lunes, 17 de abril de 2017

2017-04-23 - 2. Pazko Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
2. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten

Eginak liburutik 2, 42-47

Denak apostoluen irakaspenak entzuteari eta elkarte-bizitzari emanak bizi ziren, ogi-zatitzea eta otoitza elkarrekin egiten zituztelarik.
Mundu guztia izuturik zegoen, apostoluek egiten zuten hainbat egintza harrigarri eta mirarirengatik. Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten: beren lur eta ondasunak saldurik, guztien artean banatzen zuten dirua, nork zer behar zuen.
Egunero bildu ohi ziren tenpluan, baina ogia etxeetan zatitzen zuten, otorduak elkarrekin pozik eta bihotz xaloz eginez.
Jainkoa goresten zuten, eta herri osoaren estimazioa zuten. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen zizkion elkarteari salbatzen zirenak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 2-4. 13-15. 22-24(R.: 1)

R.
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.

Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate aarondar apaizek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate Jaunari begirune diotenek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Gogor bultzatu ninduten botatzeko,
baina Jaunak lagun egin zidan.
Jauna dut indar eta babes, bera salbatzaile.
Poz- eta garaipen-oihuak dira zintzoen etxoletan:
«Jaunaren eskua garaile». R.

Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 1, 3-9

Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiak eraginda, bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain, Jainkoak guretzat zeruan prestaturik duen ondarea jasotzeko itxaropena. Ondare hori ez daiteke hondatu, ez zikindu, ez zimeldu. Zuentzat ere prestatua du Jainkoak. Honek bere ahalmenaz zaintzen zaituzte, azken garaian agertuko den salbamena irits dezazuen fedeari esker.
Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan. Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean.
Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik, zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 20, 29

Aleluia, aleluia.
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu?
Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.