lunes, 26 de agosto de 2013

2013/09/01 - Urteko 22. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 1a

Urteko 22. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Apaldu zeure burua, eta Jaunaren gogoko izango zara.

Ben Sirak liburutik 3,17-18. 20. 28-29

Seme, egin otzantasunez egiten duzun guztia,
eta Jainkoaren begiko denak maiteko zaitu.
Zenbat eta handiago izan, orduan eta gehiago apaldu zeure burua,
eta Jaunaren gogoko izango zara;
handia baita Jaunaren ahalmena,
eta apalek dute hura goresten.
Harroaren ezbeharrak ez du erremediorik,
gaiztakeriaren landarea sustraitua baitu bere baitan.
Buruargiak jakinduriazko esaerak hausnartzen ditu,
adi egongo den belarria irrikatzen du jakintsuak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 67, 4-5ac. 6-7ab. 10-11

R.
Baztertuei etxea ematen die Jainkoak.

Zintzoak, berriz, pozik dira,
Jainkoaren aurrean dantzan,
bozkarioz gainezka.
Kanta Jainkoari, jo soinua haren omenez,
haren aurrean poz-oihuka. R.

Umezurtzen aita,
alargunen defendatzaile da Jainkoa
bere bizileku santutik.
Baztertuei etxea ematen die Jainkoak,
preso zeudenak kanta artean askatzen. R.

Euria ugari bota zenuen, oi Jainko,
zeure lurralde eta jabegoa indarberritu.
Hantxe kokatu zen zure herria;
behartsuen ardura duzu,
oi Jainko, zeure ontasunean R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zuek, Sion mendira hurbildu zarete, Jainko biziaren hirira.

San Paulo apostoluak Hebrearrei  egindako gutunetik 12,18-19. 22-24a

Senideok:
Zuek ez zarete hurbildu, israeldarrak bezala, uki daitekeen mendi batera, su kiskalgarria, laino itxia, ilunpea eta ekaitza zeuden mendira; ez duzue entzun turuta-hotsik, ezta ahotsik ere. Ahotsa entzun zuten israeldarrek gehiago ez ziezaiela hitz egin eskatu zuten.
Zuek, ordea, Sion mendira hurbildu zarete, Jainko biziaren hirira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko bildurik dauden milaka eta milaka aingerurengana, beren izenak zeruan idatzirik dituzten Jainkoaren lehen-semeen batzarrera, guztien epaile den Jainkoarengana, beren betera iritsi diren zintzoen espirituengana eta itun berriaren bitarteko den Jesusengana.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 11,29ab

Aleluia, aleluia.
Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, - dio Jaunak -
gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu, eta bere burua beheratzen duena, goratu.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,1. 7-14

Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion.
Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke. Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

Jaunak esana.


lunes, 19 de agosto de 2013

2013/08/25 - Urteko 21. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abustuaren 25a

Urteko 21. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Herri guztien artean ekarriko dituzte zuen herritarrak.

Isaias liburutik 66,18-21

Jaunak dio:
«Hizkuntza orotako nazioak
biltzera etorriko naiz;
haiek etorri
eta nire ospea ikusiko dute.
Ezaugarri bat emango diet:
beraien artean bizirik
geldituriko batzuk
nazioetara bidaliko ditut,
Tarsis, Put
eta arkulari trebeak dituen Ludera,
Tubal , Grezia
eta urrutiko herrietara,
inoiz nire berri izan ez duten
eta inoiz nire ospea ikusi ez duten
herrialdeetara.
Nire ospea iragarriko dute
nazioen artean.
Atzerriko nazio guztietatik
ekarriko dituzte zuen herritarrak
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando nahiz gamelu gainean;
niretzat, Jaun honentzat,
opari gisa ekarriko dituzte
Jerusalemgo nire mendi santuraino,
israeldarrek beren opariak
ontzi garbietan Jaunaren etxera
eraman ohi dituzten bezalaxe.
Hala diot nik, Jaunak.
Eta beraietako batzuk ere
aukeratuko ditut apaiz eta lebitar.
Hala diot nik, Jaunak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 116, 1. 2

R.
Joan herri guztietatik eta ebanjelioa predikatu.

Goretsazue Jauna, nazio guztiok,
ospa ezazue, herri guztiok! R.

Sendoa da guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Maite duena baitu Jaunak zentzarazten.

