domingo, 31 de enero de 2016

2016/02/02 - Jaungoikoaren Aurkespena (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren Aurkespena (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bere tenplura bilatzen duzuen nagusia sartuko da.

Malakias liburutik 3,1-4

Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hor bidaltzen dizuet neure mandataria, niretzat bidea prestatzera. Bat-batean sartuko da bere tenplura bilatzen duzuen nagusia. Nire ituna iragarriko duen mandataria irrika duzue; horra non datorren!»
Nork aurpegi eman haren etorrera-egunari? Nork zutik iraun hura agertzean? Metala birfintzeko sua bezala, arropa garbitzeko lixiba bezala izango da.
Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten. Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 23, 7. 8. 9- 10 (R.: 10bc)

R.
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea!

Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea! R.

Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jauna da, indartsu eta ahaltsua,
Jauna, guduan ahaltsua! R.

Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea! R.

Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan.

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 2,14-18

Familia bateko seme-alabak haragi eta odol bereko diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizakiaren haragi-odoletan, heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko, eta heriotzaren beldurrez beren bizitza osoan esklabo bezala bizi zirenei askatasuna emateko; hura ez baitzen, noski, aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baizik. Horretarako, erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan, apaiz nagusi errukitsu eta Jainkoari dagozkionetan fidagarri izateko, herriaren bekatuak barkatzeko gai. Bera ere nekeetan probatua izan delako, gauza da orain probaldian daudenei laguntzeko.

Jaunak esana.

Aleluia Lc 2,32

Aleluia, aleluia.
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe. Aleluia.

EBANJELIOA

Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 2, 22-40

Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio. Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.
Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe. Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, esanez:

«Orain bai, Jauna,
zeuk hitzeman bezala,
utz diezaiokezu zeure morroi honi
bakean hiltzen!
Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea,
herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».

[Aita-amak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik. Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen. Eta zuri ere saminezko ezpatak zulatuko dizu bihotza».
Bazen profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. Une hartan aurkezturik, Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.
Jaunaren legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara itzuli ziren, Nazaret beren herrira. Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen.]

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 25 de enero de 2016

2016/01/31 - Urteko 4. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 4. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Profeta izendatu zintudan, nire mezua herriei iragartzeko.

Jeremias liburutik 1,4-5. 17-19

Josiasen garaitik honela mintzatu zitzaidan Jauna:

«Amaren sabelean sortu aurretik
aukeratu zintudan;
sabeletik irten aurretik
sagaratu zintudan
eta profeta izendatu,
nire mezua herriei iragartzeko».

Zu egon prest aginduko dizudan guztia adieraztera joateko. Ez izan horien beldur; bestela, zeuri sartuko dizut nik horienganako beldurra. Gotorleku egiten zaitut gaur, burdinazko zutabe eta brontzezko hesi, herrialde guztiaren aurka: Judako errege eta buruzagien aurka, apaiz eta herritarren aurka. Kontra egingo dizute guztiek, baina ez zaituzte menderatuko, zeurekin izango bainauzu zu libratzeko. Nik, Jaunak, esana».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 70, 1-2. 3-4a. 5-6ab. 15ab y 17

R.
Nire ezpainek Jauna zure salbamena kontatuko dute.

Jauna, zuregan dut babesa:
ez diezadala inoiz usteak huts egin!
Zuzena baitzara, libra nazazu, askatu,
makur belarria niregana eta salba nazazu. R.

Izan zakizkit harkaitz babesle;
agindua duzu noiznahi etorriko zarela ni salbatzera.
Bai, zu zara nire haitz eta gotorleku.
Aska nazazu, ene Jainko, gaiztoaren eskutik. R.

Jainko Jauna, zu zaitut itxaropen,
zu gaztetatik neure segurtasun.
Zu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
zuk atera nauzu amaren erraietatik. R.

Nire ezpainek egun osoan emango dute
zure salbamena kontatuko dute.
Ene Jainko, gaztetatik irakatsi didazu,
eta zure egintza miragarriak
iragartzen ari izan naiz gaur arte. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hiru gauza ditugu oraindanik,
iraunkor direnak: sinesmena,
itxaropena eta maitasuna;
baina hiruretan handiena
maitasuna da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 12,31_13,13

Senideok: Irrika itzazue dohainik onenak. Orain biderik bikainena adierazi nahi dizuet. Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzez hitz egin, maitasunik ez badut, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz. Nahiz eta profezi dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer. Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere , maitasunik ez badut, ez naiz ezer.

