lunes, 24 de noviembre de 2014

2014/11/30 - Abendualdiko 1. Igandea (B)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Abendualdiko 1. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ai zerua urratu eta jaitsiko bazina!

Isaías liburutik 63, 16b-17. 19b; 64, 2b-7

Zeu zara, Jauna, gure aita,
«Gure askatzaile»
duzu izena betidanik.
Zergatik utzi diguzu
zure bideetatik aldentzen,
zuri begirunerik ez izateraino
gure bihotzak gogortzen?
Itzul zakizkigu,
zeure zerbitzariongatik,
zeure oinordetzat aukeratu dituzun
leinuongatik.
Ai zerua urratu eta jaitsiko bazina!
Mendiek dar-dar egingo lukete
zure aurrean.
Zu jaitsi,
eta mendiek zure aurrean dar-dar.
Ez da inoiz entzun,
ez da inoiz aditu, ez ikusi,
zuk ez beste jainkoren batek
berarengan itxaro duenaren alde
horrelakoak egin dituenik.
Bere poza zuzen jokatzean
jartzen duenari,
zure nahia beti gogoan duenari,
bidera ateratzen zatzaizkio.
Bai, haserre zaude
bekatu egin dugulako,
antzinatik bide-galdurik
ibili garelako.
Kutsaturik gaude guztiok,
gure egintzarik onenak ere
zapi zikinen antzeko;
orbela bezala gaude iharturik
eta haizeak bezala garamatzate
geure erruek.
Inork ez dizu dei egiten,
ezta zuri atxikitzen saiatzen ere,
zeure aurpegia ezkutatu baitiguzu,
eta geure erruetan murgilduta utzi.
Baina zu, Jauna, gure aita zara;
gu buztina, eta zu buztinlaria:
zeuk eginak gaituzu guztiok!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 79, 2ac y 3b. 15-16. 18-19 (4)

R.
Oi Jainko, eraberri gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen!

Entzun, Israelen artzain.
Hegaldun izakien arteko tronuan zauden hori,
ager zakizkie distiraz
Suspertu zeure ahalmena eta zatozkigu salbatzera! R.

Jainko ahalguztiduna, itzuli, arren!
Begira zerutik, ikus!
Hartzazu zeure mahastiaren ardura,
zaindu zeure eskuz landatu duzuna. R.

Zure eskuak babes beza zuk aukeraturiko erregea,
zeure indarraz jantzi duzun gizasemea.
Ez gara zuregandik inoiz aldenduko;
bizia emango diguzu eta guk zuri dei egingo. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 1,3-9

Senideok: Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
Eskerrak ematen dizkiot etengabe neure Jainkoari zuengatik, Jesu Kristoren bidez agertu dizuen onginahiagatik.
Izan ere, Kristoren bitartez, gauza guztietan aberats egin zaituzte, bai hitz egiteko eta bai ezagutzeko. Kristori buruz egiten dugun aitormena zuen artean sendo finkatu denez, ez da zuek ez duzuen dohainik, Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean.
Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino, inork zuen aurka zeresanik izan ez dezan Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.
Leiala da Jainkoa, eta berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin elkarturik bizitzera.

Jaunak esana.

Aleluia Sal 84,8

Aleluia, aleluia.
Egiaz, Jaunak euria emango du,
eta gure lurrak uzta ekarriko. Aleluia.

EBANJELIOA

Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 13,33-37

Egun haietan, Jesusek bere ikasleei esan zioten: «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den.
Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.
«Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean. Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki. Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 17 de noviembre de 2014

2014/11/23 - Urteko 34. Igandea - Jesukristo unibertsoaren erregea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 34. Igandea - Jesukristo unibertsoaren erregea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuei, nire artaldekoei, Nik erabakiko dut ardien arteko auzia.

