lunes, 15 de mayo de 2017

2017-05-21 - 6. Pazko Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
6. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eskuak buruan ezarri zizkieten, eta Espiritu Santua hartu zuten.

Eginak liburutik 8, 5-8. 14-17

Egun hartan, Felipe Samaria hirira jaitsi eta Mesiasen berri ematen hasi zen. Felipek esaten zuena entzun eta egiten zituen mirariak ikustean, gogo batez lotzen zitzaion jendea haren predikuari; izan ere, deabrudun askorengandik ateratzen ziren espiritu gaiztoak deiadarka eta elbarri eta herren asko sendatzen ziren. Poz handia izan zen hiri hartan.
Jerusalemen zeuden apostoluek, Samariak Jainkoaren hitza onartu zuela jakitean, Pedro eta Joan bidali zituzten hara. Iritsi zirenean, samariarren alde otoitz egin zuten, Espiritu Santua har zezaten. Izan ere, artean haietako inorengana jaitsi gabe zegoen Espiritua; Jesus Jaunaren izenean bataiaturik bakarrik zeuden. Beraz, Pedrok eta Joanek eskuak buruan ezarri zizkieten, eta Espiritu Santua hartu zuten.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 65, 1-3a. 4-5. 6-7a. 16 y 20 (R.: 1)

R.
Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok.

Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok,
kanta haren omenez, eman ohore hari gorespenez.
Esan Jainkoari: «Zu bai izugarria zeure egintzetan!». R.

Mundu osoa ahuspezten da zure aurrean,
kantu degizute, abestiz zaituzte ospatzen».
Zatozte, ikus Jainkoak eginak,
izugarriak gizakientzat haren ekintzak. R.

Itsasoa lehor bihurtu zuen, oinez igaro ziren bertatik.
Poz gaitezen, beraz, Jainkoarekin!
Nagusi da betidanik bere ahalmenaz;
erne ditu begiak herrien gain. R.

Jainkoari begirune diozuenok, zatozte eta entzun:
hark nire alde egina kontatuko dizuet.
Bedeinkatua Jainkoa! Ez du baztertu nire otoitza,
ezta aldendu ere niregandik bere maitasuna. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Gizakia zenez, hil egin zen, baina Espirituak bizi berria eman zion.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 3, 15-18

Senide maiteok, aitortu zeuen bihotzetan Kristo Jauna dela, eta egon beti prest zeuen itxaropenaren arrazoia eskatzen dizuenari erantzuna emateko; baina egizue apaltasunez eta errespetuz, kontzientzia garbiz jokatuz. Horrela, Kristoren sinesle bezala duzuen jokaera onaz gaizki-esaka ari direnak beren hitz gaiztoez lotsatuko dira. Nolanahi ere, hobe on egiteagatik sufritzea, Jainkoak hala nahi izanez gero, gaizki egiteagatik sufritzea baino.
Kristo bera ere giza bekatuengatik hil zen, eta behin betiko hil ere, errugabea errudunengatik, zuek Jainkoarengana eramateko. Gizakia zenez, hil egin zen, baina Espirituak bizi berria eman zion.

Jaunak esana.

Edo.

Zorionekoak zuek, kristau izateagatik iraintzen bazaituztete.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 4, 13-16

Senide maiteok, Aitzitik, poztu Kristoren sufrimenduetan parte izateko zoria duzuelako, hura aintzaz beterik etortzean poz-alaitasunez bete zaitezten. Zorionekoak zuek, kristau izateagatik iraintzen bazaituztete, honek Jainkoaren Espiritu ospetsua zuengan dagoela esan nahi du eta. Ez dezatela zuetako inor zigortu hiltzaile, lapur edo gaizkile izateagatik, edo bazterrak nahasten ibiltzeagatik; baina kristau izateagatik bada, ez bedi lotsa eta gorets beza Jainkoa izen hori daramalako.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 14, 23

Aleluia, aleluia.
Maite nauenak onartuko du nire mezua; -esan zion Jaunak-
nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara. Aleluia

EBANJELIOA

Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 15-21

Denbora haietan, Jesusek bere ikslei esan zioten. «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena, egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.
«Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana. Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzarete. Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin. Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du, eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari».

Jaunak esana.

Edo.

Aita, azal ezazu zeure Semearen aintza

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 17, 1-11a.

Denbora haietan, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan zuen: «Aita, heldu da ordua. Azal ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza azal dezan. Gizon-emakume guztien gain aginpidea eman diozunez gero, berak betiko bizia eman diezaiela zuk berari emandakoei. Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean.
«Nik zure aintza azaldu dut munduan, zuk eman zenidan egitekoa betez. Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, eman mundua mundu izan baino lehen zure ondoan nuen aintza. Eman diet zure berri mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei. Zureak ziren, zuk neuri eman zenizkidan, eta hauek onartu dute zure mezua. Badakite orain zuk eman didazun guztia zuregandik datorrela. Niri eman dizkidazun irakatsiak eman dizkiet nik, eta hauek onartu egin dituzte. Eta benetan dakite zuregandik etorri naizela, baita sinetsi ere zuk bidali nauzula.
«Hauen alde erregutzen dut; ez dut munduaren alde erregutzen, zuk eman dizkidazunon alde baizik, zureak direlako; daukadan guztia zurea da eta zurea nirea; eta hauengan azaldu da nire aintza.
«Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, ordea, bai, munduan jarraituko dute. Ni zuregana noa.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.