lunes, 30 de septiembre de 2013

2013/10/06 - Urteko 27. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko urriaren 6a

Urteko 27. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zintzoa bere leialtasunari esker biziko da.

Habakuk liburutik 1, 2-3; 2, 2-4

Noiz arte ari behar dut, Jauna,
zuri erreguka, zuk entzun gabe?
Noiz arte ari behar dut oihuka
gogorkeriaren aurka,
zuk lagundu gabe?
Zergatik ikusarazten didazu
horrenbeste bidegabekeria?
Nola egon zintezke
zapalketari begira?
Hondamen eta gogorkeria
ugari aurrean,
auziak eta borrokak nonahi.
Jaunak honela erantzun zidan:
«Idatzi agertuko dizudana,
ezarri taulatxoetan,
erraz irakurtzeko eran.
Ikuskari hau ez da beteko,
epea burutu arte,
baina badoa helbururantz,
ez du huts egingo.
Luzatzen bada, zuk itxaron,
iritsiko baita,
berandu gabe iritsi ere.
Harroak ez du bakerik bere baitan;
zintzoa, ordea,
bere leialtasunari esker biziko da».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 94, 1-2. 6-7. 8-9

R.
Egingo al diozue gaur kasu Jaunaren esanari: Ez gogortu bihotzak.

Zatozte, egiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi salbatzen gaituen harkaitzari!
Aurkez gakizkion eskerrak emanez, poz-irrintzi eta kantuz. R.

Zatozte, gurtu dezagun ahuspezturik,
belaunika gaitezen egin gaituen Jaunaren aurrean!
Bera da gure Jainkoa,
eta gu hark larraturiko herria, haren gidaritzapeko artaldea. R.

Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
Ez gogortu bihotzak zuen gurasoek Meriban bezala,
Masako egun hartan basamortuan bezala,
aurpegi eman eta probatu egin baininduten,
nik haien alde egina ikusi arren. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ez izan gure Jauna aitortzeko lotsarik.

San Paulo apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik 1,6-8. 13-14

Anai maitea: Horregatik gogorarazten dizut indarberri dezazula nik eskuak ezartzean Jainkoak eman zizun dohaina, Jainkoak ez baitigu beldurti egiten gaituen espiritua eman, indarra eta maitasuna ematen eta geure buruaren jabe egiten gaituen espiritua baizik.
Ez izan, bada, gure Jauna aitortzeko lotsarik; ez lotsatu nitaz ere, harengatik kartzelan dagoen honetaz; bestela baizik, Jainkoaren indarraz fidaturik, sufri ezazu nirekin batera berri onaren alde.
Har itzazu jarraibidetzat Kristo Jesusengan oinarritzen diren sinesmen eta maitasunari buruz niregandik entzun dituzun hitz osasungarriak.
Zaindu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarraz.

Jaunak esana.

Aleluia 1 P 1,25

Aleluia, aleluia.
Jaunaren hitzak, betiko dirau.
Hitz hau, zuei hots egin zaizuen berri ona da. Aleluia.

EBANJELIOA

Sinesmena bazenute!

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 17,5-10

Egun haietan, Apostoluek eskatu zioten Jaunari:
– Gehi ezazu sinesmena guregan.
Jaunak erantzun zuen:
– Sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi «Atera hortik eta landatu itsasoan» esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke.
«Emazue zuetako batek morroi bat duela soro-lan edo artzaintzarako. Morroia etxeratzean, “Hator berehala mahaira” esaten ote dio? Ez ote dio beste hau esaten: “Presta iezadak afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk hik”? Morroiari esker ona zor ote dio agindua bete duelako?
Zuek ere berdin: agindu zaizuen guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizagaixo batzuk gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».

Jaunak esana.


lunes, 23 de septiembre de 2013

2013/09/29 - Urteko 26. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 29a

Urteko 26. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuek izango zarete lehenengo erbesteratuak.

Amos liburutik 6,1a. 4-7

Honela dio
Jainko Jaun ahalguztidunak:
Ai zuek,
uste osoa Sionen duzuenok,
eta Samarian lasai bizi zaretenok!
Ai zuek,
Ohe dotore eta goxotan
luze etzaten zarete,
artaldeko bildots
eta ukuiluko txahal onenak
jaten dituzue.
Harparen soinura
kantuan egiten duzue,
doinu berriak asmatuz,
David zaretelakoan;
ardoa kopa handitan edaten duzue,
olio usaintsu onenez
igurzten zarete.
Eta ez zaizue axola
Israel herriaren hondamendia!
Horregatik, bada,
zuek izango zarete
lehenengo erbesteratuak,
eta hor amaituko dira
zuen jan-edan eta nasaikeriak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 145, 7. 8-9a. 9bc-10

R.
Gorets beza ene arimak Jauna!

Jaunak beti eusten dio bere hitzari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose direnei ogia ematen.
Jaunak askatzen ditu presoak. R.

