lunes, 27 de abril de 2015

2015/05/03 - 5. Pazko Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
5. Pazko Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Kontatu zien nola bidean Jauna ikusi zuen.

Eginak liburutik 9,26-31

Egun haietan, Jerusalemera iritsi zenean, Saulo ikasleekin elkartu nahirik zebilen, baina beldur zioten denek, ez baitzuten sinesten benetako ikasle zenik. Orduan, Bernabek Saulo berekin hartu eta apostoluei aurkeztu zien. Eta kontatu zien nola Damaskora bidean Saulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion eta nolako ausardiaz hitz egin zuen Damaskon Jesusi buruz. Ordutik, apostoluekin batera ibili ohi zen Saulo Jerusalemen, Jaunari buruz ausardiaz hitz eginez. Greko-hizkuntzako juduekin ere hizketan eta eztabaidan jarduten zuen; baina haiek Saulo hiltzeko asmotan zebiltzan. Senideek, horretaz jabetzean, Zesareara eraman zuten eta handik Tarsora   bidali.
Bitarte hartan, Eliza bakean bizi zen Judea, Galilea eta Samaria guztian; Jaunarenganako leialtasunean bizi zen, eta finkatuz eta ugalduz zihoan , Espiritu Santuarengandiko adoreari esker.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 21, 26b-27. 28 y 30. 31-32 (J_26a)

R.
Jaunak eraginik, goretsiko zaitut batzar handian.
Edo:
Aleluia.

Neure promesak beteko ditut
begirune dizutenen aurrean.
Asetzeraino jango dute behartsuek,
Jauna goretsiko haren bila saiatzen direnek.
Ez galdu adorea sekula! R.

Jaunaz oroituko dira lurreko herri guztiak
eta harengana itzuliko;
haren aurrean ahuspeztuko dira herrietako familia guztiak.
Hari ahuspeztuko zaizkio lurpean lo daudenak,
haren aurrean makurtuko hilobira jaitsiak,
Jainko garaileak biziberritu egiten baitu. R.

Nire ondorengoek Jauna gurtuko dute,
Jaunaz hitz egingo diete ondorengo gizaldiei,
haren egintza salbagarria adieraziko
sortzeko dagoen herriari. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula eta maita dezagula elkar.

San Joan apostoluak egindako lehenengo gutunetik 3, 18-24

Seme-alabatxook, ez dezagun hitzez eta ahoz maita, egitez eta egiaz baizik.
Horrelaxe jakingo dugu egiarenak garela, eta lasaitu ahal izango dugu geure barrua Jainkoaren aurrean; zeren eta, geure kontzientziak kondenatzen bagaitu ere, gure kontzientziaren gainetik baitago Jainkoa eta dena ezagutzen baitu. Ene maiteok, geure kontzientziak kondenatzen ez bagaitu, berriz, uste osoz jo dezakegu Jainkoarengana, eta eskatutako guztia hartuko dugu harengandik, haren aginduak betetzen baititugu eta atsegin zaiona egiten.
Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar, berak agindu bezala. Agindu hauek betetzen dituena Jainkoarekin bat eginik dago, eta Jainkoa beronekin. Jainkoa gurekin dagoen seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 15, 4.5b

Aleluia, aleluia.
Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala.
—dio Jaunak—;
Norbait niri itsatsia badago,
fruitu asko emango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Norbait niri itsatsia badago, fruitu asko emango du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15,1-8

Denbora haietan, Jesusek bere ikasleei ezan zion:
«Neu naiz egiazko mahatsondoa , eta nire Aita da nekazaria. Fruiturik ematen ez duen aihena ebaki egiten du Aitak, eta fruitua ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez. Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala. Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ezta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.
«Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin. Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezalaxe; gero, bildu, sutara bota eta erre egiten dute. Niri itsatsirik bazaudete eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badute, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean.»

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 20 de abril de 2015

2015/04/26 - 4. Pazko Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
4. Pazko Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Honengan bakarrik dugu salbamena.

Eginak liburutik 4,8-12

Egun haietan, Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, erantzun zien: «Herriko agintari eta zaharrok, gaur, gaixo bati egin zaion mesedea dela eta, noren eskuz sendatu den galdetzen zaigu. Bego argi, bada, zuentzat eta Israel herri osoarentzat, zuek gurutziltzatu eta Jainkoak hildakoen artetik piztu zuen Jesu Kristo Nazaretarraren ahalmenaz daukazuela gizon hau zeuen aurrean sendaturik. Jesus hauxe da zuek, etxegileok, mespretxaturiko harria, giltzarri gertatu dena. Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 1 y 8-9. 21-23. 26 y 28-29

R.
Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
Edo:
Aleluia.


Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Hobe da Jaunarengan babestea
gizakiaz fidatzea baino.
Hobe da Jaunarengan babestea
handikiez fidatzea baino. R.

Eskerrak zuri, Jauna, erantzun didazulako,
nire salbatzaile izan zarelako.
Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri. R.

