lunes, 27 de mayo de 2013

2013/06/02 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko ekainaren 2a

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Ogi-ardoak atera zituen.

Hasiera liburutik 14, 18-20

Une hartan, Melkisedek Xalemgo erregeak ogi-ardoak atera zituen, Goi-goiko Jainkoaren apaiza baitzen, eta Abram bedeinkatu zuen, esanez:

«Goi-goiko Jainkoak,
zeru-lurren egileak,
bedeinka zaitzala, Abram!
Eta bedeinkatua izan bedi
Goi-goiko Jainkoa,
zure etsaien garaile
egin zaituelako».

Abramek guztiaren hamarrenak eman zizkion Melkisedeki.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 109, 1. 2. 3. 4

R.
Betiko zara apaiz, nik esan bezala,
nire legezko erregea.

Hona Jaunak ene jaun erregeari esan:
«Eseri tronuan nire eskuinean:
etsaiak oin-aulki jarriko dizkizut». R.

Siondik zabaltzen du Jaunak zure errege-aginpidea:
mendera itzazu, bada, guduan etsaiak! R.

Zu nagusi garaipen-egunean;
Santua agertzean, bera izango duzu adore-emaile,
bera egunsenti eta gaztetasun-ihintz. R.

Zin egina du Jaunak eta ez da damutuko:
«Betiko zara apaiz, nik esan bezala,
nire legezko erregea». R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ogi jaten eta kopa edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue.

San Pauloaren Korintoarrei egindako lehen kutuna 11, 23-26

Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela:
«Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».
Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez:
«Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri».
Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6,51

Aleluia, aleluia.
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia;
- dio Jaunak –
ogi honetatik jaten duenak betiko  bizia izango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Asetzeraino jan zuten denek.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9, 11b-17

Egun haietan Jesusek jendea ongi hartu zituen eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin zien eta premia zeukaten guztiak sendatu zituen.
Eguna iluntzen hasia zen. Hamabiak hurbildu eta esan zioten Jesusi:
– Bidal ezazu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta jan bila joan daitezen, hemen oso aparte baikaude.
Baina hark erantzun zien:
– Eman zeuek jaten.
Haiek, orduan:
– Ez daukagu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.
Bosten bat mila gizon ziren. Jesusek esan zien ikasleei:
– Eserarazi berrogeita hamarnaka.
Hala, denak eserarazi zituzten. Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

Jaunak esana.

lunes, 20 de mayo de 2013

2013/05/26 - Hirutasun Santua (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko maiatzaren 26a

Hirutasun Santua (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Lurra izan baino lehenagotik, jarduera izan nintzen sortea.

Esaera Zaharrak 8,22-31

«Jaunak bere jardueraren hasieran sortu ninduen,
bere lehen egintzen aurretik.
Betidanik izan naiz eratua,
hasiera-hasieratik, lurra izan baino lehenagotik.
Ur-leizerik ez zenean izan nintzen sortua,
iturbururik ere ez zegoenean.
Mendiak landatuak izan aurretik,
muinoak baino lehen izan nintzen sortua;
artean ez zituen Jainkoak mundu hau eta kanpokoak eginak,
ezta lurraren lehen hautsa ere.
Zeruak ezarri zituenean, han nengoen ni,
ur-leizearen gainetik zerusabaia jarri zuenean,
hodeiak goian bildu
eta leize-iturriak tinko ezarri zituenean,
itsasoari mugak finkatu
– eta urek ez dituzte muga horiek gainditzen –,
eta lurrari oinarriak jarri zizkionean;
haren ondoan nengoen ni, obra-maisu bezala;
beraren gozamena nintzen egunero,
beraren aurrean jolastuz aldioro:
beraren ludiaz jolasten nuen
eta gizakiekin nuen neure gozamena.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 8, 4-5. 6-7a. 7b-9

R.
Jauna, gure Jauna,
bai harrigarria zure izena mundu osoan!

Zeure behatzez eratu duzun ortzia
eta ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita,
zer da gizona, zu hartaz oroitzeko?
Zer gizakia, zu hartaz arduratzeko? R.

