lunes, 25 de junio de 2012

2012/07/01 - Urteko 13. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 1a

Urteko 13. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Deabruaren inbidiaz sartu zen heriotza munduan.

Jakinduria liburutik 1, 13-15; 2, 23-24

Jakin, ez duela Jainkoak heriotza egin,
bizidunak galtzea ez duela atsegin.
Izan eta irauteko egin ditu hark gauza guztiak;
munduko izakiak osasunez beteak daude,
ez dute beren baitan pozoi hilgarririk
eta Herioak ere ez du munduan aginterik,
hilezkorra baita zuzentasuna.
Hilezkor izateko egin zuen Jainkoak gizakia,
bere izatearen irudira egin zuen;
baina deabruaren inbidiaz sartu zen heriotza munduan,
eta harenak direnek jasango dute.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 29, 2 y 4. 5-6. 11 y 12a y 13b (R.: 2a)

R.
Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu!.

Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu!
Nire etsaiei ez diezu nire lepotik pozten utzi.
Jauna, Herio Leizetik atera nauzu;
hilobira jaistear nengoela, biziberritu. R.

Kanta Jaunari, haren fededunok,
goretsazue, santua dela gogoratuz.
Haren haserrea une baterako,
haren onginahia bizi guztirako.
Arratsean negarrez bagaude ere,
goizean berriro poz-oihuz. R.

Entzun, Jauna! Erruki nitaz!
Negarra dantza bihurtu didazu.
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emango dizkizut beti. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zuek sobera duzuenak behartsuen eskasia konponduko du.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 8, 7. 9. 13-15

Maite maiteok:
Gauza guztietan aberats zarete: sinesmenean, hitz egiteko gaitasunean, jakintzan, denetarako arduran eta nireganako maitasunean ; izan zaitezte aberats eskuzabaltasunean ere. Hau ez dizuet aginduz esaten, beste eliz elkarteen arreta ikusiz, zeuen maitasunaren jatortasuna erakusteko aukera izan dezazuen baizik.
Ezaguna duzue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko.
Arazoa ez da besteak lasai egoteko zuek larri gertatzea, guztien berdintasuna bilatzea baizik. Une honetan, zuek sobera duzuenak haien eskasia konponduko du, eta egunen batean haien ugaritasunak zuen eskasia. Honela, berdintasuna izango da nagusi, Liburu Santuak dioen bezala:

Asko bildu zuenak
ez zuen sobera,
ezta gutxi bildu zuenak ere eskas.

Jaunak esana.

Aleluia Cf 2Tm 1,10  

Aleluia, aleluia,
Kristo Jesus gure Salbatzailea heriotza ezereztu du
eta biziaren argia zabaldu,
berri onaren bidez. Aleluia.

EBANJELIOA

Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 5, 21-43

Denbora haietan, Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».
Harekin abiatu zen Jesus.
Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen:
– Nork ukitu dit jantzia?
Bere ikasleek erantzun zioten:
– Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?
Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar – ondo baitzekien zer gertatu zitzaion –, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».
Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari? » Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».
Ez zion inori ere berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».
Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek guztiak kanpora bidali zituen eta, neskaren aita-amak eta berarekin etorriak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Eskutik heldu eta esan zion: «Talitha kum » (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez»).
Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.

Jaunak esana.

sábado, 23 de junio de 2012

2012/06/29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 29ea

San Pedro eta San Pablo, apostoluak (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

«Orain bai dakidala Jaunak ni Herodesen eskuetatik atera nau».

Apostoluen Eginak liburutik 12,1 -11

Aldi hartan, Herodes erregea eliz elkarteko batzuei gogor erasotzen hasi zen. Santiago , Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen eta, hori juduei atsegin zitzaiela ikusirik, Pedro ere preso hartu zuen. Pazko-astea zen. Atxilotu eta kartzelan sarrarazi zuen, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazteko asmotan. Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen. Bat-batean, Jaunaren aingerua   agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion. Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro. Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R 5c)

R.
Jaunak beldur guztietatik libratu ninduen.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz; entzun bezate apalek eta poztu. R.

Handietsi nirekin batera Jauna,
gora dezagun elkarrekin haren izena.
Jaunarengana jo nuen eta hark erantzun,
beldur guztietatik libratu ninduen. R.