Bedeinkatua Jaunaren izenean sartzen dena!
Jaunaren etxetik bedeinkatzen zaitugu.
Zu nire Jainko, eskerrak zuri!
Ene Jainko, gora zu!
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Den bezalakoa ikusiko baitugu Jainkoa.

San Joan apostoluak egindako lehenengo gutunetik 3, 1-2

Senide maiteok: Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu. Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean , Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 10,14

Aleluia, aleluia.
Neu naiz artzain ona. – Dio Jaunak-
Ezagutzen ditut neure ardiak,
eta ni ere ezagutzen naute neureek. Aleluia.

EBANJELIOA

Artzain onak bere burua ematen du ardien alde.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10, 11-18

Denbora haietan Jesusek esan zion:
«Neu naiz artzain ona ; artzain onak bere burua ematen du ardien alde. Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola eta ez ardiak.
«Neu naiz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta ni ere ezagutzen naute neureek, Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dudan bezalaxe. Nik neure burua ematen dut ardien alde. Baditut artegian ez dauden beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire ahotsa entzungo dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.
«Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 13 de abril de 2015

2015/04/19 - 3. Pazko Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
3. Pazko Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hildakoen artetik.

Eginak liburutik 3,13-15.17-19

Egun haietan, Pedrok jendeari esan zion: «Abrahamen , Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren. Santua eta zuzena zen, baina zuek ukatu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu; biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hildakoen artetik; gu gara horren testigu.
«Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenutela zuek, baita zuen agintariek ere. Baina horrela bete zuen Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarria, hots, haren Mesiasek sufritu egin beharko zuela. Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 4, 2. 7. 9 (R.: cf. 7)

R.
Aldendu egin ote duzu guregandik, Jauna,
zeure aurpegi argitsua?»
Edo:
Aleluia.

Deitzen dizudanean, erantzun, Jainko, ene defendatzaile!
Estualdian, emadazu lasaibide!
Erruki zakizkit eta entzun nire otoitza! R.

Asko ari dira esaten: «Nork eman guri zoriona?
Aldendu egin ote duzu guregandik, Jauna,
zeure aurpegi argitsua?» R.

Bakean etzaten naiz eta berehala lokartzen,
zuk bakarrik bainauzu, Jauna, lasai biziarazten. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hark bere burua eskaini zuen gure bekatuak barkatzeko
eta baita mundu osoarenak ere.

San Joan apostoluak egindako lehenengo gutunetik 2, 1-5

Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo. Hark bere burua eskaini zuen gure bekatuak barkatzeko, eta ez gureak bakarrik, baita mundu osoarenak ere.
Jainkoaren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu bera ezagutzen dugula. «Ezagutzen dut Jainkoa» esan eta haren aginduak betetzen ez dituena gezurti da, eta egia ez du beregan. Haren mezua onartzen duenarengan, berriz, Jainkoaren maitasuna bere betera iritsi da: horrela dakigu berarekin bat eginik gaudena.

Jaunak esana.

Aleluia cf. Lc 24, 32

Aleluia, aleluia.
Ez al geneukan barrua sutan,
bidean Liburu Santuak azalduz
mintzo zitzaigunean. Aleluia.

EBANJELIOA

Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela
eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 35-48

Denbora haietan, bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.
Hamaikak eta lagunak horretaz mintzo zirela, Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: «Bakea zuei».
Beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten zutela uste zuten. Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutzen zarete? Zergatik sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan? Ikusi nire esku-oinak, neu naiz. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta nik bai, ikusten duzuenez».
Hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien. Baina, oraindik pozaren pozez sinetsi ezinik eta guztiz harriturik zeudenez, Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?»
Arrain erre puska bat eskaini zioten. Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen. Ondoren, esan zien: «Hauxe da, oraindik zuekin nengoela esan nizuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela».
Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak uler zitzaten. Eta esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 6 de abril de 2015

2015/04/12 - 2. Pazko Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
2. Pazko Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz.

Eginak liburutik 4, 32-35

Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten. Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen ; izan ere, ez zen haien artean behartsurik, zeren lurrik edo etxerik zutenek, dena saldu eta salmentaren ordaina apostoluen esku jartzen zuten; eta bakoitzari behar zuena ematen zitzaion.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 2-4. 16ab-18. 22-24 (R.: 1)

R.
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Edo:
Aleluia.

Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate aarondar apaizek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate Jaunari begirune diotenek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Jaunaren eskua bikain,
Jaunaren eskua garaile».
Ez, ez naiz hilko, biziko baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko.
Bai, gogor zigortu nau Jaunak,
baina heriotzara eraman ez. R.

Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua.

San Joan apostoluak egindako lehenengo gutunetik 5, 1-6

Senide maiteok: Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoarengandik jaioa da, eta aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu.
Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna.
Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak, Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua.
Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da.
Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik?
Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik . Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 20, 29  

Aleluia, aleluia.
Ikusi nauzulako sinetsi al duzu?
- esan zión Jaunak Tomasí –
Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.. Aleluia.

EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com