lunes, 24 de abril de 2017

2017-04-30 - 3. Pazko Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
3. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki.

Eginak liburutik 2, 14. 22-33

Orduan, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, honela hitz egin zien: «Juduok eta Jerusalemen zaudeten guztiok: entzun arretaz nire hitzak, otoi, hemen gertatzen denaz ongi jabe zaitezten.
Entzun hau, israeldarrok: Guztiok dakizuenez, Jainkoak Jesus Nazaretarra zuen aurrean sinesgarri egin zuen, mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak haren eskuz eginez.
Jainkoak zuen eskuetara eman zuen, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabakiaren arabera, eta zuek gurutzean josi eta hil egin zenuten sinesgabeen eskuz.
Baina Jainkoak piztu egin zuen, Herioaren lokarrietatik askatuz, Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki. Izan ere, honela dio Davidek hartaz:

«Begi aurrean
dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala,
ez naiteke koloka.
Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez kantari mihia,
itxaropenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu
hilobian galtzen utziko.
Bizirako bidea erakutsiko didazu:
zeure aurrean alaitasunez beteko.

«Senideok, uztazue argi eta garbi esaten David gure arbasoa hil egin zela eta lur eman ziotela, eta hor dugu gaur ere haren hilobia. Baina profeta zen eta bazekien hark Jainkoak zin eginez hitzeman ziona: beraren odoleko bat ezarriko zuela bere tronuan.
Beraz, aurrez ikusi zuen Mesias piztuko zela, eta honetaz mintzo zen hau esatean: ez zuela Jainkoak Herio Leizera botako eta ez zela haren gorputza hilobian galduko. Jesus hau piztu egin du Jainkoak, eta gu guztiok gara lekuko.
Jainkoak bere eskuinaldera altxatu duelarik, hitzemandako Espiritu Santua hartu du Aitarengandik eta guri isuri; hauxe da zuek ikusten eta entzuten ari zaretena.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 15, 1-2 y 5. 7-8. 9-10. 11(R.: 11a)

R.
Jaunak, bizirako bidea erakutsiko didazu.

Gorde nazazu, Jauna, zuregan baitut babesa.
Hau diot: «Oi Jauna, zu zaitut ene Jaun,
zuregan baizik ez dut zorionik».
Zu zaitut, Jauna, neure on guztia,
neure kopa, bedeinkapenez betea;
zure esku nire zoria!
R.

Bedeinkatu nahi dut Jauna, berak baitit aholku ematen,
gauez ere ene barrua berak hezten.
Begi aurrean dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin.
R.

Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. R.

Bizirako bidea erakutsiko didazu:
alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zeuen aurrekoengandik bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 1, 17-21

Senide maiteok: inolako bereizkeriarik gabe, nor bere egintzen arabera epaitzen duenari «Aita» deitzen diozuenez gero, joka begirunez munduko erbestealdian bizi zareten bitartean. Gogoratu zeuen aurrekoengandik hartutako biziera zentzugabetik askatuak izan zaretela; eta askatuak, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zilarrez, baizik eta bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz. Kristo mundua mundu izan aurretik zegoen Jainkoaren asmotan, eta azken garai hauetan agertu da zuen onerako. Eta zuek beronen bidez sinesten duzue hildakoen artetik piztu eta ospez bete zuen Jainkoarengan; horrela, zuen fedea eta itxaropena Jainkoarengan finkatuak daude.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Lc 24, 32

Aleluia, aleluia.
«Ez al geneukan barrua sutan,
bidean Liburu Santuak azalduz
mintzo zitzaigunean?» Aleluia.

