lunes, 28 de julio de 2014

2014/08/03 - Urteko 18. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 18. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Etorri eta jan.

Isaías liburutik 55, 1-3

Honela dio Jaunak:
«Egarri zareten guztiok,
etorri uretara,
etorri, dirurik ez duzuenok ere!
Etorri, hartu garia eta jan,
hartu ardoa eta esnea,
dena hutsean, ordaindu gabe.
Zergatik gastatu zeuen dirua
goserik utziko zaituzten janaritan,
eta lansaria
aseko ez zaituzteten gauzetan?
Entzun niri arretaz,
eta ongi jango duzue,
janari gozo mamitsuz
elikatuko zarete.
Etorri niregana eta egon adi,
entzudazue eta biziko zarete.
Betiko ituna egingo dut zuekin,
Davidi eginiko
maitasunezko agintzariari
leial eutsiz.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 144, 8-9. 15-16. 17-18 (R.: cf. 16)

R.
Eskua zabaldu, Jauna,
eta bizidun oro onginahiz asetzen duzu.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Zuri begira daude denak zain,
eta zuk jaten ematen diezu bere garaian;
eskua zabaldu
eta bizidun oro onginahiz asetzen duzu. R.

Zuzena da Jauna jokabide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik,
benetan dei egiten diotenengandik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ez inolako beste izakik, ez gaituela aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 8, 35. 37-39

Senideok: Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak? Baina guztiotan erraz ateratzen gara garaile, maite izan gaituenari esker. Bai baitakit ziur, ez herio eta ez bizi, ez aingeru eta ez goiko beste indar, ez oraingo eta ez geroko, ez inolako botere, ez ortziko eta ez lur azpiko indar, ez inolako beste izakik, ez gaituela aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 4, 4b

Aleluia, aleluia.
Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da. Aleluia.

EBANJELIOA

Asetzeraino jan zuten denek.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik  14, 13-21

Dembora horretan, Jesusek Joan hil dela jakitean, Jesus bazter batera joan zen bakarrik txalupaz. Baina jendea ohartu egin zen eta, herrietatik irtenik, oinez jarraitu zioten. Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek eta, errukiturik, gaixoak sendatu zizkien.
Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten:
–Toki hau oso urruti dago eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu, bada, jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan.
Baina Jesusek erantzun zien:
–Ez dute zertan joanik; eman zeuek jaten.
Haiek, orduan:
–Ez daukagu hemen bost ogi eta bi arrain besterik.
Eta Jesusek:
–Ekarri hona.
Jendeari zelaian esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari.
Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.
Bost mila gizon inguru izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 27 de julio de 2014

2014/07/31 - Loiolako Inazio santua (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Loiolako Inazio santua (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkazioa eta madarikazioa jartzen dizkizuet gaur aurrean.  

Deuteronomio liburutik 30, 15-20  

Horrela esan zion Moisesek herriari: «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra. Baldin eta gaur nik ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz, berari jarraituz eta beraren agindu, lege eta erabakiak betez, biziko zarete eta ugalduko, eta bedeinkatu egingo zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean. Baina zuen bihotza okerbideratzen bada eta, jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta haiek gurtzeko tentazioari amore emanez, ez entzunarena egiten baduzue, gaur iragartzen dizuet erabat galduko zaretela: ez zarete luzaro biziko Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean.
«Zeru-lurrak hartzen ditut lekuko gaur zuen kontra: bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak. Horretarako, maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa, obeditu eta bizi berari atxikiak, horretan baitatza zuen bizia, eta hortik baitatorkizue Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindutako lurraldean luzaro bizitzeko ahalbidea».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 1, 1-2. 3. 4 y 6

R.
Jaunaren hitza atsegin duena.

Zorionekoa gaiztoen egitasmoei jarraitzen ez
diena,
baizik eta Jaunaren hitza atsegin duena
eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena ! R.

Ur-xirripen ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da:
bere sasoian fruitua dakar,
eta ez zaio hostorik ihartzen;
egiten duen guztia ongi zaio ateratzen. R.

