lunes, 24 de febrero de 2014

2014/03/02 - Urteko 8. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko martxoaren 2a

Urteko 8. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nik ez zaitut ahaztuko.

Isaias liburutik 49, 14-15

«Sionek esaten zuen:
“Jaunak utzia nauka,
ene Jaunak ahaztua”.
Ahaztu ote dezake amak
bere haurtxoa
edo bere sabeleko umeari
errukia ukatu?
Ba, amak haurra ahaztuko balu ere,
nik ez zaitut ahaztuko.

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 61, 2-3. 6-7. 8-9ab (R.: 6a)

R.
Ene barrena, Jainkoarengan bakarrik izan atseden.

Jainkoarengan bakarrik atseden nire barruak,
harengandik nire salbamena.
Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen,
nire gotorleku: inola ere ez naiz eroriko. R.

Ene barrena, Jainkoarengan bakarrik izan atseden,
harengandik baitator nire esperantza.
Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen,
nire gotorleku: ez naiz eroriko. R.

Jainkoarengan nire salbamena eta ohorea,
Jainkoa nire harkaitz sendo eta babesleku.
Izan beti harengan konfiantza, haren herri zaretenok!
Zabaldu hari zeuen bihotza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaunak agertuko bihotzeko asmo gordeak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 4, 1-5

Senideok, har gaitzatela denek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren asmo ezkutuen administratzailetzat. Eta administratzaileari eskatzen zaiona leiala izatea da. Niri dagokidanez, gutxi axola zait zuek edo giza auzitegik epaitua izatea. Neuk ere ez dut epaitzen neure burua. Egia da neure kontzientziak ez nauela ezertan salatzen; baina horrek ez du esan nahi neure burua errugabetzat dudanik, Jaunak bainau epaitzen. Ez dezazuela, beraz, epea baino lehen epai. Itxaron Jauna etorri arte. Berak argituko du ilunpean ezkutatua dagoena, berak agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta orduan, nork bere merezia jasoko du Jainkoarengandik.

Jaunak esana

Aleluia Hb 4, 12

Aleluia, aleluia.
Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa,
barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu. Aleluia

EBANJELIOA

Ez arduratu, biharko egunaz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 6, 24-34

Egun haietan, Jesusek bere jarratzailei esan zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?
«Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.

Jaunak esana



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 17 de febrero de 2014

2014/02/23 - Urteko 7. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 23a

Urteko 7. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala.

Lebitarrena liburutik 19, 1-2.17-18

Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esan israeldarren elkarte osoari: Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta.
“Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari; baina ez izan herritarra zentzarazteko beldur ere, harengatik bekaturik egin ez dezazuen. Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik herritarrekin. Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala. Neu naiz Jauna.”»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 102, 1-2.3-4.8 y 10. 12-13 (R.: 8a)

R.
Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ene barren osoak haren izen santua!
Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ez bitza ahaztu haren mesedeak!  R.

Erru guztiak barkatzen dizkit,
gaitz guztiak sendatzen;
bizia Herio Leizetik ateratzen dit,
maitasun eta errukiz inguratzen nau. R.

Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,
ez digu ordaintzen geure erruen arabera.  R.

Nola ekialdea mendebaldetik urruti,
hala ditu hark gure hobenak beregandik urruntzen.
Nola aita seme-alabentzat errukior,
hala Jauna begirune diotenentzat errukior.  R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Dena zuena da. Zuek, ordea, Kristorenak zarete, eta Kristo Jainkoarena.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 3, 16-23

Senideok: Ez al dakizue Jainkoaren tenplu zaretela eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dela? Jainkoaren tenplua hondatzen duena, hondatu egingo du Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua baita: tenplu hori zuek zarete.
Ez beza inork bere burua engaina! Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakintsu dela uste badu, egin bedi zoro, egiaz jakintsu izateko. Mundu honetako jakinduria, izan ere, zorakeria da Jainkoaren begietan, Liburu Santuak dioen bezala:
«Jakintsuak beren maltzurkerian
harrapatzen ditu.»
Eta beste hau ere badio:
«Badaki Jaunak jakintsuen asmoak
hutsalak direla.»
Beraz, ez bedi inor harro gizakiez, dena zuena baita: Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotza, oraingoa eta gerokoa; dena zuena da. Zuek, ordea, Kristorenak zarete, eta Kristo Jainkoarena.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 2, 5

Aleluia, aleluia.
Haren mezua onartzen duenarengan,
berriz, Jainkoaren maitasuna
bere betera iritsi da.
Aleluia.

EBANJELIOA

Maitatu etsaiak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 38-48

Egun hauetan, Jesusek esan zieten bere irakasleei: «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain. Nik, berriz, hau diotsuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere; norbaitek kilometro bat egitera behartzen bazaitu egin bi berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.
«Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde; horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria. Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, bada, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 10 de febrero de 2014

2014/02/16 - Urteko 6. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 16a

Urteko 6. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez dio inori eman bekatu egiteko baimenik.

