lunes, 13 de marzo de 2017

2017-03-19 - Garizumako 3. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 3. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Emaguzu ura edateko!

Irteera liburutik 17, 3-7

Egun haietan egarri zen herria bazter hartan, eta marmarrean hasi zen Moisesen aurka, esanez:
–Honetarako atera al gaituzu Egiptotik, geu, geure seme-alabak eta abereak egarriak hilarazteko?
Moisesek deiadar egin zion Jaunari:
–Zer egin diezaioket herri honi? Ia-ia harrika egin didate!
Jaunak erantzun zion:
–Pasa herriaren aurrealdera, eta hartu zeurekin zenbait herri-arduradun. Hartu eskuan Nilo ibaia jotzeko erabili zenuen makila, eta zoaz. Han izango nauzu ni, Horeb mendiko harkaitzean. Harkaitza jo eta ura sortuko da, herriak edan dezan.
Hala egin zuen Moisesek, Israelgo arduradunen aurrean.
Leku hari Masa eta Meriba –hau da, «Tentalekua» eta «Auzi-lekua»– eman zion izena, han berari aurpegi eman eta Jauna tentatu zutelako, esanez: «Jauna geurekin dugu, bai ala ez?»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 94, 1-2. 6-7. 8-9(R.: 8)

R.
Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
«Ez gogortu bihotzak.
»

Zatozte, egiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi salbatzen gaituen harkaitzari!
Aurkez gakizkion eskerrak emanez, poz-irrintzi eta kantuz. R.

Zatozte, gurtu dezagun ahuspezturik,
belaunika gaitezen egin gaituen Jaunaren aurrean!
Bera da gure Jainkoa,
eta gu hark larraturiko herria, haren gidaritzapeko artaldea. R.

Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
«Ez gogortu bihotzak zuen gurasoek Meriban bezala,
Masako gun hartan basamortuan bezala,
aurpegi eman eta probatu egin baininduten,
nik haien alde egina ikusi arren. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere maitasuna isuri baitigu geure bihotzetara, berak emandako Espiritu Santuaren bitartez.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 5, 1-2. 5-8

Senideok, Jainkoak sinesmenaren bidez onartu gaituelarik, bakean gaude berarekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker.
Berari esker, sinesmenaren bidez eman digu Jainkoak bere onginahia geureganatzea. Egoera honetan sendo irauten dugu eta harro gaude Jainkoaren aintza iritsiko dugulako itxaropenez.
Eta itxaropenak ez du huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri baitigu geure bihotzetara, berak emandako Espiritu Santuaren bitartez.
Izan ere, oraindik bekatupean indargabe ginela, Jainkoak erabakitako garaian, gaiztoen alde hil zen Kristo.
Nekez hilko litzateke norbait pertsona zuzen baten alde; agian bai, badaiteke norbait pertsona on baten alde hiltzeko prest egotea. Baina Kristo, gu oraindik bekatari ginela hil zen gure alde: honela erakusten du Jainkoak guri digun maitasuna.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Jn 4,42.15

Jauna, zura egiaz munduaren Salbatzailea;
emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin.

EBANJELIOA

Ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 4, 5-42

Egun haietan, iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lursailetik hurbil.
Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen.
Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:
–Emadazu edaten.
Orduan, emakume samariarrak esan zion:
–Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).
Jesusek erantzun zion:
–Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori? Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?
Jesusek ihardetsi zion:
–Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
Orduan, emakumeak:
–Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.
Jesusek esan zion:
–Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
Emakumeak erantzun:
–Ez dut senarrik.
Eta Jesusek:
–Ongi diozu ez duzula senarrik; bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, profeta zarela ikusten dut.
Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.
Jesusek esan zion:
–Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.
Baina badator ordua –hobeto esan, heldu da–, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
Emakumeak esan zion:
–Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.
Jesusek esan zion:
–Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»
Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:
–Maisu, jan zerbait.
Baina berak esan zien:
–Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
Ikasleek galdetu zioten elkarri:
–Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
Jesusek esan zien:
–Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte.
Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uztaroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak.
Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen, nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen. Honetan bai betetzen dela esaera: «Batek erein, bestek uzta bildu».
Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen fruitua.
Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak emandako testigantzagatik: «Egin dudan guztia esan dit».
Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han. Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten, eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu, egiaz hauxe dela munduaren Salbatzailea»

Jaunak esana.


Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.