Ez da hori, ez, gaiztoen zoria:
haizeak daraman orbelaren antzeko dira.
Jaunak zaintzen du zintzoen bidea;
gaiztoena, berriz, hutsean galtzen da. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

San Paulo apostoluak Korintotarrei egindako lehenengo gutunetik 10,31-11,1

Senideok: nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako. Eta ez izan erorbide ez juduentzat, ez jentilentzat, ez eliz elkartearentzat ere. Ni ere guztiei atsegin ematen saiatzen naiz gauza guztietan eta ez dut bilatzen neure ona, besteena baizik, salba daitezen.
Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Nor naizela dio jendeak?

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 9, 18-26.

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:
– Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
– Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien:
– Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
– Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da ».
Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu? Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko denean.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 21 de julio de 2014

2014/07/27 - Urteko 17. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 17. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Adimena eskatu didazu.

Erregeak lehenengo liburutik 3, 5. 7-12

Gau hartan Jauna agertu zitzaion ametsetan Salomoni, eta esan zion:
–Eskatu nahi duzuna, eta emanen dizut.
Salomonek erantzun zion:
–Onginahi handia izan zenuen zeure zerbitzari David gure aitarentzat, berak zure aurrean leial, zuzen eta bihotz zintzoz jokatu zuelako. Eta onginahi hori gorde egin diozu, gaur haren aulkian jarria dagoen seme hau berari emanez. Ene Jainko Jauna, gure aita Daviden ordez ni, zeure zerbitzari hau, egin nauzu errege. Ni, berriz, mutil gaztea nauzu eta gobernatzen ikasi gabea. Zehazki zenbatu ezin ahalako herri ugaria hautatu zenuen, eta neu egin nauzu herri horren buru.
Emadazu adimen argia zure herria gobernatzeko, eta ona eta txarra bereizteko. Bestela, nola izan zure herri handi hau gobernatzeko gauza?
Atsegin izan zuen Jaunak Salomonen eskari hau. Orduan, Jainkoak esan zion Salomoni:
–Halako eskaria egin didazulako eta zeuretzat urte asko, aberastasuna edota zeure etsaien heriotza eskatu ordez, zuzen gobernatzeko adimena eskatu didazulako, emango dizut eskatu duzuna. Begira, zure aurretik inork izan ez dituen eta zure ondoren ere inork izango ez dituen bezainbateko jakinduria eta adimena damazkizut.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 118, 57 y 72. 76-77. 127-128. 129-130 (R.: 97a)

R.
Bai dudala maite zure irakaspena, Jauna!

Jauna, ene ondasun bakar,
erabakia dut zure hitzak gordetzea.
Zein ona niretzat zure irakaspena,
urre-zilarrezko milaka txanpon baino baliotsuagoa! R.

Arren, kontsola nazazu zeure maitasunez,
zeure zerbitzari honi hitzeman diozunez.
Zatozkit zeure gupidaz, biziberri nadin,
zure irakaspena baitut gozamen! R.

Nik, ordea, maite ditut zure aginduak,
urrerik finena baino maiteago.
Zuzen-zuzenak iruditzen zaizkit zure xedapen guztiak,
eta gorroto diot jokabide maltzur orori. R.

Harrigarriak dira zure xedapenak!
Horregatik ditut gogoan gordetzen.
Azaldu zeure hitz argigarriak,
eman ulermena heldugabeei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Aukeratu ere egin zituen Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zitezen.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 8, 28-30

Senideok: Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak, bere aurre-erabakiz deitu dituenen onerako, alegia. Aurrez ezagutu zituenak, aukeratu ere egin zituen Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zitezen, eta, horrela, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin.
Aurrez aukeratu zituenak, deitu ere egin zituen; deituak, berriz, zuzentzat onartu zituen, eta zuzentzat onartuak aintzaz bete.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Aleluia, aleluia.
Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako
eta jende xumeari agertu. Aleluia.

EBANJELIOA

Dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 13, 44-52

Egun haietan, Jesusek jendeari asan zion:
«Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.
«Era berean, Jainkoaren erregetzarekin, harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du.
«Jainkoaren erregetzarekin, uretara botatzen den eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da. Betea denean, bazterrera ateratzen dute; gero, eseri eta onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen. Berdin izango da munduaren azkenean: aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte, eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han».
–Ulertu al duzue hau guztia? –galdetu zien Jesusek ikasleei.
–Bai –erantzun zioten.
Hark esan zien:
–Beraz, Jainkoaren erregetzaren jakinduriaz jantzia dagoen lege-maisua, bere altxorretik zahar eta berriak ateratzen dituen etxeko jaunaren antzekoa da.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


domingo, 20 de julio de 2014

2014/07/25 - Santiago, apostolua (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Santiago, apostolua (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen.

