lunes, 29 de abril de 2013

2013/05/05 - 6. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko maiatzaren 5a

6. Pazko Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Espiritu Santuak eta guk zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik erabaki dugu.

Eginak liburutik 15, 1-2. 22-29

Egun hauetan, Judeatik Antiokiara jaitsi ziren batzuk hango senideei irakaspen hau ematen hasi ziren: «Moisesengandiko usadioaren arabera erdaintzen ez bazarete, ez zaitezkete salba».
Hori zela eta, sesioa sortu zen, eta Paulok eta Bernabek eztabaida gogorra izan zuten haiekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemera igo zitezela erabaki zuten, apostolu eta arduradunengana, auzi hori argitzera.
Orduan, apostoluek eta arduradunek, eliz elkarte osoarekin bat, beren arteko batzuk hautatu eta Paulo eta Bernaberekin Antiokiara bidaltzea erabaki zuten. Judas Barsaba eta Silas hautatu zituzten, senideen artean itzal handiko gizonak biak, eta gutun hau eman zieten eramateko:
«Anaia apostoluek eta arduradunek Antiokiako, Siriako eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur! Gutakoren batzuek, guk agindu gabe, beren esanez kezkatu eta nahastu zaituztela jakin dugu. Horregatik, ordezkari batzuk hautatzea erabaki dugu aho batez, eta zuengana bidaltzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin, beren bizitzak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan eman dituzten horiekin. Hor bidaltzen dizkizuegu, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten. Hau da Espiritu Santuak eta guk erabaki duguna: zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik: ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak. Ongi egingo duzue horrelakoetatik alde egiten baduzue. Ondo izan!»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa: 66, 2-3. 5. 6. 8

R.
Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
mundua justiziaz zuzentzen baituzu,
herriak zuzentazunez gobernatzen,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hiri santua erakutsi zidan, zerutik, jaisten.

Apokalipsia liburutik 21, 10-14. 22-23

Espirituak hartu ninduen eta aingeruak mendi handi eta garai batera eraman ninduen; Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, Jainkoaren aintzaz dirdaitsu. Haren distira harribitxi ederrarena bezalakoa zen, jaspe harria bezain gardena. Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi atekoa, eta ate gainetan hamabi aingeru. Hamabi izen zituzten idatziak, israeldarren hamabi leinuen izenak. Hiru ate zeuden ekialdera, hiru iparraldera, hiru hegoaldera eta hiru mendebaldera. Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen, eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak.
Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu. Hiriak ez du argituko duen eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta Bildotsa du kriseilu.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 14,23

Aleluia, aleluia.
Maite nauenak onartuko du nire mezua;
– dio Jaunak –
nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara. Aleluia.

EBANJELIOA

Espiritu Santuak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 23-29

Jesusek erantzun zion:
– Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.
«Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.
«Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.

Jaunak esana.

lunes, 22 de abril de 2013

2013/04/28 - 5. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko apirilaren 28a

5. Pazko Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Eliz elkarteei Jainkoak beraien bidez egindako guztia azaldu zieten.

Eginak liburutik 14, 21b-27

Egun hauetan, Paulo eta Bernabe Listrara, Ikoniora eta Antiokiara itzuli ziren. Ikasleen gogoak bizkortzen zituzten bidenabar, fedean sendo irauteko adore emanez. «Larrialdi asko eraman behar dugu – esaten zieten – Jainkoaren erreinuan sartzeko». Eliz elkarte bakoitzean arduradunak izendatu zituzten eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunari gomendatu zizkioten, harengan sinetsi baitzuten.
Ondoren, Pisidian barrena, Panfiliara iritsi ziren. Eta, Pergen mezua predikatu ondoren, Ataliara jaitsi ziren. Han ontzia hartu zuten Antiokiarako, handik izan baitziren bidaliak burutu berria zuten egitekorako, Jainkoaren onginahiari gomendatuak izan ondoren.
Antiokiara iritsi zirenean, eliz elkartea bildu zuten eta Jainkoak beraien bidez egindako guztia azaldu zieten, baita jentilei federako atea nola ireki zien ere.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 144, 8-9. 10-11. 12-13ab

R.
Zure izena beti bedeinkatuko,
ene Jainko, ene errege.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinka zeure fededunek.
Aipa bezate zure erregetza ospetsua,
mintza bitez zure ahalmenaz. R.

Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure erregetza ospetsua.
Zure erregetzak beti irauten du,
zure aginteak menderen mendetan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak haien begietako malkoak xukatuko ditu.

Apokalipsia liburutik 21, 1-5a

Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta jadanik itsasorik ere ez zen. Hiri santua ikusi nuen, Jerusalem berria, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apaindua. Eta ahots handia entzun nuen tronutik esaten: «Hona Jainkoak gizon-emakumeen artean jarri duen bizilekua; haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin. Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua betiko desagertua baita».
Eta tronuan eseria zegoenak esan zuen: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut».

Jaunak esana.

Aleluia Jn 13,34

Aleluia, aleluia.
Agindu berri bat ematen dizuet: - Jaunak dio –
elkar maita dezazuela.
Nik maitatu zaituztedan bezala. Aleluia.

EBANJELIOA

Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 13,31-33a. 34-35

Judas irten zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, ez zait denbora asko gelditzen zuekin egoteko.
Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».

Jaunak esana

lunes, 15 de abril de 2013

2013/04/21 - 4. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko apirilaren 21a

4. Pazko Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Jakin ezazue jentilengana joko dugula.

Eginak liburutik 13, 14. 43-52

Egun haietan, Paulo eta Bernabe, berriz, Pergetik Pisidiako Antiokiaraino joan ziren. Eta larunbatez sinagogan sartu ziren eta eseri.
Batzarra banatu zenean, judu eta juduberri jainkozale asko Paulo eta Bernaberekin joan ziren; hauek Jainkoaren dohainari atxikirik irauteko adore ematen zieten beren hitzez.
Hurrengo larunbatean, ia hiritar guztiak bildu ziren Jaunaren mezua entzutera. Jendetza hura ikusirik, juduak bekaizkeriaz bete ziren, eta irainez egiten zieten kontra Pauloren hitzei. Orduan, Paulok eta Bernabek ausarki esan zuten: «Zuei adierazi behar genizuen lehenengo Jainkoaren mezua! Baina mezua baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gai ikusten ez dituzuenez gero, jentilengana joko dugu. Honela esan baitigu Jaunak:

«Nazioen argitzat ezarri zaitut,
salbamena lurraren bazterreraino
eraman dezazun».

Hori entzunik, biziki poztu ziren jentilak eta Jaunaren mezua goraipatzen zuten. Eta betiko bizirako zirenek sinetsi egin zuten.
Jaunaren mezua zabalduz zihoan eskualde hartan guztian. Baina juduek andere handiki jainkozaleak eta hiriko jauntxoak berotu zituzten, eta Pauloren eta Bernaberen aurka erasoaldi bat sortu eta beren lurraldetik kanpora bota zituzten. Pauloren eta Bernabe, beren oinetako hautsa protesta gisa haien aurka astindurik, Ikoniora joan ziren. Ikasleak, berriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 99, 2. 3. 5

R.
Bere herri eta berak larraturiko artalde gara.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari!
Zerbitza ezazue pozik Jauna,
joan oihu alaiz haren aurrera. R.

Aitortu Jauna Jainko dela.
Berak eginak eta bereak gaitu,
bere herri eta berak larraturiko artalde. R.

Bai, ona da Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna mendez mendekoa. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bildotsak bazkatuko baititu eta ur biziko iturburuetara gidatuko.

Apokalipsia liburutik 7, 9. 14b-17

Nik, Joan, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik, soineko zuriz jantziak eta palma-adarrak eskuetan.
Eta zaharretako bat esan zidan:
– Larrialdi handitik datozenak dira horiek; beren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dituzte eta zuritu. Horregatik, Jainkoaren tronu aurrean daude, gau eta egun hura bere tenpluan zerbitzatzen, eta tronuan eseria dagoena horiekin biziko da. Ez dira gehiago gose, ez egarri izango, eta ez ditu eguzkiak, ez sargoriak joko, tronuaren erdian dagoen Bildotsak bazkatuko baititu eta ur biziko iturburuetara gidatuko; begietako malko guztiak xukatuko dizkie Jainkoak.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 10,14

Aleluia, aleluia.
Neu naiz artzain ona. - Jaunak dio –
Ezagutzen ditut neure ardiak,
eta ni ere ezagutzen naute neureek Aleluia.