San Paulo apostoluak Hebrearrei  egindako gutunetik 12,5-7. 11-13

Ahaztu egin duzue seme-alabei bezala ematen zaizuen aholkua:

Ene seme, ez baztertu
Jaunaren zentzarazpena,
ezta adorea galdu ere
agiraka egiten badizu,
maite duena baitu Jaunak
zentzarazten
eta semetzat hartzen duena
du zigortzen.

Jasaten duzuena zuek zentzarazteko da; Jainkoak seme-alaba bezala tratatzen zaituzte. Izan ere, zein seme-alaba ez du aitak zentzarazten?
Egia esan, mementoan edozein zentzarazpen mingarri da eta ez pozgarri; baina, gerora, zentzarazpenaren bidez zaildu direnek haren fruituak jasotzen dituzte: bakea eta bizitza zuzena.
Ea bada, sendotu beso ahulduak eta belaun makalduak, eta ibil zaitezte bide zuzenean, hanka okerra hauts ez dadin, sendatu baino.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 14,6

Aleluia, aleluia.
Neu naiz bidea, egia eta bizia.
- Dio Jaunak. -
Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. Aleluia.

EBANJELIOA

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 13,22-30

Jerusalemera bidean zihoan Jesus, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakatsiz.
Batek esan zion:
– Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?
Jesusek erantzun zuen:
– Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango.
Etxeko nagusiak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok behin eta berriro atea joko diozue, «Ireki, Jauna» deiadarka, baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten».
Orduan, honela hasiko zatzaizkiote: «Zurekin jan eta edanak gara, eta zuk gure plazetan irakatsi izan duzu». Baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten. Alde niregandik, gaizkileok!»
Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, berriz, kanpora jaurtiak ikustean.
Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.
«Begira, orain azkeneko den zenbait, lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo den zenbait, azkeneko».

Jaunak esana.


lunes, 12 de agosto de 2013

2013/08/18 - Urteko 20. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abustuaren 18a

Urteko 20. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Auzi-gizona sortu zenidan herri guztirako.

Jeremias liburutik 38,4-6. 8-10

Egun haietan, ministroek esan zioten erregeari:
– Gizon honek bizia zor du! Bere hitzez, hirian gelditzen diren gudariak eta herritar guztiak adoregabetu besterik ez du egiten. Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.
Sedekias erregeak erantzun zien:
– Zeuen esku duzue! Erregeak ez dezake ezer zuen aurka.
Orduan, hartu eta Melkias errege-familiako printzearen putzuan sartu zuten Jeremias, sokaz jaitsiz. Putzua kartzelako atarian zegoen eta ez zuen urik, lokatza baizik. Jeremias lokatzetan sarturik gelditu zen.
Ebed-Melekek jauregitik berarengana joan eta esan zion:
– Errege jauna, gaizki jokatu dute gizon horiek Jeremias profetarekin: putzura bota dute eta goseak hilko da bertan, ez baitago ogirik hirian.
Orduan, agindu hau eman zion erregeak Ebed-Melek etiopiarrari:
– Joan hiru gizonekin eta atera Jeremias putzutik, hil baino lehen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 39, 2. 3. 4. 18

R.
Jauna, ni laguntzeko presa zaitez.

Jaunarengan jarria nuen itxaropen guztia:
makurtu eta entzun du nire deiadarra. R.

Herio Leize sakonetik nau atera.
Haitz gainean tinko jarri ditu nire oinak,
seguruak egin nire pausoak. R.

Kantu berria ipini dit ezpainetan,
gure Jainkoarentzat gorespen-kanta.
Askok ikusiko dute hau eta, ikaraturik,
Jaunarengan konfiantza izango. R.

Behartsu eta dohakabe naiz,
baina Jauna da nitaz arduratzen.
Zu zara nire laguntzaile eta askatzaile,
ene Jainko, ez luza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ekin diezaiogun etsi gabe aurrean dugun lasterketari.

