domingo, 25 de junio de 2017

2017-06-29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
San Pedro eta San Pablo, apostoluak


LEHENENGO IRAKURGAIA

«Orain bai dakidala Jaunak ni Herodesen eskuetatik atera nau».

Apostoluen Eginak liburutik 12,1 -11

Aldi hartan, Herodes erregea eliz elkarteko batzuei gogor erasotzen hasi zen. Santiago , Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen eta, hori juduei atsegin zitzaiela ikusirik, Pedro ere preso hartu zuen. Pazko-astea zen. Atxilotu eta kartzelan sarrarazi zuen, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazteko asmotan. Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen. Bat-batean, Jaunaren aingerua   agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion. Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro. Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R 5c)

R.
Jaunak beldur guztietatik libratu ninduen.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz; entzun bezate apalek eta poztu. R.

Handietsi nirekin batera Jauna,
gora dezagun elkarrekin haren izena.
Jaunarengana jo nuen eta hark erantzun,
beldur guztietatik libratu ninduen. R.

Hari begiratzen diotenak argi-argi egongo dira,
ez zaie aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabe honek dei egitean, Jaunak entzun
eta larrialdi guztietatik atera zuen. R.

Zaindari dago Jaunaren aingerua
begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna:
zorionekoa berarengan babesa duena! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Orain prestatuta dago niretzat zuzentasunaren koroa.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik 4,6-8.17-18

Anai maitea: Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua. Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik. Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 16,18  

Aleluia, aleluia.
Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza;
eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Aleluia.

EBANJELIOA

Pedro zara zu, eta Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 16,13-19

Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.