lunes, 28 de septiembre de 2015

2015/10/04 - Urteko 27. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 27. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eta bat bera izango dira.

Hasiera liburutik 2,18-24

Gero, esan zuen Jainko Jaunak: «Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna».
Jainko Jaunak, landako abere guztiak eta zeruko hegazti guztiak lurrez moldatu eta gizonari eraman zizkion zein izen ezartzen zien ikusteko; honela, bizidun orok gizonak ezarritako izena izango zuen. Beren izena jarri zien, beraz, abere guztiei, zeruko hegaztiei eta piztiei; baina berari zegokion lagunik ez zuen aurkitu. Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilarazi zuen gizona. Loak hartu zuenean, saihets-hezur bat kendu zion, hezurraren hutsunea haragiz bete ziolarik. Jainko Jaunak gizonari kenduriko saihets-hezurrez emakumea moldatu eta gizonari eraman zion. Honek esan zuen:

«Hau bai dela
ene hezurraren hezur,
ene haragiaren haragi!
“Emakume” izango da deitua,
Gizakumeagandik
izan baita hartua».

Hargatik, gizonak bere aita-amak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta bat bera izango dira.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 127,1-2.3.4-5.6

R.
Bedeinka gaitzala Jaunak,
goza gaitezela bizitza osoan.

Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!
Zeure lanaren fruituaz biziko zara
eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. R.

Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko
izango duzu etxe-txokoan;
seme-alabak olibondo gazteen pareko
zeure mahai inguruan. R.

Horra Jaunari begirune dionarentzat
zer bedeinkazio!
Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik,
goza zaitezela bizitza osoan
Jerusalemen zorionaz. R.

Ikus ditzazula zeure haurren haurrak!
Bakea Israeli! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bai santu egiten duen Jesusek, bai honek santu egiten dituenek, Aita bera dute denek.

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 2,9-11

Senideok: baina ia aingeruen pareko egina izan zen Jesus hura ohorez eta aintzaz koroatua ikusten dugu, sufritu zuen heriotzagatik ; horrela, Jainkoaren onginahiaz, gu guztion onerako jasan zuen berak heriotza.
Egoki zen, izan ere, Jainkoak, gauza guztien sorburu eta jomuga denak, seme-alaba guztiak bere aintzara eraman nahirik, Jesus, haiek salbamenera gidatuko zituen burua, oinazeen bidez bete-betekoa bihurtzea . Izan ere, bai santu egiten duen Jesusek, bai honek santu egiten dituenek, Aita bera dute denek; horregatik, Jainkoaren Semeari ez dio lotsarik ematen hauei senide deitzeak.

Jaunak esana.

Aleluia 1Jn 4,12

Aleluia, aleluia.
Elkar maitatzen badugu, Jainkoa gurekin bat eginik dago
eta beraren maitasuna bere betera iritsi da guregan. Aleluia.

EBANJELIOA

Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 10,2-16

Denbora haietan, fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ote zuen galdetu zioten. Hark erantzun zien:
– Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?
Eta haiek:
– Moisesek, dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun.
Jesusek esan zien:
– Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako eman zizuen lege hori Moisesek. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Horrela bada, Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.
Gero, etxean, arazo berari buruz galdegin zioten ikasleek. Jesusek esan zien:
– Bere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka; eta bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era berean.
Beste batean, haurrak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, berriz, haserre egiten zieten. Hori ikustean, Jesus haserretu egin zen eta esan zien: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege. Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».
Eta haurtxoak magalean hartu eta bedeinkatu egiten zituen, eskuak ezarriz.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 21 de septiembre de 2015

2015/09/27 - Urteko 26. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 26. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Niregatik jeloskor? Nahiago nuke herri osoa profeta bihurtzea.

Zenbakiak liburutik 11,25-29

Egun haietan, Jauna jaitsi zen lainoan eta Moisesekin mintzatu zen; gero, Moisesek zuen espiritutik hartu eta hirurogeita hamar herri-arduradunei isuri zien. Espiritua haiengan kokatu orduko, profeta gisa hasi ziren mintzatzen, baina ez zuten jarraitu.
Bi gizaseme, bata Eldad izenekoa eta bestea Medad, hirurogeita hamarren taldekoak izan arren, ez ziren etxolara joan, baizik eta kanpalekuan gelditu ziren. Baina kokatu zen espiritua haiengan ere eta profeta gisa hasi ziren mintzatzen. Orduan, mutiko bat korrika joan zitzaion Moisesi, esatera:
– Eldad eta Medad profeta bezala mintzatzen ari dira kanpalekuan.
Nunen seme Josuek, gaztetandik Moisesen laguntzaile zenak, esan zuen:
– Ene jaun Moises, galaraz iezaiezu!
Moisesek ihardetsi zion:
– Niregatik jeloskor? Nahiago nuke herri osoa profeta bihurtzea, Jaunak bere espiritua denei ematea!

