lunes, 25 de febrero de 2013

2013/03/03 - Garizumako 3. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko martxoaren 3a

Garizumako 3. Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

«Izango naizena naiz» deritzanak bidali nau zuengana.

Irteera liburutik 3,1-8a. 13-15

Egun haietan, Moisesek Madiango apaiz Jetro bere aitaginarrebaren artaldea zaintzen zuen. Behin batean, basamortuan barrena eraman zuen artaldea eta Jainkoaren mendiraino, Horeberaino, iritsi zen. Han, Jaunaren aingerua agertu zitzaion sasi artean pizturiko sugarretan. Moises begira jarri zen: sasia, sutan egon arren, ez zen erretzen. Moisesek bere buruari ziotson: «Hurbil nadin gauza harrigarri hori ikustera: nola liteke sasia ez erretzea?»
Begiratzera zetorrela ikustean, Jaunak dei egin zion sasi artetik:
– Moises! Moises!
Hark erantzun:
– Hemen nauzu!
– Ez hurbildu – esan zion Jaunak –. Erantzi oinetakoak, zauden lekua lur santua baita. Ni zure aitaren Jainkoa naiz, Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa.
Moisesek aurpegia estali zuen, Jainkoari begiratzeko beldur baitzen.
Jaunak esan zion, gainera:
– Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea Egipton eta entzuna haien oihua zapaltzaileen zigorpean; bai, ohartu naiz haien oinazeaz. Egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naiz eta lurralde honetatik, esnea eta eztia darizkion lurralde zabal eta jori batera igoaraztera.
Baina Moisesek ihardetsi zion:
– Hara, ni israeldarrengana joan eta «Zuen arbasoen Jainkoak bidali nau zuengana» esango diedanean, «Nola du izena?» galdetuko didate haiek. Zer erantzun behar diet orduan?
Jainkoak erantzun zion:
– Izango naizena naiz . Beraz, honela esango diezu israeldarrei: «Izango naizena naiz» deritzanak bidali nau zuengana.
Jainkoak Moisesi esan zion, gainera:
– Esan israeldarrei: Jaunak , zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoak, zuengana bidali nau. Horixe izango da nire izena betiko; hala deituko naute belaunez belaun.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 102, 1-2. 3-4. 6-7. 8 y 11

R.
Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ene barren osoak haren izen santua!
Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ez bitza ahaztu haren mesedeak! R.

Erru guztiak barkatzen dizkit, gaitz guztiak sendatzen;
bizia Herio Leizetik ateratzen dit,
maitasun eta errukiz inguratzen nau; R.

Jaunak justizia egiten du,
zapalduen eskubideak defendatzen.
Bere egitasmoak adierazi zizkion Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R.

Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta onginahiz betea.
Nola zerua lurraren gainean garai,
hala haren maitasuna begirune diotenentzat handi. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Basamortuko Moisesarekiko herriaren bizitza gure eskarmenturako idatzi zen.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 10,1-6. 10-12

Senideok, jakin behar duzue, gure arbasoak denak egon zirela hodeiaren babespean eta denek igaro zutela Itsaso Gorria. Denek hartu zuten bataioa hodeian eta itsasoan, Moisesekin bat egiteko. Denek jan zuten espirituzko janari bera, eta denek edan espirituzko edari bera; izan ere, beraiekin zihoan espirituzko harkaitzetik edaten zuten, eta harkaitz hori Kristoren irudi da . Hala ere, haietako gehienak ez ziren Jainkoaren gogoko izan, eta hilik gelditu ziren basamortuan.
Hau guztia guretzat ikasbide izateko gertatu zen, gaiztakeriarik irrika ez dezagun, haiek irrikatu zuten bezala.
Ez zaiteztela marmarrean ari ere, haietako batzuk ari izan ziren bezala, gero aingeru suntsitzailearen esku hil zirelarik.
Haiei gertaturiko gauza horiek ikasbide dira guretzat, eta gure eskarmenturako idatzi zituzten, azkenak diren garai hauetan bizi garenok zentzarazteko. Beraz, zutik dagoela uste duenak egin beza kontu eror ez dadin.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Mt 4,17

Bihozberri zaitezte, - dio Jaunak -
gainean baituzue Jainkoaren erregetza

EBANJELIOA

Bihozberritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 13,1-9

Une hartan, batzuek Jesusengana joan eta zenbait galilearri gertatua kontatu zioten: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren abereen odolarekin beraien odola nahastuz. Jesusek erantzun zien: «Galilear horiek gainerakoak baino bekatariago zirela uste al duzue, heriotza hori izan zutelako? Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok.
«Eta Siloeko dorreak azpian harrapaturik hil ziren hemezortzi haiek, gainerako jerusalemdarrak baino bekatariago zirela uste al duzue? Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete».
Gero, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. Orduan, mahastizainari esan zion: “Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?” Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

Jaunak esana.

lunes, 18 de febrero de 2013

2013/02/24 - Garizumako 2. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko otsailaren 24a

Garizumako 2. Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunak agintzaria egin zion Abrami.

