lunes, 27 de junio de 2016

2016-07-03 - Urteko 14. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 14. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi zoriona.

Isaias liburutik 66,10-14c

Poz zaitezte Jerusalemekin,
alaitu berarengatik,
maite duzuen guztiok!
Izan orain berarekin zoriontsu,
harengatik dolu egin zenutenok!
Edan asetzeraino
haren bular gozotik!
Xurgatu atseginez
haren ugatz oparotik!
Zeren hau baitio Jaunak:
«Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi zoriona,
erreka betean nazioen ondasunak.
Amak haurra bezala
zainduko zaituztet:
bularra eman eta altzoan hartuko
eta magalean gozatuko.
Amak haurra
kontsolatzen duen bezala,
halaxe kontsolatuko zaituztet;
bai, Jerusalemen
kontsolatuko zaituztet».
Hau ikustean,
pozaren pozez
izango duzue bihotza,
belar berria bezain heze
hezur-mamiak.
Horrela erakutsiko die Jaunak
ahalmena bere zerbitzariei.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 65, 1-3a. 4-5. 6-7a. 16 y 20

R.
Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok.

Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok,
kanta haren omenez,
eman ohore hari gorespenez.
Esan Jainkoari: “Zu bai izugarria zeure egintzetan!. R.

Mundu osoa ahuspezten da zure aurrean,
kantu degizute,
abestiz zaituzte ospatzen”.
Zatozte, ikus Jainkoak eginak,
izugarriak gizakientzat haren ekintzak. R.

Itsasoa lehor bihurtu zuen,
oinez igaro ziren bertatik
Poz gaitezen, beraz, Jainkoarekin!
Nagusi da betidanik bere ahalmenaz. R.

Jainkoari begirune diozuenok, zatozte eta entzun:
hark nire alde egina kontatuko dizuet.
Bedeinkatua Jainkoa! Ez du baztertu nire otoitza,
ezta aldendu ere niregandik bere maitasuna. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Neure gorputzean daramatzadan markek erakusten baitute Jesusen zerbitzari naizela.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik 6,14-18

Senideok:
Jainkoak libra nazala harrotzetik , Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzeaz izan ezik; Kristo gurutzean hil zenez gero, Mundua hilik dago niretzat eta ni munduarentzat. Izan ere, erdaindua nahiz erdaingabea izatea berdin da; balio duena sorkari berri izatea da. Bakea eta errukia arau horri lotuak bizi direnei, baita Jainkoaren Israel herriari ere.
Hemendik aurrera ez diezadala inork nekerik eman, neure gorputzean daramatzadan markek erakusten baitute Jesusen zerbitzari naizela .
Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin. Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Kol 3,15a.16a

Aleluia, aleluia.
Kristoren bakea izan bedi nagusi
zuen bihotzetan;
Bizi bedi oparo zuengan
Kristoren mezua. Aleluia.

EBANJELIOA

Haren gain kokatuko da zuen bakea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,1-12. 17-20

Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta toki guztietara. Eta esan zien:
– “Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere untara.
Zoazte! Bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten.
Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei”. Han bakezalerik baldin badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra .
Geldi zaitezte etxe berean, eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.
Herriren batean sartu eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Gainean duzue Jainkoaren erregetza”.
Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan:
“Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakin ezazue gainean duzuela Jainkoaren erregetza”.
Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du herri hark baino.”
Hirurogeita hamabi ikasleak poz-pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi:
– “Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.”
Jesusek esan zien:
– “Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas.
Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin.
Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.”

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 26 de junio de 2016

2016-06-29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
San Pedro eta San Pablo, apostoluak (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

«Orain bai dakidala Jaunak ni Herodesen eskuetatik atera nau».

Apostoluen Eginak liburutik 12,1 -11

Aldi hartan, Herodes erregea eliz elkarteko batzuei gogor erasotzen hasi zen. Santiago , Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen eta, hori juduei atsegin zitzaiela ikusirik, Pedro ere preso hartu zuen. Pazko-astea zen. Atxilotu eta kartzelan sarrarazi zuen, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazteko asmotan. Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen. Bat-batean, Jaunaren aingerua   agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion. Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro. Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R 5c)

R.
Jaunak beldur guztietatik libratu ninduen.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz; entzun bezate apalek eta poztu. R.

Handietsi nirekin batera Jauna,
gora dezagun elkarrekin haren izena.
Jaunarengana jo nuen eta hark erantzun,
beldur guztietatik libratu ninduen. R.

Hari begiratzen diotenak argi-argi egongo dira,
ez zaie aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabe honek dei egitean, Jaunak entzun
eta larrialdi guztietatik atera zuen. R.

