lunes, 30 de diciembre de 2013

2014/01/05 - Eguberri ondoko 2. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko urtarrilaren 5a

Eguberri ondoko 2. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jainkoaren jakinduria bere herrian bota ditut sustraiak.

Ben Siraken jakinduria liburutik Si 24, 1-2. 8-12

Jakinduriak bere burua goraipatzen du,
bere herriaren erdian aintzaz beterik agertzen.
Goi-goikoaren batzarrean zabaltzen du ahoa,
Ahaltsuaren aurrean aintzaz beterik agertzen.
Orduan, gauza guztien sortzaileak agindua eman zidan,
sortu ninduenak egoitza finkatu,
esanez: “Ezarri zeure egoitza Jakoben herrian,
hartu Israel zeure ondaretzat”.
Denbora hasi aurretik sortu ninduen Jainkoak
eta izateari ez diot sekula utziko.
Haren aurrean jardun izan dut
egoitza santuan kultugintzan
eta horrela finkatu naiz Sion mendian.
Hiri maitean eman dit atseden-leku
eta Jerusalemen dut neure aginpidea.
Herri ospetsuan bota ditut sustraiak,
Jaunaren sailean dago nire ondarea.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 147, 12-13. 14-15. 19-20

R.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

Ospatu Jauna, Jerusalem! Goretsi zeure Jainkoa, Sion!
Zure ate-morroiloak sendotu baititu
eta seme-alabak zure baitan bedeinkatu. R.

Zeure lurraldera bakea ekarri dizu,
garirik onenaz asetzen zaitu.
Hark bere hitza lurrera bidali
eta arin lehiatzen da bere helburura. R.

Bere hitza iragartzen dio Jakoben herriari,
bere erabaki eta legeak Israeli.
Beste herriei ez die horrelakorik egin,
bere erabakirik ez die ezagutarazi. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bere onginahiak eraginda, ordutik zuen erabakia Jesu Kristoren bitartez gu seme-alabatzat hartzea.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 1, 3-6. 15-18

Goretsia izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
zeruan, Kristoren bitartez,
Espirituaren ondasun oroz
bedeinkatu gaituena!
Kristorengan aukeratu gintuen
mundua mundu izan baino lehen,
haren aurrean santu eta akats gabe
izan gaitezen maitasunez.
Bere onginahiak eraginda,
ordutik zuen erabakia
Jesu Kristoren bitartez
gu seme-alabatzat hartzea,
bere Seme maitearengan
eskuzabal eman digun
dohain zoragarria
berarentzat gorespen-kantu
bihur dadin.
Horregatik, Jesus Jaunarengan nola sinesten duzuen eta fededun guztiak nola maite dituzuen jakinik, etengabe ari natzaio Jainkoari zuengatik eskerrak ematen, ene otoitzetan zuetaz oroituz.
Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia dagokion Aitak, jakinduria eta goi-argia eman diezazkizuela, bera zer-nolakoa den sakonki ezagutzeko. Argi ditzala zuen barruko begiak, jakin dezazuen zer itxarotera deitu zaituzten, zein zoragarria den fededunentzat ondare gisa prestatua duen aintza.

Jaunak esana.

Aleluia 1 Tm 3,16

Aleluia, aleluia.
Aintza zuri, Kristo, herriei hots egina.
Aintza zuri, Kristo, munduan sinetsia. Aleluia.

EBANJELIOA

Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Juan liburutik 1, 1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.

Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena. Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten. Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.

Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.

Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».

Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


domingo, 29 de diciembre de 2013

2014/01/01 - Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko urtarrilaren 1a

Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut.

Zenbakiak liburutik 6,22-27

Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esaiezu Aaroni eta beronen semeei formula hau erabili behar dutela israeldarrak bedeinkatzeko:

«Jaunak bedeinka
eta gorde zaitzala;
Jaunak aurpegi argia erakutsi
eta erruki dakizula.
Jaunak maitasunez begiratu
eta bakea eman diezazula.

«Honela, nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 6. 8

R.
Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu.

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik 4,4-7

Baina epea bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean zeudenak askatzera, guk seme-alabatzakoa har genezan. Hona hemen seme-alaba zaretenaren seinalea: Jainkoak bere Semearen Espiritua bidali du gure bihotzetara, eta Espirituak «Abba!», hau da, «Aita!» dio oihuka. Orain, beraz, ez zara esklabo, seme baizik eta, seme zarenez, baita oinordeko ere, Jainkoaren borondatez.

Jaunak esana.

Aleluia Hb 1,1-2

Aleluia, aleluia.
Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak
gure arbasoei profeten bidez.
Azken egun hauetan , berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Aleluia.

EBANJELIOA

Aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria. Jaio eta zortzi egunera, Jesus izena ezarri zioten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,16-21

Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren. Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.
Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.
Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 23 de diciembre de 2013

2013/12/29 - Familia Santua (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 29a

Familia Santua (A)

Familia Santua (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu.