Maitasuna eraman onekoa
eta bihozbera da;
ez du bekaizkeriarik,
ez handiusterik, ez harropuzkeriarik.
Ez da lotsagabea, ez berekoia,
ez haserrekorra;
kaltea ez du gogoan hartzen.
Ez da bidegabekeriaz pozten,
baizik eta egian pozten da.
Maitasunak dena barkatzen du,
dena sinesten, dena itxaroten,
dena ongi eramaten.
Maitasuna ez da behin ere itzaltzen.
Profezi dohaina
desagertu egingo da,
hizketa arrotzez mintzatzea
amaituko,
ezaguera ere amaituko.
Erdizkakoa baita orain
gure ezaguera,
erdizkakoa gure profezia;
eta, bete-betekoa iristean,
desagertu egingo da erdizkakoa.
Haur nintzenean,
haur bezala mintzo nintzen,
haur bezala sentitzen nuen,
haur bezala juzgatzen.
Gizon egin naizenean,
utzi egin ditut haur-gauzak.
Orain dena ilun ikusten dugu,
ispiluan bezala;
gero aurrez aurre ikusiko dugu;
orain erdizka ezagutzen dut;
gero oso-osoan ezagutuko dut dena,
Jainkoak neu
ezagutzen nauen bezala.
Hiru gauza ditugu oraindanik,
iraunkor direnak: sinesmena,
itxaropena eta maitasuna;
baina hiruretan handiena
maitasuna da.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 4,18

Aleluia, aleluia.
behartsuei berri ona adierazteko;
berak nau bidali
gatibuei askatasuna. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesus, Elias eta Eliseo bezala; ez zuen judutarrei bakarrik bidali.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 4,21-30

Denbora haietan Jesus sinagogan honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».
Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?» Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”». Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik . Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik. Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».
Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren. Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtitzeko. Baina Jesus haien artetik igaro eta bere bidetik joan zen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 18 de enero de 2016

2016/01/24 - Urteko 3. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 3. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Irakurtzen zuten Jainkoaren legea, esanahia azalduz.

Nehemias liburutik 8,2-4a. 5-6. 8-10

Egun haietan, Ekarri zuen liburua Esdras apaizak, gizon-emakume eta ezaguera zuten guztien batzarrera. Zazpigarren hileko lehen eguna zen. Eta goizetik eguerdiraino Ur-ate aurreko plazan batzar osoari irakurtzen aritu zitzaion. Herria adi-adi zegoen.
Esdras lege-maisua hartarako egin zuten oholtza gainean zegoen zutik. Zabaldu zuen Esdrasek liburua herri osoaren aurrean, denak begira zituela; liburua zabaltzearekin batera, herri osoa zutitu egin zen. Gero, Jauna, Jainko handia, goretsi zuen Esdrasek, eta herriak «Amen! Amen!» erantzun zuen, eskuak jasorik; ondoren, makurtu eta lurreraino ahuspeztu ziren Jauna gurtzeko.
Lebitarrek zehatz eta garbi irakurtzen zuten Jainkoaren legea, esanahia azalduz, herriak ulertzeko eran.
Herri osoak negarrari eman zion legearen hitzak entzutean. Orduan, Nehemias gobernariak, Esdras lege-maisuak eta irakasten ari ziren lebitarrek esan zioten herriari: «Gaurko eguna Jaunari, gure Jainkoari, sagaratua dugu. Beraz, ez egon triste, ez egin negarrik».
Gainera, esan zien: «Zoazte eta jan haragi guria, edan edari bikainak, eta bidali janaria ezer ez dutenei ere, egun hau Jaunari sagaratua baita. Ez atsekabetu, Jaunarengandiko pozak ematen baitizue indar!»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 18, 8. 9. 10. 15

R.
Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizia dira.

Jaunaren hitza ezin hobea:
gizakia arnasberritzen du;
Jaunaren manamendua fidagarria:
heldugabea zuhurrarazten du. R.

Jaunaren legeak zuzenak,
bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsua,
begien argigarri. R.

