lunes, 10 de abril de 2017

2017-04-16 - Jaunaren Piztueraren Pazko Igandeaa (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.

Eginak liburutik 10, 34a. 37-43

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena,
Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.
Eta gu gara hark juduen lurralde osoan eta Jerusalemen egindako guztien lekuko. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten; baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion, ez herriko guztiei, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik, guri alegia, hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.
Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, bera dela Jainkoak bizien eta hildakoen epaile ezarri duena aitortuz. 43 Profeta guztiek testigantza hau egiten dute hartaz: harengan sinets dezaten guztiek bekatuen barkamena hartuko dutela beraren bitartez».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 1-2. 16ab-17. 22-23(R.: 24)

R.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan!

Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Jaunaren eskua bikain,
Jaunaren eskua garaile».
Ez, ez naiz hilko, biziko baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko. R.

Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo.

San Pablo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 3, 1-4

Gisakiok, Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria.
Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.

Jaunak esana.

Edo.

Bazter ezazue legamia zaharra eta izan ore berri.

San Pablo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 5, 6b-8

Senideok: Ez al dakizue legamia pixka batek ore guztia altxatzen duela? Bazter ezazue legamia zaharra eta izan ore berri, legamia gabeko pazko-ogiak bezala; izan ere, horixe zarete, Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia izan denez gero. Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia, baina ez legamia zaharrarekin, bekatu eta gaiztakeriazko legamiarekin, legamia gabeko pazko-ogiekin baizik, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz.

Aleluia 1 Ko 5, 7b-8a

Aleluia, aleluia.
Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia
izan denez gero.
Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

Edo.

Geldi zaitez gurekin, Jauna, berandu baita.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 13-35

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.