lunes, 27 de octubre de 2014

2014/11/02 - Hildako Fededun guztien oroipena (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Hildako Fededun guztien oroipena (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

On da Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea.

Negar Kantak liburutik 3,17-26

Urrun da niregandik bakea, ahaztua dut zer den zoriona.
Neure artean diot: galdua da nire etorkizuna,
Jaunak ematen zidan itxaropena.
Neure erbestealdiko zoritxarra gogora ekartzea
edarimin pozoitsua da niretzat.
Ezin dut gogotik kendu, eta bihotz-eroria nago.
Baina oroitzen naiz itxaropena susperrarazten didan zerbaitez:
Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela agortu.
Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure leialtasuna!
Neure artean diot: Jauna da nire on guztia!
Harengan dut, beraz, itxaropen.
Jauna ona da berarengan uste on duenarentzat,
berarengana jotzen duenarentzat.
On da Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 129, 1-2. 3-4ab. 4c-6. 7-8

R.
Jaunarena maitasuna, Jaunarena askapen betea.

Barru-barrutik egiten dizut dei, Jauna:
Entzun, Jauna, nire mintzoa!
Beude erne zure belarriak nire erregu-oihura. R.

Erruak kontuan badituzu, Jauna,
oi Jauna, nork iraun bizirik?
Baina zuri barkamena dagokizu
eta, barkatuz, zeureganako begirunea pizten diguzu. R.

Jaunaren zain nago, zain bihotz-bihotzez,
haren erantzuna dut itxaro.
Jaunaren esperoan nago,
gau osoan esna, goiza arte beilari. R.

Izan beza Israelek itxaropen Jaunarengan,
Jaunarena baita maitasuna, Jaunarena askapen betea.
Berak askatuko du Israel erru guztietatik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bizi berria bizi dezagun.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 6,3-9

Senideok;
Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok, haren heriotzari izan garela lotuak?
Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hildakoen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.
Berarena bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsatsiak izango gara harena bezalako piztueran ere.
Badakigu, gure izaera zaharra Kristorekin gurutziltzatua izan zela, bekatuzko gure izaera ezereztua geldi zedin, eta aurrerantzean bekatuaren esklabo izan ez gintezen.
Izan ere, norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da.
Kristorekin hil bagara, sinesten dugu bizi ere berarekin biziko garela. Badakigu Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: herioak ez du harengan aginterik.

Aunak esana.

EBANJELIOAREN AURRETIK BERSETA Jn 11, 25a.26

Neu naiz piztuera eta bizia, dio Jaunak,
niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da.

EBANJELIOA

Neu naiz bidea, egia eta bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14,1-6

Denbora haietan Jesusek esan zioten bere jarratzailei:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.
Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.
Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


2014/11/02 - Urteko 31. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 31. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuek bidetik okertu egin zarete eta asko eta asko erorarazi duzue zeuen irakaspenaz.

Malakiasen liburutik 1, 14-2, 2b. 8-10

«Errege handia naiz ni, eta begirune didate herriek. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
Orain, apaizok, hona hemen zuentzako oharpena. Honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Entzuten ez badidazue eta niri ohore emateko ardurarik ez baduzue, madarikazioa bidaliko dizuet.
«Zuek, ordea, apaizok, bidetik okertu egin zarete eta asko eta asko erorarazi duzue zeuen irakaspenaz. Lebirekin nuen ituna hautsi egin duzue. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. Beraz, nik ere mespretxagarri eta kaskar egingo zaituztet herri guztiarentzat, nire bideak jarraitu ez dituzuelako eta erabakiak zein nor den begiratuz hartu dituzuelako».
Ez al dugu guztiok Aita bat bera? Ez al gaitu guztiok Jainko berak egin? Zergatik gabiltza, bada, elkar engainatuz, Jainkoak gure gurasoekin egindako ituna hausten dugularik? »

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 130, 1. 2. 3

R.
Nire arima bakean gorde ezazu, zure ondoan, Jaunak.

Jauna, nire bihotza ez da handi-min,
ez nire begiak gorazale;
ez nabil gauza handien atzetik,
ez neurriz gainekoen atzetik. R.

