sábado, 31 de enero de 2015

2015/02/02 - Jaungoikoaren Aurkespena (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren Aurkespena (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bere tenplura bilatzen duzuen nagusia sartuko da.

Malakias liburutik 3,1-4

Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hor bidaltzen dizuet neure mandataria, niretzat bidea prestatzera. Bat-batean sartuko da bere tenplura bilatzen duzuen nagusia. Nire ituna iragarriko duen mandataria irrika duzue; horra non datorren!»
Nork aurpegi eman haren etorrera-egunari? Nork zutik iraun hura agertzean? Metala birfintzeko sua bezala, arropa garbitzeko lixiba bezala izango da.
Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten. Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 23, 7. 8. 9- 10 (R.: 10bc)

R.
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea!

Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea! R.

Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jauna da, indartsu eta ahaltsua,
Jauna, guduan ahaltsua! R.

Ateak, zabal zaitezte!
Antzinako ateak, zaudete zabalik,
badator-eta erregea, aintzaz betea! R.

Nor da aintzaz beteriko errege hori?
Jaun ahalguztiduna,
bera da aintzaz beteriko erregea! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan.

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 2,14-18

Familia bateko seme-alabak haragi eta odol bereko diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizakiaren haragi-odoletan, heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko, eta heriotzaren beldurrez beren bizitza osoan esklabo bezala bizi zirenei askatasuna emateko; hura ez baitzen, noski, aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baizik. Horretarako, erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan, apaiz nagusi errukitsu eta Jainkoari dagozkionetan fidagarri izateko, herriaren bekatuak barkatzeko gai. Bera ere nekeetan probatua izan delako, gauza da orain probaldian daudenei laguntzeko.

Jaunak esana.

Aleluia Lc 2,32

Aleluia, aleluia.
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe. Aleluia.

EBANJELIOA

Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 2, 22-40

Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio. Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.
Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe. Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, esanez:

«Orain bai, Jauna,
zeuk hitzeman bezala,
utz diezaiokezu zeure morroi honi
bakean hiltzen!
Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea,
herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».

[Aita-amak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik. Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen. Eta zuri ere saminezko ezpatak zulatuko dizu bihotza».
Bazen profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. Une hartan aurkezturik, Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.
Jaunaren legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara itzuli ziren, Nazaret beren herrira. Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen.]

Jaunak esana.




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 26 de enero de 2015

2015/02/01 - Urteko 4. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 4. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Profeta bat sorraraziko dut herritarren artetik; neure hitzak ezarriko dizkiot ahoan.

Deuteronomioa liburutik 18, 15-20

Jaunak zuen Jainkoak ni bezalako profeta sortuko du zuen artetik, herritarren artetik. Entzun berari!
Horixe da, Horeb mendian bildurik zeundetela Jaunari zeuen Jainkoari eskatu zeniotena:
“Ez dugu Jaunaren geure Jainkoaren ahotsa berriro entzun nahi, ezta sute hori ikusi nahi ere, hil egingo baikara bestela”.
Orduan, Jaunak esan zidan:
“Ongi deritzot herriak esandakoari. Zu bezalako profeta sorraraziko dut herritarren artetik; neure hitzak ezarriko dizkiot ahoan eta nik agindurikoa esango die. Profetak nire izenean adierazitako mezua onartuko ez duenari, neuk eskatuko dizkiot kontuak. Baina nik agindu gabeko mezua nire izenean adierazten edota jainko arrotzen izenean hitz egiten ausartzen den profeta hil egingo dute”

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 94, 1-2. 6-7. 8-9

R
Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
«Ez gogortu zuen bihotzak.»

Zatozte, egiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi salbatzen gaituen harkaitzari!
Aurkez gakizkion eskerrak emanez,
poz-irrintzi eta kantuz. R.

Zatozte, gurtu dezagun ahuspezturik,
belaunika gaitezen egin gaituen Jaunaren aurrean!
Bera da gure Jainkoa,
eta gu hark larraturiko herria, haren gidaritzapeko artaldea. R.

Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
«Ez gogortu bihotzak zuen gurasoek Meriban bezala,
Masako egun hartan basamortuan bezala,
aurpegi eman eta probatu egin baininduten,
nik haien alde egina ikusi arren. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Neskatxa Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta beroni emanak bizi dira.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 7 32-35

Senideok:
Kezka guztiak kendu nahi nizkizueke. Ezkongabea Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari atsegin nola emango; ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere emazteari atsegin nola emango, eta bere baitan zatitua dago. Emakume ezkongabea eta neskatxa Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta beroni gorputz-arimaz emanak bizi dira; ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere senarrari atsegin nola emango. Hau zeuen onerako diotsuet, ez ezertan behartu nahi zaituztedalako. Hau da nahi dudana: era egokienean bizi zaiteztela, oso-osorik Jaunari atxikiak.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 4,16

Aleluia, aleluia.
Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira. Aleluia.

EBANJELIOA

Nagusitasunez irakasten zien.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,21-28

Egun haietan, Jesus eta bere ikasleal Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus.
Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.
Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:
–Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.
Jesusek gogor eraso zion:
–Isil hadi eta irten horrengandik!
Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»
Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 19 de enero de 2015

2015/01/25 - Urteko 3. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 3. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ninivetarrek beren jokabide gaiztoetatik atzera egin zuten.

Jonas liburutik 3,1-5.10

Egun haietan, honela hitz egin zion berriro Jaunak Jonasi:
-. «Ea, zoaz Ninivera, hiri handi horretara, eta aldarrikatu bertan eman dizudan mezua».
Ninivera joan zen Jonas, Jaunak agindu bezala. Ninive hiria izugarri handia zen; hiru egun behar ziren alde batetik bestera zeharkatzeko. Sartu zen Jonas hirian barrena eta egun osoan ibili zen mezu hau aldarrikatuz:
-. «Berrogei egun barru erraustua izango da Ninive».
Ninivetarrek sinetsi egin zioten Jainkoari. Hala, baraualdi bat egitea erabaki zuten eta dolu-jantziz estali ziren, zahar eta gazte.
Ikusi zuen Jainkoak beren jokabide gaiztoetatik atzera egin zutena, eta damutu egin zen haiei egindako mehatxuaz eta ez zuen bete.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 24, 4-5ab. 6-7bc. 8-9 (W.: 4a)

R
Azaldu niri, Jauna, zeure bideak.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun.
Zuzen nazazu, zurekiko leial izan nadin, irakats niri,
zu baitzara salbatzen nauen Jainkoa. R.

Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia eta maitasuna:
betidanikoak dituzu.
Gogora nazazu zeure maitasunaz,
zure ontasunari dagokionez. R.

Ona eta zuzena da Jauna,
eta bidea jakinarazten die bekatariei.
Apalak zuzenbidetik daramatza,
bere bidea erakusten die apalei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzear dago.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 7, 29-31

Hau dio, senideok, epea laburtu egin dela diotsuet. Beraz, gelditzen zaigun denboran, ezkonduak bizi bitez ezkondurik ez baleude bezala; negar dagitenak, egingo ez balute bezala; pozik daudenak, ez baleude bezala; erosten dutenak, ezer ez balute bezala, eta mundu honetako gauzez baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala; mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzear baitago.

Jaunak esana.

Aleluia Mk 1,15

Aleluia, aleluia.
gainean duzue Jainkoaren erregetza.
Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona. Aleluia.

EBANJELIOA

Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 14-20

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.
Honela zioen:
- «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 12 de enero de 2015

2015/01/18 - Urteko 2. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 2. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Mintza, Jauna, adi duzu zeure morroi hau.

