lunes, 31 de octubre de 2016

2016-11-06 - Urteko 32. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 32. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu.

Makabearrak bigarren liburutik 7,1-2. 9-14

Beste batean, zazpi anaia atxilotu zituzten beren amarekin. Legeak debekatua duen txerrikia jatera behartu nahirik, idiaren zainez egindako zartailuz zigorkatu zituen erregeak. Haietarik batek, denen izenean mintzatuz, zioen: «Zer galdetzen diguzu? Zer jakin nahi duzu guregandik? Nahiago dugu hil, gure arbasoen legeak hautsi baino».
Azken arnasa ematerakoan, esan zuen: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen diguzu; baina munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu, beraren legeengatik hiltzen garenok».
Honen ondoren, irainka eta iseka hasi ziren hirugarrenarekin. Mihia ateratzeko agindu ziotenean, berehala atera eta besoak ere luzatu egin zituen ausarki. Eta esan zien gizonki: «Jainkoak eman zizkidan gorputz-atal hauek beraren legeengatik gutxiesten ditut. Eta badakit, berarengandik hartuko ditudala berriro». Erregea eta beronekin zeudenak harrituak gelditu ziren gazte haren ausardiaz, huskeriatzat baitzituen oinaze-minak.
Hirugarrena hil zenean, oinaze berberaz torturatu zuten laugarrena. Hiltzear zegoela, esan zuen: «Merezi du giza eskuz hiltzeak, Jainkoak berpizteko itxaropena ematen digunean. Zuk, ordea, ez duzu bizirako berpizterik izango».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 16, 1. 5-6. 8 y 15

R.
Piztean, zure izateaz aseko naiz, Jauna.

Entzun, Jauna! Justizia eske nator!
Zaude adi nire deiadarrari, makur belarria nire otoitzari:
ez dut engainurik ezpainetan. R.

Bide latzetan sendo ezarri ditut oinak;
zure arrastotik ez dira aldendu nire urratsak.
Deika nauzu, Jainko; erantzungo al didazu!
Itzul niregana belarria, entzun nire mintzoa. R.

Zaindu nazazu zeure begi-ninia bezala,
gorde ni zeure hegalen itzalpean.
Nik, auzi-egunean, zure aurpegia ikusiko dut;
piztean, zure izateaz aseko naiz. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaunak bete zaitzatela adorez eta sendotu, on den guztia egitez eta hitzez burutzeko.

San Paulo apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik 2,15-3,5

Senideok:
Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak – maite izan gaituenak eta betiereko kontsolamendua eta halako itxaropen zoragarria dohainik eman dizkigunak – bete zaitzatela adorez eta sendotu, on den guztia egitez eta hitzez burutzeko.
Azkenik, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaunaren mezua bizkor zabal dadin, eta denek ospez onar dezaten, zuek onartu zenuten bezala. Egin otoitz gizon oker eta gaiztoengandik gu onik atera gaitezen ere, ez baitira denak leialak. Jauna, ordea, leiala da, eta beronek sendotuko zaituzte eta gaiztoarengandik zainduko.
Zuei dagokizuenez, guk agindutako guztia egiten duzuen ziurtasuna ematen digu Jaunak, baita egiten jarraituko duzuena ere. Jaunak zuzen ditzala zuen bihotzak Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera.

Jaunak esana.

Aleluia Ap 1,5a.6b

Aleluia, aleluia.
Jesu Kristoren hildakoen artetik lehenengo piztu da;
aintza eta agintea
menderen mendetan! Amen. Aleluia

EBANJELIOA

Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 20,27-38

Egun haietan, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:
– Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.
«Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. Bigarrena eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»
Jesusek erantzun zien:
– Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean. Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 30 de octubre de 2016

2016-11-02 - Hildako Fededun guztien oroipena (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Hildako Fededun guztien oroipena (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

On da Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea.

Negar Kantak liburutik 3,17-26

Urrun da niregandik bakea, ahaztua dut zer den zoriona.
Neure artean diot: galdua da nire etorkizuna,
Jaunak ematen zidan itxaropena.
Neure erbestealdiko zoritxarra gogora ekartzea
edarimin pozoitsua da niretzat.
Ezin dut gogotik kendu, eta bihotz-eroria nago.
Baina oroitzen naiz itxaropena susperrarazten didan zerbaitez:
Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela agortu.
Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure leialtasuna!
Neure artean diot: Jauna da nire on guztia!
Harengan dut, beraz, itxaropen.
Jauna ona da berarengan uste on duenarentzat,
berarengana jotzen duenarentzat.
On da Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 129, 1-2. 3-4ab. 4c-6. 7-8

R.
Jaunarena maitasuna, Jaunarena askapen betea.

Barru-barrutik egiten dizut dei, Jauna:
Entzun, Jauna, nire mintzoa!
Beude erne zure belarriak nire erregu-oihura. R.

