lunes, 28 de mayo de 2012

2012/06/03 - Hirutasun Santua (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko ekainaren 3a

Hirutasun Santua (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jauna dela Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik.

Deuteronomioa liburutik 4, 32-34. 39-40

Moisesek herriarin esan zion:
«Galdetu antzinako garaiei, zuen aurretik izandakoei, Jainkoak munduan gizakia egin zuen egunetik hasita; galdetu munduaren ertz batetik besteraino, ea inoiz horrelakorik gertatu edo entzun izan den. Ba ote da herririk, zuek bezala Jainkoa suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik? Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste baten menpetik askatu eta beretzat hartzera etorri denik? Bada, Egipton zeuen begi-bistan horixe egin zuen Jaunak zuen Jainkoak. Ezaugarri asko eman zituen, eta mirariak eta egintza harrigarriak egin; borrokaren bidez, ahalmen handiz eta esku indartsuz askatu zintuzten, etsaiengan izua sortuz.
Aitortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dela Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik. Bete gaur ematen dizkizuedan lege eta aginduak, zoriontsu izan zaitezten zeuek eta zuen ondorengoak, eta luzaro bizi, Jaunak zeuen Jainkoak betiko ematen dizuen lurraldean».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 32, 4-5. 6 y 9. 18-19. 20 y 22 (R 12b)

R.
Zorionekoa Juanak
beretzat aukeratu duen herria!.

Jaunaren hitza zuzen-zuzena baita,
haren egintza guztiak fidagarriak.
Justizia eta zuzenbidea maite ditu;
Jaunaren maitasunaz betea da lurra. R.

Jaunak bere hitzaz egin du ortzia,
bere aho-arnasaz astro guztiak.
Berak esan, eta dena egin zen;
berak agindu, eta dena izaten hasi. R.

Jaunak ditu zaintzen begirune diotenak,
haren maitasunean itxaropen dutenak,
heriotzatik libratu
eta gosetean bizirik gordetzeko. R.

Guk Jaunarengan dugu itxaropena:
bera dugu laguntzaile eta babesle!
Betor gurekin, Jauna, zure maitasun leiala,
zuregan jarria baitugu esperantza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba! », hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari.

San Pablo apostoluak erromatarrei egindako gutunetik 8, 14-17

Senideok:
Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira. Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba! », hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari. Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.

Jaunak esana.

Aleluia Ap 1,8

Aleluia, aleluia.
«Neu naiz Alfa eta Omega
–dio Jainko Jaunak–,
dena, zena eta etortzekoa, ahalguztiduna» Aleluia.

EBANJELIOA

Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoaren liburutik 28, 16-20

Hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira. Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden. Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien: «Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Jaunak esana.

lunes, 21 de mayo de 2012

2012/05/27 - Mendekostearen igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko maiatzaren 27a

Mendekostearen igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi.ziren.

Eginak liburutik 2, 1-11

Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak. Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen. Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran.
Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak. Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien. Zur eta lur, honela zioten:
«Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak? Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea? Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere; badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere; eta denok, judu eta juduberri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 103, 1ab y 24ac. 29bc-30. 31 y 34 (R.: cf. 30)

R.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen.

Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Bai ugariak, Jauna, zuk eginak!
zure sorkariz betea da lurra. R.

Zuk arnasa kentzean,
hil egiten eta hauts bihurtzen.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen. R.

Betiko izan bedi Jaunaren ospea!
Poz bedi Jauna berak eginekin!
Atsegin bekio nire kanta:
Jaunarengan nik neure poza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko.

San Pablo apostoluak korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 12, 3b-7. 12-13

Senideok:
Inork ezin duela esan «Jesus da Jauna» Espiritu Santuak eraginik ez bada.
Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra; era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra; era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.
Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere. Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.

Jaunak esana.

Edo:

Espirituaren fruitua.

