lunes, 6 de marzo de 2017

2017-03-12 - Garizumako 2. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 2. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Abrahamn bokazioa, Jainko herriaren aita.

Hasiera liburutik 12, 1-4a

Jaunak esan zion Abrami:
«Utzi zeure lurra, zeure ahaideak
eta zeure aitaren etxea
eta zoaz nik erakutsiko dizudan
lurraldera.
Nazio handi eginen zaitut.
Ospetsu bihurtuko dut zure izena.
Bedeinkatuko zaitut,
eta bedeinkazio-iturri izango zara.
Bedeinkatzen zaituena
bedeinkatu egingo dut;
madarikatzen zaituena, berriz,
madarikatu.
Zure bitartez bedeinkatuko ditut
lurreko herri guztiak».
Abiatu zen, beraz, Abram, Jaunak agindu bezala.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 32, 4-5. 18-19. 20 y 22 (R.: 22)

R.
Betor gurekin, Jauna, zure maitasun leiala,
zuregan jarria baitugu esperantza!

Jaunaren hitza zuzen-zuzena baita,
haren egintza guztiak fidagarriak.
Justizia eta zuzenbidea maite ditu;
Jaunaren maitasunaz betea da lurra.
R.

Jaunak ditu zaintzen begirune diotenak,
haren maitasunean itxaropen dutenak,
heriotzatik libratu eta gosetean bizirik gordetzeko. R.

Guk Jaunarengan dugu itxaropena:
bera dugu laguntzaile eta babesle!
Betor gurekin, Jauna, zure maitasun leiala,
zuregan jarria baitugu esperantza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak dei egin eta argia zabaldu zigun

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik 1, 8b-10

Seme maitea:

Jainkoaren indarraz fidaturik, sufri ezazu nirekin batera berri onaren alde.
Jainkoak salbatu gintuen eta bere herri santu izatera dei egin zigun, ez gure egintzengatik, berak hala erabakia zuelako baizik, eta mende guztiak baino lehen Kristo Jesusengan onginahiz maite izan gaituelako.
Onginahi hau orain agertu da, Kristo Jesus gure Salbatzailea munduan agertzean; honek heriotza ezereztu du eta biziaren eta hilezkortasunaren argia zabaldu, berri onaren bidez.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Mt 17,5

Hodei argi batek estali zituen,
eta mintzo batek hodeitik esan zuen:
«Hauxe dut neure Seme maitea,
hauxe dut atsegin. Entzun berari!»

EBANJELIOA

Aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 17, 1-9

Egun haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri.
Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
Oraindik hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta mintzo batek hodeitik esan zuen: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»
Hau entzutean, ikasleak ahuspez erori ziren beldur-ikaraz. Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Zuti zaitezte. Ez beldurtu!»
Begiak altxaturik, Jesus bakarrik ikusi zuten, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, agindu hau eman zien Jesusek: «Ez esan inori ikusi duzuena, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.