Hari begiratzen diotenak argi-argi egongo dira,
ez zaie aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabe honek dei egitean, Jaunak entzun
eta larrialdi guztietatik atera zuen. R.

Zaindari dago Jaunaren aingerua
begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna:
zorionekoa berarengan babesa duena! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Orain prestatuta dago niretzat zuzentasunaren koroa.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik 4,6-8.17-18

Anai maitea: Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua. Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik. Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 16,18  

Aleluia, aleluia.
Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza;
eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Aleluia.

EBANJELIOA

Pedro zara zu, eta Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 16,13-19

Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.

martes, 19 de junio de 2012

2012/06/24 - San Joan Batatzailaren Jaiotza (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 24ea

San Joan Batatzailaren Jaiotza (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nazioen argitzat ezarriko zaitut.

Isaias liburutik 49,1-6

Entzun, itsas herriok,
adi egon, urrutiko naziook.
Jaio aurretik izan ninduen
gogoan Jaunak,
amaren sabelean nengoela,
neure izenez deitu.
Ezpata zorrotz bihurtu zidan mihia,
bere eskupean babestu ninduen;
gezi zorrotz ninduen bihurtu
eta geziontzian gorde.
Esan zidan:
«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dut
neure ospea».
Ni, berriz,
hau ari nintzen pentsatzen:
«Alferrik nekatu naiz,
hutsean eta zertarako gabe
akitu ditut indarrak».
Baina Jaunaren eskuetan zegoen
nire eskubidea,
nire Jainkoaren eskuetan
nire lansaria.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa dut indar.
Amaren sabelean eratu ninduen
bere zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak berarengana
Bihurrarazteko
eta Israel herria biltzeko.
Orain, honela mintzo zait Jauna:
«Ez da aski zu nire zerbitzari izatea
Jakoben leinuak susperrarazi
eta berritzeko
eta Israelen bizirik geldituak
itzularazteko;
nazioen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbamena
lurraren bazterreraino
eraman dezazun».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 138, 1-3. 13-14. 15 (R : 14 ab)

R.
Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako,
zeure egintza miragarrietan nabarmena!

Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen.
Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak.
Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi.
Zehatz dakizu nire pauso guztien berri. R.

Zuk eratu didazu gorputza,
zuk zaindu nauzu amaren sabeletik.
Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako,
zeure egintza miragarrietan nabarmena!
Barru-barruraino ezagutzen ninduzun. R.

Nire hezur-mamiak ez ziren zuretzat ezkutu,
isilpean eratzen ari nintzela,
lurraren barruan ehunduz nindoala. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo etorri aurretik, hots egin zion Joan Bataiatzaileak.

Eginak liburutik 13,22-26

Egun haietan Pablok esan dio:
Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: “David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek”. Hitzemana zuenez, honen ondorengotik sortu zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus alegia. Hau etorri aurretik, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egin zion Joan Bataiatzaileak Israel herri osoari.
Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: “Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere”.
«Senideok, Abrahamen odoleko zaretenok eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen duzuenok, guri bidali zaigu salbamen-mezu hau.

Jaunak esana.

Aleluia Lk 1,76

Aleluia, aleluia.
Eta zuri, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute,
Jaunaren aurretik joango baitzara
hari bidea prestatuz. Aleluia.

EBANJELIOA

Joan Batatzailaren Jaiotza. Joan du izena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1, 57-66. 80

Denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren. Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias.
Baina amak esan zuen:
– Ez, Joan izango du izena.
Esan zioten:
– Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.
Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.
Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.
Auzoko guztiak beldurrak hartu zituen, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau? » Zeren Jauna lagun baitzuen.
Haurra gorputzez haziz eta espirituz sendotuz zihoan; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu beharreko eguna arte.

Jaunak esana.

2012/06/24 - Urteko 12. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 24ea

Urteko 12. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hemen amaitzen da zure uhinen harrokeria.