Isil eta bare dut barne-gogoa;
haurtxoa amaren altzoan bezala,
haurtxoa bezala dut barnean gogoa. R.

 Israel, izan Jaunarengan itxaropen
oraindanik eta betiko! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Prest geunden, Jainkoaren berri ona ez ezik, baita geure bizia ere zuei emateko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik 2 7b-9. 13

Senideok: Maitasun samurrez tratatu nahi izan zaituztegu, bere haurrak maitekiro zaintzen dituen amak bezala. Hain bihotzeko zintuztegunez, prest geunden, Jainkoaren berri ona ez ezik, baita geure bizia ere zuei emateko. Hainbesteraino maite zintuztegun!
Senideok, gogoan izan gure neke eta ahaleginak: gau eta egun egin genuen lan zuetako inorentzat zama ez izateagatik, Jainkoaren berri ona hots egin genizuenean.
Horregatik, etengabe ematen dizkiogu eskerrak Jainkoari; zeren, Jainkoaren mezua hots egin genizuenean, zuek onartu egin baitzenuten: ez zenuten hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik. Hala da izan ere, eta lan ederra ari da egiten zuengan, sinesten duzuenongan.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 23, 9b. 10b

Aleluia, aleluia.
Bat bakarra baita zuen aita, zerukoa.
Eta bat bakarra baita zuen gidaria, Mesias. Aleluia

EBANJELIOA

Esan, esaten baitute, baina egiten ez.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 23, 1-12

Denbora haietan, honela mintzatu zitzaien Jesus jendetzari eta ikasleei: «Lege-maisuek eta fariseuek Moisesen irakatsiak adierazteko eginkizuna dute. Saia zaitezte, beraz, haiek esaten dizueten guztia betetzen; baina ez egin egiten dutena; esan, esaten baitute, baina egiten ez.
Zama astunak lotu eta besteei leporatzen dizkiete, baina beraiek ez dute atzamar bat ere mugitu nahi.
Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; larrutxa zabalak eraman ohi dituzte bekokian eta borlatxo luzeak jantzietan; gogoko dituzte jai-otorduetan mahaiburuak eta sinagogetan lehen aulkiak; gogoko dute plazetan jendeak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea.
Zuek, ordea, ez utzi inori zuei “maisu” deitzen, bat bakarra baita zuen maisua, eta zuek denak senideak baitzarete.
Eta ez deitu lurrean inori “aita”, bat bakarra baita zuen aita, zerukoa.
Eta ez utzi “gidari” deitzen ere, bat bakarra baita zuen gidaria, Mesias.
Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari.
Bere burua goratzen duena, beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 26 de octubre de 2014

2014/11/01 - Domu Santua (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Domu Santua (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen

Apokalipsiaren liburutik 7,2-4.9-14

Ni, Joan, beste aingeru bat ikusi nuen ekialdetik igotzen, Jainko biziaren zigilua zuelarik, eta ozenki egin zien deiadar lurra eta itsasoa hondatzeko ahalmena eman zitzaien lau aingeruei, esanez: «Ez hondatu lurra, ez itsasoa, ezta zuhaitzak ere, harik eta gure Jainkoaren zerbitzariak bekokian zigiluz markatu arte».
Zigiluz markatuak zenbat ziren entzun nuen: ehun eta berrogeita lau mila, israeldar leinu guztietarik hartuak:
Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik, soineko zuriz jantziak eta palma-adarrak eskuetan.
Eta ahots handiz egiten zuten deiadar:
«Tronuan eseria dagoen
gure Jainkoari eta Bildotsari
zor diegu salbamena».
Tronu, zahar eta lau izaki bizidunen inguruan zutik zeuden aingeru guztiak ahuspeztu egin ziren tronuaren aurrean eta Jainkoa adoratu zuten, esanez:
«Amen. Bedeinkazioa, aintza,
jakinduria, esker ona, ohorea,
ahalmena eta indarra
gure Jainkoari menderen mendetan.
Amen».
Orduan, zaharretako bat mintzatu zitzaidan, esanez:
–Soineko zuriz jantziak dauden horiek, zein dira eta nondik datoz?
Nik erantzun nion:
–Ene Jauna, zeuk jakingo duzu.
Hark esan zidan:
–Larrialdi handitik datozenak dira horiek; beren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dituzte eta zuritu.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 23, 1-2. 3-4ab. 5-6 (R 32, 6a)

