lunes, 27 de agosto de 2012

2012/09/02 - Urteko 22. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko irailaren 2a

Urteko 22. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez erantsi, nik agintzen dizuedanetik ezer..., bete nik Jaunaren zeuen Jainkoaren izenean ematen dizkizuedan aginduak.

Deuteronomioa liburutik 4,1-2.6-8

Hauek dira Moisesek Israel herri osoari zuzenduriko hitzaldiak: «Orain bada, israeldarrok, onartu irakasten dizkizuedan lege eta erabakiak, eta bete; horrela, biziko zarete eta Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetuko. Ez erantsi, ez kendu, nik agintzen dizuedanetik ezer; aitzitik, bete nik Jaunaren zeuen Jainkoaren izenean ematen dizkizuedan aginduak. Bete arretaz, horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: “Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau! ” Izan ere, ez da munduan naziorik, handia bada ere, bere jainkoak guk bezain hurbil dituenik, guk Jauna geure Jainkoa, dei egiten diogun bakoitzean, dugun bezain hurbil, alegia; ezta gaur adierazten dizuedan irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik ere.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 14, 2-5

R.
Jauna, nor egon daiteke zure etxean?

Jokaera prestua duena,
justiziaren arabera ari dena,
bihotz barrutik egia dioena;
mihi-luze ez dena. R.

Lagun hurkoari kalterik egiten ez diona,
auzokoa iraintzen ez duena;
mespretxagarria bere aurretik bota
eta jainkozaleak ohoratzen dituena. R.

mailegu-dirua lukurreriaz ematen ez
eta errugabearen kaltetan eskupekorik hartzen ez duena.
Horrela jokatzen duenak ez du sekula koloka egingo. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bete ezazue mezua.

Santiago Apostoluak egindako gutunetik 1,17-18.21b-22.27

Senide maiteok: Emaitza on eta dohain bikain oro goitik dator, Aitarengandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez duen argien Egileagandik. Berak hala nahita, bizia eman digu egiaren mezuaz , bere sorkari guztien artean lehenengo izan gaitezen.
Onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua.
Bete ezazue mezua , eta ez entzun bakarrik, zeuen buruak engainatuz.
Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akats gabeko erlijioa hauxe da: umezurtz eta alargunei beren premietan laguntzea eta munduko gaiztakeriarekin nork bere burua ez kutsatzea.

Jaunak esana.

Aleluia St 1,18

Aleluia, aleluia.
Jainkoak hala nahita,
bizia eman digu egiaren mezuaz ,
bere sorkari guztien artean
lehenengo izan gaitezen. Aleluia.

EBANJELIOA

Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 7,1-8.14-15.21-23

Denbora haietan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako zenbait lege-maisu hurbildu zitzaizkion Jesusi, eta konturatu ziren, honen ikasle batzuek otordua esku kutsatuekin egiten zutela, eskuen garbikuntza egin gabe, alegia. Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute behin ere jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz. Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute beste hamaika ohiturazko betebehar: hala nola edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.
Horrela bada, galdera hau egin zioten fariseuek eta lege-maisuek Jesusi:
– Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?
Jesusek erantzun zien:
– Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi zuenean:

Herri honek
ezpainez ohoratzen nau,
baina niregandik urrun du bihotza;
alferrik naute gurtzen;
hauen irakaspena giza agindu hutsa.

«Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue».
Jesusek berriro jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun niri denok eta ulertu ongi! Ez da deus ere, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia».
Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak, adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria. Gaiztakeria guztiok barrutik irteten dira, eta hauek dute gizakia kutsatzen.

Jaunak esana.

lunes, 20 de agosto de 2012

2012/08/26 - Urteko 21. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 26a

Urteko 21. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Guk ere Jauna zerbitzatuko dugu, bera baitugu geure Jainkoa!