Hasiera liburutik 15,5-12. 17-18

Ondoren, Jainkoak Abrami kanpora aterarazi eta esan zion: «Begira zerura eta zenbatu izarrak, ahal baduzu. Horiek bezainbat izango dira zure ondorengoak ».
Abramek sinetsi egin zuen Jaunarengan eta, honengatik, Jaunak zuzenetsi egin zuen .
Jaunak esan zion Abrami:
– Ni Jauna naiz. Nik irtenarazi zintudan kaldearren Ur hiritik lurralde hau zuri emateko.
– Jauna, ene Jainkoa – erantzun zion Abramek –, nola jakin nezake lurralde hau neurea izango dudala?
Jaunak esan zion:
– Ekarri txahal bat, ahuntz bat eta ahari bat, hiruna urtekoak, usapal bat eta usakume bat.
Abere guztiok eskuratuz, Abramek erdibi egin zituen, eta puskak bata bestearen aurrez aurre ipini ; hegaztiak ez zituen erdibitu. Hegazti harrapariak abere hildakoen gainera etorri ziren, baina Abramek uxatu egin zituen.
Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zen Abram. Izua eta larria nagusitu zitzaizkion.
Eguzkia sartu eta iluna egin zenean, labe bat ketan eta zuzi bat sutan igaro ziren hildako abereen artetik.
Egun hartan, Jaunak agintzari hau egin zion Abrami: «Lurralde hau zure ondorengoei ematen diet , Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 26, 1. 7-8a. 8b-9abc. 13-14

R.
Jauna dut argi eta salbamen.

Jauna dut argi eta salbamen:
nork ni beldurtu?
Jaunak dit bizia babesten:
nork ni ikaratu? R.

Entzun, Jauna, dei degizut!
Erruki nitaz eta erantzun!
Bihotzak esaten dit:
«Ea, bila ezazu Jaunaren aurpegia». R.

Zure aurpegiaren bila nator, bai, Jauna.
Ez gorde niri zeure aurpegia!
Ez baztertu zeure morroi hau haserrez,
zu baitzaitut laguntza bakarra! R.

Ziur nago ni:
Jaunaren ontasuna gozatuko dut bizien lurraldean.
Itxaron Jaunarengan! Eutsi gogor, izan kemen!
Itxaron Jaunarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Itxaro dugu salbatzailea Jesu Kristo Jauna; hark antzaldatuko du gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei gutunetik 3,17_4,1  

Senideok, izan zaitezte nire antzeko , eta begiratu guregan duzuen ereduaren arabera bizi direnei. Izan ere, asko dira Kristoren gurutzearen etsai bezala bizi direnak. Askotan esan dizuet eta berriro diotsuet orain, malko artean. Horrelakoen azkena hondamena da; sabela dute jainko , beren lotsarietan harrotzen dira eta lurreko gauzetan bakarrik pentsatzen dute. Gu, ordea, zeruko hiritar gara eta handik itxaro dugu salbatzailea: Jesu Kristo Jauna; hark antzaldatuko du gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak bere menpe jartzeko duen ahalmenari esker.
Ene senide maiteok, irrika biziz nago zuek ikusteko. Zuek, maiteok, ene poz eta koroa zaretenok , iraun ezazue Jaunari tinko atxikiak.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Mt 17,5

Hodei argi batek estali zituen,
eta mintzo batek hodeitik esan zuen:
«Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»

EBANJELIOA

Otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9,28b-36

Egun haietan, Pedro, Joan eta Santiago berekin hartu eta mendira igo zen Jesus, otoitzera. Eta, otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu. Hartan, bi gizon azaldu ziren, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias, eta Jesusekin mintzo ziren Jerusalemen gertatzekoa zen honen heriotzaz . Pedro eta lagunak logaleak jota zeuden; baina esnatu ziren eta Jesusen aintza eta harekin zeuden bi gizonak ikusi zituzten. Hauek urruntzean, Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez zekien zer esaten zuen ere. Eta, hori zioela, hodei batek estali zituen, eta beldurtu egin ziren hodeipean sartzean. Mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Semea, nik hautatua. Entzun berari!»
Mintzoaren ondoren, Jesus bakarrik ageri zen. Ikasleek isilik gorde zuten eta, ordukoz, ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.