Job liburutik 38,1.8-11

Orduan, Jaunak ekaitzaren erditik erantzun zion Jobi:
«Nork itxi zizkion ateak itsasoari,
amaren sabeletik indarrez irten zenean?
Nik eman nizkion hodeiak soinekotzat
eta behe-lainoa ume-zapitzat,
nik ezarri nion muga, ateak eta morroiloak jarriz,
eta esan nion: “Honaino iritsiko zara, ez aurrerago,
hemen amaitzen da zure uhinen harrokeria”.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 106:23-26, 28-31 (R/. 1b)

R.
Goretsazue Jauna,
haren maitasuna betikoa baita.

Itsasora jo zuten ontzietan,
ur handietan zutelarik ogibidea.
Jaunaren egintzak ikusi zituzten,
haren egintza harrigarriak itsaso zabalean. R.

Haren esanera, haizea altxatu zen,
olatu handiak harrotu zituen ekaitza.
Zeruan gora, leizean behera ibili ziren,
barruak dardaraz arriskuagatik. R.

Baina larrialdian Jaunari oihu egin
eta atera egin zituen estualditik.
Ekaitza haize gozo bihurtu zuen
eta olatuen orroa isildu. R.

Poztu ziren barealdiaz
eta beren gogoko portura eraman zituen Jainkoak.
Gorets bezate Jauna bere maitasunagatik,
gizakien alde egiten dituen
gauza harrigarriengatik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zaharrarenak egin du, berria sortu da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 5,14-17

Anai arrebok: Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu, jakinik bat denengatik hil dela eta, ondorioz, denak hil direla . Kristo denengatik hil da, bizi direnak ez daitezen berentzat bizi, beraiengatik hil eta piztu den harentzat baizik.
Beraz, hemendik aurrera ez dugu inor giza ikuspegi hutsez balioztatuko; eta inoiz Kristo giza ikuspegiz balioztatu badugu, orain ez dugu hala egiten. Beraz, Kristorena dena sorkari berri da; zaharrarenak egin du, berria sortu da.

Jaunak esana.

Aleluia Lc 7,16  

Aleluia, aleluia.
Profeta handi bat sortu da gure artean.
Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. Aleluia.

EBANJELIOA

Nor ote dugu hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 4,35-41

Egun berean, ilunabarrez, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Goazen aintziraz beste aldera».
Jende-taldea utzirik, zegoen txalupan bertan eraman zuten Jesus, beste zenbait ontzi ere harekin batera bazen arren. Hortan, haize-bolada zakarra atera zuen, eta uhinek txalupa jotzen zuten, ia urez betetzeraino. Jesus, berriz, txopan lo, buruko baten gainean. Esnarazi eta esan zioten:
–Maisu, ez al dizu axola gu galtzeak?
Hark, esnaturik, haserre egin zion haizeari, eta aintzirari esan:
–Hago isilik! Geldi!
Gelditu zen haizea eta barealdi handia egin zen. Jesusek esan zien:
–Zergatik beldur hori? Nolatan duzue oraindik hain sinesmen gutxi?
Beldur-ikaraz gelditu ziren, elkarri esanez: «Nor ote dugu hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?»

Jaunak esana.

lunes, 11 de junio de 2012

2012/06/17 - Urteko 11. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 17ea

Urteko 11. Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuhaitz txikia goratu egiten dut.

Ezekiel liburutik 17,22-24

Hau dio Jainko Jaunak:
«Zedro garaiaren adaburutik
hartuko dut neuk ere,
kimu berri bat hartuko dut
haren adar-puntatik,
eta neuk landatuko dut
mendi garai eta bikain batean .
Israelgo mendi garaian
landatuko dut;
adarrak luzatuko zaizkio
eta fruitua emango,
zedro bikain bihurtuko da.
Mota guztietako txoriek
egingo dute habia bertan.
Basoko zuhaitz guztiek
jakingo dute
nik, Jaunak,
zuhaitz garaia beheratu
eta txikia goratu egiten dudala,
zuhaitz hezea ihartu
eta ihartua hezeberritu.
Nik, Jaunak, esandakoa
bete egingo dut».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 91, 2-3. 13-14. 15-16 (R. 1b)

R.
Bai eder, Jauna, zu gorestea.

Bai eder, Jauna, zu gorestea
eta Goi-goiko hori kantuz ospatzea,
goizean zure maitasuna iragartzea,
gau osoan zure leialtasuna, R.

Zintzoa palmondoa bezala garatuko da,
Libanoko zedroa bezala haziko;
Jaunaren etxean landaturik,
gure Jainkoaren ondoan garatuko da. R.