Samuel egindako lehenengo liburutik 3, 3b-10. 19

Egun haietan, Samuel ere lo zegoen Jainkoaren kutxa zegoen Jaunaren santutegian. Jaunak dei egin zion Samueli, eta honek erantzun:
–Hemen nauzu.
Lasterka Elirengana joan eta esan zion Samuelek:
–Hemen nauzu, dei egin baitidazu.
Elik ihardetsi zion:
–Ez dizut nik dei egin. Itzul zaitez eta egizu lo.
Joan eta etzan zen lotarako.
Jaunak berriro dei egin zion Samueli. Hau jaiki eta Elirengana joan zen, esanez:
–Hemen nauzu, dei egin baitidazu.
Elik erantzun:
–Ez dizut nik dei egin, ene seme. Itzul zaitez eta egizu lo.
Samuelek ez zuen oraindik Jauna ezagutzen, honek ez baitzion bere hitza inoiz ere adierazi. Hirugarren aldiz egin zion dei Jainkoak Samueli. Jaiki eta Elirengana joan zen, esanez:
–Hemen nauzu, dei egin baitidazu.
Antzeman zion Elik Jauna ari zitzaiola deika, eta esan zion mutikoari:
–Zoaz eta egizu lo. Norbaitek berriro dei egiten dizula entzuten baduzu, esan: «Mintza, Jauna, adi duzu zeure morroi hau».
Itzuli eta lotarako etzan zen Samuel bere tokian. Jaunak, hurbildurik, dei egin zion, lehengoetan bezala:
–Samuel, Samuel!
Samuelek erantzun:
–Mintza zaitez, adi duzu zeure morroia!
Hazi zen Samuel, eta berekin zuen Jauna. Ez zen gelditu bete gabe Jaunaren hitz bakar bat ere. Dandik Beer-Xebaraino, Israel osoak jakin zuen Jaunak bere profeta egina zuela Samuel.
Xilon agertuz jarraitu zuen Jaunak, han baitzion hitz egiten Samueli.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 39, 2 y 4ab. 7. 8~9. 10 (W.: 8a y 9a)

R.
Hemen nauzu, Jauna, zure nahia betetzeko.

Jaunarengan jarria nuen itxaropen guztia:
makurtu eta entzun du nire deiadarra.
Kantu berria ipini dit ezpainetan,
gure Jainkoarentzat gorespen-kanta. R.

Ez duzu nahi izan sakrifizio eta eskaintzarik,
ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik;
baizik eta belarriak ireki
dizkidazu, zuri entzuteko. R.

Horregatik diot: «Hemen nauzu».
Liburuan agintzen zait
zure nahia betetzeko.
Ene Jainko, atsegin dut
zure legea neure barne-muinetan. R.

Batzar nagusian
iragarri dut zure salbazioa,
ez ditut ezpainak itxi,
ongi dakizu, Jauna! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zuen gorputzak Kristoren atal dira.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 6. 13c-15a. 17-20

Senideok:
Gorputza, ez da lizunkeriarako, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat.
Eta Jainkoak, Jauna piztu zuenak, gu ere piztu egingo gaitu bere ahalmenaz.
Ez al dakizue zuen gorputzak Kristoren atal direla?
Jaunarekin elkartzen dena, berriz, berarekin espiritu bat bera egiten da. Egizue ihes haragikeriatik! Gizon-emakumeek egiten dituzten beste bekatu guztiak gorputzetik kanpora gelditzen dira; baina haragikeriazko bekatua egiten duenak bere gorputzaren aurka egiten du bekatu. Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplu dela? Beraz, ez zarete jadanik zeuenak, garesti ordainduz eskuratu baitzaituzte Jainkoak. Goretsazue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 1, 41. 17b

Aleluia, aleluia.
Mesias aurkitu diagu Kristo.
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez. Aleluia.

EBANJELIOA

Non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1, 35-42

Egun haietan, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen:
- Hona hemen Jainkoaren Bildotsa.
Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:
–Zeren bila zabiltzate?
Haiek erantzun:
–Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan nahi du).
Jesusek esan zien:
–Etorri eta ikusi.
Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.
Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia.
Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo, eta esan zion:
- Mesias aurkitu diagu. (Mesiasek «Kristo» –hau da, Gantzutu– esan nahi du).
Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan zion:
- Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara- (Kefasek «Pedro» –hau da, Harkaitz– esan nahi du).

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 5 de enero de 2015

2015/01/11 - Jaunaren Bataioa (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaunaren Bataioa (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hona hemen nire zerbitzaria, atsegin dudana.

