.

Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
zure izena beti bedeinkatuko.
Egunero bedeinkatuko zaitut,
zure izena beti goretsiko. R.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinka zeure fededunek.
Aipa bezate zure erregetza ospetsua,
mintza bitez zure ahalmenaz. R.

Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan.
Erortzear direnei Jaunak die eusten,
lur joak ditu altxatzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 8, 9. 11-13

Senideok:
Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.
Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko. Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Aleluia, aleluia.
Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta
jende xumeari agertu. Aleluia.

EBANJELIOA

Gozoa eta bihotz-apala naiz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 11, 25-30

Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu.
Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.
«Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak.
«Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena; eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.