lunes, 29 de julio de 2013

2013/08/04 - Urteko 18. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abustuaren 04a

Urteko 18. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zer gelditzen zaio gizakiari eguzkipean egin duen hainbeste lan eta eginahaletatik?

Kohelet liburutik 1,2; 2,21-23

Huskeria hutsa
– dio Koheletek –,
huskeria hutsa, dena huskeria da.
Izan ere, eginahaletan ari da bat
zorrotz eta arretaz lan egiten,
emaitza onak lortzen,
eta dena,
inolako lanik egin ez duenari
utzi behar.
Hau bai dela huskeria
eta nardagarria!
Zer gelditzen zaio gizakiari
eguzkipean egin duen
hainbeste lan eta eginahaletatik?
Egunero atsekabea baizik ez du,
eta bere lanetan nekea;
gauez ere ez du atsedenik hartzen
haren bihotzak.
Hau bai dela huskeria!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 89, 3-4. 5-6. 12-13. 14 y 17

R.
Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi.

Gizakia hauts bihurtzen duzu,
esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!»
Bai, mila urte zuretzat
atzo igaro zen egunaren pareko,
gau-ordu baten pareko. R.

Hor daramatzazu gizakiak,
goizaldean ametsak bezala;
belarra bezala ernetzen dira:
goizean erne eta loratzen;
arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen. R.

Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten,
jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.
Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre?
Erruki zeure zerbitzarioi! R.

Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz,
bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun.
Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, gozoa!
Burutu bitza ongi gure eginbeharrak,
burutu ongi gure eginbehar guztiak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo.

San Paulo apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 3,1-5. 9-11

Senideok:
Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria.
Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.
Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru-gosea.
Ez jarraitu elkarri gezurrak esaten, izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi eta berria jantzi duzuenez gero; izaki berri zarete, bere egile den Jainkoaren irudira eraberrituz doana, hura gero eta sakonago ezagutzeko.
Harentzat ez dago ez greziarrik eta ez judurik, ez erdaindurik eta ez erdaingaberik, ez kultura handiagoko nahiz txikiagokorik, ez esklaborik eta ez librerik: Kristo da dena, eta denetan bizi da.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 5,3

Aleluia, aleluia.
Zorionekoak bihotzez behartsu direnak,
haiek baitute Jainkoa errege. Aleluia.

EBANJELIOA

Zer gertatzen zaion beretzat ondasunak pilatzen dituenari.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,13-21

Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi:
– Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.
Jesusek erantzun zion:
– Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?
Orduan, guztiei esan zien:
– Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.
Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?” Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”.
Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”»
Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».

Jaunak esana.


domingo, 28 de julio de 2013

2013/07/31 - Loiolako Inazio santua (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko uztailaren 31a

Loiolako Inazio santua (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkazioa eta madarikazioa jartzen dizkizuet gaur aurrean.  

Deuteronomio liburutik 30, 15-20  

Horrela esan zion Moisesek herriari: «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra. Baldin eta gaur nik ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz, berari jarraituz eta beraren agindu, lege eta erabakiak betez, biziko zarete eta ugalduko, eta bedeinkatu egingo zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean. Baina zuen bihotza okerbideratzen bada eta, jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta haiek gurtzeko tentazioari amore emanez, ez entzunarena egiten baduzue, gaur iragartzen dizuet erabat galduko zaretela: ez zarete luzaro biziko Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean.
«Zeru-lurrak hartzen ditut lekuko gaur zuen kontra: bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak. Horretarako, maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa, obeditu eta bizi berari atxikiak, horretan baitatza zuen bizia, eta hortik baitatorkizue Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindutako lurraldean luzaro bizitzeko ahalbidea».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 1, 1-2. 3. 4 y 6

R.
Jaunaren hitza atsegin duena.

Zorionekoa gaiztoen egitasmoei jarraitzen ez
diena,
baizik eta Jaunaren hitza atsegin duena
eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena ! R.