Jaunak zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak altxatzen lur jota daudenak.
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R.

Umezurtz eta alargunei zutik eusten,
baina gaiztoen nagusigoa iraultzen.
Jauna errege da betiko,
errege zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bete agindua akatsik gabe eta esankizunik sortu gabe, Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte.

San Paulo apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik 6,11-16

Zuk, ordea, Jainkoaren gizon horrek, ihes egizu hauetatik guztietatik, eta saia zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinesmenean, maitasunean, eroapenean eta otzantasunean.
Ekin sinesmenaren borroka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, hartarako deitu baitzaitu Jainkoak, eta fede-aitormen bikaina egin baituzu, testigu askoren aurrean.
Gauza guztiak biziarazten dituen Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren aitzinean aitormen bikaina egin zuen Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut: bete agindua akatsik gabe eta esankizunik sortu gabe, Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte, bere garaian agerraraziko baitu Jainkoak.

Berau da
nagusi bakar eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna;
bera bakarrik da hilezkorra,
eta iritsezineko argitan bizi da:
ez du inoiz gizakik ikusi,
eta ezin du ikusi ere.
Berari aintza eta agintea betiko!
Amen.

Jaunak esana.

Aleluia 2 Ko 8,9

Aleluia, aleluia.
Jesu Kristo aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik,
bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko. Aleluia.

EBANJELIOA

Zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 16,19-31

Egun haietan, Jesusek esan zien fariseoei:
«Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez janzten zena eta egunero festa ederrak egiten zituena. Bazen Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zena; zauriz josia zegoen. Pozik asko jango zukeen aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen zizkioten.
«Hil zen eskalea, eta Abrahamen ondora eraman zuten aingeruek; hil zen aberatsa ere, eta lur eman zioten.
Hildakoen Egoitzan oinazez zegoela, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urruti, eta Lazaro haren ondoan. Orduan, deiadar egin zion: “Aita Abraham, erruki nitaz; bidal ezazu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, kiskaltzen bainago sugar hauetan”. Baina, Abrahamek erantzun zion: “Seme, gogoratu zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igarotzerik, ezta hortik guregana ere”.
«Aberatsak, berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia ditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, beraiek ere oinaze-toki honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak: entzun diezaietela”. Hark, oraindik: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bazaie, orduan bai bihozberrituko direla”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, hildakoren bat piztuta ere, ez dute kasurik egingo”».

Jaunak esana.


lunes, 16 de septiembre de 2013

2013/09/22 - Urteko 25. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 22a

Urteko 25. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jende xehea dirutan erosiko dugu.

Amos liburutik 8,4-7

Entzun hau, zuek,
behartsuak zapaldu
eta jende errukarria
hondatzen duzuenok.
Zeuen baitan diozue:
«Noiz amaitu behar ote du
ilberri-jaiak, laborea saltzeko?
Noiz larunbatak,
garia salmentan ateratzeko?
Neurria txikiagotu
eta prezioak handituko ditugu,
okerreko pisuak erabiliz.
Gari-hautsa bera ere
saldu egingo dugu.
Jende xehea dirutan erosiko dugu,
eta behartsuak
oinetako pare baten truke».
Jakoben ondorengoen
ohorea den Jaunak zin dagi,
ez dituela ahaztuko
berorien egintza gaiztoak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 112, 1-2. 4-6. 7-8

R.
Aleluia! Gora Jauna! Gizagaixoa hautsetatik altxatzen du.

Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue, Jaunaren zerbitzariok, goretsi Jaunaren izena!
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena orain eta beti! R.

Jauna nazio guztien gainean garai,
haren ospea zeruak baino gorago.
Nor Jauna, gure Jainkoa, bezalakorik?
Gorenean du jarria tronua,
baina makurtu egiten da, zerutik lurrera begiratzeko. R.

Gizagaixoa hautsetatik altxatzen du,
behartsua zaborretatik ateratzen
eta handikien artean,
bere herriko nagusien artean, jartzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Gizaki guztien alde eskari Jaunari, honek gizaki guztiak salbatu nahi baitu.