Jaunaren promesa garbia:
betiko dirau;
Jaunaren erabakiak egiazkoak:
den-denak bidezkoak. R.

Har itzazu atseginez
nire gogoeta eta hitzak,
oi Jauna, ene harkaitz eta babesle! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zuek Kristoren gorputz zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horren atal.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 12,12-30

Senideok: Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere. Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu .
Gorputza, izan ere, ez du atal bakarrak osatzen, askok baizik. Oinak «Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. Eta belarriak «Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. Gorputz guztia begi balitz, non entzumena? Eta dena belarri balitz, non usaimena? Baina Jainkoak bere tokia jarri zion atal bakoitzari gorputzean, berak nahi bezala. Denak atal bat balira, zer-nolakoa izango litzateke gorputz hori? Baina ez, atalak asko dira; gorputza, ordea, bat bakarra. Begiak ez diezaioke eskuari esan: «Ez dut zure beharrik»; ezta buruak ere oinei: «Ez dut zuen beharrik». Aitzitik, makalenak iruditzen zaizkigun gorputz-atalak beharrezkoenak dira; eta duintasunik gutxieneko iruditzen zaizkigunak, itzal eta begirune handienaz inguratzen eta zaintzen ditugu. Izan ere, berez ohoragarri direnek ez dute arreta horien beharrik. Jainkoak berak, gorputza eratzean, berez ohore gabeko ziren atalei ohorerik handiena eman zien. Horrela, gorputzean zatiketarik ez dago eta atal guztiak bata besteaz arduratzen dira. Honela, atal batek min duenean, min dute atal guztiek berarekin; eta atal bat onetsia denean, poza dute beste guztiek berarekin.
Zuek Kristoren gorputz zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horren atal. Eliz elkartean bakoitzari bere tokia ezarri dio Jainkoak: lehenengo apostoluak, bigarren profetak, hirugarren irakasleak; ondoren, mirarigileak datoz; gero, sendatzeko edo behartsuei laguntzeko, elkartea gidatzeko edo hizketa arrotzez mintzatzeko dohaina dutenak. Guztiak apostolu ote dira? Guztiak profeta? Guztiak irakasle? Guztiak mirarigile? Guztiek ote dute sendatzeko dohaina? Guztiak mintzo ote dira hizketa arrotzez? Guztiak ote dira hizketa arrotzen interpretatzaile?

Jaunak esana.

Aleluia Lk 4,18

Aleluia, aleluia.
Jaunak bidali nau
behartsuei berri ona adierazteko,
eta gatibuei askatasuna. Aleluia.

EBANJELIOA

Gaur bete da profezia hau.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,1-4; 4,14-21

Teofilo agurgarria, askok ekin diote gure artean izan diren gertakarien historia idazteari, hasieran begizko testigu eta gero berri onaren predikari izandakoek jakinarazi digutenaren arabera. Neuri ere on iruditu zait dena bere harian zuretzat idaztea, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren, jaso dituzun irakaspenak zein finkatuak dauden ikus dezazun.
Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta inguru hartan guztian zabaldu zen haren berri. Hango sinagogetan irakasten zuen, denek goraipatzen zutela.
Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu. Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:

Jaunaren espiritua
nire gainean dago,
berak bainau sagaratu
behartsuei berri ona adierazteko;
berak nau bidali
gatibuei askatasuna
eta itsuei ikusmena hots egitera
eta zapalduak askatzera,
Jaunak onginahia azalduko duen
urtea hots egitera .

Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 11 de enero de 2016

2016/01/17 - Urteko 2. Igandea (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 2. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Senarra emaztearekin gozatzen da.