Ur-xirripen ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da:
bere sasoian fruitua dakar,
eta ez zaio hostorik ihartzen;
egiten duen guztia ongi zaio ateratzen. R.

Ez da hori, ez, gaiztoen zoria:
haizeak daraman orbelaren antzeko dira.
Jaunak zaintzen du zintzoen bidea;
gaiztoena, berriz, hutsean galtzen da. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

San Paulo apostoluak Korintotarrei egindako lehenengo gutunetik 10,31-11,1

Senideok: nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako. Eta ez izan erorbide ez juduentzat, ez jentilentzat, ez eliz elkartearentzat ere. Ni ere guztiei atsegin ematen saiatzen naiz gauza guztietan eta ez dut bilatzen neure ona, besteena baizik, salba daitezen.
Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Nor naizela dio jendeak?

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 9, 18-26.

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:
– Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
– Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien:
– Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
– Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da ».
Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu? Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko denean.

Jaunak esana.


lunes, 22 de julio de 2013

2013/07/28 - Urteko 17. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko uztailaren 28a

Urteko 17. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez zaitez haserre, ene Jauna, oraindik ere mintzatzen banatzaizu.

Hasiera liburutik 18,20-32

Egun haietan, Jaunak Abrahami esan zion: «Izugarria da Sodoma eta Gomorraren aurkako salakuntza. Larriegia da hiri horien bekatua. Salakuntza hori egiaztatzera joan behar dut, eta egiazkoa den ala ez ikusi».
Gizasemeek Sodomarantz jo zuten.
Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen. Hurbildurik, esan zion:
– Egiaz, errugabea galdu behar ote duzu errudunarekin batera? Beharbada, berrogeita hamar errugabe izango dira herri horretan. Horiek ere hilarazi behar ote dituzu? Ez ote zenioke barkatuko hiri osoari berrogeita hamar errugabeongatik? Utikan zuregandik errugabea errudunarekin batera hilaraztea! Nola jokatuko duzu, bada, berdin batarekin zein bestearekin? Munduaren epaileak ez ote du zuzenbiderik egingo?
Jaunak erantzun:
– Baldin berrogeita hamar errugabe aurkitzen baditut, haiengatik hiri osoari barkatuko diot.
Abrahamek esan zion:
– Hara, hauts eta errauts besterik ez naizen arren, ene jaun horri mintzatzera ausartzen naiz. Gerta daiteke berrogeita hamarrera iristeko bost falta izatea. Hiri osoa suntsituko ote duzu bost horiengatik?
– Ez – erantzun zion Jaunak –, ez dut suntsituko, berrogeita bost errugabe aurkitzen baditut.
Eta Abrahamek, berriro:
– Gerta daiteke berrogei besterik ez izatea.
– Ba – ihardetsi zion Jaunak –, ez dut suntsituko berrogei horiengatik.
Abrahamek esan zion:
– Ez zaitez haserre, ene Jauna, oraindik ere mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hogeita hamar besterik ez izatea.
– Ez dut suntsituko hogeita hamar aurkitzen baditut – erantzun zion Jaunak.
Abrahamek, berriro ere:
– Badakit ausartegia naizela, baina badaiteke hogei besterik ez izatea.
– Ez dut suntsituko hogei horiengatik – erantzun zion Jaunak.
Eta Abrahamek, oraindik:
– Ez haserre, Jauna, beste behin mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hamar besterik ez izatea.
Jaunak erantzun zion:
– Ez dut suntsituko hamar horiengatik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 137, 1-2a. 2bc-3. 6-7ab. 7c-8

R.
Dei egin nizunean, entzun egin zenidan.

Eskerrak ematen dizkizut, Jauna, bihotz-bihotzez,
beste jainkoen aurrean zu kantuz ospatzen.
Zure tenplu santura begira ahuspezten naiz. R.

Zuri eskerrak emanez:
zeure maitasun eta leialtasunaz.
Dei egin nizunean, entzun egin zenidan,
bihotzean kemena bizkortu. R.

