lunes, 20 de marzo de 2017

2017-03-26 - Garizumako 4. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 4. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Samuelek David Israel errege gantzutu zuen

Samuel lehenengo liburutik 16, 1b. 6-7. 10-13a

Behin batean, honela mintzatu zitzaion Jauna Samueli:
–Bete ezazu olioz adarra eta zoaz, Belengo Jeserengana bidaltzen zaitut. Honen semeen artean begiztatu dut errege eginen dudana.
Heldu zirenean, Samuelek begiz jo zuen Eliab, eta esan zuen berekiko: «Zalantzarik gabe, aurrean du Jaunak bere gantzutua».
Jaunak, aldiz, esan zion Samueli:
–Ez begiratu horren itxura eta luzerari. Alde batera utzia dut hori. Kontua ez da gizakiak zeri begiratzen dion, gizakiak itxurari begiratzen baitio; Jaunak, berriz, bihotzari.
Jesek bere semeetarik zazpi eraman zituen Samuelen aurrera, baina Samuelek esan zion Jeseri:
–Hauetako inor ez du aukeratu Jaunak.
Gero, galdetu zuen:
–Hemen al dituzu zeure seme guztiak?
Jesek erantzun:
–Txikiena gelditzen da. Artzain dabil.
Eta Samuelek Jeseri:
–Agindu ekar dezaten; ez gara mahaian jarriko bera etorri arte.
Agindu zuen, beraz, ekartzeko. Ile horia zuen, begi ederrak, itxura bikaina. Jaunak esan zion Samueli:
–Jaiki eta gantzutu ezazu; horixe da.
Hartu zuen, bada, Samuelek oliontzia eta anaien aurrean gantzutu zuen. Jaunaren espirituak hartu zuen David egun hartaz geroztik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 22, 1-3a. 3b-4. 5. 6 (R.: 1)

R.
Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.

Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.
Larre guritan etzanarazten nau,
ur baretara eramaten,
eta indarrak berritzen. R.

Bide egokitik narama, leiala delako.
Ibar beltz-ilunetan banabil ere,
ez dut inolako gaitzen beldurrik,
zu nirekin baitzaude:
zure artzain-makilak lasaitzen nau. R.

Zuk atontzen didazu mahaia
etsaien begi aurrean,
ukenduz gantzutzen didazu burua;
gainezka dut kopa. R.

Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute
bizitzako egun guztietan;
Jaunaren etxean biziko naiz
amaigabeko egunetan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaiki hildakoen artetik
eta Kristok argituko zaitu.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 5, 8-14

Senideok:
Izan ere, garai batean ilunpetan bizi zineten; orain, aldiz, argitan bizi zarete, Jaunarekin bat eginik. Jokatu, beraz, argiaren partaide zaretenez; argiaren fruitua onginahia, zintzotasuna eta egia oro dira. Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin eta ez hartu parte ilunpetan bizi direnen alferrikako egintzetan; sala itzazue, ordea, lotsagarri baita horiek isilean egin ohi dutena aipatzea ere. Baina argiak salatzen duen guztia agerian gelditzen da, eta agerian gelditzen dena argi bihurtzen. Horregatik esan ohi da:
Esna zaitez, lo zauden hori,
jaiki hildakoen artetik
eta Kristok argituko zaitu.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Jn 8,12b

Neu naiz munduarentzat argia; – dio Jaunak -
niri jarraitzen didana bizia ematen duen argia izango du.

EBANJELIOA

Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 9, 1-41

Egun habietan, bidez zihoala, jaiotzatik itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. Eta ikasleek galdegin zioten:
–Maisu, zeinek egin zuen bekatu hau itsu jaiotzeko, beronek ala beronen gurasoek?
Jesusek erantzun zien:
–Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez zuten bekatu egin, baizik eta Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen itsu.
Egun-argi den bitartean, bidali nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan ezin izango du inork lanik egin.
Munduan naizen bitartean, munduaren argia naiz.
Hau esanik, lurrera listua bota, listuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi zizkion.
Gero, esan zion:
–Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura (Siloek «Bidalia» esan nahi du).
Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.
Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten:
–Ez al da hau eserita eskean egoten zena?
Batzuek zioten:
–Bai, huraxe da.
Beste batzuek, berriz:
–Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.
Berak, ordea, zioen:
–Bai, neu nauzue.
Haiek galdetu zioten:
–Nola ikusten duzu, bada, orain?
Hark erantzun zien:
–Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu: «Zoaz Siloera eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.
Orduan, galdegin zioten:
–Non da orain gizon hori?
Hark erantzun:
–Ez dakit.
Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura, eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:
–Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut.
Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:
–Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna errespetatzen.
Beste batzuek, berriz, zioten:
–Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?
Eta ez zetozen bat beren iritzietan.
Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:
–Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?
Hark erantzun:
–Profeta dela.
Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu eta galdegin zieten:
–Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada, orain?
Gurasoek erantzun zieten:
–Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela; baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.
Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea.
Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina, galdegin berari».
Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan zioten:
–Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori bekatari dela.
Hark erantzun zien:
–Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala.
Haiek, berriro:
–Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?
Eta hark erantzun:
–Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik nahi duzue berriro entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue, ala?
Haiek irainez bete eta esan zioten:
–Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola, baina hori nongoa den ere ez dakigu.
Hark ihardetsi zien:
–Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta horrek niri begiak ireki. Jakina da Jainkoak ez diola bekatariari entzuten, baizik eta berari begirune izan eta beraren nahia betetzen duenari entzuten diola Jainkoak.
Egundaino ez dugu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki dizkionik. Gizon horrek, Jainkoarengandik ez baletor, ezin izango luke ezer ere egin.
Haiek erantzun zioten:
–Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?
Eta elkartetik kanpora bota zuten.
Jakin zuen Jesusek sendatutako itsua elkartetik kanpora bota zutela eta, harekin topo egitean, galdetu zion:
–Sinesten duzu Gizonaren Semearengan?
Hark erantzun:
–Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan.
Jesusek esan zion:
–Ikusi duzu. Zurekin ari dena bera da.
Orduan, Jesusen aurrean ahuspeztu eta esan zion:
–Sinesten dut, Jauna.
Ondoren, esan zuen Jesusek:
–Mundu hau auzitan jartzera etorri naiz ni. Ondorioz, ikusten ez dutenek ikusi egingo dute, eta ikusten omen dutenak itsu bihurtuko.
Jesusekin zeuden fariseuetako batzuek, hori entzunik, esan zioten:
–Gu ere itsu ote gara?
Jesusek erantzun zien:
–Itsu bazinete, ez zenukete bekaturik izango; baina ikusten duzuela diozuenez, zeuen bekatuzko egoeran irauten duzue.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.