Ben Sirak  Si 3,2-6.12-14

Jaunak seme-alaben gainetik errespetarazten du aita,
amaren aginpidea ezartzen umeen gain.
Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu,
ama errespetatzen duenak altxorra metatzen.
Aita ohoratzen duenak bere seme-alabengan izango du poza,
otoitz egitean Jaunak entzun egingo dio eskaria.
Aita errespetatzen duenak bizitza luzea izango du,
Jaunak esana egiten duenak atsegin emango amari.
Seme, zaindu aita bere zahartzaroan,
ez eman nahigaberik bizi den artean.
Burua galtzen badu ere, izan barkabera;
ez iraindu, indarrez betea zaudela eta.
Ez du Jaunak ahaztuko aitari on egina,
zeure bekatuen ordainetan hartuko dizu kontuan.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 127, 1-2. 3. 4-5

R.
Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!

Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!
Zeure lanaren fruituaz biziko zara
eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. R.

Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko
izango duzu etxe-txokoan;
seme-alabak olibondo gazteen pareko zeure mahai inguruan. R.

Horra Jaunari begirune dionarentzat
zer bedeinkazio!
Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik,
goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan.

Kolosarrei 3, 12-21

Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz. Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri. Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria. Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko.
Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala. Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar.
Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko. Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen.

Jaunak esana.

Aleluia Kol 3,15a.16a

leluia, aleluia.
Kristoren bakea izan bedi nagusi
zuen bihotzetan.
Bizi bedi oparo zuengan
Kristoren mezua. Aleluia.

EBANJELIOA

Hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora.

Mateo 2,13-15.19-23

Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko».
Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora alde egin zuen. Han bizi izan zen, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zen: Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari.
Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Egipton, eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak».
Hartu zituen Josek haurra eta ama, eta Israelera joan zen. Baina jakin zuen Herodesen ordez honen seme Arkelao zegoela Judean errege, eta beldurra sartu zitzaion hara joateko. Eta, ametsetan adierazi zitzaiolarik, Galileara jo zuen, eta Nazaret izeneko herrian jarri zen bizitzen; horrela bete zen Jainkoak profeten bidez esana: «Nazaretarra esango diote».

Jaunak esana.





domingo, 22 de diciembre de 2013

2013/12/25 - JAUNGOIKOAREN JAIOTZA (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 25a

JAUNGOIKOAREN JAIOTZA (A)


Gauerdiko meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Haur bat jaio zaigu.

Isaias liburutik 9,1-3. 5-6

Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.
Poz bizia sortu diezu,
alaitasun handia eman.
Pozik daude zure aurrean,
uzta biltzean bezain pozik,
harrapakinak banatzean bezain alai.
Apurtua baituzu lepoan zeramaten
uztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea
apurtu zenuen bezalaxe.
Haur bat jaio zaigu,
Jainkoak seme bat eman digu.
Beroni ezarri zaio aginpidea,
eta honela deitzen diote:
«Kontseilari miragarri,
Jainko indartsu,
Aita betiereko, Errege bake-emaile».
Gero eta zabalagoa izango da
haren agintaritza,
azkengabea bakea.
Daviden tronuan izango da errege,
eta justizia eta zuzenbidea
izango dira haren erregetzaren
oinarri eta sostengu,
oraindanik eta betiko.
Jaun ahalguztidunaren
maitemin sutsuak
egingo du hori.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 95, 1-2a. 2b-3. 11-12. 13

R.
Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur.

Kanta Jaunari kantu berria,
kanta Jaunari, lurtar guztiok,
kanta Jaunari, bedeinka haren izena! R

Hots egin egunez egun salbatzaile dela,
zabaldu haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan! R

Poz bedi zerua, alaitu lurra,
egin beza burrunba itsasoak eta bertako guztiak,
egin festa landa zabalak eta bertan dagoenak,
poz-oihu basoko zuhaitzek oro. R

Badatorren, lurra gobernatzera datorren Jaunaren aurrean.
Justiziaz gobernatuko du mundua eta leialtasunez herriak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat.

San Paulo Apostoluak Titori egindako gutunetik 2,11-14

Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri. Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 2,10-11

Aleluia, aleluia.
Berri on pozgarria dakarkizuet,
Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna,
jaio zaizue. Aleluia.

EBANJELIOA

Salbatzailea, jaio zaizue gaur.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,1-14

Garai hartan, mundu guztiaren errolda egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak. Lehen erroldatze hau Siriako gobernari Kirino zela egin zen. Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. Jose ere, Daviden familia eta jatorrikoa baitzen, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Daviden herrira igo zen bere emazte Mariarekin, erroldatzera. Maria haurdun zegoen. Belenen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.
Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; haiek beldur-ikaraz gelditu ziren, eta aingeruak esan zien: «Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian. Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana».
Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz: «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei! »

Jaunak esana.

Egunerako meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Mundu-bazter guztiek ikusiko dute gure Jainkoaren garaipena.