Zaharturik ere fruitu emango du,
mardul eta heze iraungo beti,
Jauna zuzena dela iragartzeko,
nire harkaitza, gaiztakeriarik gabea. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 5,6-10

Senideok, uste onez beteak gaude beti, nahiz eta jakin, gorputz hau geure egoitza dugun bitartean, Jaunarengandik erbesteratuak gaudela. Sinesmenaren argiak gidatzen gaitu, eta ez ikusten dugunak. Uste onez gaude, bai, baina nahiago genuke gorputz honetatik erbesteratuak izan Jaunarekin bizitzera joateko.
Nolanahi ere, gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara, guztiok Kristoren auzitegian agertu behar baitugu, nork bere ordaina jasotzeko, saria nahiz zigorra, gorputzean bizi garelarik egindakoaren arabera.

Jaunak esana.

Aleluia

Aleluia, aleluia.
Hazia Jainkoaren hitza da, ereile Kristo da;
aurkitzen duena betiko bizi da. Aleluia.

EBANJELIOA

Hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 4,26-34

Denbora haietan Jesusek esan zuen: «Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da: hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela. Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uztaroa da eta».
Beste hau ere esan zien: «Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erregetza? Zein parabolaren bidez adieraz genezake? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dute haren itzalpean, hainbestekoak baitira ematen dituen adarrak».
Horrelako parabola askoren bidez, Jesusek mezua iragartzen zien, beraiek ulertzeko eran. Ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten zien.

Jaunak esana.

domingo, 10 de junio de 2012

2012/06/15 - Jesus Bihotz Santua (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 15ea

Jesus Bihotz Santua (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ikara degit bihotzak, gupidaz beterik.

Oseas liburutik 11, 1.3-4.8c-9

Horrela dio Jaunak: «Israel haur zela
maite izan nuen
eta Egiptotik ateratzeko
dei egin nion neure semeari.
Nik erakutsi nion oinez Efraimi,
besoetan eraman nuen.
Hala ere, ez ziren ohartu
nik nituela zaintzen.
Amodio-lokarriz erakartzen nituen,
maitasun-loturaz.
Haurtxoa musuraino
jasotzen duenaren antzeko
nintzen haientzat;
makurtu eta jaten ematen nion.
Ikara degit bihotzak,
gupidaz beterik.
Ez diot haserreari pizten utziko,
ez dut Efraim berriro desegingo,
Jainkoa bainaiz ni, ez gizakia;
santua ni zuen artean,
eta ez natorkizue
haserre-suminez».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa Is 12, 2-3. 4bc. 5-6

R.
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera.

Bai, Jainkoa dut salbatzaile!
Harengan dut uste on
eta ez naiz beldur.
Jauna dut indar eta babes,
bera salbatzaile.
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera. R.

Goretsazue Jauna,
dei egin berari,
iragarri haren egintzak herriei!
Ezagutarazi zeinen bikain den! R.

Kanta Jaunari,
gauza harrigarriak egin baititu;
mundu osoan jakin bezate
haren berri.
Egin poz-irrintzi eta oihu,
Siongo bizilagunok,
handikiro ari baita zuen alde
Israelgo Santua. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zein zabal eta luze, garai eta sakon den Kristoren maitasuna.

San Pablo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik 3,8-12.14-19

Maite maiteok:
Neuri, fededun guztien artean txikiena naizen honi, dohain hau eman zait: Kristoren neurrigabeko aberastasuna jentilei hots egitea, eta Jainkoarengan, gauza guztien egileagan, betidanik gordea zegoen asmo ezkutua nola ari den betetzen guztiei argi erakustea. Horrela, agerian jartzen zaie orain, Elizaren bitartez, zeruetako aginte eta botereei Jainkoaren era guztietako jakinduria, aurrez betidanik berak zuen eta Kristo Jesus gure Jaunarengan bete duen asmoaren jakinduria. Kristori esker eta beronengan dugun sinesmenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoarengana hurbiltzera.
Horregatik, belauniko jartzen naiz Aitaren aurrean, bai zeruan eta bai lurrean familia ororen sorburu denaren aurrean, eta hau eskatzen diot: bere aintzaren aberastasunari dagokionez, sendo zaitzatela Espirituaren indarrez, barrutik hazi zaitezten; bizi dadila Kristo zuen bihotzetan sinesmenaren bidez eta izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. Horrela ulertu ahal izango duzue, fededun guztiekin batera, zein zabal eta luze, garai eta sakon den Kristoren maitasuna; ezaguera ororen gainetik dagoen maitasun hori ezagutuko duzue, horrela jainkozko izateaz erabat betez joan zaitezten.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 11,29ab  

Aleluia, aleluia.
Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik,
 - dio Jaunak -
gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni. Aleluia.

