lunes, 31 de diciembre de 2012

2013/01/06 - Jaungoikoaren Epifania (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko urtarrilaren 6a

Jaungoikoaren Epifania (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunaren aintza zure gain ageri da!

Isaias liburutik 60, 1-6

Jaiki, Jerusalem, egizu distira,
badator-eta zure argia:
Jaunaren aintza zure gain ageri da!
Ikus, ilunpetan dago lurra,
gau beltzean herriak;
zure gain, ordea, Jauna ageri da,
haren aintza zure gain nabari.
Zure argirantz joko dute herriek,
zure egunsenti-distirarantz
erregeek.
Begira ingurura eta ikus:
seme-alaba guztiak
zuregana datoz, bildurik:
urrutitik datoz zure semeak,
besoetan dakartzate zure alabak.
Haiek ikusiz, distiratsu jarriko zara,
bihotza pozez lehertzeko zorian;
zuregana bilduko dituzte
urrutiko herrien altxorrak,
zuregana ekarriko
nazioen ondasunak.
Gamelu ugariz beteko zara,
Madian eta Efako karabanak
etorriko dira,
baita Sabako guztiak ere,
urrea eta intsentsua ekarriz
eta Jaunaren egintza goresgarriak
hots eginez.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 71, 1-2. 7-8. 10-11. 12-13 (R.: cf. 11)

R.
Agur bezate ahuspezturik errege guztiek,
jar bekizkio menpean nazio guztiak!

Ene Jainko, emaiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Goberna beza zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R.

Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte!
Izan bedi nagusi itsasotik itsasora,
lurraren bazter batetik bestera. R.

Ekar biezazkiote erregaliak
Tarsiseko eta urrutiko herrietako erregeek,
ordaindu zergak Saba eta Sebako erregeek.
Agur bezate ahuspezturik errege guztiek,
jar bekizkio menpean nazio guztiak! R.

Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua,
nork defendaturik ez duen dohakabea.
Gupida izango die gizagaixo eta pobreei,
bizia salbatuko behartsuei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez jentilok oinordekide izatea

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 3, 2-3a. 5-6

Senideok:

Jakingo duzue, noski, Jainkoak bere onginahian zuekiko eman didan eginkizuna; agerpenez jakinarazi zidan bere asmo ezkutuaz ari natzaizue, misterio hau ez zitzaien iragandako gizaldiei jakinarazi; orain, ordea, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu die Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez eta berri onari esker, jentilok oinordekide izatea, Kristorekin gorputz bat bera osatzea eta agintzari beraren partaide izatea.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 2, 2

Aleluia, aleluia.
Jaunaren izarra ikusi dugu sortaldean
eta gurtzera gatoz. Aleluia.

EBANJELIOA

Sortaldetik Erregeari gurtzera gatoz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 2, 1-12

Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen, galdezka:
–Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.
Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.
Haiek erantzun zioten:
–Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:

Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
Judako hirietan txikiena;
zuregandik aterako baita buruzagia,
Israel nire herria
gobernatuko dueña .

Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra .
Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Jaunak esana.

miércoles, 26 de diciembre de 2012

2013/01/01 - Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko urtarrilaren 1a

Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut.

Zenbakiak liburutik 6,22-27

Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esaiezu Aaroni eta beronen semeei formula hau erabili behar dutela israeldarrak bedeinkatzeko:

«Jaunak bedeinka
eta gorde zaitzala;
Jaunak aurpegi argia erakutsi
eta erruki dakizula.
Jaunak maitasunez begiratu
eta bakea eman diezazula.

«Honela, nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 6. 8

R.
Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu.

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik 4,4-7

Baina epea bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean zeudenak askatzera, guk seme-alabatzakoa har genezan. Hona hemen seme-alaba zaretenaren seinalea: Jainkoak bere Semearen Espiritua bidali du gure bihotzetara, eta Espirituak «Abba!», hau da, «Aita!» dio oihuka. Orain, beraz, ez zara esklabo, seme baizik eta, seme zarenez, baita oinordeko ere, Jainkoaren borondatez.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluya, aleluya.
Bendito sea tu nombre, Jesús.
Salvador del mundo, gloria a ti. Aleluya.

Aleluya, aleluya.
En distintas ocasiones habló Dios antiguamente
a nuestros padres por los profetas.
Ahora, en esta etapa final, nos ha hablado por el Hijo. Aleluya.

