lunes, 24 de abril de 2017

2017-04-30 - 3. Pazko Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
3. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki.

Eginak liburutik 2, 14. 22-33

Orduan, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, honela hitz egin zien: «Juduok eta Jerusalemen zaudeten guztiok: entzun arretaz nire hitzak, otoi, hemen gertatzen denaz ongi jabe zaitezten.
Entzun hau, israeldarrok: Guztiok dakizuenez, Jainkoak Jesus Nazaretarra zuen aurrean sinesgarri egin zuen, mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak haren eskuz eginez.
Jainkoak zuen eskuetara eman zuen, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabakiaren arabera, eta zuek gurutzean josi eta hil egin zenuten sinesgabeen eskuz.
Baina Jainkoak piztu egin zuen, Herioaren lokarrietatik askatuz, Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki. Izan ere, honela dio Davidek hartaz:

«Begi aurrean
dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala,
ez naiteke koloka.
Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez kantari mihia,
itxaropenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu
hilobian galtzen utziko.
Bizirako bidea erakutsiko didazu:
zeure aurrean alaitasunez beteko.

«Senideok, uztazue argi eta garbi esaten David gure arbasoa hil egin zela eta lur eman ziotela, eta hor dugu gaur ere haren hilobia. Baina profeta zen eta bazekien hark Jainkoak zin eginez hitzeman ziona: beraren odoleko bat ezarriko zuela bere tronuan.
Beraz, aurrez ikusi zuen Mesias piztuko zela, eta honetaz mintzo zen hau esatean: ez zuela Jainkoak Herio Leizera botako eta ez zela haren gorputza hilobian galduko. Jesus hau piztu egin du Jainkoak, eta gu guztiok gara lekuko.
Jainkoak bere eskuinaldera altxatu duelarik, hitzemandako Espiritu Santua hartu du Aitarengandik eta guri isuri; hauxe da zuek ikusten eta entzuten ari zaretena.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 15, 1-2 y 5. 7-8. 9-10. 11(R.: 11a)

R.
Jaunak, bizirako bidea erakutsiko didazu.

Gorde nazazu, Jauna, zuregan baitut babesa.
Hau diot: «Oi Jauna, zu zaitut ene Jaun,
zuregan baizik ez dut zorionik».
Zu zaitut, Jauna, neure on guztia,
neure kopa, bedeinkapenez betea;
zure esku nire zoria!
R.

Bedeinkatu nahi dut Jauna, berak baitit aholku ematen,
gauez ere ene barrua berak hezten.
Begi aurrean dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin.
R.

Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. R.

Bizirako bidea erakutsiko didazu:
alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zeuen aurrekoengandik bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 1, 17-21

Senide maiteok: inolako bereizkeriarik gabe, nor bere egintzen arabera epaitzen duenari «Aita» deitzen diozuenez gero, joka begirunez munduko erbestealdian bizi zareten bitartean. Gogoratu zeuen aurrekoengandik hartutako biziera zentzugabetik askatuak izan zaretela; eta askatuak, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zilarrez, baizik eta bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz. Kristo mundua mundu izan aurretik zegoen Jainkoaren asmotan, eta azken garai hauetan agertu da zuen onerako. Eta zuek beronen bidez sinesten duzue hildakoen artetik piztu eta ospez bete zuen Jainkoarengan; horrela, zuen fedea eta itxaropena Jainkoarengan finkatuak daude.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Lc 24, 32

Aleluia, aleluia.
«Ez al geneukan barrua sutan,
bidean Liburu Santuak azalduz
mintzo zitzaigunean?» Aleluia.

EBANJELIOA

Ogia zatitzean begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 13-35

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.