lunes, 26 de marzo de 2012

2012/04/01 - Erramu Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko apirilaren 1a

Erramu Igandea (B)




ERRAMU PROZESIOA.

EBANJELIOA

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 11,1-10

Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara iritsirik, bere ikasleetako bi bidali zituen Jesusek, esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; sartu orduko, astakume bat aurkituko duzue lotuta, gainean inor jarri ez zaiona; askatu eta ekarri. Norbaitek zer ari zareten galdetuko balizue, erantzun: “Jaunak behar du, baina berehala itzuliko du” ».
Joan ziren, bada, eta han aurkitu zuten astakumea ate ondo batean kanpotik lotuta, eta askatzen hasi ziren. Bertan zeudenetariko batzuek esan zieten: «Zer ari zarete hor astakumea askatzen?»
Jesusek esandakoa erantzun zieten, eta haiek astakumea utzi.
Jesusi eramanik, beren jantziak astakumeari bizkarrean ezarri zizkioten, eta Jesus gainean eseri zen. Askok jantziak zabaltzen zituzten bidean; beste batzuek, berriz, bazterretan bildutako adar-hostoak. Aurretik eta atzetik zihoazenek honela zioten oihuka: «Hosanna ! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua datorren erreinua, gure aita Daviden erreinua. Gora Jainko gorena !»  

Jaunak esana.

Edo. .

EBANJELIOA

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 12,12-16

Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorria zen jendetza handia, Jesus zetorrela jakitean, palma-adarrak harturik, bidera atera zitzaion, eta oihuka hasi: «Hosanna ! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»
Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zen, Liburu Santuak dioen bezala:

Ez beldur izan, Sion hiri eder!
Hara, badatorkizu zeure erregea,
astakume baten gainean eseria.

Haren ikasleak ez ziren orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainko-aintza azaldu zenean, konturatu ziren Liburu Santuak zioen huraxe egin ziotela Jesusi.

Jaunak esana.

PASIOAREN MESA.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez nien aurpegia saihestu iraintzen botatzen zidatenei, bai baitakit ez didala usteak huts egingo.

Isaías liburutik 50, 4-7

Jainko Jaunak
hitz egiteko trebatu nau,
bihotz-eroriak adore-hitzez
bizkor ditzadan.
Goizero dit belarria ernearazten,
ikasle onak bezala
entzun diezaiodan.
Jainko Jaunak belarria zabaldu dit,
eta nik ez diot aurka egin,
ez atzera jo.
Bizkarra eskaini nien
zigorkatzen nindutenei,
eta masailak,
bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei.
Ez nien aurpegia saihestu
iraintzen
eta listua botatzen zidatenei.
Baina Jauna dut laguntzaile:
horregatik ez didate
irainek etsiarazten;
horregatik gogortu dut aurpegia
harkaitza bezala,
bai baitakit ez didala
usteak huts egingo.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 21, 8-9. 17-18a. 19-20. 23-24 (R: 2a)

R.
Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?

Ikusten nautenek burla egiten didate,
keinuka eta zeinuka.
«Jaunarengana jo du libra dezala, bada!
Salba dezala, hainbeste maite badu!» R.

Gaizkile-taldeak inguratu nau,
zakur-tropelak erdian hartu,
esku-oinak zulatu dizkidate.
Hezur eta azal gelditu naiz! R.

Nire jantziak banatzen dituzte,
nire soinekoa zotz egiten.
Baina zu, Jauna, ez egon urrun!
Ene indar, lagundu! Ez luzatu! R.

Hitz egingo diet zutaz neure senideei,
goretsiko zaitut batzarraren erdian.
Goretsazue Jauna, begirune diozuenok!
Emaiozue ohore, Jakoben ondorengo guztiok!
Adora ezazue, israeldarrok! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Apaldu egin zuen bere burua, Horregatik, denen gainetik goratu zuen Jainkoak.