San Paulo apostoluak Hebrearrei  egindako gutunetik 12,1-4

Senideok:
Guk ere, hainbat eta hainbat testiguz inguraturik gaudenok, astin dezagun oztopo zaigun guztia eta itsasten zaigun bekatua, eta ekin diezaiogun etsi gabe aurrean dugun lasterketari. Jar ditzagun begiak geure fedearen iturburu eta betetzaile dugun Jesusengan; honek, itxaro zuen zorionagatik, gurutzean hiltzea onartu zuen, heriotza lotsagarria zela kontuan hartu gabe, eta orain Jainkoaren tronuaren eskuinaldean eseria dago. Gogora ezazue, bada, bekatarien aldetik halako eraso gogorra jasan zuen hura, adorea galdu eta etsi ez dezazuen. Ez zarete oraindik bizia galtzeraino iritsi bekatuaren kontrako zeuen borrokan.

Jaunak esna.

Aleluia Jn 10,27

Aleluia, aleluia.
Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, - dio Jaunak –
eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate. Aleluia.

EBANJELIOA

Bakerik, baizik eta zatiketarik ez ekartzera ez naiz etorri.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,49-53

«Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego! Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau nire larria hori bete arte!
«Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Egia esan, bakea ez, banaketa baizik. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak elkarrekin banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra».

Jaunak esana.


domingo, 11 de agosto de 2013

2013/08/15 - María Birginaren Jasokundea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abustuaren 15a

María Birginaren Jasokundea (C)


Besperaren arratsaldeko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Kronikak lehenengo liburutik 15.3-4.15-16;16.1-2

Egun haietan, bilarazi zituen Davidek israeldar guztiak Jerusalemen, Jaunaren kutxa berak prestatua zion tokira igotzeko. Era berean, bilarazi zituen Aaronen ondorengo ziren apaizak eta lebitarrak ere.
Eta lebitarrek eraman zuten Jainkoaren kutxa, haga gainean sorbaldan harturik, Jaunaren esanera Moisesek agindu bezala. Lebitarren artean kantariak izendatzeko agindu zien Davidek lebitar buruzagiei; haiek, musika-tresnak hartuz, harpak, zitarak eta txilinak jo behar zituzten ozenki, alaitasuna adieraziz.
Ekarri zuten, bada, Jainkoaren kutxa eta Davidek harentzat jasoa zuen oihal-etxolaren erdi-erdian ezarri. Ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jainkoari. Oparien eskaintza bukatzean, Davidek bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 131, 6-7. 9-10. 13-14 (R. 8)

R.
Jaiki, Jauna, zatoz zeure egonlekura,
zatoz zeure kutxa indartsuarekin!

Efratan entzun genuen kutxaren berri
eta Jaar aldean aurkitu.
Eta esan: «Goazen Jaunaren egoitzara,
ahuspez gaitezen haren oin-aulki aurrean! R.

Jantz bitez zure apaizak salbamen-indarrez,
ekin biezaiote poz-oihuka zure fededunek.
David zeure zerbitzariaren maitasunagatik,
ez bota zeure aurretik zeuk aukeraturiko erregea ! » R.

Izan ere, Jaunak Sion aukeratu du
eta gogoko izan bertan bizitzea:
«Hauxe izango dut beti neure egoitza,
hementxe biziko naiz, gogoko baitut. » R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,54-57

Senideok, gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioena :

Behin betiko galdua
gertatu da heriotza.
Non duk , Herio, heure garaipena?
Non heure eztena?

Heriotza dakarren eztena bekatua da, eta bekatuak legetik hartzen du bere indarra . Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez!

Jaunak esana.

Aleluia Lk 11,28

Aleluia, aleluia.
Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
eta betetzen dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun dutenak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 11,27-28

Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:
– Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!
Baina Jesusek esan zuen:
– Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!

Jaunak esana.

Eguneko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian.

Apokalipsia liburutik 11,19a;12,1.3-6a.10ab

Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen.
Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana.
Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen.
Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.
Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten.
Emakumeak, berriz, basamortura egin zuen ihes; han bazter bat prestatua zion Jainkoak.
Ahots handia entzun nuen zeruan esaten:
«Orain etorri da
gure Jainkoaren salbamena,
indarra eta erregetza
eta beraren Mesiasen agintea.»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 44, 9. 10-11. 15 (R: 9b)

R.
Zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik.

Errege-alabak dituzu inguruan,
zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik. R.

Entzun, alaba! Zaude erne eta adi!
Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz.
Bera da zure jaun; egiozu agur. R.

Jai-giro pozgarrian sartzen dira
erregearen jauregira. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,20-27a

Senideok: Piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari. Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da. Izan ere, gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak;
ezerezak gora jaso.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-56

Egun haietan, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»
Orduan, Mariak esan zuen:

«Jaunaren handitasuna
dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien
gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei
betiko».

Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Jaunak esana.


lunes, 5 de agosto de 2013

2013/08/11 - Urteko 19. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abustuaren 11a

Urteko 19. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Gure etsaiak zigortu eta gu ohorez bete gintuzun.

Jakinduria liburutik 18,6-9

Aurrez eman zitzaien gure arbasoei gau hartakoaren berri,
sinetsi zituzten promesak sendoak zirela ikustean,
adore izan zezaten.
Zintzoentzat salbamen
eta etsaientzat hondamendi izango zen
gau haren zain egon zen zure herria.
Izan ere, egintza bat beraz gure etsaiak zigortu
eta gu ohorez bete gintuzun, zeuregana deituz.
Zintzoen ondorengo fededunek
sakrifizioak eskaintzen zituzten ezkutuan,
eta denek, aho batez, lege sakratu hau ezarri zuten:
aldi on nahiz txarretan elkarturik egongo zirela zintzoak.
Eta jada orduan, kantatzen zituzten arbasoen gorazarreak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 32, 1 y 12. 18-19. 20 y 22

R.
Zorionekoa hark beretzat aukeratu duen herria!

Egin poz-oihu Jaunari, zintzook!
Zuzenek behar dute Jainkoa goretsi.
Zorionekoa Jauna Jainko duen nazioa!
Zorionekoa hark beretzat aukeratu duen herria! R.

Jaunak ditu zaintzen begirune diotenak,
haren maitasunean itxaropen dutenak,
heriotzatik libratu eta gosetean bizirik gordetzeko. R.

Guk Jaunarengan dugu itxaropena:
bera dugu laguntzaile eta babesle!
Betor gurekin, Jauna, zure maitasun leiala,
zuregan jarria baitugu esperantza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zuen.

San Paulo apostoluak Hebrearrei  egindako gutunetik 11,1-2. 8-19

Fedea, itxaroten dena lortzeko segurtasuna da, ikusten ez diren gauzez konbentzitua egotea. Fede horrengatik onetsi zituen Jainkoak gure arbasoak.
Fedeari esker, Abraham, Jainkoaren deiari obedituz, Jainkoak ondaretzat emango zion lurraldera abiatu zen, nora zihoan ez zekiela abiatu ere.
Fedea zuelako, bere herria utzi eta atzerritar gisa bizi izan zen Jainkoak agindutako lurraldean; oihal-etxolatan bizi izan zen, Jainkoaren agintzari bera hartu zuten Isaak eta Jakob biziko ziren bezalaxe; eta hori, zimendu sendoko hiria, arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zuelako.
Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitzeman ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen.
Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere ia azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen.
Horiek guztiak Jainkoak hitzemandako ondasunak eskuratu gabe hil ziren; baina fedearen argitan urrutira ikusi eta agurtu egin zituzten, horrela lur honetan arrotz eta atzerritar zirela aitortuz.
Izan ere, horrela hitz egiten dutenek garbi adierazten dute aberriaren bila dabiltzala. Utzi zuten lurraldea izan balute gogoan, bazuten egokiera hara itzultzeko. Baina lur hobea zuten irrika, zerukoa alegia. Horregatik, Jainkoa ez da lotsatzen «haien Jainko» deitua izateaz, hiri bat ere prestatu baitie.
Fedeari esker eskaini zuen Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu zuenean. Bera, agintzaria hartu zuena, prest zegoen seme bakarra eskaintzeko, nahiz eta seme berorri buruz esana izan Jainkoak: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak.
Abrahamek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere; horrela, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmen horren ezaugarri gertatu zitzaion.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 24,42a y44

Aleluia, aleluia.
Zain eta prest egon,
bada, zuek ere, gutxien uste duzuen orduan
etorriko baita Gizonaren Semea. Aleluia

EBANJELIOA

Egon prest zuek ere.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,32-48

Ondoren, bere ikasleei esan zien Jesusek:
“Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea.
Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta han sitsak jaten ere. Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han.”
“Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; izan zaitezte nagusia ezteietatik itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezala. Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu. Benetan diotsuet: Arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie.
Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!
Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko.
Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea”.
Pedrok galdetu zion: “Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?”
Jaunak esan zuen: “Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala.
Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatu egingo duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria emango. Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du; nagusiaren gogoa zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko.”

Jaunak esana.