San Paulo apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik 2,1-8

Ezer baino lehen, gizaki guztien alde eskari, otoitz, erregu eta esker-emateak egiteko eskatzen dizut; baita erregeen eta agintea duten guztien alde ere, bizitza bare eta baketsuan bizi gaitezen, jainkozaletasunez eta gizabidez. Eder eta atsegin zaio hau Jainko gure Salbatzaileari, honek gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi baitu.
Izan ere, bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa ere: gizon bat, Kristo Jesus, bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman zuena. Bere garaian egindako testigantza dugu hau.
Honetarako egin nau ni Jainkoak oihulari eta apostolu – egia diot, ez diot gezurrik – eta jentilen maisu, berauei sinesmena eta egia irakasteko.
Beraz, gizonezkoek toki guztietan otoitz egin dezaten nahi dut, zerurantz esku garbiak jasoz, haserrerik eta eztabaidarik gabe.

Jaunak esana.

Aleluia 2 Ko 8,9

Aleluia, aleluia.
Jesu Kristo, aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik,
bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko. Aleluia.

EBANJELIOA

Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 16,1-13

Egun haietan, Jesusek esan zien ikasleei: [«Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.
«Deitu zion eta esan: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”.
«Honela zioen, orduan, etxezainak bere baitan: “Zer egin behar dut orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nauten honetan etxean nork hartu izan dezadan”.
«Deitu zituen bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?” Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak esan zion: “Hona zure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”.
«Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Eta besteak, orduan: “Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei”.
«Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhurki jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino.
«Beraz, hauxe diotsuet nik ere: Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaituzte Jainkoak.]
«Gauza txikietan fidagarria, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea, handietan ere zuzengabe.
Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna? Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena?
«Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan».

Jaunak esana.


lunes, 9 de septiembre de 2013

2013/09/15 - Urteko 24. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 15a

Urteko 24. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunak atzera egin zuen bere herriari egindako mehatxutik.

Irteera liburutik 32,7-11. 13-14

Egun haietan Jaunak esan zion Moisesi:
- Jaitsi zaitez, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu. Laster asko okertu dira agindu nien bidetik. Zekor-irudia egin dute, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskaini dizkiote, esanez: “Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!”
Jaunak esan zion, gainera:
- Ikusia dut zeinen burugogorra den herri hau!
Uztazu, bada: nire haserre-suminez garbitu egingo ditut, eta zuregandik herri handi bat sorraraziko.
Orduan, Moisesek, bere Jainko Jaunaren sumina baretu nahiz, esan zion: - Jauna, nola jarriko zara, bada, haserre-sutan, hain ahalmen handiz Egiptotik atera duzun zeure herri honen aurka?
Gogora itzazu Abraham, Isaak eta Jakob zeure zerbitzariak eta haiei eman zenien zin-hitz hau: Zuen ondorengoak zeruko izarrak bezain ugari egingo ditut, eta zuei agindu dizuedan lurralde hau betiko ondaretzat emango diet.
Hala, Jaunak atzera egin zuen bere herriari egindako mehatxutik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 50, 3-4. 12-13. 17 y 19; cf Lk 15,18

R.
Nire Aita dagoen biderantz abiatuko naiz.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz.
Garbi nazazu oso-osorik neure errutik,
garbitu neure bekatutik. R.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan,
espiritu berri sendoa nire baitan.
Ez nazazu bota zeure aurretik,
ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. R.

Ireki, Jauna, nire ezpainak
eta nire ahoak zure gorespena iragarriko du.
Sakrifiziorik bikainena, damuz hautsiriko espiritua;
zuk ez duzu gutxiesten, ene Jainko, bihotz-hautsi eta umildua. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri zela mundura.

San Paulo apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik 1,12-17

Anai maitea: eskerrak ematen dizkiot Kristo Jesus gure Jaunari, nire gain bere apostolu-zerbitzua uzteko fidagarri aurkitu nauelako eta zerbitzu hori betetzeko indarrak eman dizkidalako, niri, beraren kontra biraolari, pertsegitzaile eta laidoztatzaile izan nintzen honi; izan ere, nitaz errukitu egin zen Jainkoa, neure sinesgabean ez bainekien zer egiten ari nintzen. Horrela, gainezka isuri zidan gure Jaunak bere onginahia, Kristo Jesusekin bat eginik ditugun sinesmena eta maitasuna emanez.
Sinesgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau: Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri zela mundura. Eta inor ez ni baino bekatariagorik; baina horrexegatik, hain zuzen, errukitu zitzaidan Jainkoa, Jesu Kristok bere pazientzia aurrenik niregan erakuts zezan eta betiko bizia izateko harengan sinetsiko zutenentzat eredu izan nendin.
Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, ohore eta aintza menderen mendetan. Amen.

Jaunak esana.