Isaias liburutik 52,7-10

Bai ederra mendi gainetan
albistaria etortzen ikustea!
Bakea iragartzen du,
zorionaren berri ona ematen,
askapena aldarrikatzen.
Sioni diotso:
«Errege da zure Jainkoa!»
Zure begiraleak deiadarka!
Poz-oihu dagite denek,
beren begiz ikusten baitute
Jauna Sionera itzultzen.
Ekin denok poz-oihuka,
Jerusalemgo horma eroriok,
Jaunak bere herria kontsolatu baitu,
Jerusalem askatu.
Bere jainkozko indar paregabea
azaldu du Jaunak
nazio guztien aurrean.
Mundu-bazter guztiek ikusiko dute
gure Jainkoaren garaipena.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R.
Bere garaipena azaldu du Jaunak.

Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. R.

Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna. R.

Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua!
R.

Ospatu Jauna zitaraz, zitaraz eta kantu ederrez!
Turuta eta adar-hotsez, egin irrintzi errege den Jaunari! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semearen bidez hitz egin digu

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 1,1-6

Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez; azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Seme horrexen esku utzi ditu gauza guztiak, egin ere berorren bidez egin baitzuen mundua. Bera da Jainkoaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia, eta berak eusten die gauza guztiei bere hitz ahaltsuaz, eta, bekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskuinaldean eseri da zeru goienetan. Eta aingeruak baino gehiago izatera iritsi da, ondaretzat jaso duen izena ere haiena baino askoz goragokoa denez gero.
Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan:
Nire semea zara zu,
gaur zaitut nik sortu;
eta beste hau ere ez:
Aita izango nau hark ni,
eta seme izango dut nik hura.
Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du:
Adora dezatela bera
Jainkoaren aingeru guztiek.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joan liburutik 1,1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.
Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan
zuen izena.
Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten.
Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua
haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez
sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.
Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».
Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain
hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

Jaunak esana.



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com


lunes, 16 de diciembre de 2013

2013/12/22 - Abendualdiko 4. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 22a

Abendualdiko 4. Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hona, andre gaztea
haurdun dago.

Isaias liburutik 7,10-14

Beste mezu hau ere eman zion Jaunak Akazi Isaiasen bidez: «Eskaiozu zeure Jainko Jaunari ezaugarri bat, nahiz lurraren barrenean nahiz zeru gorenean».
Eta Akazek erantzun: «Ez dut ezaugarririk eskatuko, ez dut Jauna tentatu nahi».
Orduan, Isaiasek esan zuen:
«Entzun, Daviden ondorengook:
gizakiak nekaraztea aski ez duzuela,
nire Jainkoa ere nekarazi
nahi al duzue?
Jaunak berak emango dizue, bada,
ezaugarria:
hona, andre gaztea
haurdun dago
eta semea izango du,
eta Emmanuel,
hau da, “Jainkoa gurekin”,
jarriko dio izen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 23, 1-2. 3-4ab. 5-6

R.
Badator Jauna bera da aintzaz beteriko erregea!

Jaunarena da lurra eta bertan dagoena,
mundua eta bertan bizi direnak;
berak ezarri baitzuen sendo itsasoen gainean,
lur azpiko ur-lasterren gainean.
R.

Nor igo Jaunaren mendira?
Nor egon hark sagaraturiko tokian?
Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena,
gezurrezko jainkoetara jotzen ez duena,
R.

Horrelakoa bedeinkatuko du Jaunak,
justizia egingo dio Jainko salbatzaileak.
Horiek dira haren bila saiatzen direnak,
Jakoben Jainkoa aurkitu nahi dutenak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesu Kristogandik hartu dugu apostolu izateko dohaina, jentil-herriei sinesmena eramateko eta fedezko erantzuna haiengan sortzeko.

San Pablo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 1,1-7

Nik, Paulok, Jesu Kristoren zerbitzari honek, idazten dizuet. Jainkoak deitu ninduen apostolu izateko eta Liburu Santuetan profeten ahoz aurrez agindua zeukan berri ona hots egiteko.
Berri on hau Jainkoaren Semeari buruzkoa da, Jesu Kristo gure Jaunari buruzkoa, alegia: berau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zen; baina, hildakoen artetik piztu zenez gero, santu egiten duen Espirituaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.
Jesu Kristogandik hartu dugu apostolu izateko dohaina, jentil-herriei sinesmena eramateko eta fedezko erantzuna haiengan sortzeko.
Hauetakoak zarete zuek ere, Erroman bizi zaretenok. Jainkoak maite izan zaituzte eta Jesu Kristoren elkarteko eta bere herri santu izateko deitu.
Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 1,23

Aleluia, aleluia.
Ikus ezazue: birjinak haurdun gertatu
eta semea izango du,
eta Emmanuel jarriko dio izena «Jainkoa gurekin». Aleluia

EBANJELIOA

Jose, Daviden ondorengoa,  Maria zeure emaztetzatik Jesus jaioko da.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateosen liburutik 1,18-24

Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria,
Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi, eta isilean uztea erabaki zuen. Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik».
Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen: Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du).
Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen.

Jaunak esana.