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 18,8.10.12-13.14

R.
Jaunaren legeak zuzenak, bihotzaren pozgarri.

Jaunaren hitza ezin hobea:
gizakia arnasberritzen du;
Jaunaren manamendua fidagarria:
heldugabea zuhurrarazten du. R.

Jaunaren promesa garbia:
betiko dirau;
Jaunaren erabakiak egiazkoak:
den-denak bidezkoak R.

Zure morroi honek haietan du argia,
benetan onuragarri haiek betetzea.
Nork ezagutu bere hutsegiteak?
Aska nazazu oharkabeko erruetatik. R.

Zaindu nazazu harrokeriatik:
ez dakidala nagusitu;
horrela, akats gabe izango naiz,
bekatu larritik libre. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ustelak jota daude zuen aberastasunak.

Santiago Apostoluak egindako gutunetik 5,1-6

Entzun orain, zuek, aberatsok! Egin negar eta aiene, gainera datozkizuen zoritxarrengatik . Ustelak jota daude zuen aberastasunak, eta sitsak janda zuen jantzi dotoreak . Herdoilak jota daude zuen urre-zilarrak, eta herdoil hori izango duzue lekuko zeuen kontra, eta suak bezalaxe jango du zuen haragia. Auzi aurreko azkenak diren egunotan pilatu dituzue aberastasunak. Zuen soroetako uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiadarka ari da, eta igitarien oihua Jaun ahalguztidunaren belarrietaraino iritsi da. Bapo bizi izan zarete zuek hemen lurrean, atseginetara bete-betean emanak; horrela, abereak bezala gizendu zarete hilketa-egunerako . Errugabea kondenatu eta hil duzue , eta inork ezin izan dizue aurre egin.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 17,17b.a

Aleluia, aleluia.
zure mezua egia da;
har itzazu zeuretzat egiaren bidez. Aleluia

EBANJELIOA

Gure kontra ez dagoena gure alde dago. Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 9,38-43.45.47-48

Joanek esan zion:
– Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.
Baina Jesusek erantzun:
– Ez eragotzi; ez baita inor nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki-esaka jardungo duenik. Hau da, gure kontra ez dagoena gure alde dago. Benetan diotsuet: Mesiasen jarraitzaile zaretelako, ontzixka bat ur bada ere ematen dizuen inor ez da saririk gabe geldituko.
«Sinesten duten txiki hauetakoren baten sinesmena galbidean jartzen duenak, hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora amilduko balute. Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu eskumotz betiko bizitzan sartu, bi eskuekin infernura, itzalezineko sutara, erori baino. Zeure oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu hankamotz betiko bizitzan sartu, bi oinekin infernura jaurtia izan baino. Zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera; hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, bi begiekin infernura jaurtia izan baino; han ez da barruko harra hiltzen, ez eta sua itzaltzen.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 14 de septiembre de 2015

2015/09/20 - Urteko 25. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 25. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Heriotza lotsagarrira kondenatuko dugu.

Jakinduria liburutik 2,12.17-20

Oker arrazoituz, esaten diote elkarri:
Jar diezazkiogun sareak zintzoari,
gogaikarri gertatzen baitzaigu;
gure jokaerari aurka egiten dio:
legea haustea aurpegiratzen digu
eta hartutako heziketari ez jarraitzeaz salatzen.
«Baina ikus dezagun esaten duena egia den ala ez!
Azter dezagun nolako amaiera duen!
Zintzoari, benetan Jainkoaren seme baldin bada,
bera etorriko zaio laguntzera
eta etsaien eskuetatik libratuko du.
Irainak eta torturak egingo dizkiogu,
horren lasaitasuna ikusi eta eroapena probatzeko.
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dugu,
berorren esanetan, Jainkoa alde aterako baitzaio».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 53,3-4.5.6.8 (R: 6b)

R.
Jauna biziaren benetako babes.

Salba nazazu, ene Jainko, zarena zarelako !
Defenda nazazu zeure ahalmenaz!
Entzun, ene Jainko, nire otoitza,
makur belarria nire eskarietara. R.