Ia jainko baten pareko egin duzu,
ohorez eta aintzaz koroatu;
zeure eskulan guztien buru egin duzu. R.

Denak haren menpean jarri:
ardi eta idiak, baita basapiztiak ere;
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan zehar dabilen guztia. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Harro gaude atsekabeez.

San Pauloaren Erromatarrei egindako gutuna 5,1-5

Anai-arrebok:
Beraz, Jainkoak sinesmenaren bidez onartu gaituelarik, bakean gaude berarekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker.
Berari esker, sinesmenaren bidez eman digu Jainkoak bere onginahia geureganatzea. Egoera honetan sendo irauten dugu eta harro gaude Jainkoaren aintza iritsiko dugulako itxaropenez.
Eta ez hori bakarrik, harro gaude atsekabeez ere; bai baitakigu atsekabeak eroapena duela ondorio; eroapenak probaldia gainditzeko gai egiten gaituela, eta probaldia gainditzeak itxaropena sendotu egiten duela; eta itxaropenak ez du huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri baitigu geure bihotzetara, berak emandako Espiritu Santuaren bitartez.

Jaunak esana.

Aleluia Ap 1,8

Aleluia, aleluia.
«Neu naiz Alfa eta Omega, dena,
zena eta etortzekoa, ahalguztiduna». Aleluia.

EBANJELIOA

Aitak duen oro nirea da; Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 16,12-15

Dembora haietan Jesusek bere ikasleei esan zien:
«Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. Baina egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue.
Berak nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuena niregandik hartuko baitu.
Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

Jaunak esana.

lunes, 13 de mayo de 2013

2013/05/19 - Mendekostearen igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko maiatzaren 19a

Mendekostearen igandea (C)



Gauerdiko meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Babel, eman zioten izena, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza.

Hasiera liburutik 11,1-9

Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Ekialdetik etorririk, gizonek lautada bat aurkitu zuten Xinear lurraldean eta bertan kokatu ziren. Honela esan zioten elkarri: «Ea, adreiluak egin eta sutan erre ditzagun». Honela, harriaren ordez adreilua erabili zuten eta kare-orearen ordez bikea. Gero, esan zuten: «Ea, eraiki ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar barreiatuko».
Jaitsi zen Jauna gizasemeak eraikitzen ari ziren hiria eta dorrea ikustera, eta esan zuen: «Hara, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau beren lehenengo lana badute, ez zaie aurrerantzean egin nahiko duten ezer ezinezko gertatuko. Jaitsi eta nahas diezaiegun, bada, hizkuntza, elkar uler ez dezaten».
Horrela, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituen; hiria eraikitzeari utzi egin behar izan zioten. Horregatik, Babel –hau da, «Nahasketa »–, eman zioten izena, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza eta handik sakabanatu baitzituen mundu zabalera.

Jaunak esana.

Edo:

Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi herriaren aurrean.

Irteera liburutik 19,3-8a.16-20b

Egun haietan, Moises mendira igo zen Jainkoarengana.
Jaunak menditik dei egin eta esan zion: «Mintza zakizkie Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazi hau: Ikusi duzue zer egin diedan egiptoarrei, eta nola, arranoak bere kumeak hegaletan bezala hartuz, niregana ekarri zaituztedan. Beraz, nire esana betetzen baduzue eta nire ituna gordetzen, zuek izango zaituztet herri guztien artean neure jabego berezia , nirea baita lur osoa; apaiz-erreinu izango zaituztet, niri sagaraturiko herri. Hau da israeldarrei esango diezuna».
Joan zen Moises eta, herri-arduradunei dei eginik, Jaunak agindu guztia adierazi zien. Orduan, herriak aho batez erantzun zuen: «Jaunak agindu guztia beteko dugu».
Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximista, laino itxia eta turuta-hots ozena izan ziren mendi gainean. Beldur-ikaraz gelditu zen herri osoa kanpalekuan.
Orduan, Moisesek herria kanpalekutik aterarazi zuen Jainkoarekin aurkitzeko, eta mendi barrenean gelditu ziren. Sinai mendi osoa ketan zegoen, su artean jaitsia baitzen Jauna. Labetik bezala igotzen zen kea eta mendi guztia zegoen dardara batean. Gero eta ozenagoa zen turuta-hotsa: Moises mintzatu eta Jainkoak trumoi-hotsez erantzuten zion.
Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi eta bertara dei egin zion Moisesi.