Isaias liburutik 62,1-5

Sionengatik,
ez naiz isilik egongo,
Jerusalemengatik,
ez naiz geldi egongo,
haren garaipena
goiz-argia bezala agertu arte,
haren salbamenak
zuziak bezala distiratu arte.
Eta ikusiko dute
nazioek zure salbamena,
errege guztiek zure ospea.
Izen berria emango dizute,
Jaunak berak ezarria.
Koroa distiratsu izango zara
Jaunaren eskuan,
errege-diadema
zeure Jainkoaren eskuan.
Ez dizute deituko gehiago
«Hiri zapuztu»,
ezta zure lurraldeari ere
«Lur hondatu»;
zure izena «Ene atsegin» izango da,
eta zure lurraldearena
«Ene emazte»,
Jaunak atsegin izango baitzaitu
eta zure lurraldea
emaztetzat hartuko.
Mutilak neskatxa emaztetzat
hartzen duen bezala,
halaxe hartuko zaitu emaztetzat
zeure Egileak;
senarra emaztearekin
gozatzen den bezala,
halaxe gozatuko da Jainkoa zurekin.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 95, 1-2a. 2b-3. 7-8a. 9-10a y c

R.
Zabaldu haren ospea herri guztietan!

Kanta Jaunari kantu berria,
kanta Jaunari, lurtar guztiok,
kanta Jaunari, bedeinka haren izena! R.

Hots egin egunez egun salbatzaile dela,
zabaldu haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan! R.

Goretsi Jauna, munduko herriok,
goretsi Jaunaren ospea eta indarra,
goretsi Jaunaren izen ospetsua! R.

Adora Jauna, bere santutasunez agertzean.
Ikara zaitezte haren aurrean, lurtar guztiok!
Esan nazioen artean: «Errege da Jauna!
Herriak zuzenbidez epaitzen ditu». R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espiritu bat berak egiten du, bere dohainak nahi duen bezala bakoitzari emanez.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 12,4-11

Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra; era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra; era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako. Honela, bati jakinduriaz hitz egitea ematen dio Jainkoak Espirituaren bidez; beste bati, Espiritu beraren arabera, ezagueraz hitz egitea; bati, Espirituaren egitez, sinesmen-dohaina ematen dio; beste bati, sendaketak egiteko dohaina; bati, mirariak egiteko ahalmena; beste bati, Jainkoaren izenean hitz egitea; bati, espiritu faltsua eta benetakoa bereiztea; besteari, hizketa arrotzez mintzatzea, eta beste bati, hizketa horren esanahia adieraztea. Hori guztia, ordea, Espiritu bat berak egiten du, bere dohainak nahi duen bezala bakoitzari emanez.

Jaunak esana.

Aleluia 2Ts 2,14

Aleluia, aleluia.
Jainkoak guk hots egindako berri onaren bidez:
Jesu Kristo gure
Jaunaren aintza eskuratzeko. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 2, 1-11

Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama. Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara. Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:
– Ez dute ardorik.
Jesusek erantzun zion:
– Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua .
Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: «Egin horrek esango dizuena».
Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.
Jesusek esan zien zerbitzariei:
– Bete ontziak urez.
Haiek goraino bete zituzten. Orduan, esan zien:
– Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.
Hala egin zuten haiek.
Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin eta esan zion: «Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena».
Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


domingo, 3 de enero de 2016

2016/01/10 - Jaunaren Bataioa (C)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaunaren Bataioa (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hona hemen nire zerbitzaria, atsegin dudana.

Isaias liburutik 42, 1-4. 6-7

Jaunak dio:
«Hona hemen nire zerbitzaria,
nik eusten diodana,
nik hautatua, atsegin dudana.
Beronen gain ezarri dut
neure espiritua:
nazioei justizia ekarriko die.
Ez du oihu egingo,
ez ahotsa goratuko,
ez kaleetan bere mintzoa
entzunaraziko.
Kanabera printzatua ez du hautsiko,
ahulduriko argi-metxa
ez du itzaliko.
Justizia ekarriko du leialki.
Ez du adorea galduko, ez etsiko,
lurrean justizia ezarri arte.
Haren legearen zain egongo dira
urrutiko herriak».
«Nik, Jaun honek,
salbamen-ekintzarako dei egin dizut
eta eskutik heldu;
nik eratu zaitut
eta egiteko hau ezarri:
herriarentzat nire ituna berritu
eta nazioei argi egitea,
itsuen begiak zabaldu
eta presoak espetxetik ateratzea,
ilunpetan bizi direnak kartzelatik.

Jaunak esana.

Edo.

Jaunak bere ospea agertuko du eta gizaki guztiek ikusiko dute.