Arrotzek eraso baitidate,
gogorkeria-zaleak ni hil nahian dabiltza,
Jainkoaren ardurarik gabe. R.

Baina nik Jainkoa dut lagun,
Jauna biziaren benetako babes.
Sakrifizioak eskainiko dizkizut bihotz-bihotzez,
goretsi egingo zaitut, Jauna, ona zarelako. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.

Santiago Apostoluak egindako gutunetik 3,16-4,3

Senide maiteok: bekaizkeria eta norgehiagokeria diren lekuan nahasmendua eta gaiztakeri modu guztiak dira. Goitik datorren jakinduria, berriz, garbia da lehenik; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emailea, errukitsua eta fruitu onak dakartzana, alderdikeria eta itxurazalekeriarik gabea.
Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.
Nondik sortzen dira zeuen artean dituzuen borroka eta haserreak ? Ez ote zuen baitan borrokan dabiltzan grina txarretatik? Zerbait irrikatu eta eskuratu ezin duzuenean, hil egiten duzue; zerbait gutiziatu eta lorrezin duzuenean, haserretu eta borroka egiten duzue . Lortzen ez baduzue, Jainkoari eskatzen ez diozuelako da. Eta eskatu eta hartzen ez baduzue, gaizki eskatzen duzuelako da, zeuen grina txarrak asetzeko.

Jaunak esana.

Aleluia 2Ts 2,14

Aleluia, aleluia.
Honetarako deitu zaituzte Jainkoak
guk hots egindako berri onaren bidez:
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. Aleluia.

EBANJELIOA

Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute … Lehena izan nahi duena izan bedi denetan azkena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 9,30-37

Denbora haietan, Jesus eta bere ikasleei menditik atera eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen inork jakiterik nahi, bere ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunera piztu egingo da ».
Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzera, berriz, ez ziren ausartzen.
Kafarnaumera iritsi ziren. Eta, etxean, Jesusek galdera hau egin zien:
– Zer eztabaida izan duzue bidean?
Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean. Eseri zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan zien:
– Lehena izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria.
Eta gero, haur bat hartu, haien aurrera ekarri eta, magalean zuela, esan zien:
– Honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauenak, ez nau ni onartzen, bidali nauen hura baizik.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


sábado, 12 de septiembre de 2015

2015/09/14 - Gurutz Santuaren Gorespena (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Gurutz Santuaren Gorespena (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten ziren.

Zenbakiaren liburutik 21, 4b-9

Egun haietan. Israeldarrek bidean, adorea galdu eta gaizki-esaka hasi ziren Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atera gintuzuen Egiptotik? Basamortuan hilarazteko? Ez dugu urik, ez jakirik, eta mana delako janari kaskar honetaz asper-asper eginak gaude!»
Jaunak suge pozoitsuak bidali zizkien eta haien miztoaz israeldar asko hil zen.
Orduan, Moisesengana joan eta esan zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren eta zure aurka gaizki-esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak guregandik urruntzeko».
Moisesek herriaren alde erregutu zion Jaunari. Honek esan zion: «Egizu brontzezko suge bat eta ezarri haga baten muturrean. Sugeren batek zizta eginiko edonor, brontzezkoari begiratzean, sendatu egingo da».
Egin zuen Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ezarri. Eta sugeren batek norbaiti zizta egiten bazion, brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten zen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 77, 1-2. 34-35. 36-37. 38

R.
Ez ahaztu Jaunaren egintzak.

Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makur belarria nire esanetara.
Alegia bidez mintzatuko naiz,
lehengo garaien ikasbideak azalduz. R.

Baina Jainkoak haiek hiltzea erabakitzen zuen orduko,
harengana jotzen zuten,
damutu eta hura bilatzen saiatzen ziren,
Jainkoa zutela beren harkaitza oroituz,
goi-goiko Jainkoa zutela beren askatzailea. R.

Baina ahoan zurikeria besterik ez zuten,
mihiaz engainatu egiten zuten;
ez zeuden bihotzez hari atxikiak,
ez zioten haren itunari fede ematen. R.

