lunes, 29 de agosto de 2016

2016-09-04 - Urteko 23. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 23. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nork ulertuko Jaunak nahi duena?

Jakinduria liburutik 9,13-18

«Zein gizakik ezagutuko du Jainkoaren asmoa?
Nork ulertuko Jaunak nahi duena?
Gizaki huts garenon gogoetak kaskarrak dira,
gure ideiak ziurtasun gabeak.
Gure gorputz galkorra arimarentzat zama da,
lurrezko etxola honek
berez kezkati den espiritua nekarazten du.
Nekez igartzen diegu lurrekoei
eta kostata aurkitzen irispidean duguna ere.
Nork, beraz, arakatuko ditu zerukoak?
Nork ezagutuko zukeen zure asmoa,
zeuk eman ez bazenio jakinduria
eta zerutik bidali zeure espiritu santua?
Horrela bakarrik izan ziren zuzenak lurtarren jokabideak,
horrela ikasi zuten zer duzun atsegin,
eta jakinduriaren bidez salbatu ziren».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 89, 3-4. 5-6. 12-13. 14 y 17

R.
Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi.

Gizakia hauts bihurtzen duzu,
esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!»
Bai, mila urte zuretzat atzo igaro zen
egunaren pareko,
gau-ordu baten pareko. R.

Hor daramatzazu gizakiak, goizaldean
ametsak bezala ;
belarra bezala ernetzen dira:
goizean erne eta loratzen;
arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen. R.

Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten,
jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.
Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre?
Erruki zeure zerbitzarioi! R.

Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz,
bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun.
Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, gozoa!
Burutu bitza ongi gure eginbeharrak,
burutu ongi gure eginbehar guztiak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ez esklabo bezala, anaia maite bezala baizik.

San Paulo apostoluak Filemoni egindako gutunetik 9b-10. 12-17

Anaia maitea: Nik, Paulok, jadanik zahartua eta orain, gainera, Kristo Jesusengatik kartzelan nagoen honek, mesede bat eskatu nahi dizut kartzelan sortu dudan nire seme Onesimorentzat. Hau, lehen, ez zenuen on ezertarako; orain, ordea, on bihurtu da, bai zuretzat eta bai niretzat. Berriro bidaltzen dizut bera, ene bihotz-bihotzeko dudan hau.
Neurekin eduki nahi nuen, zure ordez zerbitzari izan nezan, berri ona hots egiteagatik kartzelan nagoelarik. Hala ere, ez dut zure baimenik gabe ezer egin nahi izan, mesede hori gogoz egin dezazun eta ez behartuta.
Agian, horretarako alde egin zizun apur batez, gero betiko har zenezan, eta ez esclavo bezala, esklabo baino zerbait gehiago, anaia maite bezala baizik. Maite-maitea da niretzat, eta zenbatez maiteago ez ote da izango zuretzat, bai gizon eta bai fededun den aldetik!
Beraz, fedean adiskide banauzu, hartzazu Onesimo nerau bezala.

Jaunak esana

Aleluia Sal 118,135

Aleluia, aleluia.
Erakutsi aurpegi argia zeure zerbitzari honi,
irakatsi niri zeure arauak! Aleluia

EBANJELIOA

Zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,25-33

Egun haietan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan zien:
- Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle.
Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.
Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu”.
Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta begiratzen, ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz.
Era berean, zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 22 de agosto de 2016

2016-08-28 - Urteko 22. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 22. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Apaldu zeure burua, eta Jaunaren gogoko izango zara.

Ben Sirak liburutik 3,17-18. 20. 28-29

Seme, egin otzantasunez egiten duzun guztia,
eta Jainkoaren begiko denak maiteko zaitu.
Zenbat eta handiago izan, orduan eta gehiago apaldu zeure burua,
eta Jaunaren gogoko izango zara;
handia baita Jaunaren ahalmena,
eta apalek dute hura goresten.
Harroaren ezbeharrak ez du erremediorik,
gaiztakeriaren landarea sustraitua baitu bere baitan.
Buruargiak jakinduriazko esaerak hausnartzen ditu,
adi egongo den belarria irrikatzen du jakintsuak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 67, 4-5ac. 6-7ab. 10-11

R.
Baztertuei etxea ematen die Jainkoak.

Zintzoak, berriz, pozik dira,
Jainkoaren aurrean dantzan,
bozkarioz gainezka.
Kanta Jainkoari, jo soinua haren omenez,
haren aurrean poz-oihuka. R.