Ezekiel profeta liburutik 34, 11-12. 15-17

Hau baitiot nik, Jainko Jaunak: Ni neu egingo naiz artaldearen kargu, neu arduratuko hartaz.
Artaldea sakabanatu zaionean, artzaina bere ardiez arduratzen den bezala, halaxe arduratuko naiz ni neure ardiez; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut.
Nik neuk larratuko dut artaldea, eta neuk harraraziko diot atseden. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Ardi galduaren bila joango naiz, desbideraturik dabilena artalderatuko, hautsia duenari hanka lotuko, gaixoa indartu egingo dut. (Baina ardi gizenak eta indartsuak suntsitu egingo ditut). Zuzen zainduko ditut neure ardiak.
«Zuei, nire artaldekoei, hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Nik erabakiko dut ardien arteko auzia, ahari eta akerren artekoa.

Jaunak esana,

SALMOA

Salmoa 22, 1-2a. 2b-3. 5. 6 (R.: 1)

R.
Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.

Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.
Larre guritan etzanarazten nau. R.

Ur baretara eramaten,
eta indarrak berritzen;
bide egokitik narama, leiala delako. R.

Zuk atontzen didazu mahaia etsaien begi aurrean,
ukenduz gantzutzen didazu burua; gainezka dut kopa. R.

 Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute
bizitzako egun guztietan;
Jaunaren etxean biziko naiz amaigabeko egunetan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainko Aitari erreinua emango dio, eta Jainkoa guztietan guztia izango da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15, 20-26. 28

Senideok, piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari.
Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean.
Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte.
Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da.
Jainkoak gauza guztiak menpean jarriko dizkionean, Semea bera menpean jarriko zaio gauza guztiak menpean jarri zizkionari, eta Jainkoa guztietan guztia izango da.

Jaunak esana.

Aleluia Mc 11, 9b-10a

Aleluia, aleluia.
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua datorren erreinua,
gure aita Daviden erreinua. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere errege-aulkian eseriko da eta batzuk besteengandik bereizi egingo ditu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 31-46

Egun haietan, Jesusek bere ikaslei esan zien: «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.
Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala, eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.
Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.
«Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.
Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”. Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?” Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 10 de noviembre de 2014

2014/11/16 - Urteko 33. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 33. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Gogotsu lan egiten haren eskuek.

Esaera Zaharraren liburutik 31, 10-13. 19-20. 30-31

Nork aurkituko etxekoandre jatorra?
Koralek baino askoz gehiago balio du.
Konfiantza osoa du senarrak harengan,
ez da sekula beharrean aurkituko.
Zoriona ekartzen dio, eta ez zoritxarra,
bizitzako egun guztietan.
Artilea eta lihoa eskuratzen ditu,
gogotsu lan egiten haren eskuek.
Eskuaz goruari heltzen dio
eta atzamarrez ardatzari eragiten.
Dohakabeari eskua zabaltzen dio
eta behartsuari laguntza ematen.
Gezurrezkoa da xarma, hutsala edertasuna;
goresgarria, ordea, Jauna errespetatzen duen emakumea.
Kanta iezaiozue bere lanarengatik,
goretsi herri osoaren aurrean berak eginarengatik.

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 127, 1-2. 3. 4-5 (R.: 1a)

R.
Zorionekoa Jaunari begirune diona.

Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!
Zeure lanaren fruituaz biziko zara
eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango.
R.

Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko
izango duzu etxe-txokoan;
seme-alabak olibondo gazteen pareko zeure mahai inguruan.
R.

Horra Jaunari begirune dionarentzat
zer bedeinkazio!
Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik,
goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz.
R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaunaren eguna ez du zuek lapurrak bezala zertan harrapatu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik 5, 1-6

Senideok, hori noiz eta nola izango den, ez duzue nik idatzi beharrik. Zeuek dakizue aski ongi Jaunaren eguna ustekabean etorriko dela, lapurra gauez bezala. Jendea «Hau bakea eta segurtasuna!» esaten ariko denean, orduan etorriko zaie hondamendia gainera, ustekabean, haurdun dagoenari erdiminak bezala, eta ez dute ihes egiterik izango.
Zuek, ordea, senideok, ez zarete ilunpetan bizi, eta egun horrek ez du zuek lapurrak bezala zertan harrapatu. Zuek guztiok argiaren eta egunaren aldeko zarete; ez gaude, ez, gauaren eta ilunaren menpean. Beraz, ez dezagun lorik egin gainerakoek bezala, baizik eta egon gaitezen erne eta argi.