Ben Sirak liburutik 15, 16-21 (15, 15-20)

Nahi baduzu, gorde ditzakezu aginduak,
Jaunaren borondatea zintzo betetzeko.
Hark sua eta ura jarri dizkizu aurrean,
nora nahi, hara eraman dezakezu eskua.
Bizitza eta heriotza daude gizakien aurrean jarriak:
aukeratzen duena emango bakoitzari.
Handia da, bai, Jaunaren jakinduria,
guztiz ahaltsua da eta dena ikusten du,
gizakiak egindako guztia ezagutzen.
Begirune diotenengan ditu jarrita begiak;
ez dio inori agindu fedegabe izateko,
ezta inori eman ere bekatu egiteko baimenik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 118, 1-2. 4-5. 17-18. 33-34 (R.: lb)

R.
Zorionekoak Jaunaren legean dabiltzanak!

Zorionekoak erabat zintzo jokatzen dutenak,
Jaunaren legean dabiltzanak!
Zorionekoak, haren xedapenak betez,
bihotz-bihotzez harengana jotzen dutenak! R.

Jauna, zeure legeak ezarri dituzu, arretaz bete ditzagun.
Eman ditzadala urratsak tinko, zure arauak gordetzeko. R.

Egiozu on zeure zerbitzari honi: biziko naiz
eta zure hitza gordeko dut.
Ireki nire begiak, ikus ahal ditzadan
zure legearen dohain harrigarriak. R.

Erakutsi niri, Jauna, zeure arauen bidea,
horri jarraitzea izango dut sari.
Ulertarazi zeure legea, eta gordeko dut,
bihotz-bihotzez beteko. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak jakinduria betidanik gure aintzarako erabaki zeukan

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 2, 6-10

Senideok, hala ere, sinesmen helduko kristauei jakinduria irakasten diegu guk ere; baina jakinduria hori ez da mundu honetakoa, ezta laster galduko diren mundu honetako agintariena ere. Guk Jainkoaren jakinduria misteriotsua irakasten dugu, hark ezkutuan eduki eta betidanik gure aintzarako erabakia zeukana. Mundu honetako agintarietatik batek ere ez du jakinduria hori ezagutu, zeren, ezagutu izan balute, ez baitzuketen gurutziltzatuko Jainkoaren aintza berekin zuen Jauna.
Baina, Liburu Santuak dioen bezala, inork ikusi eta entzun ez duena, gizakiari inoiz bururatu ez zaiona, Jainkoak bera maite dutenentzat prestaturik zeukana, horixe agertu digu Jainkoak Espirituaren bidez. Espirituak, izan ere, guztia aztertzen du, baita Jainkoaren barne-sakona ere.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Aleluia, aleluia.
Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuaren gauzak jende xumeari
agertu dizkiezulako. Aleluia.

EBANJELIOA

Aurrekoei agindu zitzaien Nik, berriz, hau diotsuet.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 17-37

Egun haietan, «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.
Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.
Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.
«Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.
«Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.
Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.
«Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.
Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.
«Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
«Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen contra elkartuak ez badira behintzat – adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.
Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 3 de febrero de 2014

2014/02/09 - Urteko 5. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 9a

Urteko 5. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Goiz-argiak bezala
egingo duzu distira.

Isaias liburutik 58, 7-10

Jaunak esan zidan:
«Gose denari zeure ogitik eman
eta aterperik ez duen behartsua
etxean hartzea,
biluzik dagoena jantzi
eta zeure gizakideari
laguntzarik ez ukatzea?»
Orduan, goiz-argiak bezala
egingo duzu distira
eta zure gaitzak berehala
sendatuko dira.
Justizia izango duzu
aurretik gidari
eta Jaunaren presentzia
atzetik babesgarri.
Zuk dei egin
eta hark erantzun egingo dizu,
zuk laguntza eskatu
eta hark esango: «Hemen nauzu!»
Uztarri oro baztertzen
eta salaketak eta gaizki-esateak
uxatzen badituzu,
gose denari
zeure ogia ematen
eta behartsuaren premiari
erantzuten badiozu,
orduan, ilunpetan distira
egingo du zure argiak,
zure gau beltza
eguerdi bihurtuko da.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 111, 4-5. 6-7. 8a y 9 (R.: 4a)

R.
Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat.

Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat:
Jainko errukiorra, bihozbera eta zintzoa.
Zorionekoa errukitu eta laguntzen duena,
bere arazoak zuzen daramatzana. R.

Zintzoak ez du inoiz koloka egingo,
haren oroitzapenak beti bizirik iraungo.
Ez du izango berri txarren beldurrik,
adoretsu dago, Jaunarenganako konfiantzaz. R.

Seguru sentitzen da, ezeren beldurrik gabe;
Eskua betean ematen die behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau:
ohorez jasoko du kopeta. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo gurutziltzatuaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 2, 1-5

Horregatik, senideok, nik ere, Jainkoaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean, ez nizuen hitz egin giza jakinduriazko hizkera landua erabiliz.
Izan ere, zuen artean ez nuen ezer jakin nahi izan, Jesu Kristo, eta berau gurutziltzatua, izan ezik. Horregatik, ahul eta beldurrez dar-dar aurkeztu nintzen zuen aurrean.
Nire hitza eta predikua ez ziren giza jakinduriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baizik, horrela, zuen sinesmena Jainkoaren indarrean oinarri zedin eta ez giza jakindurian.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 8, 12b

Aleluia, aleluia.
Neu naiz munduarentzat argia- esanten du Jaunak-
niri jarraitzen didana bizia ematen duen argia izango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Zuek zarete munduarentzat argia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 13-16

Orduan, Jesusek esan zioten bere ikasleei:
«Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.
«Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com