sábado, 8 de abril de 2017

2017-04-14 - Jaungoikoaren Pasioaren Ostiral Santua (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren Pasioaren Ostiral Santua (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Baina gure errebeldiengatik zulatu zuten.

Isaías liburutik 52, 13-53, 12

Jaunak dio :
«Nire zerbitzariak
arrakasta lortuko du,
goratua, gorengo mailan jarria
izango da.
Asko eta asko ikaratu ziren hartaz,
hain baitzegoen itxuragabetua,
giza antzik ere gabe,
gizaki ez zirudiela;
era berean,
nazio asko harrituko dira ,
erregeak haren aurrean
mutu geldituko,
inoiz esan gabeko zerbait ikustean,
inoiz entzun gabekoa aditzean».
Nork sinetsi du gure mezua?
Nori agertu dio Jaunak
bere ahalmena?
Jaunak nahi izan zuen
bere zerbitzaria
lur agorrean sustraiak dituen
kimu berria bezala haztea.
Ez zuen duintasunik,
ez edertasunik,
ez gure begientzat
itxura erakargarririk.
Mespretxatua zen,
eta jendeak baztertua,
oinaze-gizona, sufritzen ikasia.
Ikusteak ere nazka ematen duen
norbait bezalaxe,
mespretxatu egin genuen,
eta aintzakotzat hartu ez.
Baina gure gaitzak
hartu zituen bere gain,
gure oinazeen zama jasan.
Guk, berriz,
Jainkoak zauritu zuela uste genuen,
Jainkoak zigortu
eta atsekabetu zuela.
Baina gure errebeldiengatik
zulatu zuten,
gure erruengatik birrindu;
berak jasan zuen
guretzat salbagarri
izango zen zigorra:
haren zauriek sendatu gintuzten.
Ardiak bezala genbiltzan galdurik,
bakoitza geure bidetik,
eta Jaunak haren gain bota zuen
gu guztion errua.
Gaizki tratatu zuten,
eta bera apaldu egin zen,
ahorik zabaldu gabe;
hiltzera daramaten
arkumeak bezala,
moztaileen aurrean isilik dagoen
ardiak bezala,
ez zuen ahorik zabaldu.
Gogorkeriaz eta bidegabez
eraman zuten;
baina haren zoria nori axola?
Bizidunen lurretik kanpora
atera zuten,
bere herriaren errebeldiagatik jota.
Gaiztoekin batera hilobiratu zuten,
gaizkileekin eman zioten lur ,
nahiz eta berak
bidegabekeriarik ez egin
eta haren ahoan
maltzurkeriarik ez izan.
Jaunak oinazez josi nahi izan zuen.
Eta bekatuen ordainetan
bizia eman zuelarik,
ondorengoak izango ditu
eta bizitza luzea,
eta haren bitartez
bere nahia burutuko du Jaunak.
Jaunak dio:
«Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko du eta asea izango .
Bere ezagutzaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak
asko egingo ditu zuzen,
haien erruak
bere gain hartu baitzituen.
Horregatik, jendetza ugaria
emango diot ordainetan,
eta giza multzoak
izango ditu garaipen-sari,
bere burua heriotzara eman zuelako
eta bekatarien kide iritzi ziotelako,
guztien bekatuak bere gain hartu
eta bekatarien alde
erregutu zuelako».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 30, 2 eta 6. 12-13. 15-16. 17 eta 25 (R.: Lc 23, 46)

R.
Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia.

Jauna, zuregan dut babesa:
ez dakidala inoiz neure ustea huts gerta!
Zuzena baitzara, atera nazazu onik.
Zure eskuetan jartzen dut bizia:
aska nazazu, Jauna, Jainko leiala! R.

Iseka egiten didate etsaiek;
areago, neure auzokoek.
Beldurra ematen diet adiskideei:
ni kalean ikustean, ihesi doaz.
Ahaztua naute erabat, hildakoa bezala,
alferreko tresna bainintzan. R.

Baina nik, Jauna, zuregan dut konfiantza
eta etengabe diotsut: «Zu nire Jainko».
Zure eskuetan nire zoria:
libra nazazu pertsegitzen nauten etsaiongandik! R.

Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi,
salba nazazu zeure maitasunaz.
Eutsi sendo, izan bihotz,
Jaunarengan itxaron duzuenok! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ikasi zuen obeditzen eta betiko salbamenaren iturri bilakatu zen berari obeditzen dioten guztientzat.

San Pablo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 4, 14-16; 5, 7-9

Aenideok: Gure apaiz nagusi handia, Jesus Jainkoaren Semea, zeruan sartua dugunez gero, euts diezaiogun sendo aitortzen dugun fedeari. Izan ere, gure apaiz nagusia ez da gure ahuleriaz gupidatu ez daitekeen norbait, zeren eta bera ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik. Hurbil gaitezen, bada, konfiantza osoz Jainkoaren onginahiaren tronura, errukia iritsi eta premialdian laguntza izan dezagun.
Kristok, mundu honetan bizi zelarik, deiadar handiz eta negar-malkoz egin zion otoitz eta erregu heriotzatik libra zezakeen Jainkoari eta, esaneko izan zitzaiolako, Jainkoak aditu egin zion. Eta, Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi zuen obeditzen; horrela, bete-beteko izatera iritsi zelarik, betiko salbamenaren iturri bilakatu zen berari obeditzen dioten guztientzat.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala FIp 2, 8-9  

Apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion.

EBANJELIOA

Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J = Jendetza; P Beste personaiak.

Jaungoikoaren Pasioa.

+ Jaungoikoaren Pasioa San Joanen liburutik 18, 1-19,42

K. Garai haietan, Jesus eta ikasleak Zedron erreka igaro eta beste aldean zegoen baratze batera sartu ziren. Judasek ere, Jesus salduko zuenak, ezagutzen zuen leku hura, askotan bildua baitzen Jesus han bere ikasleekin. Judas, beraz, tenpluko gudari-taldea eta apaizburu eta fariseuen guardiak harturik, hara joan zen. Armaturik eta zuzi eta argiontziz horniturik zihoazen. Jesusek, ongi baitzekien gertatuko zitzaion guztia, bidera irten eta esan zien:
+. –Noren bila zatozte?
K. Erantzun zioten:
J. –Jesus Nazaretarraren bila.
K. Hark, orduan:
+. –Neu naiz.
K. Han zen guardiekin Judas saltzailea ere. Jesusek «Neu naiz» esan zienean, atzeraka hasi eta lurrera erori ziren. Berriro galdegin zien Jesusek:
+. –Noren bila zatozte?
K. Haiek erantzun:
J. –Jesus Nazaretarraren bila.
K. Eta Jesusek:
+. –Esan dizuet neu naizela; nire bila bazatozte, utzi hauei joaten.
K. Horrela bete zen Jesusek berak esana: «Eman dizkidazunetatik ez dut bat ere galdu».
Orduan, Simon Pedrok, aldean zuen ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Morroiak Malko zuen izena. Jesusek esan zion Pedrori:
+. «Itzuli ezpata zorrora. Ez ote dut, bada, edan behar Aitak leporatu didan edari samina ?»

Jesus Anasen aurrean

K. Orduan, gudari-taldeak bere buruzagiarekin eta judu-agintarien guardiek Jesus preso hartu zuten eta, loturik, Anasen etxera eraman zuten lehenengo. Anas urte hartako apaiz nagusi Kaifasen aitaginarreba zen. (Kaifas zen judu-agintariei aholku hau eman ziena: «Hobe da gizon bat herriarengatik hiltzea»).

Pedrok Jesus ukatu

K. Simon Pedro eta beste ikasle bat Jesusen ondoren joan ziren. Ikasle hau apaiz nagusiaren ezaguna zen, eta Jesusekin batera sartu zen apaiz nagusiaren jauregiko patiora; Pedro, ordea, kanpoan gelditu zen, ate ondoan. Atera zen, orduan, apaiz nagusiaren ezaguna zen ikaslea eta, atezainari hitz egin ondoren, Pedro sarrarazi zuen. Atezain zegoen neskameak esan zion Pedrori:
P. –Ez al haiz hi ere gizon horren ikasleetakoa?
K. Pedrok erantzun:
I. –Ez, ez naun.
K. Morroiak eta guardiak sua egin eta berotzen ari ziren, hotz baitzegoen. Pedro ere haiekin zegoen berotzen.