EBANJELIOA

Ogia zatitzean begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 13-35

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 17 de abril de 2017

2017-04-23 - 2. Pazko Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
2. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten

Eginak liburutik 2, 42-47

Denak apostoluen irakaspenak entzuteari eta elkarte-bizitzari emanak bizi ziren, ogi-zatitzea eta otoitza elkarrekin egiten zituztelarik.
Mundu guztia izuturik zegoen, apostoluek egiten zuten hainbat egintza harrigarri eta mirarirengatik. Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten: beren lur eta ondasunak saldurik, guztien artean banatzen zuten dirua, nork zer behar zuen.
Egunero bildu ohi ziren tenpluan, baina ogia etxeetan zatitzen zuten, otorduak elkarrekin pozik eta bihotz xaloz eginez.
Jainkoa goresten zuten, eta herri osoaren estimazioa zuten. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen zizkion elkarteari salbatzen zirenak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 2-4. 13-15. 22-24(R.: 1)

R.
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.

Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate aarondar apaizek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate Jaunari begirune diotenek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Gogor bultzatu ninduten botatzeko,
baina Jaunak lagun egin zidan.
Jauna dut indar eta babes, bera salbatzaile.
Poz- eta garaipen-oihuak dira zintzoen etxoletan:
«Jaunaren eskua garaile». R.

Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain.

San Pedro egindako lehenengo gutunetik 1, 3-9

Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiak eraginda, bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain, Jainkoak guretzat zeruan prestaturik duen ondarea jasotzeko itxaropena. Ondare hori ez daiteke hondatu, ez zikindu, ez zimeldu. Zuentzat ere prestatua du Jainkoak. Honek bere ahalmenaz zaintzen zaituzte, azken garaian agertuko den salbamena irits dezazuen fedeari esker.
Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan. Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean.
Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik, zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 20, 29

Aleluia, aleluia.
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu?
Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 10 de abril de 2017

2017-04-16 - Jaunaren Piztueraren Pazko Igandeaa (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.

Eginak liburutik 10, 34a. 37-43

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena,
Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.
Eta gu gara hark juduen lurralde osoan eta Jerusalemen egindako guztien lekuko. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten; baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion, ez herriko guztiei, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik, guri alegia, hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.
Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, bera dela Jainkoak bizien eta hildakoen epaile ezarri duena aitortuz. 43 Profeta guztiek testigantza hau egiten dute hartaz: harengan sinets dezaten guztiek bekatuen barkamena hartuko dutela beraren bitartez».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 1-2. 16ab-17. 22-23(R.: 24)

R.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan!

Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Jaunaren eskua bikain,
Jaunaren eskua garaile».
Ez, ez naiz hilko, biziko baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko. R.

Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo.

San Pablo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 3, 1-4

Gisakiok, Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria.
Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.

Jaunak esana.

Edo.

Bazter ezazue legamia zaharra eta izan ore berri.

San Pablo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 5, 6b-8

Senideok: Ez al dakizue legamia pixka batek ore guztia altxatzen duela? Bazter ezazue legamia zaharra eta izan ore berri, legamia gabeko pazko-ogiak bezala; izan ere, horixe zarete, Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia izan denez gero. Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia, baina ez legamia zaharrarekin, bekatu eta gaiztakeriazko legamiarekin, legamia gabeko pazko-ogiekin baizik, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz.

Aleluia 1 Ko 5, 7b-8a

Aleluia, aleluia.
Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia
izan denez gero.
Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

Edo.

Geldi zaitez gurekin, Jauna, berandu baita.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 13-35

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


domingo, 9 de abril de 2017

2017-04-15 - Larunbat Santua - Pazko Bezpera (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Larunbat Santua - Pazko Bezpera (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak.

