sábado, 8 de abril de 2017

2017-04-13 - Jaungoikoaren Afariaren Ostegun Santua (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren Afariaren Ostegun Santua (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jainkoak Pazkoa ospatzeko agindu.

Irteera liburutik 12, 1-8. 11-14

Egun haietan honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hilabete hau izango duzue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa. Horrela aginduko diozu israeldarren elkarteari: Hil honen hamarrean har beza bakoitzak familia eta etxe bakoitzeko abere xehe bana. Abere osoa jateko familia aski ez bada, aldameneko bizilagunekin elkartuko da, bakoitzak jan dezakeenaren arabera zenbat jende behar den kontuan harturik. Abereak urte batekoa beharko du izan, arra eta akats gabea, arkume nahiz antxume. Hilaren hamalaua arte gordeko duzue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldarren elkartekide guztiek hilko dute. Gero, abere-odola hartu eta aberea jango duzuen etxeko ate-gainak eta alboak odoleztatuko dituzue. Gau horretan sutan erreta jango duzue okela, legamia gabeko ogiz eta belar mingotsez lagundurik.
Honela jango duzue: gerrikoa loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango duzue, Jaunaren Pazkoa baita. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naiz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-seme eta lehen abere-kumeak oro eta neure epaia emango diet Egiptoko jainkoei. Ala ni Jauna!
«Odola izango duzue ezaugarri etxeetan. Odola ikustean, aurrera egingo dut; horrela, nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaituzte zuek suntsituko.
«Egun hau gogoangarri izango duzue eta, Jaunaren ohorez, festa nagusiz ospatuko. Festa hau lege-indarrez ezarriko duzue belaunez belaun.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 115, 12-13. 15-16bc. 17-18 (R.: cf. 1Co 10, 16)

R.
Esker oneko kalizak Kristoren odolean alkartzen gaitu.

Nola ordainduko diot Jaunari
egin didan on guztia?
Kopa altxatuko dut salbamenagatik esker onez,
Jaunari dei eginez. R.

Mingarri zaio Jaunari
bere fededunen heriotza.
Jauna, zure zerbitzari naiz,
zure zerbitzari apal:
askatu dituzu nire lokarriak! R.

Gorespen-oparia eskainiko diot,
Jaunari dei eginez.
Beteko dizkiot Jaunari promesak,
herri osoaren aurrean. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ogi jaten eta kopa edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue.

San Pablo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 11, 23-26

Senideok: Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri». Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria ; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Jn 13,34

Agindu berri bat ematen dizuet:
- Jaunak dio -
elkar maita dezazuela.
Nik maitatu zaituztedan bezala.

EBANJELIOA

Azkenean bete-betean maitatu zituen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 13, 1-15

Pazko-jaia gainean zen. Jesusek bazekien mundu hau utzi eta Aitarengana joateko ordua iritsi zitzaiona. Munduan ziren beretarrak beti maite izan zituelarik, azkenean bete-betean maitatu zituen.
Deabruak Simon Iskarioteren seme Judasi sartua zion buruan Jesus saltzeko asmoa. Jesusek bazekien dena bere esku jarri ziola Aitak, eta Jainkoarengandik etorria zela eta Jainkoarengana zihoala. Afaltzen ari zela, mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen. Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:
–Jauna, zuk niri oinak garbitu?
Jesusek erantzun zion:
–Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen, geroago ulertuko duzu.
Pedrok, berriro:
–Zuk ez didazu sekula niri oinik garbituko.
Jesusek erantzun:
–Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango.
Simon Pedrok esan zion:
–Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.
Jesusek erantzun:
–Bainatu denak ez du garbitu beharrik , erabat garbi baitago, eta zuek garbi zaudete, baina ez denok.
Izan ere, bazekien zeinek salduko zuen; horregatik esan zuen: «Ez zaudete denok garbi».
Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen duzue egin dizuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz. Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri. Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.