R.
Horiek dira zure bila saiatzen direnak, Jauna.

Jaunarena da lurra eta bertan dagoena,
mundua eta bertan bizi direnak;
berak ezarri baitzuen sendo itsasoen gainean,
lur azpiko ur-lasterren gainean. R.

Nor igo Jaunaren mendira?
Nor egon hark sagaraturiko tokian?
Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena,
gezurrezko jainkoetara jotzen ez dueña. R.

Horrelakoa bedeinkatuko du Jaunak,
justizia egingo dio Jainko salbatzaileak.
 Horiek dira haren bila saiatzen direnak,
Jakoben Jainkoa aurkitu nahi dutenak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoa den bezalakoa ikusiko dugu.

San Joan Apostoluak egindako lehenengo gutunetik 3,1-3

Senide maiteok, begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu.
Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura. Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 11, 28

Aleluia, aleluia.
Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok,
eta neuk emango dizuet atseden. Aleluia.

EBANJELIOA

Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5, 1-12a

Denbora haietan, jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean.
Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 20 de octubre de 2014

2014/10/26 - Urteko 30. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 30. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Alarguntsak eta umezurtzak gaizki erabil baduzu; haserre bizitan jarriko naiz zuen kontra.

Irteeraren liburutik 22, 20-26

Horrela dio Jaunak: «Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.
«Ez erabili gaizki alarguntsak eta umezurtzak; zeren, gaizki erabiltzen badituzue, haiek niregana laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo baitiet: haserre bizitan jarriko naiz eta gerraz hilko zaituztet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun eta zuen seme-alabak umezurtz.
«Zuekin bizi den nire herriko dohakaberen bati dirua maileguz ematen badiozue, ez izan zeken berarekin, ez ezarri interesik.
«Soingainekoa hartzen badiozue bahituran, itzuli eguzkia sartzerako, ez baitu hori beste estalkirik. Zerekin babestuko da, bestela, etzaterakoan? Laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo diot, errukiorra bainaiz ni.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 17, 2-3a. 3bc-4. 47 y 51ab(R.: 2)

R.
Maite zaitut, Jauna, nire indar!

Maite zaitut, Jauna, nire indar!
Jauna da nire haitza, nire geriza, bera nire askatzailea. R.

Ene Jainko, nire harkaitz babesgarria,
nire babeski eta indar salbatzailea, nire gotorlekua.
Goretsia zu! Dei egin nion Jaunari,
eta etsaiengandik salbatu ninduen. R.

Gora Jauna, bedeinkatua ene harkaitza!
Goretsia ene Jainko salbatzailea!
Garaipen handiak eman dizkio bere erregeari,
maitasunez jokatu du bere gantzutuarekin. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Sasijainkoak utzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana itzuli zineten, berau zerbitzatzeko eta zerutik etorriko den beraren Seme Jesusen zain egoteko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik 1, 5c-10

Senideok: Ongi dakizue zuen artean egin genuen guztia zuen onerako izan zela. Eta zuek gure eta Jaunaren ereduari jarraitu zenioten, atsekabe askoren artean izanik ere, Espiritu Santuaren pozez onartu baitzenuten Jainkoaren mezua. Horrela, eredu gertatu zarete Mazedonia eta Akaiako sinestedun guztientzat.
Izan ere, zuenetik zabaldu da Mazedonia eta Akaiara Jaunaren mezua; eta eskualde horietara ez ezik, bazter guztietara ere heldu da Jainkoarengan duzuen sinesmenaren entzutea, guk ezer esan beharrik gabe.
Beraiek kontatzen dute, hain zuzen, nolako harrera egin zeniguten zuengana joan ginenean eta nola, sasijainkoak utzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana itzuli zineten, berau zerbitzatzeko eta zerutik etorriko den beraren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hilen artetik piztu du Jesus, eta beronek askatuko gaitu etortzekoa den haserre-zigorretik.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 14, 23