Bai, gorena da Jauna,
baina apalari arretaz dio begiratzen;
harroari, berriz, urrutitik igartzen.
Arriskuz inguraturik aurkitzean,
babestu nire bizia etsai amorratuengandik, R.

Luzatu eskua eta salba nazazu.
Dena egingo du Jaunak nire alde.
Jauna, zure maitasuna betikoa!
Ez utzi bertan behera hasi duzun lana. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak biziarazi egin zaituzte Kristorekin batera.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 2,12-14

Senideok:
Bataioaren bidez Kristorekin lurperatuak izan zarete eta piztu ere, berarekin piztu zarete, bera hildakoen artetik piztu zuen Jainko ahaltsuagan sinetsi duzuelako. Garai batean, hilda zeundeten zeuen bekatuengatik eta zeuen bekatuzko izaeragatik; baina Jainkoak biziarazi egin zaituzte Kristorekin batera, bekatu guztiak barkaturik. Gu gaitzesten gintuen epai-agiria suntsitu egin du eta gurutzean josiz deuseztatu.

Jaunak esana.

Aleluia Rm 8, 15bc

Aleluia, aleluia.
Seme-alaba adoptatu-espiritua jaso duzue,
oihukatzea eragiten digula: «Abba!, Aita». Aleluia.

EBANJELIOA

Eskatu, eta emango dizue.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 11,1-13

Behin batean, Jesus otoitzean ari zen toki batean; amaitu zuenean, bere ikasleetako batek esan zion: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala».
Jesusek esan zien: «Otoitz egitean, esazue :

«Aita,
agertu santu zeure izena,
etorrarazi zeure erregetza;
emaguzu egunean eguneko ogia,
eta barkatu gure bekatuak,
guk ere zor diguten guztiei
barkatzen baitiegu,
eta ez utzi gu tentaldian erortzen».

Gero, esan zien: «Eman dezagun zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskidea, emazkidak hiru ogi, bihurtuko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat ezer eskaintzeko”. Eman dezagun besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean, atea itxia zegok eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hona nik esan: Adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta eman egingo dio behar duena.
«Hauxe esaten dizuet, beraz: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue. Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.
«Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emango dionik? Edo arrautza eskatu eta eskorpioia emango dionik? Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?»

Jaunak esana.


domingo, 21 de julio de 2013

2013/07/25 - Santiago, apostolua (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko uztailaren 25a

Santiago, apostolua (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Herodes erregeak Santiago, ezpataz hilarazi zuen.

Eginak liburutik 4,33; 5,12. 27-33; 12,2

Egun haietan, apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Anitz mirari eta egintza harrigarri gertatzen ziren herrian apostoluen eskuz. Biltzar Nagusiaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak esan zien:
– Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue.
Pedrok eta beste apostoluek erantzun zuten:
– Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena. Gure arbasoen Jainkoak piztu egin du zuek egur batetik zintzilik hil zenuten Jesus. Jainkoak bere eskuinaldera altxatu du, buru eta salbatzaile eginez, Israeli bihozberritzea eta bekatuen barkamena emateko. Gu gara honen guztiaren lekuko, gu eta esaneko zaizkionei Jainkoak ematen dien Espiritu Santua.
Erantzun honek beren onetik atera zituen, eta hil egin nahi zituzten apostoluak.
Geroago Herodes erregeak Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 7-8

R.
Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Eman beza lurrak bere fruitua,
bedeinka gaitzala Jainkoak, gure Jainkoak.
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesusen heriotza daramagu guregan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 4,7-15