Jaunak esana.

Aleluia Jn ]5,4a.5b

Aleluia, aleluia.
Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala
-Dio Jaunak-;
Norbait niri itsatsia badago fruitu asko emango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Gauza gutxian leial izan zara, sartu zeure jaunaren festa ospatzera

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 14-30

«Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.
«Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.
Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!” Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.
Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 3 de noviembre de 2014

2014/11/09 - Letran Basilikaren sagarapena (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Letran Basilikaren sagarapena (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ura ikusi nuen tenpluaren hegoaldetik irten, eta bizia sortuko du doan leku guztietan.

Ezekiel profetaren liburutik 47,1-2. 8-9. 12

Egun haietan, tenpluko sarrerara eraman ninduen gizonak. Ura ikusi nuen tenpluko ate azpitik irten eta ekialdera joaten, tenplua ekialdera begira baitzegoen. Ura tenpluaren hegoaldetik, aldarearen hegoaldetik, behera isurtzen zen.
Gizonak tenplutik irtenarazi ninduen iparraldeko atetik, eta kanpotik itzulia eginarazi zidan ekialdeko sarreraraino. Eskuinaldetik zihoan ura isurian.
Esan zidan gizonak: «Ur hauek ekialdera doaz, Araba haraneraino jaisten dira eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egingo dituzte.
Erreka helduko den edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko du doan leku guztietan.
Errekaren bi ertzetan, mota guztietako fruta-arbolak haziko dira; ez zaizkie hostoak sekula zimelduko, eta etengabe emango dituzte fruituak, hilero emanaldi bat, santutegitik ateratzen den urak ureztatzen baititu. Fruituak elikagai izango dira, eta hostoak sendagai».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 45, 2-3. 5-6. 8-9

R.
Ibai baten adarrek alaitzen dute Jainkoaren hiria.
Goi-goikoak bere bizilekua sagaratu du.

Jainkoa dugu babesleku eta indar,
larrialdian laguntzaile seguru.
Ez dugu, beraz, beldurrik,
nahiz eta lurrak dardara egin
edota mendiak itsas hondora amildu. R.

Ibai baten adarrek alaitzen dute Jainkoaren hiria.
Goi-goikoak bere bizilekua sagaratu du.
Jainkoa erdian duela, ez du koloka egiten,
goiz-goizetik laguntzen dio Jainkoak. R.

Jaun ahalguztiduna gurekin!
Jakoben Jainkoa gure gotorleku!
Zatozte, ikus Jaunaren egintzak,
lurrean egin duen iraulketa:
mundu osoan guduak geldiarazi. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoaren tenplu zarete.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 3,9c-11. 16-17

Senideok: Jainkoak eraikitzen duen etxea zarete.
Jainkoak eman didan dohainaren arabera, nik oinarria ezarri dut, etxegile trebeari dagokionez; baina beste batek jasotzen du gainean eraikina. Ikus beza bakoitzak nola eraikitzen duen.
Argi dago inork ez dezakeela ezarria dagoen oinarria besterik ezar; eta oinarri hori Jesu Kristo da.
Ez al dakizue Jainkoaren tenplu zaretela eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dela?
Jainkoaren tenplua hondatzen duena, hondatu egingo du Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua baita: tenplu hori zuek zarete.

Jaunak esana.