Hasiera liburutik 1,1-2,2

Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen . Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea. Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen.
Eta Jainkoak esan zuen: «Izan bedi argia».
Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpeetatik: argiari «egun» eman zion izen eta ilunpeei «gau». Honela, lehen eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Izan bedi sabaia uren artean, goiko eta beheko urak bereiz ditzan».
Eta hala izan zen. Jainkoak sabaia egin zuen eta sabai azpiko urak sabai gainekoetatik bereizi zituen. Jainkoak sabaiari «zeru» eman zion izen. Honela, bigarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Bil bitez multzoan zeru azpiko urak eta ager bedi lehorra».
Eta hala izan zen. Lehorrari «lur» eman zion izen eta ur-multzoari «itsaso». Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen.
Jainkoak esan zuen: «Eman bitza lurrak belar hezea, hazidun landareak eta orotariko fruta-arbolak beren hazi eta guzti».
Eta hala izan zen. Eta lurrak orotariko hazidun landareak eta fruta-arbolak beren hazi eta guzti eman zituen. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, hirugarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Izan bitez argizagiak zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak ezagutarazteko. Izan bitez zeru-sabaian lurrari argi egiteko».
Eta hala izan zen. Jainkoak bi argizagi handi egin zituen: handiena egunaren gain jartzeko eta txikiena gauaren gain. Eta izarrak ere egin zituen. Zeru-sabaian ezarri zituen lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren gain jartzeko, argia eta ilunpea bereizteko. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, laugarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Egin bezate urek borbor bizidunez; egin bezate hegan hegaztiek lurraren gainean, airean».
Jainkoak itsas arraintzarrak sortu zituen, uretan borbor dabiltzan orotariko bizidunak eta orotariko hegaztiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Eta bedeinkatu egin zituen , esanez: «Sor itzazue umeak, ugaldu eta bete itsas urak; ugal bitez hegaztiak ere lurraren gainean». Honela, bosgarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Eman bitza lurrak orotariko bizidunak: abereak, piztiak eta narrastiak».
Eta hala izan zen. Jainkoak orotariko bizidunak sortu zituen: abereak, piztiak eta narrastiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen.
Jainkoak esan zuen: «Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak».
Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen.
Eta bedeinkatu egin zituen, esanez: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi; mendera itzazue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak».
Jainkoak esan zien: «Hara, zeuei ematen dizkizuet lurrazalean diren hazidun landare guztiak eta hazidun fruta-arbola guztiak; horiek izango dituzue janari. Abere, zeruko hegazti eta lurrean narraska dabiltzan bizidun guztiei, berriz, belar hezea ematen diet janari».
Eta hala izan zen. Eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak. Honela, seigarren eguna burutu zen.
Honela burutu zituen Jainkoak zeru-lurrak, berauetan dagoen guztiarekin. Zazpigarren egunerako burutu zuen Jainkoak berak eginiko lana eta zazpigarren egunean lanari utzi zion.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 103, 1-2a. 5-6. 10 y 12. 13-14. 24 y 35c

R
Bidali zure Espiritua, Jauna, eta lurra osoa berruskuratu.

Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Distiraz eta handitasunez zaude jantzia,
argiz inguratua soinekoz bezala. R.

Lurra sendo oinarritu zenuen
eta ez du sekula kolokarik egingo.
Ozeanoz estali zenuen, jantziz bezala,
eta mendiak azpian hartu zituzten urek. R.

Iturburuak eta errekak sorrarazten dituzu,
mendi artean doazela,
Ur-bazterretan bizi dira zeruko txoriak,
hostopean kantari. R.

Bere goi-geletatik ditu mendiak ureztatzen,
bere biltegietako emaitzez lurra asetzen.
Abereentzat belarra ernearazten du,
lanerako animalientzat bazka.
Lurretik laborea ateratzen du. R.

Bai ugariak, Jauna, zuk eginak!
Denak jakinduriaz egin dituzu,
zure sorkariz betea da lurra.
Bedeinka beza ene arimak Jauna! R.

Edo:

Salmoa 32, 4-5. 6-7. 12-13. 20 y 22

R
Jaunaren maitasunaz betea da lurra.

Jaunaren hitza zuzen-zuzena baita,
haren egintza guztiak fidagarriak.
Justizia eta zuzenbidea maite ditu;
Jaunaren maitasunaz betea da lurra. R.

Jaunak bere hitzaz egin du ortzia,
bere aho-arnasaz astro guztiak.
Itsas urak pilatzen ditu eta hesi barruan biltzen,
ozeanoak multzotan batzen. R.

Zorionekoa Jauna Jainko duen nazioa!
Zorionekoa hark beretzat aukeratu duen herria!
Jaunak, zerutik begira,
gizaki guztiak ikusten ditu R.

Guk Jaunarengan dugu itxaropena:
bera dugu laguntzaile eta babesle!
Betor gurekin, Jauna, zure maitasun leiala,
zuregan jarria baitugu esperantza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Abrahamen sakrifizioa, fedean gure aita.