Isaias liburutik 40,1-5.9-11

Hau dio zuen Jainkoak:
«Kontsola ezazue,
kontsolatu nire herria!
Mintza bihotzera Jerusalemi;
hots egiozue
burutu duela bere morrontza,
ordaindu bere erruen zorra,
gogor ordainarazi baitizkio Jaunak
bere bekatuak».
Ahots bat oihuka:
«Prestatu basamortuan
bidea Jaunari,
berdindu eremuan galtzada
gure Jainkoari.
Bete daitezela sakanak,
beheratu mendi-muinoak;
bihur bitez zelai eta lautada
paraje latz eta malkarrak.
Orduan, Jaunak
bere ospea agertuko du
eta gizaki guztiek batera
ikusiko dute.
Jaunak berak esan du ».
Igo mendi garai batera, Sion,
albiste pozgarria hots egitera ;
goratu indarrez ahotsa, Jerusalem,
goratu beldurgabe ahotsa,
esan Judako hiriei:
«Hemen da zuen Jainkoa!
Hara, ahalmen osoz dator
Jainko Jauna,
bere nagusigoa indartsu ezarriz.
Hara, berekin dakar garaipen-agiria,
berak askaturiko herria .
Artzainak bezala
zaintzen du artaldea:
arkumea besoan hartu
eta altzoan eramaten du,
ama berria arduraz gidatzen».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 28, 1a y 2. 3ac-4. y 9b-10 (R.: 11b)

R.
Jaunak bere herria bakeaz bedeinka dezala!

Goretsi Jauna, zeruko izakiok,
goretsi Jaunaren izen ospetsua!
Ahuspeztu Jaunaren aurrean, bere santutasunez agertzean! R.

Jaunaren ahotsak ur gainean durunda:
Jauna ur handien gainean garai.
Jaunaren ahotsa indartsu,
Jaunaren ahotsa arrandiatsu. R.

Haren zeruko tenpluan denek oihu: «Gora!»
Jauna eseria dago ur handien gainetik,
Jauna tronuan eseria, betiko errege. R.

Edo.

Salmoa 103, 1-2a. 2b-4. 24-25. 27-28. 29-30

R.
Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!

Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Distiraz eta handitasunez zaude jantzia,
argiz inguratua soinekoz bezala. R.

Oihal-etxola bezala zabaltzen duzu zerua,
zeure goi-geletan pilatzen ura;
hodei gainean kokatzen duzu zeure karroza ,
haize-hegaletan zabiltza.
Haizeak dituzu mezulari,
sugarrak zerbitzari. R.

Bai ugariak, Jauna, zuk eginak!
Denak jakinduriaz egin dituzu,
zure sorkariz betea da lurra.
Horra itsasoa, handi eta zabal:
hor dabiltza borbor, ezin konta ahala,
piztia txiki eta handiak. R.

Denak zure zain daude,
zuk bere garaian jaten emateko zain:
zuk eman eta haiek harrapatu,
zuk eskua zabaldu eta haiek ondasunez ase. R.

Zuk aurpegia gordetzean, ikara dira,
zuk arnasa kentzean, hil egiten eta hauts bihurtzen.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen.

Eginak liburutik 10, 34-38

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
«Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan. Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berri ona iragarriz.
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena, Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.»

Jaunak esana.

Edo.

Salbatu egin gaitu jaioberritzen gaituen garbikuntzaz eta Espiritu Santuak guregan eragiten duen berrikuntzaz.

San Paulo Apostoluak Titori egindako gutunetik 2,11-14; 3,4-7

Senide maiteok: Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri. Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.
Baina orain Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizon-emakumeenganako maitasuna agertu da eta salbatu egin gaitu, ez gure jokabide zuzenagatik, bere errukiari esker baizik, jaioberritzen gaituen garbikuntzaz eta Espiritu Santuak guregan eragiten duen berrikuntzaz; Espiritu hori oparo isuri zigun Jainkoak Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez; horrela, Jainkoak bere onginahiaz onartu gaituelarik, itxaro dugun betiko biziaren oinordeko bilakatu gara.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 3,16

Aleluia, aleluia.
Badator ni baino ahaltsuago dena, - Joanek, esan zuen –
horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesus bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu zitzaion.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukas liburutik 3,15-16. 21-22

Denbora haietan, herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango. Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Herri guztia bataiatzen ari zela , Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-tankeran agertuz. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin ».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com