EBANJELIOA

Nik nire ardiei betiko bizia ematen diet.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10,27-30

Egun haietan, Jesusek esan zuen:
- Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate, eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere eskutik kenduko. Eman dizkidan nire Aita denak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara.

Jaunak esana.

lunes, 8 de abril de 2013

2013/04/14 - 3. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko apirilaren 14a

3. Pazko Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Gu gara honen guztiaren lekuko eta Espiritu Santua.

Eginak liburutik 5, 27b-32. 40b-41

Egun haietan apaiz nagusiak apostoluei esan zien:
– Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue.
Pedrok eta beste apostoluek erantzun zuten:
– Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena. Gure arbasoen Jainkoak piztu egin du zuek egur batetik zintzilik hil zenuten Jesus. Jainkoak bere eskuinaldera altxatu du, buru eta salbatzaile eginez, Israeli bihotz berritzea eta bekatuen barkamena emateko. Gu gara honen guztiaren lekuko, gu eta esaneko zaizkionei Jainkoak ematen dien Espiritu Santua.
Jesusi buruz hitzik esatea zorrotz debekatu zieten. Ondoren, askatu egin zituzten. Apostoluak Biltzar Nagusitik pozik atera ziren, Jainkoak Jesusengatik sufritzeko duin aurkitu zituelako.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 29, 2 y 4. 5-6. 11 y 12a y 13b

R.
Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu!

Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu!
Nire etsaiei ez diezu nire lepotik pozten utzi.
Jauna, Herio Leizetik atera nauzu;
hilobira jaistear nengoela, biziberritu. R.

Kanta Jaunari, haren fededunok,
goretsazue, santua dela gogoratuz.
Haren haserrea une baterako,
haren onginahia bizi guztirako.
Arratsean negarrez bagaude ere,
goizean berriro poz-oihuz. R.

Entzun, Jauna! Erruki nitaz!
Jauna, zatozkit lagun!
Negarra dantza bihurtu didazu.
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emango dizkizut beti. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hila izan zen Bildotsa bada nor ahalmena eta aberastasunak, hartzeko.

Apokalipsia liburutik 5, 11-14

Gero, ikuskarian, tronu, izaki eta zaharren inguruan zeuden aingeru askoren ahotsa entzun nuen. Milaka eta milioika ziren, eta ozenki zioten: «Hila izan zen Bildotsa bada nor ahalmena, aberastasunak,jakinduria, indarra, ohorea, aintza eta gorespena hartzeko». Eta zeruan, lur gainean, lur azpian eta itsasoan dauden sorkari guztiei, hau esaten entzun nien: «Tronuan eseria dagoenari eta Bildotsari gorespena, ohorea, aintza eta agintaritza, menderen mendetan». Lau izaki bizidunek «Amen» erantzun zuten, eta zaharrek ahuspeztu eta gurtu egin zuten.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluia, aleluia.
Kristo, gauza guztiak sortu zituena, berpiztu da
eta gizadiaz errukitu zen. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, baita arraina ere.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 21,1-19

Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira-ertzean. Honela gertatu zen agerpena: Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas –Bikia zeritzana–, Natanael –Galileako Kanakoa–, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Hortan, Simon Pedrok esan zien:
– Arrantzura noa.
Besteek erantzun zioten:
– Zurekin goaz gu ere.
Irten eta ontziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu.
Eguna argitu zuenean, aintzira-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien:
– Mutilok, baduzue jatekorik?
Haiek erantzun:
– Ez.
Jesusek esan zien:
– Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue.
Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zela entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta salto egin zuen uretara. Gainerako ikasleak txalupaz joan ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat metrora.
Lehorreratzean, su-txingarrak ikusi zituzten, gainean arrain bat zela, eta ogia. Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetariko batzuk».
Igo zen ontzira Simon Pedro eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea apurtu.
Jesusek esan zien: «Etorri gosaltzera».
Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ongi baitzekiten Jauna zena. Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, baita arraina ere.
Hirugarren aldia zen hau, Jesus, hildakoen artetik piztu ondoren, bere ikasleei agertzen zitzaiena.
Gosaldu zutenean, Jesusek esan zion Simon Pedrori:
– Simon, Joanen semea, maiteago al nauzu hauek baino?
Hark esan zion:
– Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Orduan, Jesusek:
– Larra itzazu nire bildotsak.
Bigarrenez galdetu zion Jesusek:
– Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedrok, berriro:
– Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Jesusek, orduan:
– Zaindu nire ardiak.
Hirugarrenez galdetu zion Jesusek:
– Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion:
– Jauna, zuk dena dakizu, zuk badakizu maite zaitudana.
Orduan, esan zion Jesusek:
– Larra itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan erabakitzen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun lekura eramango zaitu.
Horrela, Jainkoari aintza zer-nolako heriotzaz emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion:
– Jarraitu niri.

Jaunak esana.

lunes, 1 de abril de 2013

2013/04/07 - 2. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko apirilaren 7a

2. Pazko Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Gero eta ugariagoa zen fedearen bidez Jaunari elkartzen zitzaizkionen taldea, gizon eta emakume.

Eginak liburutik 5, 12-16

Anitz mirari eta egintza harrigarri gertatzen ziren herrian apostoluen eskuz. Fededun guztiak Salomonen aterpean bildu ohi ziren gogo batez; baina beste inor ez zen haiekin elkartzera ausartzen, herriak asko goraipatzen bazituen ere. Gero eta ugariagoa zen fedearen bidez Jaunari elkartzen zitzaizkionen taldea, gizon eta emakume. Gaixoak kalera ateratzen zituen jendeak eta ohe nahiz ohatiletan ezartzen zituzten, Pedro igarotzean beronen itzalak bederen bat edo beste uki zezan. Jerusalem inguruko herrietatik ere jende-talde handiak etorri ohi ziren gaixoak eta espiritu gaiztoen menpe zeudenak berekin ekarriz, eta denak sendatzen ziren.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 2-4. 22-24. 25-27a  

R.
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.

Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate aarondar apaizek :
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate Jaunari begirune diotenek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Etxegileek bazterturiko harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan! R.

Otoi, Jauna, eman garaipena!
Otoi, Jauna, eman arrakasta!
Bedeinkatua Jaunaren izenean sartzen dena!
Jaunaren etxetik bedeinkatzen zaitugu.
Argi egin digu Jainko Jaunak egiaz. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hilik egon nintzen, baina orain bizirik nago menderen mendetan.

Apokalipsia liburutik 1,9-11a.12-13.17-19

Ni, Joan, zuen anaia eta Jesusen maitasunagatik atsekabean eta erreinuaren itxaropen iraunkorrean zuen kideko naizen hau, Patmos izeneko uhartean nengoen erbesteratua Jainkoaren hitzarengatik eta Jesusen testigantza egiteagatik. Jaunaren egunean Espirituak hartu ninduen, eta neure ostean ahots handia entzun nuen turuta-hotsa bezalakoa. Hau zioen: «Idatz ezazu liburu batean ikusiko duzuna, eta bidali zazpi eliz elkarte hauei.
Atzera begiratu nuen, mintzo zitzaidan ahots hura norena ote zen ikusteko eta, itzultzean, urrezko zazpi argimutil ikusi nituen, eta argimutilen erdian gizaseme antzeko bat, soineko luzez jantzia, bularpea urrezko gerrikoz lotua.
Hura ikustean, hila bezala erori nintzaion oinetan. Berak eskuineko eskua gainean jarri zidan, esanez: «Ez izan beldur! Neu naiz lehena eta azkena, bizi dena; hilik egon nintzen, baina orain bizirik nago menderen mendetan, eta neure menpe ditut Herioa eta Hildakoen Egoitza . Idatz ezazu, beraz, ikusi duzuna: orain dena eta gero izango dena.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 20, 29

Aleluia, aleluia.
Ikusi nauzulako sinetsi al duzu?
- esan zión Jaunak Tomasí –
Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.. Aleluia.

EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.