lunes, 27 de febrero de 2017

2017-03-05 - Garizumako 1. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 1. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Gizakiaren kreazioa eta Jainkoaren agindua hautsi.

Hasiera liburutik 2, 7-9; 3, 1-7

Orduan, Jainko Jaunak lur-hautsez gizona moldatu zuen; sudur-zuloetan bizi-arnasa putz egin zion, eta gizona bizidun bilakatu zen. Ondoren, Jainko Jaunak baratzea landatu zuen Edenen, ekialdean, eta hantxe ezarri moldaturiko gizona. Orotariko zuhaitzak sorrarazi zituen lurretik, ikusgarriak eta fruitu gozodunak. Baratze erdian bi zuhaitz ernearazi zituen: batak bizia ematen zuen eta besteak dena ezagutzeko ahalmena.
Sugea zen Jainko Jaunak egindako piztiarik maltzurrena.
Sugeak esan zion emakumeari:
–Jainkoak debekatu egin dizue, beraz, baratzeko arbola guztietako fruituetarik jatea?
Emakumeak erantzun:
–Ez, jan dezakegu baratzeko arboletako fruituetarik. Baratze erdian dagoen zuhaitzaz bakarrik esan digu Jainkoak: «Ez jan horretatik, ezta ukitu ere, hil nahi ez baduzue».
–Ez zarete inolaz ere hilko –esan zion sugeak–. Ongi daki Jainkoak, hartatik jan dezazuenean, begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz.
Ikusi zuen emakumeak fruitua gozoa zela, arbola ikusgarria eta jakituria lortzeko desiragarria. Hartu zuen, beraz, haren fruituetariko bat eta jan egin zuen. Gero, bere senarrari eman eta honek ere jan egin zuen. Orduan, begiak zabaldu zitzaizkien eta biluzik zeudela ohartu ziren. Piku-hosto batzuk josi eta estalki bana egin zuten.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 50, 3-4. 5-6a. 12-13. 14 y 17 (R.: cf. 3a)

R.
Erruki, Jauna: bekatu dugu.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz.
Garbi nazazu oso-osorik neure errutik,
garbitu neure bekatutik. R.

Aitortzen dut, bai, neure hobena,
begi aurrean dut etengabe neure bekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dut bekatu,
zure borondatearen kontra jokatu. R.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan,
espiritu berri sendoa nire baitan.
Ez nazazu bota zeure aurretik,
ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. R.

Poz nazazu berriro zeure salbamenaz,
sendotu zeure espiritu handi-zabalaz.
Ireki, Jauna, nire ezpainak
eta nire ahoak zure gorespena iragarriko du. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bekatua eta Jainkoak egiten digun dohaina ez dira neurri berekoak.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 5, 12-19

Gizon baten bidez sartu zen bekatua munduan, eta bekatuaren bidez heriotza; horrela, gizon-emakume guztiengana zabaldu zen heriotza, guztiek egin baitzuten bekatu.
Egia da, legea baino lehen bazela bekatua munduan; baina bekatua ez zaio inori leporatzen, legerik ez badago. Hala ere, Adamengandik Moisesen denboraraino nagusi izan zen heriotza gizakien gain; baita Adamena bezalako bekaturik egin ez zutenen gain ere. Adam etortzekoa zenaren irudi da.
Baina bekatua eta Jainkoak egiten digun dohaina ez dira neurri berekoak. Izan ere, gizon bakarraren bekatuaz guztiak hil baldin baziren, askoz ugariago zabaldu da guztiengana Jainkoaren dohaina, hau da, beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker, eman zaigun dohaina. Eta ondorioei dagokienez ere, Jainkoak eman digun dohaina ez da gizon bakarraren bekatuarekin alderatzekoa. Izan ere, bekatuak, bakarra izan arren, guztien gaitzespena izan du ondorio; dohainak, berriz, bekatuak asko izan arren, barkamena izan du ondorio. Gizon bakarraren bekatuagatik heriotza nagusi gertatu bazen, zenbatez gehiago ez ote dira bakar batengatik, Jesu Kristogatik, nagusi izango betiko bizitzan Jainkoaren salbazioaren dohain oparoa hartzen dutenak!
Beraz, baten bekatuak gizon-emakume guztiei gaitzespena ekarri zien bezala, baten leialtasunak gizon-emakume guztiei salbazioa eta bizia ekartzen dizkie.
Eta baten desobedientziak denak bekatari egin zituen bezala, baten obedientziak zuzen egingo ditu denak.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Mt 4,4b

Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.

EBANJELIOA

Jesusek berrogei egun berau egiten du eta tentatua izaten da.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 4, 1-11

Orduan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan.
Berrogei gau eta berrogei egunez egon zen han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zen.
Hurbildu zitzaion, orduan, tentatzailea eta esan zion:
–Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri hauek ogi bihurtzeko.
Jesusek erantzun zion:
–Liburu Santuetan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.
Ondoren, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:
–Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Eta besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.
Baina Jesusek erantzun:
–Hau ere idatzia dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
Berriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eraman zuen; munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean erakutsi eta esan zion:
–Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu.
Jesusek, orduan:
–Alde hemendik, Satanas! Idatzia baitago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak etorri zitzaizkion zerbitzatzera.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.