Aleluia 2 Cro 7,16

Aleluia, aleluia.
Tenplu hau hautatu eta sagaratu dut,
-dio Jaunak-
beti nire bizileku izan Darin. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere gorputzaren tenpluaz ari zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joan liburutik 2,13-22

Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus.
Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen. Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».
Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:
–Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?
Jesusek erantzun zien:
–Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.
Juduek ihardetsi zioten:
–Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?
Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen.
Horregatik, hildakoen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 2 de noviembre de 2014

2014/11/09 - Urteko 32. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 32. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jakinduria aurkitzen ere bilatzen dutenek.

Jakinduriaren liburutik 6,12-16

Argitsua da jakinduria, itzalezina haren distira.
Nekerik gabe ikusten dute maite dutenek,
baita aurkitzen ere bilatzen dutenek.
Beraren irrikaz daudenei
aurrea hartzen die eta bere burua ezagutarazten.
Haren bila goiz-goizetik doanak ez du nekatu beharrik izango,
ate ondoan aurkituko baitu eseria.
Zuhurtziarik handiena da hartaz gogoeta egitea,
hargatik gauak beilan ematen disuena
laster izango da kezkarik gabe,
zeren eta jakinduria bera ibiltzen baita harat-honat
beraren duin direnen bila;
onginahiz agertzen zaie bidean
eta beren gogoeta bakoitzean aurkezten.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 62, 2. 3-4. 5-6. 7-8

R.
Zure egarri da nire barrena, nire Jauna.

Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabilkizu bila,
zure egarri da nire barrena, zure irrika naizen guztia,
lur lehor, agor, urik gabea bezala.
R.

Egon nadila horrela santutegian zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederrago zure maitasuna!
Nire ahoak ospatuko zaitu. R.

Bai, bizitza guztian bedeinkatuko zaitut,
zuri dei eginez altxatuko eskuak.
Jakirik gozoenez bezala aseko naiz,
eta nire ezpainek poz-oihuka goretsiko zaituzte.
R.

Gauez ohean zuregan dut gogoa,
zuri otoitzean igarotzen ditut orduak.
Bai, zu izan zaitut laguntzaile;
kantuz ariko naiz pozik zure hegalen itzalean.
R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesusekin bat eginik hil direnak ere Jainkoak berekin hartuko ditu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik 4, 13-18

Senideok, ez dugu nahi hildakoen zoriari buruz zuek ezjakinean egoterik, atsekabe ez zaitezten, itxaropenik ez dutenen antzera. Jesus hil eta piztu zela egiaz sinesten badugu, era berean, Jesusekin bat eginik hil direnak ere Jainkoak berekin hartuko ditu.
Hau diotsuegu, Jaunaren irakatsian oinarrituz: guk, Jauna etortzean bizirik gertatuko garenok, ez diegu hil direnei aurrea hartuko. Zeren, goiangeruaren ahotsez eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emanik, Jauna bera jaitsiko baita zerutik, eta aurrena Kristorekin bat eginik hildakoak piztuko dira; gero gu, artean bizirik izango garenok, haiekin batean eramango gaituzte hodeietan, airean Jaunarekin topo egitera. Eta horrela beti Jaunarekin egongo gara. Adore ezazue, beraz, elkar hitz hauekin.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 24, 42a. 44

Aleluia, aleluia.
Zain Egon, prest egon,
bada, zuek ere, gutxien uste duzuen orduan
etorriko baita Gizonaren Semea. Aleluia.

EBANJELIOA

Hemen da senarra! Irten bidera!

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 1-13

Denbora haietan, Jesusek bere ikasleei parabola hau esan zien: «Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da.
Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak.
Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senarrak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.
«Gauerdian oihu bat izan zen: “Hemen da senarra! Irten bidera!” Jaiki ziren denak eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek zentzudunei esan zieten: “Emaguzue olio pixka bat, kriseiluak itzaltzera doazkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa denontzat; hobe duzue badaezpada dendara joan eta erosi”.
«Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.
«Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna! Zabaldu!”
Baina jaunak erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.
«Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com