Isaias liburutik 42, 1-4. 6-7

Jaunak dio:
«Hona hemen nire zerbitzaria,
nik eusten diodana,
nik hautatua, atsegin dudana.
Beronen gain ezarri dut
neure espiritua:
nazioei justizia ekarriko die.
Ez du oihu egingo,
ez ahotsa goratuko,
ez kaleetan bere mintzoa
entzunaraziko.
Kanabera printzatua ez du hautsiko,
ahulduriko argi-metxa
ez du itzaliko.
Justizia ekarriko du leialki.
Ez du adorea galduko, ez etsiko,
lurrean justizia ezarri arte.
Haren legearen zain egongo dira
urrutiko herriak».
«Nik, Jaun honek,
salbamen-ekintzarako dei egin dizut
eta eskutik heldu;
nik eratu zaitut
eta egiteko hau ezarri:
herriarentzat nire ituna berritu
eta nazioei argi egitea,
itsuen begiak zabaldu
eta presoak espetxetik ateratzea,
ilunpetan bizi direnak kartzelatik.

Jaunak esana.

Edo.

Etorri uretara; entzudazue eta biziko zarete.

Isaias liburutik 55, 1-11

Horrela dio Jaunak:
«Egarri zareten guztiok,
etorri uretara,
etorri, dirurik ez duzuenok ere!
Etorri, hartu garia eta jan,
hartu ardoa eta esnea,
dena hutsean, ordaindu gabe.
Zergatik gastatu zeuen dirua
goserik utziko zaituzten janaritan,
eta lansaria
aseko ez zaituzteten gauzetan?
Entzun niri arretaz,
eta ongi jango duzue,
janari gozo mamitsuz
elikatuko zarete.
Etorri niregana eta egon adi,
entzudazue eta biziko zarete.
Betiko ituna egingo dut zuekin,
Davidi eginiko
maitasunezko agintzariari
leial eutsiz.
Nik herrientzako testigu
jarri nuen hura,
nazioen buruzagi eta agintari.
Zuk herri ezezagunei
egingo diezu dei,
eta ezagutzen ez zintuzten herriek
zuregana joko dute lasterka,
nik, zure Jaunak,
Israelen Jainko santu honek,
ospez jantzi zaitudalako».
Bila ezazue Jauna,
aurki dezakezue eta;
egiozue dei, hurbil duzue eta.
Utz beza gaiztoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo txarrak.
Bihur dadila Jaunarengana,
gupidaz hartuko baitu;
bihurtu gure Jainkoarengana,
guztiz barkabera baita.
Hau dio Jaunak:
«Egiaz, nire egitasmoak
ez dira zuenak bezalakoak,
ezta nire jokabidea ere
zuena bezalakoa.
Nola zerua lurraren gainetik garai,
halaxe nire jokabidea
zuenaren gainetik
eta nire egitasmoak zuenen gainetik.
«Euria eta elurra zerutik jaitsi
eta ez dira bertara itzultzen,
lurra urez ase gabe,
emankor bihurtu
eta ernamuindu gabe,
ereiteko hazia
eta jateko ogia sor ditzan;
berdin nire ahotik irtendako
hitza ere:
ez da niregana itzultzen
bere eragina izan gabe,
baizik eta nik nahi dudana egiten du
eta nik ezarritako helburua
betetzen».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 28, 1a y 2. 3ac-4. y 9b-10 (R.: 11b)

R.
Jaunak bere herria bakeaz bedeinka dezala!

Goretsi Jauna, zeruko izakiok,
goretsi Jaunaren izen ospetsua!
Ahuspeztu Jaunaren aurrean, bere santutasunez agertzean! R.

Jaunaren ahotsak ur gainean durunda:
Jauna ur handien gainean garai.
Jaunaren ahotsa indartsu,
Jaunaren ahotsa arrandiatsu. R.

Haren zeruko tenpluan denek oihu: «Gora!»
Jauna eseria dago ur handien gainetik,
Jauna tronuan eseria, betiko errege. R.

Edo.

Salmoa Is 12,2-3.4bcd.5-6

R.
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera.

Bai, Jainkoa dut salbatzaile!
Harengan dut uste on
eta ez naiz beldur.
Jauna dut indar eta babes,
bera salbatzaile».
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera. R.