Josue liburutik 24,1-2a.15-17.18b

Egun haietan, Josuek Israelgo leinu guztiak bildu zituen Sikemen . Dei egin zien Israelgo arduradunei, buruzagiei, epaileei eta funtzionarioei ere, eta Jaunaren aurrera agertu ziren. Josuek esan zion herri osoari:
– Jauna zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareten herrialdeko jendearenak, alegia. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.
Herriak ihardetsi zuen:
– Inola ere ez dugu Jauna utziko, jainko arrotzak zerbitzatzeko! Jauna dugu geure Jainkoa. Berak atera gaitu gu eta gure arbasoak Egiptotik, esklabotzatik. Geure begiz ikusi ditugu berak egindako mirari handiak. Berak zaindu gaitu egin dugun bide guztian zehar eta berak babestu gaitu igaro ditugun herri guztietatik. Guk ere Jauna zerbitzatuko dugu, bera baitugu geure Jainkoa!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 16-17. 18-19. 20-21. 22-23

R.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz;
entzun bezate apalek eta poztu. R.

Zintzoengana ditu Jaunak begiak,
haien deiak entzuteko adi belarriak.
Aurpegi ematen die Jaunak gaizkileei,
lur gainetik ezabatzeko haien oroitzapena. R.

Deiadar egitean, Jaunak entzun egiten du
eta larrialdi guztietatik libratzen.
Hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik
eta salbatzen ditu etsita daudenak. R.

Zoritxar asko izaten du zintzoak,
baina guztietatik libratzen Jaunak.
Hezur guztiak zaintzen dizkio,
bat bakarra ere ez diote hautsiko. R.

Gaiztakeriak hilko du gaiztoa,
zintzoari gorroto diotenek zigorra izango.
Jaunak gordetzen du bere zerbitzarien bizia,
ez dute zigorrik harengan babesa dutenek. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 5,21-32

Senideok: Izan zaitezte elkarren menpeko, Kristori diozuen begiruneagatik. Emazteak izan daitezela beren senarren menpeko, Jaunaren menpeko bezala, senarra emaztearen buru baita, Kristo Elizaren buru den bezala, bere gorputza duen Elizaren salbatzaile delarik. Eliza Kristoren menpeko den bezala, izan bitez emazteak ere denetan senarren menpeko.
Senarrok, maita itzazue zeuen emazteak, Kristok ere Eliza maitatu eta beronen alde bere burua eman zuen bezala. Bere burua eskainiz, sagaratu egin zuen Eliza, urez eta hitzaren indarrez garbituz. Horrela prestatu zuen beretzat Eliza distiratsua, zikinik eta zimurrik edo antzeko deusik gabea, santu eta kutsugabea. Era berean, senarrek ere beren gorputza bezalaxe maitatu behar dituzte emazteak. Emaztea maite duenak bere burua maite du. Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du, Kristok Elizarekin egiten duen bezala; eta gu guztiok gorputz horren atal gara. Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira. Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6,63c.68c

Aleluia, aleluia.
Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi dira.
Betiko bizia dute zure irakatsiek. Aleluia.

EBANJELIOA

Norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,60-69

Denbora haietan, Jesusen hitzok entzutean, haren ikasleetariko askok esan zuen: «Onargaitza da mezu hau. Nork jaramon egin? »
Jesusek, ikasleak marmarka ari zirela oharturik, esan zien: «Honek eragozten al dizue sinestea? Bada, Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, zer gertatuko ote? Espiritua da bizia ematen duena; gizakia berez ez da ezertarako. Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk».
Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen, gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere niregana hurbildu, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen».
Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera jo zuen, eta aurrerantzean ez ziren harekin ibili. Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei:
– Zuek ere alde egin nahi al duzue?
Erantzun zion Simon Pedrok:
– Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua.

Jaunak esana.

lunes, 13 de agosto de 2012

2012/08/19 - Urteko 20. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 19a

Urteko 20. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ea, jan nire ogia eta edan nik nahasturiko ardoa.