Erruak kontuan badituzu, Jauna,
oi Jauna, nork iraun bizirik?
Baina zuri barkamena dagokizu
eta, barkatuz, zeureganako begirunea pizten diguzu. R.

Jaunaren zain nago, zain bihotz-bihotzez,
haren erantzuna dut itxaro.
Jaunaren esperoan nago,
gau osoan esna, goiza arte beilari. R.

Izan beza Israelek itxaropen Jaunarengan,
Jaunarena baita maitasuna, Jaunarena askapen betea.
Berak askatuko du Israel erru guztietatik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bizi berria bizi dezagun.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 6,3-9

Senideok;
Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok, haren heriotzari izan garela lotuak?
Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hildakoen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.
Berarena bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsatsiak izango gara harena bezalako piztueran ere.
Badakigu, gure izaera zaharra Kristorekin gurutziltzatua izan zela, bekatuzko gure izaera ezereztua geldi zedin, eta aurrerantzean bekatuaren esklabo izan ez gintezen.
Izan ere, norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da.
Kristorekin hil bagara, sinesten dugu bizi ere berarekin biziko garela. Badakigu Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: herioak ez du harengan aginterik.

Aunak esana.

EBANJELIOAREN AURRETIK BERSETA Jn 11, 25a.26

Neu naiz piztuera eta bizia, dio Jaunak,
niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da.

EBANJELIOA

Neu naiz bidea, egia eta bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14,1-6

Denbora haietan Jesusek esan zioten bere jarratzailei:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.
Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.
Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


sábado, 29 de octubre de 2016

2016-11-01 - Domu Santua (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Domu Santua (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen.

Apokalipsiaren liburutik 7,2-4.9-14

Ni, Joan, beste aingeru bat ikusi nuen ekialdetik igotzen, Jainko biziaren zigilua zuelarik, eta ozenki egin zien deiadar lurra eta itsasoa hondatzeko ahalmena eman zitzaien lau aingeruei, esanez: «Ez hondatu lurra, ez itsasoa, ezta zuhaitzak ere, harik eta gure Jainkoaren zerbitzariak bekokian zigiluz markatu arte».
Zigiluz markatuak zenbat ziren entzun nuen: ehun eta berrogeita lau mila, israeldar leinu guztietarik hartuak:
Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik, soineko zuriz jantziak eta palma-adarrak eskuetan.
Eta ahots handiz egiten zuten deiadar:
«Tronuan eseria dagoen
gure Jainkoari eta Bildotsari
zor diegu salbamena».
Tronu, zahar eta lau izaki bizidunen inguruan zutik zeuden aingeru guztiak ahuspeztu egin ziren tronuaren aurrean eta Jainkoa adoratu zuten, esanez:
«Amen. Bedeinkazioa, aintza,
jakinduria, esker ona, ohorea,
ahalmena eta indarra
gure Jainkoari menderen mendetan.
Amen».
Orduan, zaharretako bat mintzatu zitzaidan, esanez:
–Soineko zuriz jantziak dauden horiek, zein dira eta nondik datoz?
Nik erantzun nion:
–Ene Jauna, zeuk jakingo duzu.
Hark esan zidan:
–Larrialdi handitik datozenak dira horiek; beren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dituzte eta zuritu.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 23, 1-2. 3-4ab. 5-6 (R 32, 6a)

R.
Horiek dira zure bila saiatzen direnak, Jauna.

Jaunarena da lurra eta bertan dagoena,
mundua eta bertan bizi direnak;
berak ezarri baitzuen sendo itsasoen gainean,
lur azpiko ur-lasterren gainean. R.

Nor igo Jaunaren mendira?
Nor egon hark sagaraturiko tokian?
Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena,
gezurrezko jainkoetara jotzen ez dueña. R.

Horrelakoa bedeinkatuko du Jaunak,
justizia egingo dio Jainko salbatzaileak.
 Horiek dira haren bila saiatzen direnak,
Jakoben Jainkoa aurkitu nahi dutenak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoa den bezalakoa ikusiko dugu.

San Joan Apostoluak egindako lehenengo gutunetik 3,1-3

Senide maiteok, begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu.
Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura. Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 11, 28

Aleluia, aleluia.
Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok,
eta neuk emango dizuet atseden. Aleluia.

EBANJELIOA

Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5, 1-12a

Denbora haietan, jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean.
Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 24 de octubre de 2016

2016-10-30 - Urteko 31. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 31. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Guztiez duzu errukia izaki guztiak maite dituzulako.