Hasiera liburutik 22, 1-18

Egun haietan, Jainkoak probatu egin nahi izan zuen Abraham eta dei egin zion:
–Abraham!
Honek erantzun:
–Hemen nauzu!
Eta Jainkoak:
–Hartzazu Isaak zeure semea, hain maite duzun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera. Igo zaitez nik erakutsiko dizudan mendira eta eskain iezadazu semea han erre-oparitzat.
Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Abraham, txalmatu zuen astoa eta, oparitarako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura joan zen, bere seme Isaak eta bi morroirekin. Hirugarren egunean, urrutira, aipatutako lekua ikusi ahal izan zuen Abrahamek. Orduan, esan zien morroiei: «Gelditu hemen astoarekin. Mutikoa eta biok hara goaz, Jainkoa gurtzeko. Gero, itzuliko gara».
Hartu zuen Abrahamek oparitarako egurra, eta bizkarrean jarri zion bere seme Isaaki; berak aiztoa eta sua zeramatzan. Biak batera zihoazela, Isaakek bere aita Abrahami esan zion:
–Aita!
–Zer duzu, seme? –erantzun zion Abrahamek.
Eta Isaakek:
–Sua eta egurra badaramatzagu; baina non dugu oparitarako arkumea?
Abrahamek erantzun:
–Utzi hori Jainkoaren esku, seme!
Eta elkarrekin zihoazen bidean.
Jainkoak aipatutako lekura iritsi zirenean, aldarea eraiki zuen Abrahamek eta egurra prestatu. Ondoren, lotu zuen Isaak eta aldareko egur gainean ezarri. Eskua luzatuz, hartu zuen aiztoa bere semea hiltzeko. Baina Jaunaren aingeruak dei egin zion zerutik:
–Abraham! Abraham!
–Hemen nauzu! –erantzun zuen Abrahamek.
Aingeruak, orduan:
–Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari! Orain badakit Jainkoari begirune diozula, ez baitiozu zeure seme bakarra ere ukatu.
Jaso zituen begiak Abrahamek, ingurura begiratu eta ahari bat ikusi zuen sasi artean adarretatik kateatua. Hartu eta erre-oparitzat eskaini zuen bere semearen ordez.
Abrahamek leku hari «Jaunak du hornitzen» ezarri zion izena, eta gaur egun ere hala dio jendeak: «Mendian Jaunak du hornitzen ».
Bigarren aldiz deitu zion Jaunaren aingeruak zerutik, esanez: «Honela dio Jaunak: Hala jokatu duzulako, zeure seme bakarra ere ukatu ez didazulako, nik neurez zin dagit: Oparo bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasertzeko hondarra bezain ugari egingo ditut eta etsaien hiriez jabetuko dira. Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut , nire esana bete duzulako».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 15, 5 y 8. 9-10. 11 (R. 1)

R
Gorde nazazu, Jauna, zuregan baitut babesa.

Zu zaitut, Jauna, neure on guztia,
neure kopa, bedeinkapenez betea;
zure esku nire zoria!
Begi aurrean dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin. R.

Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez jauzika erraiak,
atsedenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. R.

Bizirako bidea erakutsiko didazu:
alaitasun betea zure aurrean,
betiko zoriona zure ondoan. R.

HIRUGARREN IRAKURGAIA

Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak.