Jaunak esana.

Edo:

Hezur ihartu, bizi-arnasa jarriko dut zuengan, bizi zaitezten.

Ezekiel liburutik 37,1-14

Egun haietan, Jaunaren indarra nitaz jabetu zen; beraren espirituak hartu eta hezurrez betea zegoen haran baten erdian utzi ninduen. Batera eta bestera ibilarazi ninduen haran guztian zehar: hezur-pila izugarria zegoen, guztiz ihartuak. Esan zidan Jaunak:
– Gizaseme, bizi ote daitezke hezur hauek berriro?
Erantzun nion:
– Jainko Jauna, zeuk jakingo duzu!
Esan zidan:
– Hitz egin nire izenean hezur horiei eta esaiezu entzuteko Jaunaren hitza. Hau diotset nik, Jainko Jaunak, hezur ihartu horiei: Bizi-arnasa jarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zainez inguratuko zaituztet, haragia eratuko dut zuen gainean, larruazalez jantzi eta bizi-arnasa emango dizuet, bizi zaitezten; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
Hitz egin nuen Jaunaren izenean berak agindu bezala, eta hitz egin bitartean hots bat izan zen: lurrak dardara egin zuen eta hezurrak bata bestearekin elkartzen hasi. Gainean zainak eta haragia zituztela ikusi nuen, eta larruazalez estaltzen ari zirela; baina ez zuten bizi-arnasarik. Esan zidan Jaunak: «Hitz egin nire izenean bizi-arnasari; hitz egin, gizaseme, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bizi-arnasa, zatoz lurraren lau aldeetatik eta haize eman gorpu hauei, bizi daitezen». Agindu bezala hitz egin nuen. Bizi-arnasa sartu zen hezurretan, bizira itzuli ziren eta zutik jarri: ikaragarrizko gudaroste baten antza zuten.
Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hezur horiek Israel herri osoa dira. Hau diote: “Gure hezurrak iharturik daude, galdua dugu itxaropena. Egin du gureak!” Horregatik, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik irekiko ditut zuen hilobiak, nik irtenaraziko zaituztet hilobitik, oi ene herri, eta Israelgo lurraldera eramango. Zuen hilobiak ireki eta berorietatik irtenaraziko zaituztedanean, oi ene herri, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zeuen lurraldera eramango zaituztet. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dudala. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Jaunak esana.

Edo:

Morroi eta mirabeei ere
neure espiritua isuriko diet.

Lectura de la profecía de Joel 3,1-5a

Horrela dio Jaunak:
«Ondoren, neure espiritua
isuriko diet gizaki guztiei.
Zuen seme-alabek
profetizatu egingo dute,
zuen zaharrek
ametsak egingo dituzte,
zuen gazteek ikuskariak izango.
Morroi eta mirabeei ere
neure espiritua isuriko diet
egun haietan.
Gauza harrigarriak egingo ditut
zeru-lurretan:
odola eta sua eta ke-lainoak.
Eguzkia ilunpe bihurtuko da,
ilargiak odol-itxura hartuko,
Jaunaren eguna,
egun handi eta ikaragarria,
iritsi baino lehen».
Orduan, Jaunari dei egin diezaiona
salbatuko da.
Jerusalemen, Sion mendian,
izango da salbaturik,
Jaunak esan bezala.
Jaunak deituak
geldituko dira bizirik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 103, 1-2a.24.27-28.29b-30 R 30

R.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen.

Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Distiraz eta handitasunez zaude jantzia,
argiz inguratua soinekoz bezala. R.