Aleluia, aleluia.
Maite nauenak onartuko du nire mezua;
-dio Jauna-,
nire Aitak maite izango du, eta berarengana etorriko gara. Aleluia.

EBANJELIOA

Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa eta lagun hurkoa zeure burua bezala.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 34-40

Dembora haietan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren, eta beraietako lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz:
–Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
Jesusek erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz.
Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 13 de octubre de 2014

2014/10/19 - Urteko 29. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 29. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zirori eskutik heldurik eusten dizu,
nazioak zure menpean jartzeko.

Isaiasen liburutik 45, 1. 4-6

Honela diotso Jaunak
Ziro erregeari,
berak aukeratu eta sagaratuari:
«Eskutik heldurik eusten dizut,
nazioak zure menpean jarri
eta erregeei soinetik
armak kentzeko,
zure aurrean hiri-ateak zabaltzeko,
guzti-guztiak zabaldu ere.
Israel neure zerbitzariaren onerako,
Jakob, neuk aukeraturiko
herriarengatik,
deitu zaitut zeure izenez
eta ohorezko eginkizuna ezarri,
ezagutzen ez nauzun arren.
Neu naiz Jauna, ez da besterik;
ez da ni beste jainkorik.
Aginpidez jantzi zaitut,
ezagutzen ez nauzun arren,
ekialdetik mendebaldera
jakin dezaten
ez dela inor ni besterik.
Neu naiz Jauna, ez da besterik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 95, 1 y 3. 4-5. 7-8. 9-10a y e (R.: 7b)

R.
Goretsi Jaunaren ospea eta indarra.

Kanta Jaunari kantu berria,
kanta Jaunari, lurtar guztiok.
Zabaldu haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan! R.

Handia baita Jauna, guztiz goresgarria,
jainko guztien aldean beldurgarria.
Huts dira atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak, ordea, zeruak egin ditu.
R.

Goretsi Jauna, munduko herriok,
goretsi Jaunaren ospea eta indarra,
goretsi Jaunaren izen ospetsua!
Sartu haren aurrera eskaintzak eramanez. R.

Ikara zaitezte haren aurrean, lurtar guztiok!
Esan nazioen artean: «Errege da Jauna!
Sendo ezarri du mundua, ez du koloka egingo;
herriak zuzenbidez epaitzen ditu». R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Gogora dakartzagu zuen sinesmena, zuen maitasuna eta zuen itxaropena.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik 1, 1-5b  

Paulo, Silvano eta Timoteok, Jainko Aitarekin eta Jesu Kristo Jaunarekin bat eginik dagoen Tesalonikako eliz elkarteari idazten diogu. Grazia eta bakea zuei.
Eskerrak ematen dizkiogu beti Jainkoari zuek guztiongatik, gure otoitzetan gogoan zaituztegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzagu etengabe zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun saiatua eta Jesu Kristo gure Jaunarengan duzuen itxaropen iraunkorra.
Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, berak aukeratu zaituztela. Izan ere, guk zuei hots egindako berri ona ez zitzaizuen hitz hutsez eman, Espiritu Santuaren indar beteaz baizik.

Jaunak esana.

Aleluia Flp 2, 15d. l6a

Aleluia, aleluia.
Izarrek munduan bezala egiten duzue argi,
bizia ematen duen mezuari tinko eutsiz. Alaluia.