Zaindari dago Jaunaren aingerua
begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna:
zorionekoa berarengan babesa duena! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Orain prestatuta dago niretzat zuzentasunaren koroa.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik 4,6-8.17-18

Anai maitea: Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua. Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik. Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 16,18  

Aleluia, aleluia.
Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza;
eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Aleluia.

EBANJELIOA

Pedro zara zu, eta Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 16,13-19

Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 20 de junio de 2016

2016-06-26 - Urteko 13. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 13. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eliseo jaiki zen eta Eliasi jarraitu zion.

Erregeak lehenengo liburutik 19,16b. 19-21

Egun haietan Jainkoak esan zion Eliasi:
– Gantzutu Abel-Meholako Xafaten seme Eliseo, zure ondorengo profeta izan dadin.
Joan zen handik Elias eta Xafaten seme Eliseo aurkitu zuen goldean; hamabi idi-pare zituen aurretik, Eliseok hamabigarrena zeramalarik. Ondotik igarotzean, Eliasek bere soingainekoa bota zion Eliseori gainera.
Eliseo, orduan, idi-parea utzirik, Eliasen ondoren joan zen lasterka, eta esan zion:
– Uztazu, arren, aita-amei agur esaten, eta joango naiz zure ondoren.
Eliasek erantzun:
– Zoaz, baina itzul zaitez. Oroitu zer egin zaitudan.
Aldendu zen Eliseo Eliasengandik, hartu zuen idi-parea eta oparitzat eskaini zuen; idien uztarriaz sua egin eta erre zuen okela eta jaten eman zion jendeari. Jaiki zen gero eta Eliasi jarraitu zion morroi bezala.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 15, 1-2a y 5. 7-8. 9-10

R.
Zu zaitut, Jauna neure kopa, bedeinkapenez betea.

Gorde nazazu, Jauna, zuregan baitut babesa.
Jaunari esan diot: « Zu zaitut neure on guztia».
Zu zaitut, Jauna neure kopa, bedeinkapenez betea;
zure esku nire zoria! R.

Bedeinkatu nahi dut Jauna, berak baitit aholku ematen,
gauez ere ene barrua berak hezten.
Begi aurrean dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin. R.

Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Askatasunera deitu zintuzten Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik 5,1.13-18

Senideok: Libre izateko askatu gaitu Kristok. Iraun ezazue, beraz, sendo eta ez makurtu berriro esklabotzaren uztarpera.
Zuek, senideok, askatasunera deitu zintuzten Jainkoak; baina askatasun hori ez bekizue aitzakia izan grina txarren arabera bizitzeko; bestela baizik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari. Zeren lege osoa betetzen baita, agindu bakar hau betez gero:
-Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.
Baina elkarri hozka eta elkar irentsi beharrean bazabiltzate, azkenik elkar suntsituko duzue. Beraz, hauxe diotsuet: Bizi zaitezte Espirituari dagokionez , eta ez giza grinei jarraituz. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Bi indar horiek elkarren aurkakoak dira; horrela, ez duzue nahi zenuketena egiten. Espirituak gidatzen bazaituzte, ordea, ez zaudete legearen menpe.

Jaunak esana.

Aleluia 1S 3,9; Jn 6,68c

Aleluia, aleluia.
Mintza, Jauna, adi duzu zeure morroi hau;
Betiko bizia dute zure irakatsiek. Aleluia.

EBANJELIOA

Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek. Noranahi jarraituko dizut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9,51-62

Senideok:
Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek.
Mandatari batzuk bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren Jesusi ostatua prestatzeko.
Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoala eta. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik tximista erori eta garbi ditzan?»
Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Gero, beste herri batera joan ziren.
Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi:
– Noranahi jarraituko dizut.
Jesusek esan zion:
– Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.
Beste bati esan zion:
– Jarraitu niri.
Baina hark erantzun:
– Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.
Eta Jesusek:
– Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.
Beste batek, berriz, esan zion:
– Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.
Baina Jesusek erantzun:
– Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 19 de junio de 2016

2016-06-24 - San Joan Batatzailaren Jaiotza (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
San Joan Batatzailaren Jaiotza (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nazioen argitzat ezarriko zaitut.