San Pablo apostoluak galaziarrei egindako gutunetik 5, 16-25

Anai arrebok, hauxe diotsuet: Bizi zaitezte Espirituari dagokionez eta ez giza grinei jarraituz. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa Bi indar horiek elkarren aurkakoak dira; horrela, ez duzue nahi zenuketena egiten. Espirituak gidatzen bazaituzte, ordea, ez zaudete legearen menpe.
Giza grinetatik sortzen diren egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, jokaera biziotsua, idolatria, sorginkeria, etsaigoak, haserreak, bekaizkeria, gorrotoak, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak, ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak. Eta lehen esan nizuena diotsuet berriro ere: Horrela jokatzen dutenek ez dute Jainkoaren erreinua ondare jasoko.
Espirituaren fruitua berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea. Ez da legerik horrelakoak gaitzetsiko dituenik. Eta Jesu Kristorenak direnek gurutzean hilarazi dute bekatuzko beren giza izaera beronen gurari eta grinekin.
Bizia Espirituak ematen badigu, jokatu ere joka dezagun Espirituaren arabera.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet.
Hartzazue Espiritu Santua.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jaunak esana.

Edo:

Egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15, 26-27; 16, 12-15

Denbora haietan Jesusek bere jarratzaileei esan zien:
Nik Laguntzailea, Aitarengan jatorria duen egiaren Espiritua, bidaliko dizuet Aitaren ondotik. Etortzean, hark egingo du testigantza nire alde. Eta zuek ere egingo duzue testigantza, hasieratik nirekin egon baitzarete.
Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. Baina egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue. Berak nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuena niregandik hartuko baitu. Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

Jaunak esana.

sábado, 19 de mayo de 2012

2012/05/20 - 7. Pazko Igandea - JAUNGOIKOAREN IGOKUNDEA (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


Y todo gracias a vosotros. (ver detalle visitas)

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko maiatzaren 20a

7. Pazko Igandea - JAUNGOIKOAREN IGOKUNDEA (B)


Jaungoikoaren Igokundea 6.Pazko astearen ostegunean ospatzen da, zenbait elizbarrutian berriz 7.Pazko igandeetan ospatzen da.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Gorantz igo zen Jesus haien begi aurrean.

Eginak liburutik 1, 1-11

Teofilo maitea: Neure lehen liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zen eguna arte Jesusek egin eta irakatsi zuen guztiaz idatzi nuen. Zerura igo aurretik, Espiritu Santuaren eraginez azken aginduak eman zizkien berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu zitzaien bere heriotzaren ondoren eta bizirik zegoeneko froga asko eman zizkien, berrogei egunez bere burua ikustera emanez eta Jainkoaren erregetzaz hitz eginez.
Haiekin bazkaltzen ari zen batean, honela agindu zien: «Ez alde egin Jerusalemdik, zaudete nik Aitaren partetik egin dizuedan agintzariaren zain.
Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek egun gutxi barru Espiritu Santuaz bataiatuak izango zarete».
Orduan, Jesusekin bildurik zeudenek galdetu zioten:
–Jauna, orain ezarriko al duzu berriro Israelgo erreinua?
Jesusek erantzun zien:
–Aitak bakarrik du hori erabakitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan gertatuko den jakitea. Baina zuen gain jaitsiko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino.
Hau esanik, gorantz igo zen Jesus haien begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu zien arte.
Oraindik zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizaseme azaldu zitzaizkien ondoan, eta esan zieten: «Galilearrok, zertan zaudete hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan den Jesus hori, zerura joaten ikusi duzuen bezalaxe etorriko da berriro».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 46, 2-3. 6-7. 8-9(R.: 6)

R.
Irrintzi artean igo da
Jainkoa
; turuta-soinuz Jauna..

Herri guztiok, egin txalo,
egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari.
Izugarria baita Jauna, Goi-goikoa,
mundu osoaren errege handia. R.

Irrintzi artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.
Kanta Jainkoari, kanta!
Kanta gure erregeari, kanta! R.

Jainkoa mundu osoaren errege:
kanta hari trebeki!
Jainkoa nazioen errege da,
bere tronu santuan eseria dago. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zeruan bere eskuinaldean eserarazi zuen.

San Pablo apostoluak efesoarrei egindako gutunetik 1, 17-23

Senideok:
Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia dagokion Aitak, jakinduria eta goi-argia eman diezazkizuela, bera zer-nolakoa den sakonki ezagutzeko. Argi ditzala zuen barruko begiak, jakin dezazuen zer itxarotera deitu zaituzten, zein zoragarria den fededunentzat ondare gisa prestatua duen aintza eta zein handia den sinestedunen alde erabiltzen duen bere ahalmena. Indar ahaltsu hori Kristorengan erakutsi zuen Jainkoak, hura hildakoen artetik piztu eta zeruan bere eskuinaldean eserarazi zuenean.
Munduko aginte, botere, indar eta nagusigo ororen gainetik eta, mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aipagarri den edozeinen gainetik ezarri zuen.
Dena jarri du Jainkoak Kristoren oinazpian, eta berau egin du denen gainetik Elizaren buru.
Eliza haren gorputza da, unibertsoa erabat betetzen duen Kristok erabat betea.