Umezurtzen aita,
alargunen defendatzaile da Jainkoa
bere bizileku santutik.
Baztertuei etxea ematen die Jainkoak,
preso zeudenak kanta artean askatzen. R.

Euria ugari bota zenuen, oi Jainko,
zeure lurralde eta jabegoa indarberritu.
Hantxe kokatu zen zure herria;
behartsuen ardura duzu,
oi Jainko, zeure ontasunean R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zuek, Sion mendira hurbildu zarete, Jainko biziaren hirira.

San Paulo apostoluak Hebrearrei  egindako gutunetik 12,18-19. 22-24a

Senideok:
Zuek ez zarete hurbildu, israeldarrak bezala, uki daitekeen mendi batera, su kiskalgarria, laino itxia, ilunpea eta ekaitza zeuden mendira; ez duzue entzun turuta-hotsik, ezta ahotsik ere. Ahotsa entzun zuten israeldarrek gehiago ez ziezaiela hitz egin eskatu zuten.
Zuek, ordea, Sion mendira hurbildu zarete, Jainko biziaren hirira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko bildurik dauden milaka eta milaka aingerurengana, beren izenak zeruan idatzirik dituzten Jainkoaren lehen-semeen batzarrera, guztien epaile den Jainkoarengana, beren betera iritsi diren zintzoen espirituengana eta itun berriaren bitarteko den Jesusengana.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 11,29ab

Aleluia, aleluia.
Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, - dio Jaunak -
gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu, eta bere burua beheratzen duena, goratu.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,1. 7-14

Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion.
Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke. Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 15 de agosto de 2016

2016-08-21 - Urteko 21. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 21. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Herri guztien artean ekarriko dituzte zuen herritarrak.

Isaias liburutik 66,18-21

Jaunak dio:
«Hizkuntza orotako nazioak
biltzera etorriko naiz;
haiek etorri
eta nire ospea ikusiko dute.
Ezaugarri bat emango diet:
beraien artean bizirik
geldituriko batzuk
nazioetara bidaliko ditut,
Tarsis, Put
eta arkulari trebeak dituen Ludera,
Tubal , Grezia
eta urrutiko herrietara,
inoiz nire berri izan ez duten
eta inoiz nire ospea ikusi ez duten
herrialdeetara.
Nire ospea iragarriko dute
nazioen artean.
Atzerriko nazio guztietatik
ekarriko dituzte zuen herritarrak
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando nahiz gamelu gainean;
niretzat, Jaun honentzat,
opari gisa ekarriko dituzte
Jerusalemgo nire mendi santuraino,
israeldarrek beren opariak
ontzi garbietan Jaunaren etxera
eraman ohi dituzten bezalaxe.
Hala diot nik, Jaunak.
Eta beraietako batzuk ere
aukeratuko ditut apaiz eta lebitar.
Hala diot nik, Jaunak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 116, 1. 2

R.
Joan herri guztietatik eta ebanjelioa predikatu.

Goretsazue Jauna, nazio guztiok,
ospa ezazue, herri guztiok! R.

Sendoa da guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Maite duena baitu Jaunak zentzarazten.

San Paulo apostoluak Hebrearrei  egindako gutunetik 12,5-7. 11-13

Ahaztu egin duzue seme-alabei bezala ematen zaizuen aholkua:

Ene seme, ez baztertu
Jaunaren zentzarazpena,
ezta adorea galdu ere
agiraka egiten badizu,
maite duena baitu Jaunak
zentzarazten
eta semetzat hartzen duena
du zigortzen.

Jasaten duzuena zuek zentzarazteko da; Jainkoak seme-alaba bezala tratatzen zaituzte. Izan ere, zein seme-alaba ez du aitak zentzarazten?
Egia esan, mementoan edozein zentzarazpen mingarri da eta ez pozgarri; baina, gerora, zentzarazpenaren bidez zaildu direnek haren fruituak jasotzen dituzte: bakea eta bizitza zuzena.
Ea bada, sendotu beso ahulduak eta belaun makalduak, eta ibil zaitezte bide zuzenean, hanka okerra hauts ez dadin, sendatu baino.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 14,6

Aleluia, aleluia.
Neu naiz bidea, egia eta bizia.
- Dio Jaunak. -
Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. Aleluia.

