lunes, 1 de mayo de 2017

2017-05-07 - 4. Pazko Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
4. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaun eta Mesias egin duela Jainkoak.

Eginak liburutik 2, 14a. 36-41

Orduan, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, honela hitz egin zien:
«Jakin beza ongi, beraz, Israel herri osoak Jaun eta Mesias egin duela Jainkoak, zuek gurutziltzatu zenuten Jesus hau».
Hitz hauek bihotzean zirrara egin zieten, eta Pedrori eta gainerako apostoluei galdetu zieten:
–Zer egin behar dugu, anaiok?
Pedrok erantzun zien:
–Bihozberri zaitezte eta bataiatu guztiok, Jesus Mesiasen izenean bekatuak barka dakizkizuen, eta Espiritu Santua hartuko duzue dohain. Zuentzat eta zuen seme-alabentzat agindu baitzuen Jainkoak dohain hau, baita Jainko gure Jaunak deituko dituen atzerritar guztientzat ere.
Beste hitz askoren bidez egiten zien Pedrok testigantza eta arren eskatzen zien:
«Salba zaitezte gizaldi honi datorkion hondamenditik».
Pedroren hitza onartu zutenak bataiatu egin ziren, eta egun hartan hiruren bat mila lagun elkartu zitzaizkion taldeari.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 22, 1-3a. 3b-4. 5. 6 (R.: 1)

R.
Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.

Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.
Larre guritan etzanarazten nau,
ur baretara eramaten,
eta indarrak berritzen. R.

Bide egokitik narama, leiala delako.
Ibar beltz-ilunetan banabil ere,
ez dut inolako gaitzen beldurrik,
zu nirekin baitzaude:
zure artzain-makilak lasaitzen nau. R.

Zuk atontzen didazu mahaia
etsaien begi aurrean,
ukenduz gantzutzen didazu burua;
gainezka dut kopa. R.

Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute
bizitzako egun guztietan;
Jaunaren etxean biziko naiz
amaigabeko egunetan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zeuen artzain itzuli zarete.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 2, 20b-25

Senide maiteok: on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean.
Izan ere, honetarako deitu zaituzte Jainkoak: Kristok, zuengatik sufrituz, ikasbide eman zizuen, zuek ere haren urratsei jarraituz joka dezazuen.

Hark ez zuen
bekaturik egin,
ez zen haren ahoan maltzurkeriarik;
iraintzen zutenean,
ez zuen irainez erantzuten;
sufriarazten ziotenean,
ez zuen mehatxurik egiten;
aitzitik,
zuzen epaitzen duenaren eskuetan
jartzen zuen bere burua.
Gure bekatuak bere gain hartu
eta gurutzeraino eraman zituen,
gu ere,
bekatuzko bizierari uko eginez,
zuzentasunaren arabera
bizi gaitezen.
Haren zauriek sendatu zaituztete.
Galdurik zenbiltzaten,
ardiak bezala;
baina orain zeuen artzain
eta zaintzaileagana itzuli zarete.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 10, 14

Aleluia, aleluia.
Neu naiz artzain ona.
Ezagutzen ditut neure ardiak,
eta ni ere ezagutzen naute neureek. Aleluia

EBANJELIOA

Neu naiz ardientzako atea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10, 1-10

Egun hartan, Jesusek esan zien: «Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».
Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.
Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin.
Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko.
Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten etorri naiz.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.