Bai ugariak, Jauna, zuk eginak!
Denak jakinduriaz egin dituzu,
zure sorkariz betea da lurra. R.

Denak zure zain daude,
zuk bere garaian jaten emateko zain:
zuk eman eta haiek harrapatu,
zuk eskua zabaldu eta haiek ondasunez ase. R.

zuk arnasa kentzean, hil egiten
eta hauts bihurtzen.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz.

San Pauloaren Erromatarrei egindako gutuna 8,22-27

Senideok: Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte. Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain. Salbatuak gaude, bai, baina itxaropenetan bakarrik. Eta itxaro duguna begien aurrean bagenu, hori ez litzateke itxaropena izango, inork ez baitu itxaroten begien aurrean duena. Baina ikusten ez duguna itxaro badugu, iraupenez behar dugu zain egon.
Era berean, Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde .

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Ur biziko errekak jarioko zaizkio.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 7,37-39

Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutik jarri eta oihu egin zuen, esanez: «Egarri dena betor niregana, eta edan beza niregan sinesten duenak. Liburu Santuek dioten bezala, ur biziko errekak jarioko zaizkio barru-barrutik ».
Harengan sinetsiko zutenek hartuko zuten Espirituaz esan zuen hori; izan ere, ez zen artean Espiriturik, Jesusen jainkozko aintza ez zelako oraindik azaldu.

Jaunak esana.

Egunerako meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi.

Eginak liburutik 2,1-11

Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak.
Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen.
Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran.
Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak. Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien. Zur eta lur , honela zioten: «Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak? Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea? Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere; badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere; eta denok, judu eta juduberri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 103, 1ab y 24ac. 29bc-30. 31 y 34

R.
Zeure Espiritua bidali, Jauna,
eta lurbira berritzen.

Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Bai ugariak, Jauna, zuk eginak;
zure sorkariz betea da lurra. R.

Zuk arnasa kentzean, hil egiten
eta hauts bihurtzen.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen. R.

Betiko izan bedi Jaunaren ospea!
Poz bedi Jauna berak eginekin!
Atsegin bekio nire kanta:
Jaunarengan nik neure poza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko.

San Pauloaren Korintoarrei egindako lehen gutuna 12,3b-7. 12-13

Anai-arrebok
Inork ere ez duela esaten «Jesus da Jauna» Espiritu Santuak eraginik ez bada.
Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra; era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra; era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.
Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere.
Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.

Jaunak esana.

Edo:

Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.

San Pauloaren erromatarrei egindako gutuna 8,8-17

Anai-arrebok: Giza grinen menpean bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogoko izan. Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
Kristo zuengan baldin badago, berriz, gorputza bekatuagatik hil egingo den arren, Espirituak badu bizia, Jainkoaren salbamen-indarrari esker. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.
Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko. Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.
Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.
Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari.
Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet. Hartzazue Espiritu Santua.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez:
«Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.  Jesusek berriro esan zien:
«Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jaunak esana.

Edo:

Espiritu Santua gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 15-16. 23b-26

Egun hauetan, Jesusek bere ikasleei esan zuen:
“Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena.”
“Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko.
Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik”.
“Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko”.

Jaunak esana.

lunes, 6 de mayo de 2013

2013/05/12 - 7. Pazko igandea - Jainkoaren Igokundea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko maiatzaren 12a

7. Pazko igandea - Jainkoaren Igokundea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Gorantz igo zen haien begi aurrean.