Isaias liburutik 49,1-6

Entzun, itsas herriok,
adi egon, urrutiko naziook.
Jaio aurretik izan ninduen
gogoan Jaunak,
amaren sabelean nengoela,
neure izenez deitu.
Ezpata zorrotz bihurtu zidan mihia,
bere eskupean babestu ninduen;
gezi zorrotz ninduen bihurtu
eta geziontzian gorde.
Esan zidan:
«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dut
neure ospea».
Ni, berriz,
hau ari nintzen pentsatzen:
«Alferrik nekatu naiz,
hutsean eta zertarako gabe
akitu ditut indarrak».
Baina Jaunaren eskuetan zegoen
nire eskubidea,
nire Jainkoaren eskuetan
nire lansaria.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa dut indar.
Amaren sabelean eratu ninduen
bere zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak berarengana
Bihurrarazteko
eta Israel herria biltzeko.
Orain, honela mintzo zait Jauna:
«Ez da aski zu nire zerbitzari izatea
Jakoben leinuak susperrarazi
eta berritzeko
eta Israelen bizirik geldituak
itzularazteko;
nazioen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbamena
lurraren bazterreraino
eraman dezazun».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 138, 1-3. 13-14. 15 (R : 14 ab)

R.
Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako,
zeure egintza miragarrietan nabarmena!

Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen.
Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak.
Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi.
Zehatz dakizu nire pauso guztien berri. R.

Zuk eratu didazu gorputza,
zuk zaindu nauzu amaren sabeletik.
Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako,
zeure egintza miragarrietan nabarmena!
Barru-barruraino ezagutzen ninduzun. R.

Nire hezur-mamiak ez ziren zuretzat ezkutu,
isilpean eratzen ari nintzela,
lurraren barruan ehunduz nindoala. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo etorri aurretik, hots egin zion Joan Bataiatzaileak.

Eginak liburutik 13,22-26

Egun haietan Pablok esan dio:
Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: “David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek”. Hitzemana zuenez, honen ondorengotik sortu zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus alegia. Hau etorri aurretik, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egin zion Joan Bataiatzaileak Israel herri osoari.
Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: “Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere”.
«Senideok, Abrahamen odoleko zaretenok eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen duzuenok, guri bidali zaigu salbamen-mezu hau.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 1,76

Aleluia, aleluia.
Eta zuri, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute,
Jaunaren aurretik joango baitzara
hari bidea prestatuz. Aleluia.

EBANJELIOA

Joan Batatzailaren Jaiotza. Joan du izena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1, 57-66. 80

Denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren. Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias.
Baina amak esan zuen:
– Ez, Joan izango du izena.
Esan zioten:
– Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.
Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.
Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.
Auzoko guztiak beldurrak hartu zituen, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau? » Zeren Jauna lagun baitzuen.
Haurra gorputzez haziz eta espirituz sendotuz zihoan; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu beharreko eguna arte.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 13 de junio de 2016

2016-06-19 - Urteko 12. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 12. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ni zulatua ikustean.

Zakarias liburutik 12,10-11; 13,1

Horrela dio Jaunak:
Daviden etxe gainera eta Jerusalemgo bizilagunen gainera
bihotz-damua eta otoitz-espiritua isuriko ditut.
Ni zulatua ikustean ,
hiletak joko dituzte seme bakarrarengatik bezala,
negar samina egingo dute
lehen-semeagatik egin ohi den bezala.
Egun hartan, handia izango da
Jerusalemen hileta-negarra,
Megidoko lautadetan Hadad-Rimon jainkoari
egiten zaiona bezalakoa.
«Egun hartan, iturburu bat sortuko da
Daviden ondorengoen eta Jerusalemgo bizilagunen
bekatua eta kutsadura garbitzeko».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 62, 2. 3-4. 5-6. 8-9

R.
Zure egarri da nire barrena, Jauna, nire Jainkoa.

Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabilkizu bila,
zure egarri da nire barrena,
zure irrika naizen guztia,
lur lehor, agor, urik gabea bezala. R.

Egon nadila horrela santutegian zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederrago zure maitasuna!
Nire ahoak ospatuko zaitu. R.

Bai, bizitza guztian bedeinkatuko zaitut,
zuri dei eginez altxatuko eskuak.
Jakirik gozoenez bezala aseko naiz,
eta nire ezpainek poz-oihuka goretsiko zaituzte. R.

Bai, zu izan zaitut laguntzaile;
kantuz ariko naiz pozik zure hegalen itzalean.
Zuri itsatsia nago oso-osorik,
eta zure eskuinak eusten niri. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristorekin lotuak izan zareten guztiok, soinekoz bezala Kristoz jantziak zaudete.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik 3,26-29

Anai-arrebok: Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarete, Jesu Kristogan duzuen sinesmenari esker. Izan ere, bataioaz Kristorekin lotuak izan zareten guztiok, soinekoz bezala Kristoz jantziak zaudete. Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan. Eta Kristorenak baldin bazarete, Abrahamen ondorengo zarete, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 10,27

Aleluia, aleluia.
Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, - dio Jaunak –
eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate. Aleluia.

EBANJELIOA

Zu Jainkoaren Mesias zara, Gizonaren Semeak asko sufritu behar du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9,18-24

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:
– Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
– Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien:
– Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
– Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera:
– Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da.
Gero, denei esan zien:
– Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com