EBANJELIOA

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 13,22-30

Jerusalemera bidean zihoan Jesus, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakatsiz.
Batek esan zion:
– Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?
Jesusek erantzun zuen:
– Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango.
Etxeko nagusiak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok behin eta berriro atea joko diozue, «Ireki, Jauna» deiadarka, baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten».
Orduan, honela hasiko zatzaizkiote: «Zurekin jan eta edanak gara, eta zuk gure plazetan irakatsi izan duzu». Baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten. Alde niregandik, gaizkileok!»
Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, berriz, kanpora jaurtiak ikustean.
Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.
«Begira, orain azkeneko den zenbait, lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo den zenbait, azkeneko».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


viernes, 12 de agosto de 2016

2016-08-15 - María Birginaren Jasokundea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
María Birginaren Jasokundea (C)


Besperaren arratsaldeko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Kronikak lehenengo liburutik 15.3-4.15-16;16.1-2

Egun haietan, bilarazi zituen Davidek israeldar guztiak Jerusalemen, Jaunaren kutxa berak prestatua zion tokira igotzeko. Era berean, bilarazi zituen Aaronen ondorengo ziren apaizak eta lebitarrak ere.
Eta lebitarrek eraman zuten Jainkoaren kutxa, haga gainean sorbaldan harturik, Jaunaren esanera Moisesek agindu bezala. Lebitarren artean kantariak izendatzeko agindu zien Davidek lebitar buruzagiei; haiek, musika-tresnak hartuz, harpak, zitarak eta txilinak jo behar zituzten ozenki, alaitasuna adieraziz.
Ekarri zuten, bada, Jainkoaren kutxa eta Davidek harentzat jasoa zuen oihal-etxolaren erdi-erdian ezarri. Ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jainkoari. Oparien eskaintza bukatzean, Davidek bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 131, 6-7. 9-10. 13-14 (R. 8)

R.
Jaiki, Jauna, zatoz zeure egonlekura,
zatoz zeure kutxa indartsuarekin!

Efratan entzun genuen kutxaren berri
eta Jaar aldean aurkitu.
Eta esan: «Goazen Jaunaren egoitzara,
ahuspez gaitezen haren oin-aulki aurrean! R.

Jantz bitez zure apaizak salbamen-indarrez,
ekin biezaiote poz-oihuka zure fededunek.
David zeure zerbitzariaren maitasunagatik,
ez bota zeure aurretik zeuk aukeraturiko erregea ! » R.

Izan ere, Jaunak Sion aukeratu du
eta gogoko izan bertan bizitzea:
«Hauxe izango dut beti neure egoitza,
hementxe biziko naiz, gogoko baitut. » R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,54-57

Senideok, gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioena :

Behin betiko galdua
gertatu da heriotza.
Non duk , Herio, heure garaipena?
Non heure eztena?

Heriotza dakarren eztena bekatua da, eta bekatuak legetik hartzen du bere indarra . Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez!

Jaunak esana.

Aleluia Lk 11,28

Aleluia, aleluia.
Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
eta betetzen dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun dutenak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 11,27-28

Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:
– Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!
Baina Jesusek esan zuen:
– Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!

Jaunak esana.

Eguneko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian.

Apokalipsia liburutik 11,19a;12,1.3-6a.10ab

Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen.
Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana.
Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen.
Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.
Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten.
Emakumeak, berriz, basamortura egin zuen ihes; han bazter bat prestatua zion Jainkoak.
Ahots handia entzun nuen zeruan esaten:
«Orain etorri da
gure Jainkoaren salbamena,
indarra eta erregetza
eta beraren Mesiasen agintea.»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 44, 9. 10-11. 15 (R: 9b)

R.
Zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik.

Errege-alabak dituzu inguruan,
zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik. R.

Entzun, alaba! Zaude erne eta adi!
Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz.
Bera da zure jaun; egiozu agur. R.

Jai-giro pozgarrian sartzen dira
erregearen jauregira. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,20-27a

Senideok: Piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari. Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da. Izan ere, gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak;
ezerezak gora jaso.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-56

Egun haietan, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»
Orduan, Mariak esan zuen:

«Jaunaren handitasuna
dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien
gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei
betiko».

Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com