EBANJELIOA

Eman, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 15-21

Aldi haietan, fariseuek elkar hartu zuten, Jesusi galdera bat eginez tranpa jartzeko.
Beraz, ikasle batzuk bidali zizkioten, Herodesen alderdikoekin, galdetzera:
–Maisu, badakigu egiazale zarena eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzuna; inoren zeresanak ez dizu axolarik, ez baitiozu begiratzen gizakiaren itxurari. Emaguzu, bada, zeure iritzia: zilegi al da Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez?
Haien maltzurkeria igarriz, Jesusek esan zien:
–Zergatik zatozkidate zirika, itxurazaleok?
Ea, erakutsi zerga-txanpona.
Haiek denario bat aurkeztu zioten. Jesusek galdetu zien:
–Norenak dira irudi eta izen hauek?
Erantzun zioten:
–Zesarrenak.
Jesusek, orduan:
–Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 6 de octubre de 2014

2014/10/12 - Urteko 28. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 28. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunak otordu oparoa emango du eta guztien begietako malkoak xukatuko ditu.

Isaiasen liburutik 25, 6-10a

Sion mendian, Jaun ahalguztidunak
otordu oparoa emango du
nazio guztientzat,
janari gozo mamitsuz,
ardo zahar bikainez.
Mendi honetan kenduko du
herri guztiak estalirik zeuzkan zapia,
nazio guztiak bilduak zeuzkan
oihala.
Behin betiko galduko du heriotza!
Jainko Jaunak
guztien begietako malkoak
xukatuko ditu,
eta mundu guztian jasaniko
lotsaizuna
bere herriarengandik baztertuko.
Hala esan du Jaunak.
Egun horretan, hau esango dute:
«Hona hemen gure Jainkoa!
Berarengan genuen itxaropena
eta salbatu egin gaitu.
Jauna da!
Berarengan genuen itxaropena:
poztu eta alai gaitezen,
salbatu egin baikaitu».
Mendi hau bere eskuz
zainduko du Jaunak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 22, 1-3a. 3b-4. 5. 6 (R.: 6cd)

R.
Jaunaren etxean biziko naiz
amaigabeko egunetan.

Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.
Larre guritan etzanarazten nau,
ur baretara eramaten,
eta indarrak berritzen. R.

Bide egokitik narama, leiala delako.
Ibar beltz-ilunetan banabil ere,
ez dut inolako gaitzen beldurrik,
zu nirekin baitzaude:
zure artzain-makilak lasaitzen nau. R.

Zuk atontzen didazu mahaia
etsaien begi aurrean,
ukenduz gantzutzen didazu burua;
gainezka dut kopa.
R.

Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute
bizitzako egun guztietan;

Jaunaren etxean biziko naiz
amaigabeko egunetan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 4, 12-14. 19-20

Senideok: Badakit eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen. Edozein egoeratan zaildua eta edozertara jarria nago: aserik nahiz goseak egotera, ugari edukitzera nahiz beharrizanera. Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan. Hala ere, ederki egin zenuten nire atsekabean zeuen solidaritatea agertzean.
Nire Jainkoak, bere aldetik, bere aberastasun harrigarriaren arabera erantzungo dizue zeuen premia guztietan, Kristo Jesusen bitartez. Aintza Jainko gure Aitari menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Ef. 1,17-18

Aleluia, aleluia.
Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia dagokion Aitak,
Argi ditzala zuen barruko begiak,
jakin dezazuen zer itxarotera deitu zaituzten. Aleluia.

EBANJELIOA

Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 1-14

Jesus berriro parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien: «Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak ospatzen zituen erregearekin bezala gertatzen da.
Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina haiek ez zuten etorri nahi izan. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dena dago prest. Zatozte ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zuten jaramonik egin: bata bere sorora joan zen, bestea bere negozioetara, eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten. Sumindu egin zen erregea eta, soldaduak bidaliz, hil egin zituen giza hiltzaile haiek eta su eman herriari. Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkituriko guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.
Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi zuen, eta esan zion: “Adiskidea, nola sartu zara hemen eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Lot ezazue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.
Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak baino».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com