EBANJELIOA

Aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria. Jaio eta zortzi egunera, Jesus izena ezarri zioten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,16-21

Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren. Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.
Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.
Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Jaunak esana.

lunes, 24 de diciembre de 2012

2012/12/30 - Familia Santua: Jesus, Maria eta Jose (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abenduaren 30a

Familia Santua: Jesus, Maria eta Jose (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu.

Ben Sirak liburutik Si 3,2-6.12-14

Jaunak seme-alaben gainetik errespetarazten du aita,
amaren aginpidea ezartzen umeen gain.
Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu,
ama errespetatzen duenak altxorra metatzen.
Aita ohoratzen duenak bere seme-alabengan izango du poza,
otoitz egitean Jaunak entzun egingo dio eskaria.
Aita errespetatzen duenak bizitza luzea izango du,
Jaunak esana egiten duenak atsegin emango amari.
Seme, zaindu aita bere zahartzaroan,
ez eman nahigaberik bizi den artean.
Burua galtzen badu ere, izan barkabera;
ez iraindu, indarrez betea zaudela eta.
Ez du Jaunak ahaztuko aitari on egina,
zeure bekatuen ordainetan hartuko dizu kontuan.

Jaunak esana.

Edo.

Jaunari uzten diot haurra, bizitza osorako Jaunari eskainia izanen da.

Samuel egindako lehenengo liburutik 1,20-22.24-28

Egun haietan, haurdun gertatu zen Ana eta, garaia betetzean, semeaz erdi zen. Samuel eman zion izena, esanez: «Jaunarengandik dut hartua ».
Elkana, bere etxekoekin, Jaunari urteroko oparia eskaintzera eta promesa betetzera igo zen hurrengo urtean ere; Ana ez zen igo eta esan zion senarrari:
–Ez naiz joango haurrari bularra kendu arte; orduan, eraman eta Jaunari aurkeztuko diot, eta han geldituko da betiko.
Bularra kendu ziolarik, berekin eraman zuen Anak haurra, txikia oraino, Xilora, Jaunaren etxera. Haurrarekin batera, hiru urteko zekorra , anega bat ogi-irin eta zahagi bat ardo eraman zituen. Hil zuten zekorra opari eskaintzeko, eta haurra Eliri eraman zioten. Honela ziotson Anak: «Barka, ene Jauna! Neu nauzu zure aurrean Jaunari otoizka ari izan zitzaion emakumea. Haur hauxe eskatzen nion Jaunari eta eman dit eskatzen niona. Horregatik, Jaunari uzten diot haurra, bizitza osorako Jaunari eskainia izanen da».
Orduan, Jauna gurtu zuen bertan.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 127, 1-2. 3. 4-5

R.
Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!

Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!
Zeure lanaren fruituaz biziko zara
eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. R.

Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko
izango duzu etxe-txokoan;
seme-alabak olibondo gazteen pareko zeure mahai inguruan. R.

Horra Jaunari begirune dionarentzat
zer bedeinkazio!
Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik,
goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz. R.

Edo.

Salmo 83, 2-3. 5-6. 9-10

R
Zorionekoak zure etxean bizi direnak, Jauna.

Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna!
Urtzen daukat barrena zure tenpluko atarien irrikaz.
Bihotza eta naizen guztia
poz-oihuz ari zait, oi Jainko, Jainko bizia. R

Zorionekoak zure etxean bizi direnak, etengabe zu goresten!
Zorionekoak zuregan dutenak beren indarra
eta bihotz barruko konfiantza ! R

Jauna, Jainko ahalguztiduna, entzun nire otoitza,
makur belarria, Jakoben Jainkoa!
Oi Jainko, begira onez gure babeskiari,
zeuk aukeraturiko erregeari . R

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 3, 12-21

Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz. Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri. Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria. Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko.
Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala. Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar.
Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko. Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen.

Jaunak esana.

Edo.

Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman digu, eta izan ere hala gara.

San Joan egindako lehenengo gutunetik 3,1-2. 21-24

Senide maiteok:
Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu. Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean , Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura.
Ene maiteok, geure kontzientziak kondenatzen ez bagaitu, berriz, uste osoz jo dezakegu Jainkoarengana, eta eskatutako guztia hartuko dugu harengandik, haren aginduak betetzen baititugu eta atsegin zaiona egiten.
Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar, berak agindu bezala. Agindu hauek betetzen dituena Jainkoarekin bat eginik dago, eta Jainkoa beronekin. Jainkoa gurekin dagoen seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.