Senideok:
Altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik.
Alde guztietatik estutzen gaituzte , baina zapaldu ez; larri gaude, baina etsita ez; erasopean bai, baina eskutik utzita ez; lurrera botatzen gaituzte, baina suntsitzen ez; nonahi eta beti Jesusen heriotza daramagu guregan, Jesusen bizia ere guregan ager dadin. Bizi garen bitartean, beti heriotzara garamatzate Jesusengatik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere ager dadin.
Horrela, guregan heriotza ari da; zuengan, berriz, bizia.
Hau dio Liburu Santuak: Sinetsi nuen, eta horregatik hitz egin nuen. Guk ere, sinesmen-espiritu bera dugularik, sinesten dugu eta horregatik hitz egiten, jakinik, Jesus Jauna piztu duenak piztu egingo gaituela gu ere Jesusekin eta beronen ondoan ipiniko gaituela zuekin batera.
Hau guztia zuen onerako da, Jainkoaren dohaina askorengana ugari zabaltzean, esker ona ere ugal dadin, Jainkoaren aintzarako.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateon liburutik 20,20-28

Denbora haietan, Zebedeoren emaztea bere semeekin Jesusi hurbildu eta aurrean ahuspeztu zitzaion eskabide bat egiteko. Jesusek galdetu zion:
– Zer nahi duzu?
Eta hark:
– Agindu ezazu nire bi seme hauek, zu errege izatean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar daitezela.
Jesusek erantzun:
– Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko?
– Bai, gauza gara – esan zioten.
Jesusek, orduan:
– Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
Beste hamarrak, hori entzutean, bi anaien aurka haserre jarri ziren. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari.
Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. Gizonaren Semea bezala: hura ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».

Jaunak esana.


lunes, 15 de julio de 2013

2013/07/21 - Urteko 16. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko uztailaren 21a

Urteko 16. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jauna, begiko banauzu, ez alde egin arren.

Hasiera liburutik 18,1-10a

Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal-etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri eta esan zien:
– Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitegatik igaro zarete zeuen zerbitzari honen ondotik.
– Ongi da – erantzun zioten –; egizu esan bezala.
Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan zion:
– Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil batzuk.
Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean. Bukatzean, esan zioten:
– Non da Sara zure emaztea?
– Oihal-etxolan – erantzun zuen Abrahamek.
Jaunak esan zion:
– Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango du.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 14, 2-3ab. 3cd-4ab. 5

R.
Jauna, nor egon daiteke zure etxean?

Jokaera prestua duena,
justiziaren arabera ari dena,
bihotz barrutik egia dioena;
mihi-luze ez dena. R.

Lagun hurkoari kalterik egiten ez diona,
auzokoa iraintzen ez duena;
mespretxagarria bere aurretik bota
eta jainkozaleak ohoratzen disuena. R.

Mailegu-dirua lukurreriaz ematen ez
eta errugabearen kaltetan eskupekorik hartzen ez duena.
Horrela jokatzen duenak ez du sekula koloka egingo. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, orain bere fededunei agerturiko asmoari buruzkoa, alegia.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 1,24-28

Adiskideok:
Pozik nago orain, zuen alde jasaten ditudan sufrimenduengatik. Horrela, gorputzean jasaten ari naizen atsekabeak Kristoren atsekabeei eransten dizkiet haren gorputza den Elizaren alde.
Elizaren zerbitzari bihurtu naiz ni, Jainkoak bere mezua zuei oso-osorik eramateko eginkizuna eman baitit.
Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, mendeetan eta gizaldietan gordea eduki ondoren, orain bere fededunei agerturiko asmoari buruzkoa, alegia.
Hauei jakinarazi nahi izan die Jainkoak zein aberats eta aintzatsu den jentilentzat asmo ezkutu hori; zuengan den eta aintzarako itxaropen duzuen Kristori buruz ari natzaizue.
Kristo hauxe ari gara hots egiten, denei aholku emanez eta ahalegin guztian irakatsiz, denak beren kristau-bizitzan heldutasun betera irits daitezen.

Jaunak esana.

Aleluia Cf Lk 8,15

Aleluia, aleluia.
Zoriontsuak Jaunaren mezua bihotz on eta zabalez,
barruan gorde eta iraupenez
fruitu ematen dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen.  Alderik onena aukeratu zuen Mariak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,38-42

Bidean zihoazela, Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen.
Bazuen honek Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita, honen hitza entzuten zegoen. Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan, Jesusengana joan eta esan zion:
– Jauna, ongi ikusten al duzu nire ahizpak etxeko lan guztiak nire gain uztea? Esaiozu laguntzeko.
Jaunak, ordea, erantzun zion:
– Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko.