Jaunak esana.

lunes, 11 de febrero de 2013

2013/02/17 - Garizumako 1. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko otsailaren 17a

Garizumako 1. Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Aukeratutako herriaren fede aitortzea.

Deuteronomioa liburutik 26,4-10

Apaizak zure eskuetatik saskia hartu eta Jaunaren zure Jainkoaren aldare aurrean ipiniko du. Orduan, aitorpen hau egingo duzu Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean:
“Nire aita noraezean zebilen aramearra zen. Berekin lagun-taldetxo bat besterik ez zuela, Egiptora joan eta etorkin bezala bizi izan zen han. Egipton herri handi, ahaltsu eta jendetsu bihurtu zen. Baina egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, zapaldu eta esklabotza gogorra ezarri. Orduan, oihu egin genion Jaunari arbasoen Jainkoari laguntza eske, eta Jaunak entzun egin zituen gure garrasiak, errukarri, sufrimenduz josirik eta zapaldurik ikusi baikintuen.
“Jaunak Egiptotik atera gintuen ahalmen handiz eta esku indartsuz, mirari eta egintza harrigarriak eginez, etsaiengan izua sortuz. Eta toki honetara ekarri gaitu, eta esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman.
“Orain, beraz, hemen dakartzat, Jauna, zeuk eman didazun lurreko emaitzen lehen fruituak”.
Hori esanik, Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean ezarriko duzu eskaintza eta beraren aurrean ahuspeztuko zara.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 90, 1-2. 10-11. 12-13. 14-15

R.
Nirekin, Jaunarekin, dago atsekabean.

Goi-goikoaren aterpean bizi zaren horrek,
gaua Ahaltsuaren itzalpean ematen duzun horrek,
esazu:
«Oi Jauna, zu ene babesleku eta gaztelu;
ene Jainko, zuregan dut uste on!» R.

Ez zaizu zoritxarrik gertatuko,
ez da zure etxera hondamenik iritsiko.
Bere aingeruei aginduko die zu nonahi ere zaintzeko. R.

Besoetan eramango zaituzte,
harriekin estropezu egin ez dezazun.
Suge pozoitsuen gainean ibiliko zara,
basapiztiak oinazpian hartuko. R.

«Niri atxikia dagoenez gero, onik aterako dut,
toki seguruan jarriko, aitortzen nauelako.
Dei egitean, erantzun egingo diot.
Berekin izango nau larrialdian:
libratu egingo dut eta ohorez jantziko. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesukristorengan sortzen duenaren fede aitortzea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako lehenengo gutunetik 10,8-13

Zer dio, orduan, Liburu Santuak?

Esku-eskura duzu hitza,
zeure ahoan eta zeure bihotzean.

Hitz hori , hain zuzen, guk hots egiten dugun fedearen mezua da.
Izan ere, zeure ahoz Jesus dela Jauna aitortzen baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen artetik piztu zuela sinesten baduzu, salbatu egingo zara. Zeren, bihotzez sinesten duena onartu egiten baitu Jainkoak, eta ahoz aitortzen duena salbatu egiten da. Hau dio Liburu Santuak: Harengan sinesten duenak ez du huts egingo. Judua izan ala ez, ez dago bereizketarik, bat bera baita guztien Jauna, dei egiten dioten guztientzat eskuzabala. Izan ere, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Mt 4,4b

Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.

EBANJELIOA

Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen, deabruak tentatzen zuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 4,1-13

Jesus Espiritu Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer jan, eta azkenean gosetu egin zen. Deabruak esan zion, orduan:
– Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.
Jesusek erantzun zion:
– Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.
Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean eta esan zion:
– Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket. Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.
Jesusek erantzun zion:
– Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:
– Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.
Baina Jesusek erantzun:
– Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.

Jaunak esana.

domingo, 10 de febrero de 2013

2013/02/13 - Hausterre eguna (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko otsailaren 13a

Hausterre eguna (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez urratu soinekoak,
bihotzak baizik!