Jainkoak, hala ere, bihozbera izaki eta,
errua barkatzen zien, eta suntsitzen ez.
Sarri eutsi zion haserreari,
bere sumin guztiari jaregin gabe. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Apaldu egin zuen bere burua,
horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 2,6-11

Kristo Jesusek,
jainkozko izaerako izanik,
ez zion gogor eutsi nahi izan
jainkozko bere mailari;
bestela baizik,
hustu egin zen
bere handi-izateaz
eta esklabo-izaera hartu zuen,
gizakien antzeko eginez.
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion,
Jesusen izenaren omenez,
zeruan, lurrean eta lur azpian,
guztien belaunak makur daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jesu Kristo dela Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluia, aleluia.
Izugarri maite zaitugu, eta bedeinkatzen dizugu, O Kristo
zure gurutzeaz berrerosi duzulako mundura, Aleluiara.

EBANJELIOA

Halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 13-17

«Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
«Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 7 de septiembre de 2015

2015/09/13 - Urteko 24. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 24. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bizkarra eskaini nien zigorkatzen nindutenei.

Isaias liburutik 50,5-9a

Jainko Jaunak belarria zabaldu dit,
eta nik ez diot aurka egin,
ez atzera jo.
Bizkarra eskaini nien
zigorkatzen nindutenei,
eta masailak,
bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei.
Ez nien aurpegia saihestu
Iraintzen
eta listua botatzen zidatenei.
Baina Jauna dut laguntzaile:
horregatik ez didate
irainek etsiarazten;
horregatik gogortu dut aurpegia
harkaitza bezala,
bai baitakit ez didala
usteak huts egingo.
Ondoan dut defendatzailea:
nork du zerbait nire kontra?
Goazen elkarrekin auzitara!
Nork salatuko nau?
Datorrela!
Jainko Jauna dut laguntzaile:
nork kondenatuko nau?

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 114,1-2.3-4.5-6.8-9(R.: 9)

R.
Jaunaren aurrean ibiliko naiz, beraz, bizien lurraldean.

Maite nau Jaunak eta entzun egin du
nire erregu-oihua;
bai, belarria makurtu du niregana,
dei egin diodanean. R.

Herio-lokarriek estutu ninduten,
Herio Leizearen mandatariek atzeman;
estu eta larri nintzen,
baina Jaunari dei egin nion:
«Arren, Jauna, libra nazazu!» R.

Errukiorra eta zintzoa da Jauna,
gupidatsua gure Jainkoa.
Jaunak zaintzen ditu xumeak:
lur jorik nengoen eta salbatu egin nau. R.

Bai, libratu dit bizia heriotzatik,
begiak negarretik,
oinak erortzetik.
Jaunaren aurrean ibiliko naiz,
beraz, bizien lurraldean. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Fedea ere: bera bakarrik, egintzetan ez bada azaltzen, hila dago.

Santiago Apostoluak egindako gutunetik 2,14-18

Senideok, zertarako du batek «Nik badut fedea» esatea, egintzetan ez badu azaltzen? Horrelako fedeak salba ote dezake? Anaia nahiz arrebaren batek zer jantzirik edo eguneroko janik ez badu, eta zuetakoren batek esaten badio: «Hoa bakean, bero hadi eta ase», baina behar duen laguntza eman ez, zertarako balio du horrek? Berdin fedea ere: bera bakarrik, egintzetan ez bada azaltzen, hila dago. Norbaitek esan dezake zuk fedea daukazula, eta nik egintzak. Bada, nik esaten dizut: Erakuts iezadazu egintzarik gabeko zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko dizut neure fedea.

Jaunak esana

Aleluia Ga 6,14

Aleluia, aleluia.
Jainkoak libra nazala harrotzetik ,
Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzeaz izan ezik;
Kristo gurutzean hil zenez gero,
mundua hilik dago niretzat
eta ni munduarentzat. Aleluia.

EBANJELIOA

Zu Mesias zara. Gizonaren Semeak asko sufritu behar du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 8,27-35

Denbora haietan, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zen Jesus bere ikasleekin. Bidean galdera hau egin zien:
– Ni nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
– Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat.
Jesusek berriro galdetu zien:
– Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
– Zu Mesias zara.
Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu zien zorrotz.
Orduan, irakasten hasi zitzaien, Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil; eta hiru egunen buruan piztu egingo zela. Argi eta garbi mintzatzen zitzaien honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion. Baina Jesusek, itzuli eta ikasleei begira, gogor eraso zion Pedrori, esanez:
– Alde nire ondotik, Satanas! Hire asmoak ez dituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.
Gero, jendeari eta ikasleei dei eginik, esan zien Jesusek: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik eta berri onagatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com