«Goretsazue Jauna,
dei egin berari,
iragarri haren egintzak herriei!
Ezagutarazi zeinen bikain den! R.

Kanta Jaunari,
gauza harrigarriak egin baititu;
mundu osoan jakin bezate
haren berri.
Egin poz-irrintzi eta oihu,
Siongo bizilagunok,
handikiro ari baita zuen alde
Israelgo Santua». R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen.

Eginak liburutik 10, 34-38

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
«Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan. Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berri ona iragarriz.
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena, Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.»

Jaunak esana.

Edo.

El espíritu, el agua y la sangre.

San Joan egindako lehenengo gutunetik 5, 1-9

Senide maiteok:
Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoarengandik jaioa da, eta aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu.
Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna. Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak, Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua. Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da.
Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik?
Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita.
Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak: Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz. Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mc 9, 7

Aleluia, aleluia.
Hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik:
«Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!» Aleluia.

EBANJELIOA

Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marcos liburutik 1, 7-11

Denbora haietan, Joan Honela hots egiten zuen:
«Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.
Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».
Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. Jesusek, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten.
Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 4 de enero de 2015

2015/01/06 - Jaungoikoaren Epifania (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaungoikoaren Epifania (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunaren aintza zure gain ageri da!

Isaias liburutik 60, 1-6

Jaiki, Jerusalem, egizu distira,
badator-eta zure argia:
Jaunaren aintza zure gain ageri da!
Ikus, ilunpetan dago lurra,
gau beltzean herriak;
zure gain, ordea, Jauna ageri da,
haren aintza zure gain nabari.
Zure argirantz joko dute herriek,
zure egunsenti-distirarantz
erregeek.
Begira ingurura eta ikus:
seme-alaba guztiak
zuregana datoz, bildurik:
urrutitik datoz zure semeak,
besoetan dakartzate zure alabak.
Haiek ikusiz, distiratsu jarriko zara,
bihotza pozez lehertzeko zorian;
zuregana bilduko dituzte
urrutiko herrien altxorrak,
zuregana ekarriko
nazioen ondasunak.
Gamelu ugariz beteko zara,
Madian eta Efako karabanak
etorriko dira,
baita Sabako guztiak ere,
urrea eta intsentsua ekarriz
eta Jaunaren egintza goresgarriak
hots eginez.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 71, 1-2. 7-8. 10-11. 12-13 (R.: cf. 11)

R.
Agur bezate ahuspezturik errege guztiek,
jar bekizkio menpean nazio guztiak!

Ene Jainko, emaiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Goberna beza zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R.

Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte!
Izan bedi nagusi itsasotik itsasora,
lurraren bazter batetik bestera. R.

Ekar biezazkiote erregaliak
Tarsiseko eta urrutiko herrietako erregeek,
ordaindu zergak Saba eta Sebako erregeek.
Agur bezate ahuspezturik errege guztiek,
jar bekizkio menpean nazio guztiak! R.

Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua,
nork defendaturik ez duen dohakabea.
Gupida izango die gizagaixo eta pobreei,
bizia salbatuko behartsuei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez jentilok oinordekide izatea

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 3, 2-3a. 5-6

Senideok:

Jakingo duzue, noski, Jainkoak bere onginahian zuekiko eman didan eginkizuna; agerpenez jakinarazi zidan bere asmo ezkutuaz ari natzaizue, misterio hau ez zitzaien iragandako gizaldiei jakinarazi; orain, ordea, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu die Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez eta berri onari esker, jentilok oinordekide izatea, Kristorekin gorputz bat bera osatzea eta agintzari beraren partaide izatea.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 2, 2

Aleluia, aleluia.
Jaunaren izarra ikusi dugu sortaldean
eta gurtzera gatoz. Aleluia.

EBANJELIOA

Sortaldetik Erregeari gurtzera gatoz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 2, 1-12

Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen, galdezka:
–Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.
Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.
Haiek erantzun zioten:
–Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:

Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
Judako hirietan txikiena;
zuregandik aterako baita buruzagia,
Israel nire herria
gobernatuko dueña .

Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra .
Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com