Eginak 4,33; 5,12. 27-33; 12,2

Egun haietan, apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Anitz mirari eta egintza harrigarri gertatzen ziren herrian apostoluen eskuz.
Biltzar Nagusiaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak esan zien:
–Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue.
Pedrok eta beste apostoluek erantzun zuten:
–Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena. Gure arbasoen Jainkoak piztu egin du zuek egur batetik zintzilik hil zenuten Jesus. Jainkoak bere eskuinaldera altxatu du, buru eta salbatzaile eginez, Israeli bihozberritzea eta bekatuen barkamena emateko.
Gu gara honen guztiaren lekuko , gu eta esaneko zaizkionei Jainkoak ematen dien Espiritu Santua.
Erantzun honek beren onetik atera zituen, eta hil egin nahi zituzten apostoluak. Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 7-8

R.
Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Eman beza lurrak bere fruitua,
bedeinka gaitzala Jainkoak, gure Jainkoak.
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesusen heriotza daramagu guregan.

2 Korintoarrei 4,7-15

Baina altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik.
Alde guztietatik estutzen gaituzte , baina zapaldu ez; larri gaude, baina etsita ez; erasopean bai, baina eskutik utzita ez; lurrera botatzen gaituzte, baina suntsitzen ez; nonahi eta beti Jesusen heriotza daramagu guregan, Jesusen bizia ere guregan ager dadin. Bizi garen bitartean, beti heriotzara garamatzate Jesusengatik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere ager dadin.
Horrela, guregan heriotza ari da; zuengan, berriz, bizia.
Hau dio Liburu Santuak: Sinetsi nuen, eta horregatik hitz egin nuen. Guk ere, sinesmen-espiritu bera dugularik, sinesten dugu eta horregatik hitz egiten, jakinik, Jesus Jauna piztu duenak piztu egingo gaituela gu ere Jesusekin eta beronen ondoan ipiniko gaituela zuekin batera.
Hau guztia zuen onerako da, Jainkoaren dohaina askorengana ugari zabaltzean, esker ona ere ugal dadin, Jainkoaren aintzarako.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue.

+ Mateo 20,20-28

Zebedeoren emaztea bere semeekin Jesusi hurbildu eta aurrean ahuspeztu zitzaion eskabide bat egiteko. Jesusek galdetu zion:
–Zer nahi duzu?
Eta hark:
–Agindu ezazu nire bi seme hauek, zu errege izatean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar daitezela.
Jesusek erantzun:
–Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko?
–Bai, gauza gara –esan zioten.
Jesusek, orduan:
–Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
Beste hamarrak, hori entzutean, bi anaien aurka haserre jarri ziren. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari.
Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. Gizonaren Semea bezala: hura ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 14 de julio de 2014

2014/07/20 - Urteko 16. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 16. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bekatariei bihozberritzeko aukera emanez,
itxaropenez bete dituzu zeure seme-alabak.

Jakinduria 12, 13. 16-19

Ez da gauza guztiez arduratzen den zu beste jainkorik,
ez duzu zure epaia zuzena dela inori frogatu beharrik.
Zure indarra da justiziaren oinarria,
eta gauza guztien nagusi izateak
guztiekin errukior izatera zaramatza.
Zure boterearen betetasuna zalantzan jartzen dutenei
zeure indarra sentiarazten diezu,
eta, nahiz eta botere hori aitortu,
ausarkeriaz jokatzen dutenak erruduntzat uzten dituzu.
Baina zuk, zeure indarraren nagusi horrek,
neurritasunez epaitzen gaituzu
eta bihozberatasun handiz gobernatzen;
zeure esku duzu nahi duzunean indarraz baliatzea.
Horrela jokatuz erakutsi diozu zeure herriari
zintzoak gizakiaren adiskide izan behar duela;
bekatariei bihozberritzeko aukera emanez,
itxaropenez bete dituzu zeure seme-alabak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 85, 5-6. 9-10. 15-16a (R.: 5a)

R.
Ona zara zu, Jauna, eta barkabera.

Ona zara zu, Jauna, eta barkabera,
dei egiten dizutenentzat onginahiz betea.
Makurtu belarria nire otoitzera, Jauna,
egin kasu nire erregu-oihuari! R.