Irteera liburutik 14, 15-15, 1

Egun haietan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zergatik ari zatzaizkit oihuka? Agindu israeldarrei egiteko aurrera. Eta zuk altxa makila eta luzatu eskua itsaso gainera: banatu egingo da itsasoa eta herriak oinak busti gabe zeharkatuko du. Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura. Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».
Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen, israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean ; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.
Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz. Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa. Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldun guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziren.
Goizaldera, su- eta laino-adarretik Jaunak egiptoarren kanpamendura begiratu eta nahasmendua sorrarazi zuen haien artean. Gurdien gurpilak trabatu zituen , nekez mugitzen zirela utziz. Orduan, egiptoarrek esan zuten: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jauna ari baita haien alde eta gure aurka».
Baina Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, gurdi eta zaldunen gainera, eror daitezen».
Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera. Eguna zabaltzean, urak ohiko lekura itzuli ziren eta egiptoarrek, ihesian, urekin tupust egin zuten: Jaunak itsas hondora amildu zituen egiptoarrak. Beren lekura itzultzean, urek estali egin zituzten, israeldarrei erasoka itsasoan sartu ziren faraoiaren gurdi eta zaldunak, gudaroste osoa: ez zen bakar bat ere bizirik atera. Israeldarrak, ordea, itsas erditik oinik busti gabe igaro ziren, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.
Egun hartan Jaunak egiptoarren eskuetatik salbatu zituen israeldarrak eta hauek egiptoarren gorpuak ikusi zituzten itsasbazterrean. Jaunak Egiptoren aurka erabili zuen ahalmen handia ikusirik, israeldarrek begirune izan zioten Jaunari, eta harengan eta haren zerbitzari Moisesengan beren uste ona jarri zuten.
Orduan, Moisesek eta israeldarrek kanta hau abestu zuten Jaunaren omenez:

SALMOA

Irteera salmoa 15, 1-2. 3-4. 5-6. 17-18 (R. 1a)

R
Jaunaren omenez abestuko dut,
egundoko garaipena lortu baitu.

Jaunaren omenez abestuko dut,
egundoko garaipena lortu baitu,
nola zaldiak hala zaldunak
itsas hondora amilduz.
Jaunari diot abesten,
bera dut indar, bera salbatzaile.
Neure Jainkoa dut: gorespen hari!
Neure aitaren Jainkoa:
goraipatua bedi! R.

Gudari da Jauna,
Jauna du izena.
Jaunak itsasoan hondoratu ditu
faraoiaren gurdi eta gudarostea,
Itsaso Gorrian murgildu
gudalbururik bikainenak. R.

Itsasoak ditu azpiratu,
hondora jaitsi dira
harritzarraren antzera.
Zure eskuina, Jauna,
izugarri indartsu!
Etsaia desegin du. R.

Jauna,
zuk sarrarazten duzu zeure herria
eta zeure mendian landatzen,
zeure ondarean,
zeure egoitza egin duzun lekuan,
zeure eskuz eraiki duzun
santutegian.
Jauna errege da betierean! R.

LAUGARREN IRAKURGAIA

Jaunak, zure askatzaileak etengabe maite zaitudan gupidatu naiz zutaz.

Isaias liburutik 54, 5-14

Egin zintuenak emaztetzat
hartuko baitzaitu:
Jaun ahalguztiduna, horixe du izena.
Israelen Jainko santua da
zure askatzailea:
lur osoaren Jainkoa deritza.
Senarrak utziriko emaztea,
emazte atsekabetua zinen,
baina Jaunak berriro dei egin dizu.
Hau dio Jaunak:
Utz ote daiteke
gaztetako emaztea?
Unetxo batez utzi zintudan,
baina gupidarik handienaz
hartuko zaitut.
Haserrealdi batean, unetxo batez
aurpegia ezkutatu nizun,
baina etengabe maite zaitudalako
gupidatu naiz zutaz.
Hala diot nik, Jaunak,
zure askatzaileak.
Noeren uholdekoan bezala
gertatzen zait:
zin egin nuen orduan
ez zela berriro uholderik
izango munduan,
eta halaxe egiten dut zin orain
ez naizela zurekin
berriro haserretuko,
ez dizudala gehiago
mehatxurik egingo.
Mendiak beren lekutik aldenduko
eta muinoak koloka jarriko balira ere,
nire maitasuna
ez da zuregandik aldenduko,
zure zorionaren aldeko
nire konpromisoak
ez du kolokarik egingo.
Hala diot nik, barru-barrutik
maite zaituen Jaunak».
Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri,
ekaitzak astindua,
inork kontsolatu gabea!
Jaspezko oinarri gainean
eraikiko zaitut,
zafirozko zimendu gainean ezarriko.
Dorreak errubiz
eta ateak esmeraldaz
egingo dizkizut,
harribitxiz harresi guztiak.
Zure seme-alabak nire ikasle
izango dira
eta denak zorion betean biziko.
Justizian sendo ezarria egongo zara.
Zapalkuntzatik libre izango zara
eta ez duzu ezeren beldurrik izango,
ikara ez zaizu inoiz hurbilduko.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 29, 2 eta 4. 5-6. 11-12. (R. 1a)

R
Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu.

Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu!
Nire etsaiei ez diezu nire lepotik pozten utzi.
Jauna, Herio Leizetik atera nauzu;
hilobira jaistear nengoela, biziberritu. R.

Kanta Jaunari, haren fededunok,
goretsazue, santua dela gogoratuz.
Haren haserrea une baterako,
haren onginahia bizi guztirako.
Arratsean negarrez bagaude ere,
goizean berriro poz-oihuz. R.

Entzun, Jauna! Erruki nitaz!
Jauna, zatozkit lagun!
Negarra dantza bihurtu didazu,
dolu-jantzia festa-jantzi.
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emango dizkizut beti. R.

BOSTGARREN IRAKURGAIA

Etorri niregana eta biziko zarete.
Betiko ituna egingo dut zuekin.

Isaías liburutik 55, 1-11

«Egarri zareten guztiok,
etorri uretara,
etorri, dirurik ez duzuenok ere!
Etorri, hartu garia eta jan,
hartu ardoa eta esnea,
dena hutsean, ordaindu gabe.
Zergatik gastatu zeuen dirua
goserik utziko zaituzten janaritan,
eta lansaria
aseko ez zaituzteten gauzetan?
Entzun niri arretaz,
eta ongi jango duzue,
janari gozo mamitsuz
elikatuko zarete.
Etorri niregana eta egon adi,
entzudazue eta biziko zarete.
Betiko ituna egingo dut zuekin,
Davidi eginiko
maitasunezko agintzariari
leial eutsiz.
Nik herrientzako testigu
jarri nuen hura,
nazioen buruzagi eta agintari.
Zuk herri ezezagunei
egingo diezu dei,
eta ezagutzen ez zintuzten herriek
zuregana joko dute lasterka,
nik, zure Jaunak,
Israelen Jainko santu honek,
ospez jantzi zaitudalako».
Bila ezazue Jauna,
aurki dezakezue eta ;
egiozue dei, hurbil duzue eta.
Utz beza gaiztoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo txarrak.
Bihur dadila Jaunarengana,
gupidaz hartuko baitu;
bihurtu gure Jainkoarengana,
guztiz barkabera baita.
Hau dio Jaunak:
«Egiaz, nire egitasmoak
ez dira zuenak bezalakoak,
ezta nire jokabidea ere
zuena bezalakoa.
Nola zerua lurraren gainetik garai,
halaxe nire jokabidea
zuenaren gainetik
eta nire egitasmoak zuenen gainetik.
«Euria eta elurra zerutik jaitsi
eta ez dira bertara itzultzen,
lurra urez ase gabe,
emankor bihurtu
eta ernamuindu gabe,
ereiteko hazia
eta jateko ogia sor ditzan;
berdin nire ahotik irtendako
hitza ere:
ez da niregana itzultzen
bere eragina izan gabe,
baizik eta nik nahi dudana egiten du
eta nik ezarritako helburua
betetzen».

Jaunak esana.

SALMOA

Isaías salmoa: 12, 2-3. 4. 5-6 (R. 3)

R
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera.

Bai, Jainkoa dut salbatzaile!
Harengan dut uste on
eta ez naiz beldur.
Jauna dut indar eta babes,
bera salbatzaile.
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera. R.

Goretsazue Jauna,
dei egin berari,
iragarri haren egintzak herriei!
Ezagutarazi zeinen bikain den! R.

Kanta Jaunari,
gauza harrigarriak egin baititu;
mundu osoan jakin bezate
haren berri.
Egin poz-irrintzi eta oihu,
Siongo bizilagunok,
handikiro ari baita zuen alde
Israelgo Santua. R.

SEIGARREN IRAKURGAIA

Zabiltza Jaunaren argiaren distiran.