Esaera Zaharrak liburutik 9,1-6

Bere etxea eraiki du Jakinduriak,
zazpi zutabe ezarri eta landu;
abereak hil, ardoa nahastu eta mahaia prest jarri du.
Neskameak bidali ditu, hiriko goialdeetatik aldarrikatzera:
«Heldutasun gabekoa, betor hona!»
Zentzugabeari esaten dio:
«Ea, jan nire ogia eta edan nik nahasturiko ardoa.
Utzi txorakeriak eta biziko zarete!
Gero, jarraitu zuzen zentzuzko bideari».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 10-11. 12-13. 14-15

R.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz; entzun bezate apalek eta poztu. R.

Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez baitzaie ezer faltako begirune diotenei.
Aberatsek ere badakite zer den beharra eta gosea,
Jaunarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta. R.

Ene haurrok, zatozte entzutera!
Jauna errespetatzen erakutsiko dizuet.
Nork ez du maite bizia?
Nork ez du nahi luzaroan bizi eta zoriontsu izan? R.

Gorde ezazu mihia gaitzetik eta ezpainak engainutik.
Alde gaitzetik, egin on dena,
bila bakea eta jarrai haren bidetik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Saiatu Jaunaren nahia zein den ulertzen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 5,15-20

Begira, bada, arretaz, nola zabiltzaten; ez jokatu ergel, zentzuz baizik, egokieraz baliatuz, garai txarrak baititugu.
Ez izan, beraz, burugabe, baizik eta saiatu Jaunaren nahia zein den ulertzen. Ez mozkortu, ardotik nasaikeria baitator; aitzitik, bete zaitezte Espirituaz, zeuen artean salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak abestuz. Kantatu eta egin gorazarre Jaunari bihotz-bihotzez, gauza guztiengatik Jainko Aitari etengabe eskerrak emanez, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6,56

Aleluia, aleluia.
Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena
nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin. Aleluia.

EBANJELIOA

Nire gorputza benetako janari da, eta nire odola benetako edari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,51-58

Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
– Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
Jesusek esan zien:
– Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean. Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin. Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.

Jaunak esana.

domingo, 12 de agosto de 2012

2012/08/15 - María Birginaren Jasokundea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 15a

María Birginaren Jasokundea (B)


Besperaren arratsaldeko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Kronikak lehenengo liburutik 15.3-4.15-16;16.1-2

Egun haietan, bilarazi zituen Davidek israeldar guztiak Jerusalemen, Jaunaren kutxa berak prestatua zion tokira igotzeko. Era berean, bilarazi zituen Aaronen ondorengo ziren apaizak eta lebitarrak ere.
Eta lebitarrek eraman zuten Jainkoaren kutxa, haga gainean sorbaldan harturik, Jaunaren esanera Moisesek agindu bezala. Lebitarren artean kantariak izendatzeko agindu zien Davidek lebitar buruzagiei; haiek, musika-tresnak hartuz, harpak, zitarak eta txilinak jo behar zituzten ozenki, alaitasuna adieraziz.
Ekarri zuten, bada, Jainkoaren kutxa eta Davidek harentzat jasoa zuen oihal-etxolaren erdi-erdian ezarri. Ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jainkoari. Oparien eskaintza bukatzean, Davidek bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 131, 6-7. 9-10. 13-14 (R. 8)

R.
Jaiki, Jauna, zatoz zeure egonlekura,
zatoz zeure kutxa indartsuarekin!

Efratan entzun genuen kutxaren berri
eta Jaar aldean aurkitu.
Eta esan: «Goazen Jaunaren egoitzara,
ahuspez gaitezen haren oin-aulki aurrean! R.

Jantz bitez zure apaizak salbamen-indarrez,
ekin biezaiote poz-oihuka zure fededunek.
David zeure zerbitzariaren maitasunagatik,
ez bota zeure aurretik zeuk aukeraturiko erregea ! » R.

Izan ere, Jaunak Sion aukeratu du
eta gogoko izan bertan bizitzea:
«Hauxe izango dut beti neure egoitza,
hementxe biziko naiz, gogoko baitut. » R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,54-57

Senideok, gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioena :

Behin betiko galdua
gertatu da heriotza.
Non duk , Herio, heure garaipena?
Non heure eztena?

Heriotza dakarren eztena bekatua da, eta bekatuak legetik hartzen du bere indarra . Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez!