Apaiz nagusiak Jesus galdekatu

K. Apaiz nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz galdegin zion Jesusi. Jesusek erantzun zion:
+. –Ageri-agerian hitz egin izan diot nik mundu guztiari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dut beti, judu guztiak biltzen diren lekuan, eta ezer ere ez dut ezkutuan esan. Zer dela-eta galdeketa hau niri? Galdetu nire entzuleei eta emango dizute esan dudanaren berri.
K. Hori esan zueneko, han zegoen guardia batek masaileko bat eman zion Jesusi, eta esan:
P. –Horrela erantzuten al zaio apaiz nagusiari?
K. Jesusek erantzun zion:
+. –Gaizki hitz egin badut, esan zertan; baina ongi hitz egin badut, zergatik jotzen nauzu?
K. Anasek, orduan, Kaifas apaiz nagusiari bidali zion Jesus, lotuta.

Pedrok Jesus ukatu berriro

K. Bitartean, Simon Pedro sutondoan zegoen berotzen, eta galdetu zioten:
P. –Ez al haiz hi ere horren ikasleetakoa?
K. Hark ukatu egin zuen, esanez:
I. –Ez, ez nauk.
K. Apaiz nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria moztu zionaren ahaideak, esan zion:
P. –Nola ezetz! Neuk ikusi hindudan baratzean horrekin.
K. Baina Pedrok ukatu egin zuen berriro, eta berehala oilarrak jo zuen.

Jesus Pilatoren aurrean

K. Kaifasenetik gobernariaren jauregira eraman zuten Jesus. Goizaldea zen. Judu-agintariak ez ziren sartu jauregira, ez kutsatzeko, ezin izango baitzuten bestela Pazko-afarian parte hartu. Pilatok kanpora irten eta galdetu zien:
P. –Zertaz salatzen duzue gizon hau?
K. Haiek erantzun zioten:
J. –Gaizkilea ez balitz, ez genizukeen ekarriko.
K. Pilatok esan zien:
P. –Eraman zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera.
K. Judu-agintariek erantzun:
J. –Guri ez zaigu zilegi inor heriotzara kondenatzea .
K. Horrela beteko zen Jesusek esana, zein heriotzaz hilko zen adierazi zuenean.
Pilato barrura sartu zen berriro eta, Jesusi deituz, galdegin zion:
P. –Zu al zara juduen erregea?
K. Eta Jesusek:
+. –Zeure kabuz galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?
K. Pilatok erantzun zion:
P. –Judua ote naiz, bada, ni? Zeure herrikoek eta apaizburuek ekarri zaituzte niregana. Zer egin duzu?
K. Jesusek erantzun:
+. –Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko; nire erregetza, ordea, ez da hemengoa.
K. Orduan, Pilatok esan zion:
P. –Beraz, errege zara zu?
K. Jesusek erantzun zion:
+. – Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.
K. Pilatok galdetu zion:
P. –Egia, zer da egia?

Jesus heriotzara kondenatua

K. Hori esanik, Pilatok berriro irten eta judu-agintariei esan zien:
P. –Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen. Baina baduzue ohitura bat nik Pazko-jaietan preso bat askatzekoa. Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
K. Haiek oihuka hasi ziren:
J. – Hori ez! Askatu Barrabas!
K. Barrabas hau bide-lapurra zen.