Jaunak esana.


lunes, 8 de julio de 2013

20138/07/14 - Urteko 15. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko uztailaren 14a

Urteko 15. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Esku-eskura baituzue Jaunaren hitza, bete dezazuen.

Deuteronomioa liburutik 30,10-14

Izan ere, obeditu egingo diozue Jaunari zeuen Jainkoari, legearen liburu honetan idatzitako beraren agindu eta legeak betez, eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz itzuliko zarete Jaunarengana zeuen Jainkoarengana.
«Gaur nik ematen dizuedan agindua ez da zuen indarrez gaindikoa, ezta eskuraezina ere. Ez dago han zeruan, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu zerura, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?” Ez dago itsasoaz beste aldean ere, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu itsasoaz beste aldera, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?” Zeren esku-eskura baituzue Jaunaren hitza, zeuen ahoan eta bihotzean, bete dezazuen.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 68, 14 y 17. 30-31. 33-34. 36ab y 37

R.
Apalok, izan bihotz, Jainkoarengana jotzen duzuenok.

Jauna, zuri degizut otoitz:
Jauna, egidazu orain mesede!
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure egiazko salbamenaz.
Erantzun, Jauna, zeure maitasun zoragarriaz,
bihur niregana begiak zeure erruki handiaz. R.

Ni, berriz, gizagaixo atsekabetu hau,
indarberri nazala, oi Jainko, zure salbazioak.
Orduan, Jainkoaren izena kantuz goretsiko dut,
esker onez handietsiko. R.

Ikusazue, apalok, eta poztu;
izan bihotz, Jainkoarengana jotzen duzuenok!
Entzuten baitie Jaunak bere behartsuei,
ez ditu baztertzen berari atxikiak daudenak. R.

Bai, Jainkoak salbatuko du Sion,
berriro eraikiko Judako hiriak.
Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko,
hura maite dutenak biziko bertan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo da sortua izan den guztiaren
eredu eta helburu.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 1,15-20

Jainko ikusezinaren irudi da Kristo,
izaki guztietan lehen-sortua.
Beraren bidez sortu zituen Jainkoak
zeru-lurretan diren gauza guztiak,
ageri direnak eta ez direnak:
munduan agintzen duten ahalmen,
nagusi, aginte eta botereak.
Kristo da sortua izan den guztiaren
eredu eta helburu.
Gauza guztiak baino lehenago
da bera, eta berari esker
diraute elkarloturik.
Kristo da gorputzaren burua,
hElizarena alegia.
Bera da hasiera,
hildakoen artetik lehen piztua,
eta gauza guztietan
lehentasuna dagokio;
Jainkoak nahi izan baitu
bere izaeraren betea
Kristorengan egotea,
eta honen bitartez gauza guztiak
berekin adiskidetzea,
bai zerukoak eta bai lurrekoak,
berak gurutzean isuritako odolaz
bakea ekarriz.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6, 63c. 68c  

Aleluia, aleluia.
Zure irakatsiak espiritu eta bizi dira.
Betiko bizia dute zure irakatsiek. Aleluia.

EBANJELIOA

Nor da nire lagun hurkoa?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,25-37

Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion:
– Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?
Jesusek esan zion:
– Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?
Hark erantzun:
– Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.
Jesusek erantzun zion:
– Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.
Baina lege-maisuak, bere galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, galdetu zion Jesusi:
– Eta nor da nire lagun hurkoa?
Jesusek erantzun zion:
– Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen; zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. 31 Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 32 Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 33 Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion.
Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean ezarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. 35 Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: «Zain ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren esku eroritako gizonarekin?
Lege-maisuak erantzun zion:
– Hartaz errukitu zenak.
Jesusek esan zion, orduan:
– Zoaz eta egin zuk ere beste horrenbeste.

Jaunak esana.