Aleluia 2Ko 5,19

Aleluia, aleluia.
Jainkoa da Kristoren bitartez mundua berekin adiskidetu duena,
eta adiskidetzearen mezu hau gure esku utzi duena. Aleluia.

EBANJELIOA

Pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari batengatik.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 15,1-32

Zergalari eta bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren hari entzutera, eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: «Horrek harrera ona egiten die bekatariei, baita beraiekin jan ere!»
Jesusek parabola hau esan zien:
«Zuetako nor, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez da, beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galduaren bila joaten aurkitu arte?
Eta aurkitzen duenean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxeratzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia!” Egia esan, Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihozberritzen den bekatari batengatik, bihozberritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino.
«Edota zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du, kriseilua pizturik, etxea garbitu eta galdu zaion txanpona ardura guztiaz bilatzen aurkitu arte? Eta, aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdua nuen txanpona!”Egia esan, berdin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari batengatik».

[Gainera, esan zien: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien.
«Handik egun gutxira, seme gazteenak, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera alde egin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. Dena xahutu zuenean, gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain.
Txerriek jaten zuten ezkurrez asetzeko gogoa ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, pentsatzen jarririk, bere baitan esan zuen: “Zenbat langile gure aitarenean nahi adina ogi eta gehiago dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! Jaiki, aitarengana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago seme-izenik merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”.
«Jaiki eta aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion.
Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure seme-izenik merezi… ”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; zeren seme hau hilda bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut”. Eta festa hasi zuten.
«Seme zaharrena soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Hark erantzun: “Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik bereganatu duelako”. Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin gabe zerbitzatzen zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa egiteko; eta, horko zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen hori, etorri dela eta, zekor gizendua hil duzu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! Baina egoki zen poztu eta festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu, galdua genuen eta aurkitu egin dugu!”»]

Jaunak esana.


domingo, 8 de septiembre de 2013

2013/09/14 - Gurutz Santuaren Gorespena (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 14a

Gurutz Santuaren Gorespena (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten ziren.

Zenbakiaren liburutik 21, 4b-9

Egun haietan. Israeldarrek bidean, adorea galdu eta gaizki-esaka hasi ziren Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atera gintuzuen Egiptotik? Basamortuan hilarazteko? Ez dugu urik, ez jakirik, eta mana delako janari kaskar honetaz asper-asper eginak gaude!»
Jaunak suge pozoitsuak bidali zizkien eta haien miztoaz israeldar asko hil zen.
Orduan, Moisesengana joan eta esan zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren eta zure aurka gaizki-esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak guregandik urruntzeko».
Moisesek herriaren alde erregutu zion Jaunari. Honek esan zion: «Egizu brontzezko suge bat eta ezarri haga baten muturrean. Sugeren batek zizta eginiko edonor, brontzezkoari begiratzean, sendatu egingo da».
Egin zuen Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ezarri. Eta sugeren batek norbaiti zizta egiten bazion, brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten zen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 77, 1-2. 34-35. 36-37. 38

R.
Ez ahaztu Jaunaren egintzak.

Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makur belarria nire esanetara.
Alegia bidez mintzatuko naiz,
lehengo garaien ikasbideak azalduz. R.

Baina Jainkoak haiek hiltzea erabakitzen zuen orduko,
harengana jotzen zuten,
damutu eta hura bilatzen saiatzen ziren,
Jainkoa zutela beren harkaitza oroituz,
goi-goiko Jainkoa zutela beren askatzailea. R.

Baina ahoan zurikeria besterik ez zuten,
mihiaz engainatu egiten zuten;
ez zeuden bihotzez hari atxikiak,
ez zioten haren itunari fede ematen. R.

Jainkoak, hala ere, bihozbera izaki eta,
errua barkatzen zien, eta suntsitzen ez.
Sarri eutsi zion haserreari,
bere sumin guztiari jaregin gabe. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Apaldu egin zuen bere burua,
horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 2,6-11

Kristo Jesusek,
jainkozko izaerako izanik,
ez zion gogor eutsi nahi izan
jainkozko bere mailari;
bestela baizik,
hustu egin zen
bere handi-izateaz
eta esklabo-izaera hartu zuen,
gizakien antzeko eginez.
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion,
Jesusen izenaren omenez,
zeruan, lurrean eta lur azpian,
guztien belaunak makur daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jesu Kristo dela Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluia, aleluia.
Izugarri maite zaitugu, eta bedeinkatzen dizugu, O Kristo
zure gurutzeaz berrerosi duzulako mundura, Aleluiara.

EBANJELIOA

Halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 13-17

«Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
«Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

Jaunak esana.