Jaunak esana.

Edo:

Kristoren betetasunaren neurriko, izatera iritsi arte.

San Pablo apostoluak efesoarrei egindako gutunetik 4, 1-13

Senideok:
Nik, Jaunarengatik preso nagoen honek, hartu duzuen deiari dagokionez bizi zaiteztela eskatzen dizuet. Izan apal, otzan eta jasankor, elkar maitekiro eramanez. Saia zaitezte Espirituak ematen duen batasunari eusten, elkartzen zaituzten bakeaz. Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, egin zaizuen deiari dagokion itxaropena ere bat bakarra den bezala; bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bataioa, bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoena, guztien bidez ari dena eta guztiengan bizi dena.
Baina gutariko bakoitzak Kristok eman nahi izan dion neurrian hartu du dohaina. Horregatik dio Liburu Santuak:

Gorenera igo zenean,
gatibuak berekin eraman zituen
eta gizakiei dohainak eman zizkien.

Igo zela esatean, zer esan nahi du, aurrez beheko lur honetara jaitsi zela baizik? Jaitsi zen hura, zeru gorenera dena betetzera igo dena bera da. Bera da batzuk apostolu egin zituena, beste batzuk profeta, beste batzuk berri onaren hotsegile, beste batzuk artzain eta irakasle. Horrela, gai egiten ditu fededunak beren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza hazarazteko, harik eta denok elkarrekin sinesmen eta Jainkoaren Semearen ezagutza berbera izan arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko, izatera iritsi arte.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 28,19.20  

Aleluia, aleluia.
Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle.
-Jaunak esan zuen-
Eta ni zeuekin izango nauzue egunero
munduaren azkena arte. Aleluia.

EBANJELIOA

Zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 16, 15-20

Denbora haietan Jesusek apostulei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berri ona izaki guztiei. Sinesten eta bataiatzen den oro salbatua izango da; sinesten ez duena, berriz, kondenatua. Sinestedunek seinale hauek izango dituzte berekin: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berriz mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».
Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.
Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren berri ona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.

Jaunak esana.

jueves, 10 de mayo de 2012

2012/05/13 - 6. Pazko Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko maiatzaren 13a

6. Pazko Igandea (B)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Espiritu Santuaren dohaina jentilen gain ere isurtzen zen.

Eginak liburutik 10, 25-26. 34-35. 44-48

Pedro sartzera zihoala, Kornelio bidera atera zitzaion eta oinetara ahuspeztu. Baina Pedrok zutiarazi egin zuen, esanez: «Altxa zaitez, gizaki hutsa naiz ni ere».
Orduan, honela mintzatu zen Pedro: «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan.
Oraindik Pedro hizketan ari zela, Espiritu Santua jaitsi zen mezua entzuten ari ziren guztien gainera. Pedrorekin etorritako fededun juduak txunditurik zeuden, Espiritu Santuaren dohaina jentilen gain ere isurtzen zela ikustean. Izan ere, hizketa arrotzez hitz egiten eta Jainkoa handiesten entzuten zieten. Orduan, Pedrok esan zuen: «Nork uka diezaieke hauei bataioko ura, guk bezalaxe hartu baitute Espiritu Santua?»
Eta Jesu Kristoren izenean bataia zitzatela agindu zuen. Ondoren, egun batzuetan bertan gelditzeko eskatu zioten Pedrori.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 97, 1. 2-3ab. 3cd-4 (R. 2b)

R.
Bere salbamen-ekintza agertu du Jaunak nazioen aurrean.
Edo:
Aleluia.

Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. R.

Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna. R.

Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoa maitasuna da.

San Joan apostoluak egindako lehenengo gutunetik 4, 7-10

Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita. Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun. Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 14, 23

Aleluia, aleluia,
Maite nauenak onartuko du nire mezua;
nire Aitak maite izango du,  - dio Jaunak-
eta Aita eta biok berarengana etorriko gara. Aleluia.

EBANJELIOA

Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15, 9-17

Senide maiteok:
Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.
«Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala. Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar.

Jaunak esana.