Eginak liburutik 1,1-11

Teofilo maitea: Neure lehen liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zen eguna arte Jesusek egin eta irakatsi zuen guztiaz idatzi nuen. Zerura igo aurretik, Espiritu Santuaren eraginez azken aginduak eman zizkien berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu zitzaien bere heriotzaren ondoren eta bizirik zegoeneko froga asko eman zizkien, berrogei egunez bere burua ikustera emanez eta Jainkoaren erregetzaz hitz eginez.
Haiekin bazkaltzen ari zen batean, honela agindu zien: «Ez alde egin Jerusalemdik, zaudete nik Aitaren partetik egin dizuedan agintzariaren zain.
Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek egun gutxi barru Espiritu Santuaz bataiatuak izango zarete».
Jesus zerura igo.
Orduan, Jesusekin bildurik zeudenek galdetu zioten:
– Jauna, orain ezarriko al duzu berriro Israelgo erreinua?
Jesusek erantzun zien:
– Aitak bakarrik du hori erabakitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan gertatuko den jakitea. Baina zuen gain jaitsiko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino.
Hau esanik, gorantz igo zen Jesus haien begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu zien arte. Oraindik zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizaseme azaldu zitzaizkien ondoan, eta esan zieten: «Galilearrok, zertan zaudete hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan den Jesus hori, zerura joaten ikusi duzuen bezalaxe etorriko da berriro».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa: 46, 2-3. 6-7. 8-9.

R.
Irrintzi artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.

Herri guztiok, egin txalo,
egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari.
Izugarria baita Jauna, Goi-goikoa,
mundu osoaren errege handia. R.

Irrintzi artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.
Kanta Jainkoari, kanta!
Kanta gure erregeari, kanta! R.

Jainkoa mundu osoaren errege:
kanta hari trebeki!
Jainkoa nazioen errege da,
bere tronu santuan eseria dago. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo zeruan bertan sartu zen.

San Pablo Apostoluak Hebertarrei egindako gutunetik 9, 24-28; 10, 19-23

Kristo ez zen sartu gizakiek egindako santutegian – egiazkoaren irudi besterik izango ez zen batean –, zeruan bertan baizik, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zen sartu behin eta berriz bere burua opari eskaintzeko, apaiz nagusia santutegian berea ez duen odolarekin urtean behin sartzen den bezala. Bestela, hil ere askotan hil behar izango zuen mundua mundu denetik gaur arte. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diren garai hauetan, bere buruaren opariaz bekatua desegiteko. Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dutela eta gero auzia izango dela erabakita dagoen bezala, halaxe Kristo ere: behin bakarrik izan zen oparitzat eskainia guztien bekatuak desegiteko, eta gero bigarrenez agertuko da, bekatuarekin zerikusirik gabe, beraren zain daudenak salbatzera.
Anai-arrebok, Jesu Kristoren odolari esker konfiantza dugu santutegian sartzeko, Jesusek errezelean barrena – hau da, bere gorputzean barrena – bide berri eta bizia ireki baitigu. Jesus apaiz handia Jainkoaren etxeko buru dugunez, hurbil gakizkion bihotz zintzoz eta sinesmen osoz, barrua bekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik. Iraun dezagun sendo itxaropena aitortuz, leiala da eta hitza eman diguna.

Jaunak esana.

Edo:

Zeruan bere eskuinaldean eserarazi.

San Pablo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 1, 17-23

Anai-arrebok, Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia dagokion Aitak, jakinduria eta goi-argia eman diezazkizuela, bera zer-nolakoa den sakonki ezagutzeko. Argi ditzala zuen barruko begiak, jakin dezazuen zer itxarotera deitu zaituzten, zein zoragarria den fededunentzat ondare gisa prestatua duen aintza eta zein handia den sinestedunen alde erabiltzen duen bere ahalmena. Indar ahaltsu hori Kristorengan erakutsi zuen Jainkoak, hura hildakoen artetik piztu eta zeruan bere eskuinaldean eserarazi zuenean. Munduko aginte, botere, indar eta nagusigo ororen gainetik eta, mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aipagarri den edozeinen gainetik ezarri zuen. Dena jarri du Jainkoak Kristoren oinazpian, eta berau egin du denen gainetik Elizaren buru. Eliza haren gorputza da, unibertsoa erabat betetzen duen Kristok erabat betea.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 28,19.20

Aleluia, aleluia.
Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle
- Dio Jauna -.
Eta ni zeuekin izango nauzue egunero
munduaren azkena arte. Aleluia.

EBANJELIOA

Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 46-53

Denbora hauetan, Jesusek ikasleei esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihotz berritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko. Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte».
Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.

Jaunak esana