Joel liburutik 2,12-18

«Baina garaiz zabiltzate oraindik
–hala dio Jaunak–.
Itzul zaitezte niregana
bihotz-bihotzez,
barau, negar eta intzirika».
Ez urratu soinekoak,
bihotzak baizik!
Itzul zaitezte Jaunarengana,
zeuen Jainkoarengana,
bihozbera eta errukiorra baita,
haserregaitza eta onginahiz betea,
bere mehatxuez damutzen dena.
Agian, atzera egin
eta damutuko da,
eta ondasunez bedeinkatuko
zaituzte ostera.
Orduan, labore-opariak
eta isur-opariak
egin ahal izango dizkiozue
Jaunari, zeuen Jainkoari.
Jo turuta Sionen,
antolatu baraualdia,
egin batzarrerako deia!
Bildu herria batzar santura;
bildu zaharrak,
ekarri haurrak,
baita bularrekoak ere.
Utz beza senar berriak ezkontza-gela
eta emazte berriak ezkontza-ohea.
Egin bezate negar
apaizek, Jaunaren zerbitzariek,
atari eta aldare artean.
Esan bezate:
«Erruki zakizkio, Jauna,
zeure herriari.
Ez utzi zeure ondarea lotsagarri,
ez bezate beste nazioek
menpean har.
Zergatik esan behar dute
atzerritarrek:
“Non dute, bada, beren Jainkoa?”»
Bere lurrarekiko maitasun-espaz
beterik dago Jauna
eta barkatu egiten dio bere herriari.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 50, 3-4. 5-6a. 12-13. 14 y 17

R.
Erruki  Jauna, bekatu egin dugu eta.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz.
Garbi nazazu oso-osorik neure errutik,
garbitu neure bekatutik. R.

Aitortzen dut, bai, neure hobena,
begi aurrean dut etengabe neure bekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dut bekatu,
zure borondatearen kontra jokatu. R.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan,
espiritu berri sendoa nire baitan.
Ez nazazu bota zeure aurretik,
ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. R.

Poz nazazu berriro zeure salbamenaz,
sendotu zeure espiritu handi-zabalaz.
Ireki, Jauna, nire ezpainak
eta nire ahoak zure gorespena iragarriko du. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egitzazue bakeak Jainkoarekin: oraintxe da salbamen-eguna.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 5,20-6,2

Senideok, Kristoren mandatari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko balizue bezala da. Kristoren izenean eskatzen dizuegu: egitzazue bakeak Jainkoarekin. Bekatuarekin zerikusirik ez zuen hura, guregatik bekatuarekin bat egin zuen Jainkoak, guk haren bitartez Jainkoarengandik salbamena irits dezagun.

Jainkoak bere ekintzan lankide gaituenez gero, eskatzen dizuegu ez dezazuela alferrik har haren onginahia. Izan ere, Jainkoak dio:

Onginahi-garaian entzun dizut,
salbamen-egunean lagundu.

Begira, bada, oraintxe da onginahi-garaia, oraintxe salbamen-eguna.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 6,1-6.16-18

Aldi haietan, Jesusek esan zuen bere ikasleei:
«Ez egin gero zeuen erlijio-betebeharrak jendaurrean, jendeak ikus zaitzaten; horrela, ez duzue saririk jasoko zeruko zeuen Aitarengandik. Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egin ohi duten bezala, jendearen txaloak irabazteko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
Zuk limosna egitean, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
«Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala: gogoko dute sinagoga eta plazetan zutik otoitz egitea, jendearen agerian. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina. Zu, ordea, otoitz egiteko, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
«Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
Zuk, ordea, barau egitean, igurtzi lurrin gozoz burua eta garbitu aurpegia, zure barauaz jendea ohar ez dadin, ezkutuan dagoen Aita baizik. Eta ezkutukoa ere ikusten duen zure Aitak emango dizu ordaina.

Jaunak esana.

lunes, 4 de febrero de 2013

2013/02/10 - Urteko 5. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko otsailaren 10a

Urteko 5. Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Prest nauzu, bidali neu.


Isaias liburutik 6,1-2a. 3-8

Uzias erregea hil zen urtean , tronu altu eta garai batean eseria ikusi nuen Jauna; haren mantu-hegalak tenplua betetzen zuen.
Suzkoak bezalako izaki batzuk zituen gainean. Eta honela egiten zioten oihu elkarri:

«Santu, santu, santua,
Jaun ahalguztiduna!
Lur osoa betetzen du
haren aintzak».