Baruc liburutik 3, 9-15. 32-4, 4

Aditu, Israel,
bizira daramaten aginduak,
entzun, zuhurtasuna ikasteko.
Zer dela-eta, Israel,
zer dela-eta zaude etsaien herrialdean,
lurralde arrotzean zahartzen?
Zer dela-eta kutsaturik,
gorpu bat ukitu duena bezala,
eta zu zeu
hildako baten pareko egina?
Utzi egin duzu jakinduriaren iturria!
Jainkoaren bideari jarraitu bazenio,
bakean biziko zinatekeen betiko.
Ikasi non dagoen zuhurtasuna,
non indarra eta zentzu ona,
eta jakingo duzu non dauden
bizitza luzea eta benetako bizia,
non aurkitzen diren
gidatuko zaituzteten argia eta bakea.
Nork aurkitu du
jakinduriaren bizilekua?
Nor iritsi da haren altxorretaraino?
Jainkoak ezagutzen du jakinduria,
dena dakienak
bere adimenaz aurkitu du.
Hark eratu du lurra betiko
eta abereez bete.
Argiari joateko agindu
eta joan egiten da,
deitu eta hark esana
egiten dardaraz.
Izarrek ere distira egiten dute
beren zaintza-postuetan,
pozez beterik;
Jainkoak deitu,
eta «Hemen gaituzu»
erantzuten diote,
eta pozik distiratzen
beren Egilearentzat.
Bera da gure Jainkoa,
ez da beste inor hura bezalakorik.
Berak aurkitu ditu
jakintzara daramaten bideak,
eta bere zerbitzari Jakobi
erakutsi dizkio,
hain maite duen Israel herriari.
Gero, munduan agertu zen
Jakinduria
eta gizakien artean
jarri zuen bizilekua.
Jainkoaren aginduen liburua da jakinduria, betiko balio duen legea.
Hari lotzen zaizkionak bizira doaz, baztertzen dutenak heriotzara.
Onartu berriro jakinduria,
Jakoben herri,
zabiltza haren argiaren distiran.
Ez utzi
zeure harrotzeko bidea besteri,
ezta zeure duintasuna ere
atzerritarrei.
Zorionekoak gu, Israel,
Jaunari zer zaion atsegin
dakigunok!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 18, 8. 9. 10. 10 (R. Jn 6,68)

R
Jauna, betiko bizia dute zure irakatsiek.

Jaunaren hitza ezin hobea:
gizakia arnasberritzen du;
Jaunaren manamendua fidagarria:
heldugabea zuhurrarazten du. R.

Jaunaren legeak zuzenak,
bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsua,
begien argigarri. R.

Jaunaren promesa garbia:
betiko dirau;
Jaunaren erabakiak egiazkoak:
den-denak bidezkoak R.

Urrea baino desiragarriago,
urre araztua baino ere bai;
eztia baino gozoago,
ezti berria baino ere bai. R.

ZAZPIGARREN IRAKURGAIA

Derramaré sobre vosotros un agua pura, y os daré un corazón nuevo.

Ezekiel profeta liburutik 36, 16-28

Honela mintzatu zitzaidan Jauna: «Gizaseme, artean beren herrialdean bizi zirenean, israeldarrek kutsatu egin zuten lurraldea beren jokabide eta egintza txarrez; kutsatua zen haien portaera, hilerokoan botatako odola bezain kutsatua. Beraz, odola isuri eta herrialdea idolatriaz kutsatu zutelako, neure sumina isuri nuen haien gainera. Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatu nituen, beren jokabide eta egintza txarren arabera epaitu. Eta nazio haietara iritsi zirenean ere, nire izen santua belztu zuten, jendea zera esatera bultzatuz: “Jaunaren herria dira, baina beren lurraldetik irten behar izan dute!” Orduan, neure izen santua garbitu nahi izan nuen, israeldarren erruz, beraiek zeudeneko nazioetan belztua baitzegoen. Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Ez dut hau zuengatik, israeldarrongatik, egiten, baizik eta zuek egon zareteneko nazioetan belztu duzuen nire izenaren ohoreagatik. Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Nazio eta herrialde horietatik guztietatik bilduko zaituztet, eta zeuen lurraldera eramango. Ur garbiz zipriztinduko zaituztet eta garbi geldituko zarete; zuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituztet. Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz. Zuen arbasoei eman nien lurraldean biziko zarete; nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 41, 3. 5 b-c y 42, 3. 4 (R. 41, 2)

R
Basahuntza irrikaz errekara bezala,
halaxe ni zuregana, ene Jainko.