K. Pilatok, orduan, Jesus zigorkatzeko agindu zuen. Soldaduek, arantzazko koroa bat eginik, buruan ezarri zioten eta purpurazko mantu bat bota zioten gainera. Eta bata bestearen ondoren hurbilduz, esaten zioten:
J. «Agur, juduen errege!»
K. Eta masailekoka zerabilten.
Atera zen berriro ere Pilato eta esan zien:
P. –Hara, kanpora dakarkizuet, jakin dezazuen gizon hau kondenatzeko arrazoirik ez dudala aurkitzen.
K. Orduan, Jesus kanpora irten zen arantzazko koroa eta purpurazko mantua zeramatzala. Pilatok esan zien:
P. –Hemen duzue gizona!
K. Ikusi zutenean, apaizburuak eta guardiak oihuka hasi ziren:
J. –Gurutzera, gurutzera hori!
K. Pilatok esan zien:
P. –Eraman zeuek eta gurutziltzatu; nik ez dut gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen.
K. Judu-agintariek ihardetsi zioten:
J. –Guk badugu lege bat, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezi du, Jainkoaren semetzat jo baitu bere burua.
K. Hori entzutean, are gehiago beldurtu zen Pilato. Berriro jauregira sartu eta galdetu zion Jesusi:
P. –Nongoa zara zu ?
K. Jesusek, ordea, ez zion erantzun ere egin. Orduan, Pilatok esan zion:
P. –Ez didazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea dudana zu askatzeko ala gurutziltzatzeko?
K. Jesusek erantzun zion:
+. –Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu; horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.
K. Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion:
J. –Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.
K. Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta auzitegian eseri zen, «Harlosatua» –hebreeraz Gabata– zeritzan tokian. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdi aldea . Pilatok esan zien juduei:
P. –Hemen duzue zeuen erregea.
K. Orduan, haiek oihuka:
J. –Kendu hori, kendu! Gurutzera!
K. Pilatok, berriro:
P. –Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?
K. Apaizburuek erantzun zuten:
J. –Ez dugu enperadorea beste erregerik.
K. Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.

Jesus gurutziltzatua

K. Hartu zuten, beraz, Jesus, eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Burezur» –hebreeraz Golgota– zeritzan tokirantz irten zen. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.
Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea». Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia. Juduen apaizburuek esan zioten Pilatori:
J. –Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.
K. Pilatok erantzun zuen:
P. –Idatzitakoa idatzia bego.
K. Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua, akordio hau hartu zuten:
P. «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion».
K. Honela, Liburu Santuak dioena bete zen:

Nire jantziak banatzen dituzte,
nire tunika zotz egiten.

Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.

Jesus eta beronen ama

K. Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa , Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari:
+. «Emakume, horra hor zure semea».
K. Gero, ikasleari esan zion:
+. «Horra hor zure ama».
K. Eta ordudanik ikasleak bere etxean hartu zuen.

Jesusen heriotza

K. Ondoren, Jesusek, guztia betea zegoela jakinik, Liburu Santuak esana erabat bete zedin, esan zuen:
+. «Egarri naiz».
K. Bazen han pitxer bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsirik, ahora hurbildu zioten. Ozpina edan zuenean, Jesusek esan zuen:
+. «Betea da dena».
K. Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen.

Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.

Jesusen saihetsa lantzaz zulatua

K. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.
Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei. Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi; soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.
Ikusi zuenak berak testigatzen du eta haren testigantza egiazkoa da. Berak badaki egia dioena, zuek ere sinets dezazuen. Hau Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen: Ez zaio hezurrik hautsiko. Eta beste pasarte batean hau dio: Zulatu zutenari begiratuko diote.

Jesus hilobian ezarria

K. Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eramateko baimena eskatu zion Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zen, baina isilpean, judu-agintarien beldurrez. Pilatok baimena eman zion, eta Josek joan eta eraman egin zuen haren gorpua. Etorri zen Nikodemo ere –behin batean gauez Jesus ikustera joan zen hura– hogeita hamarren bat kiloko mirra- eta aloe-nahastura zekarrela. Jesusen gorpua bien artean hartu eta oihal-zerrendaz lotu zuten, tartean lurringaiak ezarriz, juduek hobiratzeko zuten ohiturari jarraituz.
Jesus gurutziltzatu zuten lekutik hurbil baratze bat zegoen eta, baratzean, ordu arte inor ipini gabeko hilobi berri bat. Hilobia hurbil zegoenez, hantxe ezarri zuten Jesusen gorpua, juduen atseden-eguna hastear baitzegoen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.