Jakinduria liburutik 11,23-12,2

Jauna, mundu osoa zure aurrean
balantza alde batera okertzen duen izpitxoa da,
lurrean pausatzen den goizeko ihintz-tanta.
Guztiez duzu errukia, dena baitezakezu,
eta gizakien bekatuei ez ikusiarena egiten diezu,
bihozberri daitezen.
Izaki guztiak maite dituzu
eta ez duzu zeuk egindako ezer gutxiesten,
zerbaiti gorroto izan bazenio, ez baitzenukeen egingo.
Nola iraungo luke zerbaitek, zuk gogoko izan ez bazenu?
Edo nola jarraituko izaten, zuk dei eginda sortu ez balitz?
Zu bihozbera zara izaki guztiekin,
zureak baitira, bizia maite duzun Jaun horrenak,
eta zure espiritu hilezkorra guztiengan dago.
Horregatik, pixkanaka-pixkanaka
zentzarazten dituzu errudunak,
zertan bekatu egiten duten gogoraraziz zuzentzen dituzu,
gaizkitik urrundu eta zuregan sinets dezaten, Jauna.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 144, 1-2. 8-9. 10-11. 13cd-14

R.
Zure izena beti goretsiko zaitut ene Jainko, ene errege.

Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
zure izena beti bedeinkatuko.
Egunero bedeinkatuko zaitut,
zure izena beti goretsiko. R.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinka zeure fededunek.
Aipa bezate zure erregetza ospetsua,
mintza bitez zure ahalmenaz. R.

Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan.
Erortzear direnei Jaunak die eusten,
lur joak ditu altxatzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesus gure Jaunak bere aintza azalduko du zuengan, eta zuek bera goretsiko duzue.

San Paulo apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik 1,11_2,2

Anai arrebok:
Otoizka ari gara beti zuen alde, gure Jainkoak bere deiaren gai egin zaitzaten, eta onerako duzuen gogoa eta sinesmenetik sortzen den zuen jarduera, bere ahalmenaz, beren betera eraman ditzan.
Horrela, Jesus gure Jaunak bere aintza azalduko du zuengan, eta zuek bera goretsiko duzue, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren onginahiaren arabera.
Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren azken etorrerari eta gu harekin elkartuko garen uneari buruz, hau eskatzen dizuegu: ez dezazuela arinegi burua gal, ezta kezkatu ere, Jaunaren eguna gainean duzuela dioen goi-agerpen edo adierazpen edo guk egina omen den gutunen bat dela eta.

Jaunak esana.

Aleluia Jn3,16

Aleluia, aleluia.
Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman zion, harengan sinesten duenik betiko bizia izan dezan. Aleluia.

EBANJELIOA

Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 19,1-10

Egun haietan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barrena zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen, baina ezin zuen jendearengatik, txikia baitzen. Lasterka aurrerago joan eta pikondo batera igo zen, Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, hara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Jaitsi zen, bada, berehala eta pozik hartu zuen etxean.
Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz».
Zakeok, berriz, zutiturik, Jaunari esan zion:
–Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot.
Jesusek esan zion:
–Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 17 de octubre de 2016

2016-10-23 - Urteko 30. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 30. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Apalaren otoitzak hodeiak zeharkatzen ditu.

Ben Sirak 35,14.16-17.20-22a (Si 35,12-14.16-18)

Ez erosi nahi izan Jauna zeure opariez,
ez baititu onartuko.
Ez du alderdikeriarik egiten behartsuaren aurka
eta entzun egiten du bidegabeki erabiliaren eskaria;
ez du umezurtzaren erregua mespretxatzen,
ezta kexati doakion alarguna ere.
Jaunak gogo onez onartzen du bera zerbitzatzen duena,
eta honen eskaria zeruraino iristen da.
Apalaren otoitzak hodeiak zeharkatzen ditu
eta ez da sosegatzen bere helmugara iritsi arte;
ez du etsitzen Goi-goikoak esku hartu
eta errugabeen alde justizia egin arte.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 17-18. 19 y 23

R.
Deiadar egitean, Jaunak entzun egiten du.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz;
entzun bezate apalek eta poztu. R.

Aurpegi ematen die Jaunak gaizkileei,
lur gainetik ezabatzeko haien oroitzapena.
Deiadar egitean, Jaunak entzun egiten du
eta larrialdi guztietatik libratzen. R.

Hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik
eta salbatzen ditu etsita daudenak.
Jaunak gordetzen du bere zerbitzarien bizia,
ez dute zigorrik harengan babesa dutenek. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa.

San Paulo apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik 4,6-8. 16-18

Anai maite:
Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua. Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Nire auziko lehenengo defentsan ez zen inor atera nire alde; bakarrik utzi ninduten denek; Jainkoak ez diezaiela kontuan har. Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik. Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia 2Co 5,19

Aleluia, aleluia.
Bai, Jainkoa da Kristoren bitartez mundua berekin adiskidetu duena,
gizon-emakumeei bekatuen kontuak eskatu gabe,
eta adiskidetzearen mezu hau gure esku utzi duena. Aleluia

EBANJELIOA

Zergalaria Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 18,9-14

Egun haietan, honako parabola hau esan zien Jesusek beren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei:
«Bi gizon tenplura igo ziren otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela ziharduen otoitzean bere baitan: “Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ezta horko zergalari hori bezalakoa ere. Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut”.
«Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular-joka ari zen esanez: “Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz”.
«Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com