Jaunak esana.

Aleluia Hch 16,14b

Aleluia, aleluia.
Barrutik eragin zion Jaunak,
z
ure Semearen hitzak gogoz onar zitzan. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesusen gurasoak lege-maisuen erdian eseria aurkitu zuten.

+ Jesu Kristoren Ebangelioa San Lukasen liburutik 2,41-52

Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, jaietara joan ziren, ohi bezala. Jaiak amaiturik gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zelakoan egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean. Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.
Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, lege-maisuen erdian eseria, entzun eta galde; entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:
–Seme, zergatik egin diguzu hori? Ikusi zein larri genbiltzan aita eta biok zure bila!
Hark erantzun zien:
–Zergatik zenbiltzaten nire bila? Ez al zenekiten nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dudala?
Baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zuen. Jesus beraiekin Nazaretera jaitsi eta beraien menpe bizi izan zen. Amak gogoan hartzen zituen gertakari guztiok. Jesus haziz zihoan, bai jakinduriaz, bai gorputzez, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago zuten.

Jaunak esana.

miércoles, 19 de diciembre de 2012

2012-12-25 - JAUNGOIKOAREN JAIOTZA (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abenduaren 25a

JAUNGOIKOAREN JAIOTZA (C)



Gauerdiko meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Haur bat jaio zaigu.

Isaias liburutik 9,1-3. 5-6

Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.
Poz bizia sortu diezu,
alaitasun handia eman .
Pozik daude zure aurrean,
uzta biltzean bezain pozik,
harrapakinak banatzean bezain alai.
Apurtua baituzu lepoan zeramaten
uztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea
apurtu zenuen bezalaxe.
Haur bat jaio zaigu,
Jainkoak seme bat eman digu.
Beroni ezarri zaio aginpidea,
eta honela deitzen diote:
«Kontseilari miragarri,
Jainko indartsu,
Aita betiereko, Errege bake-emaile».
Gero eta zabalagoa izango da
haren agintaritza,
azkengabea bakea.
Daviden tronuan izango da errege,
eta justizia eta zuzenbidea
izango dira haren erregetzaren
oinarri eta sostengu,
oraindanik eta betiko.
Jaun ahalguztidunaren
maitemin sutsuak
egingo du hori.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 95, 1-2a. 2b-3. 11-12. 13

R.
Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur.

Kanta Jaunari kantu berria,
kanta Jaunari, lurtar guztiok,
kanta Jaunari, bedeinka haren izena! R

Hots egin egunez egun salbatzaile dela,
zabaldu haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan! R

Poz bedi zerua, alaitu lurra,
egin beza burrunba itsasoak eta bertako guztiak,
egin festa landa zabalak eta bertan dagoenak,
poz-oihu basoko zuhaitzek oro. R

Badatorren, lurra gobernatzera datorren Jaunaren aurrean.
Justiziaz gobernatuko du mundua eta leialtasunez herriak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat.

San Paulo Apostoluak Titori egindako gutunetik 2,11-14

Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri. Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 2,10-11

Aleluia, aleluia.
Berri on pozgarria dakarkizuet,
Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna,
jaio zaizue. Aleluia.

EBANJELIOA

Salbatzailea, jaio zaizue gaur.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,1-14

Garai hartan, mundu guztiaren errolda egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak. Lehen erroldatze hau Siriako gobernari Kirino zela egin zen. Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. Jose ere, Daviden familia eta jatorrikoa baitzen, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Daviden herrira igo zen bere emazte Mariarekin, erroldatzera. Maria haurdun zegoen. Belenen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.
Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; haiek beldur-ikaraz gelditu ziren, eta aingeruak esan zien: «Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian. Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana».
Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz: «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei! »

Jaunak esana.

Egunerako meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Mundu-bazter guztiek ikusiko dute gure Jainkoaren garaipena.

Isaias liburutik 52,7-10

Bai ederra mendi gainetan
albistaria etortzen ikustea!
Bakea iragartzen du,
zorionaren berri ona ematen,
askapena aldarrikatzen.
Sioni diotso:
«Errege da zure Jainkoa!»
Zure begiraleak deiadarka!
Poz-oihu dagite denek,
beren begiz ikusten baitute
Jauna Sionera itzultzen.
Ekin denok poz-oihuka,
Jerusalemgo horma eroriok,
Jaunak bere herria kontsolatu baitu,
Jerusalem askatu.
Bere jainkozko indar paregabea
azaldu du Jaunak
nazio guztien aurrean.
Mundu-bazter guztiek ikusiko dute
gure Jainkoaren garaipena.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R.
Bere garaipena azaldu du Jaunak.

Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. R.

Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna. R.

Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua!
R.

Ospatu Jauna zitaraz, zitaraz eta kantu ederrez!
Turuta eta adar-hotsez, egin irrintzi errege den Jaunari! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semearen bidez hitz egin digu

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 1,1-6

Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez; azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Seme horrexen esku utzi ditu gauza guztiak, egin ere berorren bidez egin baitzuen mundua. Bera da Jainkoaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia, eta berak eusten die gauza guztiei bere hitz ahaltsuaz, eta, bekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskuinaldean eseri da zeru goienetan. Eta aingeruak baino gehiago izatera iritsi da, ondaretzat jaso duen izena ere haiena baino askoz goragokoa denez gero.
Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan:
Nire semea zara zu,
gaur zaitut nik sortu;
eta beste hau ere ez:
Aita izango nau hark ni,
eta seme izango dut nik hura.
Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du:
Adora dezatela bera
Jainkoaren aingeru guztiek.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joan liburutik 1,1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.
Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan
zuen izena.
Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten.
Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua
haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez
sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.
Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».
Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain
hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

Jaunak esana.

lunes, 17 de diciembre de 2012

2012/12/23 - Abendualdiko 4. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abenduaren 23a

Abendualdiko 4. Igandea (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuregandik aterako da Israelen aginduko duena.

Mikeas liburutik 5, 1-4a

Honela dio Jaunak:
«Zu, Belen Efrata ,
Judako leinuetan
txikienetakoa zara;
baina zuregandik aterako da
Israelen aginduko duena.
Aspaldikoa du jatorria,
antzina-antzinakoa».
Bitartean,
bertan behera utziko du
Jaunak bere herria,
ama izan behar duenak
haurra izan arte.
Orduan, atzerrian
bizirik gelditutako senideak
Israelgoekin elkartuko dira.
Buru berriak
Jaunaren indarrez
gidatuko du herria,
Jaunaren, bere Jainkoaren,
izen handia agertuz.
Lasai biziko da herria,
handi agertuko baita hura
lurraren mugetaraino
eta bakea ekarriko baitu.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 79, 2ac y 3b. 15-16. 18-19

R.
Oi Jainko, eraberri gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen!

Entzun, Israelen artzain.
Hegaldun izakien arteko tronuan zauden hori,
ager zakizkie distiraz.
Suspertu zeure ahalmena eta zatozkigu salbatzera! R.

Jainko ahalguztiduna, itzuli, arren!
Begira zerutik, ikus!
Hartzazu zeure mahastiaren ardura,
zaindu zeure eskuz landatu duzuna,
eta zuk indartsu.duzun landarea. R.

Zure eskuak babes beza zuk aukeraturiko erregea ,
zeure indarraz jantzi duzun gizasemea.
Ez gara zuregandik inoiz aldenduko;
bizia emango diguzu eta guk zuri dei egingo. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hemen nauzu zure nahia betetzeko.

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 10,5-10

Horregatik, Kristok, mundu honetan sartzerakoan, Jainkoari esan zion:
Ez zenuen nahi izan
opari eta eskaintzarik;
baina gorputza eratu zenidan.
Erre-opari
eta bekatuen barkamen-oparirik
ez duzu atsegin izan.
Horregatik diot:
«Hemen nauzu».
Liburuan agintzen zait
zure nahia betetzeko, ene Jainko.

Lehenik dio: Ez zenuen nahi izan, ez atsegin izan, opari eta eskaintzarik, ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik, nahiz eta gauza guztiok legeak agindutakoak izan. Ondoren, beste hau dio: Hemen nauzu zure nahia betetzeko.
Aipaturiko lehenengo kultua kentzen du bigarrena jartzeko. Eta behin betiko egin zuen bere gorputzaren eskaintzaren bidez, Jesu Kristok Jainkoaren nahia bete duelako izan gara gu Jainkoarentzat sagaratuak.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 1,38

Aleluia, aleluia.
Hona hemen Jaunaren mirabea.
Gerta bekit zuk esan bezala. Aleluia.

EBANJELIOA

Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-45

Handik egun batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion.
Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean.
Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen:
- «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako! »

Jaunak esana