Ahots honen oihuaz, tenpluko ate-orpoek dar-dar egin zuten, eta tenplua kez bete zen. Nik esan nuen: «Ai ene, galdua naiz! Ezpain kutsatuak baititut eta kutsaturiko ezpainak dituen herrian bizi bainaiz. Bekatari izanik, Errege eta Jaun ahalguztiduna ikusi baitut neure begiz».
Une hartan, suzkoak bezalako izaki haietako bat niregana etorri zen hegan, su-hatzez aldaretik harturiko txingar bat eskuan zekarrela, eta txingarraz ahoa ukitu zidan, esanez:

«Begira, txingar honek
ezpainak ukitu dizkizu.
Kendu zaizu, beraz, gaiztakeria,
barkatu bekatua».
Orduan, Jaunaren ahotsa
entzun nuen esaten:
«Nor bidaliko dut?
Nor izango dugu mandatari?»
Nik erantzun nuen:
«Prest nauzu, bidali neu».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 137, 1-2a. 2bc-3. 4-5. 7c-8

R.
beste jainkoen aurrean Jauna kantuz ospatzen.

Eskerrak ematen dizkizut, Jauna, bihotz-bihotzez,
beste jainkoen aurrean zu kantuz ospatzen.
Zure tenplu santura begira ahuspezten naiz. R.

Zuri eskerrak emanez:
zeure maitasun eta leialtasunaz,
paregabe handi egin dituzu zeure izena eta promesa.
Dei egin nizunean, entzun egin zenidan,
bihotzean kemena bizkortu. R.

Eskerrak emango dizkizute, Jauna, munduko errege guztiek,
zure promesaren berri jakitean.
Zure nagusigoa dela eta, kantatuko dute:
«Handia da Jaunaren ospea!» R.

Luzatu eskua eta salba nazazu.
Dena egingo du Jaunak nire alde.
Jauna, zure maitasuna betikoa!
Ez utzi bertan behera hasi duzun lana. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Horixe da hots egiten dugun mezua, eta horixe zuek sinetsi duzuena.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,1-11

Senideok, irakatsi nizuen berri ona oroitarazten dizuet. Zuek onartu egin zenuten, hartan sendo oinarrituak zaudete eta salbatu ere harexek salbatzen zaituzte, nik iragarri nizuen bezala eusten badiozue. Bestela, alferrik sinetsiko zenuten.
Neuk hartu nuena bera eskualdatu nizuen lehen-lehenik, hau da: Kristo gure bekatuengatik hil zela, Liburu Santuek esan bezala; hobiratu egin zutela eta hirugarren egunean piztu egin zela, Liburu Santuek esan bezala; Pedrori agertu zitzaiola, eta ondoren Hamabiei; gero, bostehun eta gehiago senideri agertu zitzaien batera; haietatik gehienak bizirik daude oraindik, batzuk hil badira ere; gero, Santiagori agertu zitzaion, ondoren apostolu guztiei.
Beste guztiei agertu ondoren, neuri ere agertu zitzaidan, garaiz kanpo jaiotako haurra bezalakoa naizen honi; izan ere, apostoluetan txikiena naiz ni, apostolu izenik ere merezi ez duena, Jainkoaren Eliza pertsegitu bainuen. Baina Jainkoak bere onginahiaz egin nau naizen hau, eta haren onginahia ez da fruiturik gabea izan niregan: beste apostolu guztiek baino lan gehiago egin dut, izan ere; ez, noski, nik, baizik eta Jainkoak nirekin bere onginahiaz.
Dena dela, bai haiek eta bai nik, horixe da hots egiten dugun mezua, eta horixe zuek sinetsi duzuena.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 4,19

Aleluia, aleluia.
Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin
eta giza arrantzale egingo zaituztet». Aleluia.

EBANJELIOA

Dena utzirik, jarraitu egin zioten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 5,1-11

Behin batean, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren mezua entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean zegoen. Eta bi ontzi ikusi zituen ur-bazterrean: arrantzaleak, ontzitik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen bietako batera, Simonenera, eta ontzia lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion; gero, eseri eta jendeari irakasten ziharduen ontzitik. Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion:
– Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako.
Simonek erantzun zion:
– Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea.
Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden. Beste ontziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi ontziak ia-ia hondoratzeraino bete zituzten. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez:
– Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!
Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Simon eta beronekin zirenak, baita haren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni:
– Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.
Ontziak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.

Jaunak esana.