Jainkoaren egarri naiz,
Jainko biziaren egarri:
noiz iritsiko ni
Jainkoaren aurpegia ikustera? R.

Nola joaten nintzen tenplura,
Jainkoaren etxera,
poz-oihuz eta gora-goraka,
jai-giroan jendetzaren artean. R.

Bidali zure argia eta zure egia:
gida nazatela,
eraman nazatela zure mendi santura,
zure bizilekura. R.

Eta zure aldarera iritsiko naiz, oi Jainko,
nire poz betea zaren Jainko horrengana.
Zitara joz goretsiko zaitut,
Jainko, ene Jainko. R.

Edo:

Salmoa 50, 12-13. 14-15. 18-19 (R. 50,10a)

R
Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan,
espiritu berri sendoa nire baitan.
Ez nazazu bota zeure aurretik,
ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. R.

Poz nazazu berriro zeure salbamenaz,
sendotu zeure espiritu handi-zabalaz.
Zure bideak erakutsiko dizkiet gaiztoei,
eta zuregana bihurtuko dira bekatariak. R.

Sakrifizioak ez dituzu atsegin;
erre-oparia eskainiko banizu, ez zenuke onartuko.
Sakrifiziorik bikainena, damuz hautsiriko espiritua;
zuk ez duzu gutxiesten, ene Jainko,
bihotz-hautsi eta umildua. R.

EPISTOLA

Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko.

San Pablo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 6, 3-11

Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok, haren heriotzari izan garela lotuak? Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hildakoen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.
Berarena bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsatsiak izango gara harena bezalako piztueran ere. Badakigu, gure izaera zaharra Kristorekin gurutziltzatua izan zela, bekatuzko gure izaera ezereztua geldi zedin, eta aurrerantzean bekatuaren esklabo izan ez gintezen.
Izan ere, norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da.
Kristorekin hil bagara, sinesten dugu bizi ere berarekin biziko garela. Badakigu Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: herioak ez du harengan aginterik; haren hiltzea bekatuarentzat behin betiko hiltzea izan baitzen, eta haren bizitzea Jainkoarentzat bizitzea da. Berdin zuek ere: hartu kontuan bekatuarentzat hilda zaudetela eta Jainkoarentzat bizirik, Jesu Kristorekin bat eginik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 1-2. 16-17. 22-23

R
Aleluia, aleluia, aleluia.

Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Jaunaren eskua bikain,
Jaunaren eskua garaile».
Ez, ez naiz hilko, biziko baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko. R.

Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri. R.

EBANJELIOA

Piztua da eta zuen aurretik joango da Galileara.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 28, 1-10

Larunbata igaro eta asteko lehen eguna argitzean, Magdalako Maria eta beste Maria hilobia ikustera joan ziren. Bat-batean, lurrikara gogorra gertatu zen: Jaunaren aingerua jaitsi zen zerutik eta, hurbildurik, harria biratu zuen eta gainean eseri. Tximista zirudien eta haren jantzia elurra bezain zuria zen. Hura ikustean, beldurrez dar-dar eta hilda bezala gelditu ziren zaintzaileak. Baina aingerua emakumeei mintzatu zitzaien, esanez: «Zuek ez beldurtu. Badakit Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzatela. Ez dago hemen, piztua baita, esan zuen bezala. Zatozte eta ikusi ezarria egon zeneko tokia. Gero, zoazte bizkor ikasleei esatera: “Hildakoen artetik piztua da eta zuen aurretik joango da Galileara; han ikusiko duzue”. Hau da esan behar nizuena».
Hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz eta poz-pozik, ikasleei berri ematera joan ziren lasterka. Hartan, Jesus atera zitzaien bidera eta agurtu egin zituen.
Emakumeek, ondoraturik, oinak besarkatu zizkioten eta gurtu egin zuten. Jesusek esan zien: «Ez beldurtu! Zoazte eta esan nire senideei Galileara joateko; han ikusiko naute».

Jaunak esana



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com