Herri guztiak zuk eginak: adoratzera etorriko zaizkizu,
zuri, Jauna, ohore ematera.
Handia zara, mirarigilea, zu bakarrik Jainkoa! R.

Baina zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra,
haserregaitza, onginahiz eta leialtasunez betea:
itzul niregana, erruki zakizkit. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espirituak erregutzen du esanezin ahalako intziriz.

Erromatarrei 8, 26-27

Senideok:
Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz.
Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Aleluia, aleluia.
Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako
eta jende xumeari agertu. Aleluia.

EBANJELIOA

Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean.

+ Mateo 13, 24-43 (laburren irakurketa 13, 24-30)

Egun haietan, beste parabola bat proposatu zien Jesusek: «Jainkoaren erregetzarekin, gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Etxeko denak lo zeudela, etsaiak soroan sartu eta gari artean olo gaiztoa erein zuen eta alde egin. Garia hazi eta burutu zenean, olo gaiztoa ere agertu zen. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik du, bada, olo gaiztoa?” Hark erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Eta morroiek: “Joango al gara olo gaiztoa biltzera?” Baina nagusiak: “Ez, ez dadila gerta olo gaiztoa biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehenik olo gaiztoa, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».

[Jesusek beste parabola hau kontatu zien: «Jainkoaren erregetza gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da.
Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
Beste parabola bat ere esan zien: «Jainkoaren erregetza legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».
Irakaspen hauek guztiak parabola bidez eman zizkion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabolaz izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana:

Parabola bidez mintzatuko naiz,
munduaren hasieratik
gordea zegoena azalduko.

Jesus jendetza agurtu eta etxeratu egin zen. Hurbildu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta eskatu zioten: «Argi iezaguzu soroko olo gaiztoaren parabola».
Jesusek esan zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; olo gaiztoa, berriz, gaiztoarenak; olo gaiztoa ereiten duen etsaia deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.
Olo gaiztoa bildu eta sutan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere:
Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide gertatzen direnak, eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han.
Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza denak uler beza!]

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com


lunes, 7 de julio de 2014

2014/07/13 - Urteko 15. Igandea (A)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 15. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Euriak lurra emankor bihurtu du.

Isaias liburutik 55, 10-11

«Euria eta elurra zerutik jaitsi
eta ez dira bertara itzultzen,
lurra urez ase gabe,
emankor bihurtu
eta ernamuindu gabe,
ereiteko hazia
eta jateko ogia sor ditzan;
berdin nire ahotik irtendako
hitza ere:
ez da niregana itzultzen
bere eragina izan gabe,
baizik eta nik nahi dudana egiten du
eta nik ezarritako helburua
betetzen».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 64, 10. 11. 12-13. 14 (R.: Lc 8, 8)

R.
Haziak lur gozoan erori ziren; erne eta bateko ehun eman zuten fruitu.

Zuk zaintzen duzu lurra,
urez ase eta oparo aberasten;
gainezka doa urez zeruko ubidea,
zuk ematen diozu gizakiari garia,
zuk prestatzen lurra. R.

Ildoak ureztatu, zokorrak berdindu,
euri-zaparradaz harrotu,
ernamuinak bedeinkatu.  R.

Urtea ondasunez mukurutzen duzu,
zure lautadak joritasunez janzten.
Heze eta jori daude landa zabalak,
pozez apaindurik mendi-muinoak. R.

Zelaiak artaldez jantzi dira,
ibarrak gariz estali.
Denek irrintzi eta kantu! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 8, 18-23

Senideok:
Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean.
Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea. Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren –ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik–, badu itxaropena esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko. Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte.
Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluia, aleluia.
Hazia Jainkoaren hitza da, ereile Kristo da;
nor aurkitzen dena betirako biziko da. Aleluia.

EBANJELIOA

Atera zen behin ereilea hazia ereitera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik  13, 1-23 (laburren irakurketa 13, 1-9)

Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen.
Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. Ulertzeko gauza denak uler beza».

[Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten:
–Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?
Jesusek erantzun zien:
–Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.
Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.
Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako.
«Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan:

«Entzungo duzue, bai,
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.
Izan ere, herri honek
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan.

«Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako!
Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.
«Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia. Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena. “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena; baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da. “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.
“Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».]

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com
                        http://iglesiadesopelana.blogspot.com