lunes, 26 de junio de 2017

2017-07-02 - Urteko 13. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 13. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jainkoaren gizon hori santu bat da, hemen geratuko da.

Erregeak bigarren liburutik. 4, 8-11.14-16a

Egun batez, Eliseo Xunemdik igaro zen. Bazen han etxekoandre ospetsu bat, eta bere etxean bazkaltzera sarrarazi zuen Eliseo. Harrezkero, handik igarotzen zen bakoitzean, bertan gelditu ohi zen bazkaltzera.
Behinola, esan zion emakumeak senarrari:
–Hara, badakit gure etxera etorri ohi den hori Jainkoaren gizon santu bat dela. Egin diezaiogun goian gelatxo bat, horma batzuk jasoz; ohea, mahaia, aulkia eta argiontzia ipiniko dizkiogu bertan. Horrela, etxera etortzean, geldi dadila bertan.
Heldu zen, bada, behin Eliseo eta, goiko gelara sarturik, oheratu egin zen.
Eliseok, berriro, morroiari:
–Zer egin beraren alde?
Gehazik erantzun zion:
–Hara, ez du haurrik eta senarra zahartua du.
Eliseok morroiari:
–Dei egiozu.
Egin zion dei eta emakumea ate ondora etorri zen. Eliseok esan zion:
–Datorren urtean garai honetan semea izanen duzu altzoan.

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 88, 2-3. 16-17. 18-19 (R.: 2a)

R.
Jauna, beti kantatuko ditut
zure maitasun-egintzak.

Jauna, beti kantatuko ditut zure maitasun-egintzak,
gizaldiz gizaldi iragarriko leial zarela.
Bai, ziur nago: zure maitasunak eratu zuen zerua,
zerua bezain tinko ezarria da zure leialtasuna.. R.

Zoriontsua zu pozik goresten dakien herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna:
zure aurrean alaitzen da egunero,
zure justizia du bozkario.. R.

Bai, zu zaitugu ospe eta indar,
zure onginahiak egiten gaitu garaile.
Bai, Jauna da gure babeski,
Israelgo santua gure errege!. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, guk ere bizi berria bizi dezagun.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 6,3-4.8-11

Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok, haren heriotzari izan garela lotuak? Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hildakoen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.
Kristorekin hil bagara, sinesten dugu bizi ere berarekin biziko garela. Badakigu Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: herioak ez du harengan aginterik; haren hiltzea bekatuarentzat behin betiko hiltzea izan baitzen, eta haren bizitzea Jainkoarentzat bizitzea da. Berdin zuek ere: hartu kontuan bekatuarentzat hilda zaudetela eta Jainkoarentzat bizirik, Jesu Kristorekin bat eginik.

Jaunak esana

Aleluia 1P 2,9

Aleluya. Aleluya.
Zuek, ordea, jatorri aukeratu zarete,
errege-apaizgo, nazio sagaratu,
Jainkoak beretzat irabazitako herri,
ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu zaituzten  
Jainkoaren egintza bikainak iragar ditzazuen. Aleluya.

EBANJELIOA

Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 10, 37-42

«Aita nahiz ama ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.
«Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat profeta delako onartzen duenak profetari zor zaion saria jasoko du; eta gizon zuzen bat zuzena delako onartzen duenak gizon zuzenari zor zaion saria jasoko du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, ontzixka bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko»..

Jaunak esana



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.