Jaunak esana.

Aleluia Lk 11,28

Aleluia, aleluia.
Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
eta betetzen dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun dutenak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 11,27-28

Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:
– Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!
Baina Jesusek esan zuen:
– Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!

Jaunak esana.

Eguneko Mesa.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian.

Apokalipsia liburutik 11,19a;12,1.3-6a.10ab

Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen.
Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana.
Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen.
Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.
Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten.
Emakumeak, berriz, basamortura egin zuen ihes; han bazter bat prestatua zion Jainkoak.
Ahots handia entzun nuen zeruan esaten:
«Orain etorri da
gure Jainkoaren salbamena,
indarra eta erregetza
eta beraren Mesiasen agintea.»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 44, 9. 10-11. 15 (R: 9b)

R.
Zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik.

Errege-alabak dituzu inguruan,
zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik. R.

Entzun, alaba! Zaude erne eta adi!
Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz.
Bera da zure jaun; egiozu agur. R.

Jai-giro pozgarrian sartzen dira
erregearen jauregira. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15,20-27a

Senideok: Piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari. Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da. Izan ere, gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak;
ezerezak gora jaso.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-56

Egun haietan, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»
Orduan, Mariak esan zuen:

«Jaunaren handitasuna
dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien
gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei
betiko».

Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Jaunak esana.

lunes, 6 de agosto de 2012

2012/08/12 - Urteko 19. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 12a

Urteko 19. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Janari haren indarrez ibili zen, Jainkoaren mendiraino.

Erregeak lehenengo liburutik. 19, 4-8.

Egun haietan, Elias, berriz, basamortuan aurrera joan zen eta egun osoan ibili. Azkenean, ipuru baten azpian eseri zen. Heriotza opa zion bere buruari. Hau zioen: «Aski da! Orain, Jauna, hartzazu ene bizia, ez bainaiz ni neure gurasoak baino hobea».
Gero, etzan zen eta loak hartu zuen ipuru haren azpian. Hortan, aingeru batek ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan! »
Begiratu zuen Eliasek eta horra non ikusten dituen, bere buru aldean, harri goritu baten gainean erretako sutopila eta antoxin bat ur. Jan eta edan ondoren, etzan egin zen berriro. Itzuli zen bigarren aldiz Jaunaren aingerua, ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan, oso bide luzea baituzu».
Jaiki zen Elias, jan eta edan zuen, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zen, Horeberaino , Jainkoaren mendiraino.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9

R.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz;
entzun bezate apalek eta poztu. R.

Handietsi nirekin batera Jauna,
gora dezagun elkarrekin haren izena.
Jaunarengana jo nuen eta hark erantzun,
beldur guztietatik libratu ninduen. R.

Hari begiratzen diotenak argi-argi egongo dira,
ez zaie aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabe honek dei egitean, Jaunak entzun
eta larrialdi guztietatik atera zuen. R.

Zaindari dago Jaunaren aingerua
begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna:
zorionekoa berarengan babesa duena! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Vivid en el amor, como Cristo.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 4,30-5,2

Senideok: Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horrekin markatu baitzaituzte Jainkoak zigiluz bezala, askapen-egunean zuek bereizteko. Ez bedi izan zuen artean zakarkeriarik, ez haserrerik, ez gorrotorik, ez garrasirik, ez irainik, ezta inolako gaiztakeriarik ere. Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez barkatu dizuen bezala.
Izan zaitezte, beraz, Jainkoaren antzekoak, beraren seme-alaba maite zaretenez. Bizi zaitezte maitasunean, Kristoren antzera, berak maite izan baikintuen eta bere burua gure alde eman baitzuen, Jainkoak atseginez onartzen duen oparitzat eskainiz.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6,51

Aleluia, aleluia.
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia;
ogi honetatik jaten duenak
betiko bizia izango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,41-51

Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako, eta zioten:
– Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aita-amak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?
Jesusek ihardetsi zien:
– Ez ari marmarka zeuen artean. Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean. Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.
«Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. Neu naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko. Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».

Jaunak esana.