EBANJELIOA

Saihetsa zulatu zion, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 19, 31-37

Denbora haietan, Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.
Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei. Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi; soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.
Ikusi zuenak berak testigatzen du eta haren testigantza egiazkoa da. Berak badaki egia dioena, zuek ere sinets dezazuen. Hau Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen: Ez zaio hezurrik hautsiko. Eta beste pasarte batean hau dio: Zulatu zutenari begiratuko diote.

Jaunak esana.

lunes, 4 de junio de 2012

2012/06/10 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 10a

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Odol hau da Jaunak zuekin egin duen itunaren ezaugarria.

Irteera liburutik 24, 3-8

Egun  haietan, Jaunak esana eta erabakia adierazi zizkion Moisesek herriari, eta honek erantzun zion aho batez: «Jaunak esandako guztia egingo dugu».
Moisesek idatzi egin zuen Jaunak esandakoa. Biharamunean, goizean goiz jaikirik, aldarea eraiki zuen mendi barrenean, eta hamabi zutarri ere bai Israelgo hamabi leinuen izenean. Ondoren, zezenak hil eta Jaunari erre-opari eta elkartasun-oparitzat eskaintzeko agindu zien israeldar gazte batzuei.
Moisesek odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini zuen, eta beste erdia aldarera isuri. Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri zion. Herriak erantzun zuen: «Onartuko dugu eta beteko Jaunak esandako guztia».
Moisesek odola hartu eta herriaren gain zirtatu zuen, esanez: «Odol hau da xedapen hauen guztien arabera Jaunak zuekin egin duen itunaren ezaugarria».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 115, 12-13. 15 y 16bc. 17-18 (R.: 13)

R.
Kopa altxatuko dut salbamenagatik esker onez,
Jaunari dei eginez.

Nola ordainduko diot Jaunari
egin didan on guztia?
Kopa altxatuko dut salbamenagatik esker onez,
Jaunari dei eginez. R.

Mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotza.
Bai, zure zerbitzari naiz, Jauna, zure zerbitzari apal:
askatu dituzu nire lokarriak! R.

Gorespen-oparia eskainiko diot,
Jaunari dei eginez.
Beteko dizkiot Jaunari promesak,
herri osoaren aurrean. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristoren odolak, badute azaleko garbitasuna,.

San Pablo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 9, 11-15

Maite maiteok:
Kristo, datozen ondasunen apaiz nagusi bezala agertu da. Bera sartu den etxola lehengoa baino hobea eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez aker eta zekorren odola eskainiz, berea baizik, horrela betiko salbamena lortu digularik. Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik daudenen gain zirtatuz gero, kutsaturiko pertsona horiek sagaratzeko indarra baldin badute azaleko garbitasuna emanez, zenbatez gehiago Kristoren odolak, betiko Espirituaren bitartez akats gabeko oparitzat bere burua Jainkoari eskaini zion harenak, ez du garbituko gure barrua heriotzara daramaten egintzetatik, Jainko biziari kultua emateko gai izan gaitezen!
Horregatik, Jesu Kristo itun berri baten bitarteko da, bere heriotzaz antzinako itunaren garaian egindako hutsegiteak barkatu baititu; horrela, agindutako betiko ondarea jaso dezakete Jainkoak deitutakoek.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6,51

Aleluia, aleluia.
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia- dio Jaunak -;
ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Hau nire gorputza da. Hau nire odola da.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 14-12-16. 22-26

Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:
–Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
–Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.
Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.
Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez: «Hartzazue, hau nire gorputza da».
Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. Eta esan zien: «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena guztiengatik isuria. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».
Gorazarreak kantatu ondoren Oliamendira abiatu ziren.

Jaunak esana.