San Pablo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 2 6-11

Kristo Jesusek,
jainkozko izaerako izanik,
ez zion gogor eutsi nahi izan
jainkozko bere mailari;
bestela baizik,
hustu egin zen bere handi-izateaz
eta esklabo-izaera hartu zuen,
gizakien antzeko eginez.
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion,
Jesusen izenaren omenez,
zeruan, lurrean eta lur azpian,
guztien belaunak makur daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jesu Kristo dela Jauna ,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Flp 2, 8-9  

Kristo Jesusek,
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion.

EBANJELIOA

Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J = Jendetza; P Beste personaiak.

Jaungoikoaren Pasioan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 14, 1-15, 47

Jesus bere gogoz heriotzara (14,1-42)

Jesus nola atxilotuko.

K. Handik bi egunera, Pazko-jaia eta Legamia gabeko Ogien Jaia ospatzen ziren. Apaizburu eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko. Baina hau zioten:
P. «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik sor ez dadin».

Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi.

K. Jesus Betanian zen, Simon legendunaren etxean. Mahaian zegoela, emakume bat etorri zen, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia zekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri zion. Batzuek, haserre, honela ziotsoten elkarri:
P. –Zergatik horrela alferrik galdu ukendu hori? Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen eta dirua behartsuei eman.
K. Eta marmarrean ari ziren emakumearen kontra. Baina Jesusek esan zien:
+. –Utzi bakean honi; zergatik gogaitarazten duzue? Egintza ona egin du nirekin. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta nahi duzuenean egin diezaiekezue on. Baina ni ez nauzue betiko zuekin. Ahal zuena egin du: nire gorputza ukenduz igurtzi du aldez aurretik hilobirako . Benetan diotsuet: Mundu guztian barrena, berri ona hots egingo den edonon aipatuko dira emakume hau eta beronek egina.

Jesus Judasek saldua.

K. Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaizburuengana joan zen, Jesus beraiei eskuetara emateko asmotan. Entzutean, poztu egin ziren haiek eta dirua agindu zioten. Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.

Azken afarirako prestaketak.

K. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:
I. –Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
K. Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
+. –Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.
K. Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

Afarian: Judasen saldukeriaren iragarpena.

K. Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin eta, mahaian afaltzen ari zirelarik, Jesusek esan zuen:
+. –Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.
K. Haiek, goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion bata bestearen ondoren:
I. –Nik ote?
K. Jesusek erantzun:
+. –Hamabiotako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak. Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!

Azken afaria: hona nire gorputz-odolak.

K. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez:
+. «Hartzazue, hau nire gorputza da».
K. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. Eta esan zien:
+. «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena , guztiengatik isuria. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».

Afalondoan: Pedroren ukoen iragarpena.

K. Gorazarreak kantatu ondoren , Oliamendira abiatu ziren.
Jesusek esan zien:
+. «Zuen sinesmenak huts egingo du , honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
K. Pedrok esan zion:
I. –Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez.
K. Jesusek erantzun:
+. –Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu.
K. Baina Pedrok, gero eta areago:
I. –Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.
K. Eta beste hainbeste zioten denek.

Getsemaniko otoitz larria.

K. Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: +. «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».
K. Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
+. «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».
K. Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen. Honela zioen:
+. «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».
K. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
+. «Simon, lotan? Ordubete ere ezin izan zara erne egon? Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia ».
K. Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.
Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien:
+. «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

Jesus giza eskuetan. Piztuera (14,43–16,8)

Jesus lotua daramate.

K. Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik. Saltzaileak seinale hau jarria zien:
I. «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz».
K. Iritsi zeneko, Jesusengana hurbildu eta esan zion:
I. «Maisu!»
K. Eta musu eman zion.
Besteek heldu eta atxilotu egin zuten. Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. Jesusek esan zien:
+. «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero zuen artean nengoen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».
K. Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten, baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.

Jesus judu-biltzarraren aurrean.

K. Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus eta han bildu ziren apaizburu, zahar eta lege-maisu guztiak. Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.
Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu; askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat. Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:
P. «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».
K. Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.
Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:
P. –Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
K. Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:
P. –Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?
K. Jesusek erantzun:
+. –Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.
K. Apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:
P. –Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa . Zer deritzozue?
K. Heriotza merezi zuela erabaki zuten denek.
Batzuk listuka hasi zitzaizkion eta, aurpegia estalirik, ukabilkadak ematen zizkioten, esanez:
J. «Asma ezak, profeta!»
K. Guardiek ere masailekoka zerabilten.

Pedrok Jesus ukatu.

K. Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen. Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan zion:
I. –Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.
K- Baina hark ukatu, esanez:
I. –Ez zekinat zer dionan ere, ez dinat ulertzen.
K. Atarira irten zen, eta oilarrak jo zuen . Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere honela hasi zitzaien:
P. –Hau ere haietakoa diagu.
K. Pedrok berriro ukatu zuen. Geroxeago, ingurukoek ere esan zioten:
P. –Bai, haietakoa haiz, noski, galilearra haiz eta.
K. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:
I. –Ez dut ezagutzen zuek diozuen hori.
K. Une hartan, bigarren aldiz jo zuen oilarrak. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.


Jesus Pilatoren aurrean.

K. Eguna argitu bezain laster, apaizburu, zahar eta lege-maisuak bildu ziren –Biltzar Nagusi osoa–, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eraman zuten eta Pilatoren eskuetara eman. Pilatok galdetu zion:
P. –Zu al zara juduen erregea?
K. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk diozu.
K. Apaizburuek salaketa asko egiten zituzten haren kontra. Pilatok esan zion:
P. –Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituzten.
K. Baina Jesusek ez baitzion gehiago erantzun, harriturik gelditu zen Pilato.

Jesus heriotzara kondenatua.

K. Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera. Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten. Pilatok erantzun zien:
P. –Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
K. Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus. Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan.
Berriro mintzatu zitzaien Pilato:
P. –Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin?
K. Jendeak, orduan, oihu:
J. –Gurutzera hori!
K. Eta Pilatok:
P. –Zer oker egin du, bada?
K. Haiek, are eta oihu handiagoz:
J. –Gurutzera hori!
K. Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren , haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

Soldaduen isekak.

K. Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudari-taldeko denak bildu zituzten. Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan.
Eta agurka hasi zitzaizkion:  
J. «Agur, juduen erregea!»
K. Kanabera batez jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion. Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.

Jesus gurutziltzatua.

K. Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus (Golgotak «Burezur» esan nahi du).
Mirraz nahasiriko ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu. Josi zuten gurutzean, eta haren jantziak banatu egin zituzten, zer zeinentzat zotz eginez.
Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean. Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea». Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Jesus gurutzean iraindua.

K. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez:
J. «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena! Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
K. Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez:
P. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun».
K. Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.

Jesusen heriotza.

K. Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
+. «Eloi, Eloi, lema sabaktani ?»
K. (Hau da:
+. «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
K. Hau entzutean , bertan zeuden batzuek esan zuten:
J. «Eliasi deika ari duk».
K. Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez:
P. «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».
K. Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.

K. Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.
Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen:
P. «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».

K. Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.

Jesus hilobian ezarria.

K. Ilunabarrean –larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna –, Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen. Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden.

Jaunak esana.

lunes, 19 de marzo de 2012

2012/03/25 - Garizumako 5. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko martxoaren 25a

Garizumako 5. Igandea (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Itun barria egingo dut, eta hareen pekaturik ez dut gehiago gogoan izango.

Jeremias liburutik 31,31-34

Jaunak dio: «Begira, badator Israel herriarekin eta Juda herriarekin itun berria egingo dudan garaia. Itun hau ez da izango, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean, beraien arbasoekin egin nuena bezalakoa. Haiek bai, hautsi egin zuten nire ituna, baina nik mantendu . Hala diot nik, Jaunak. Hona hemen etorkizunean Israelekin egingo dudan ituna: Barruan ezarriko diet neure legea, bihotzean idatziko; ni beraien Jainko izango naiz eta haiek nire herri. Hala diot nik, Jaunak. Ez dute elkarri irakatsi beharrik izango, “Ezagutu Jauna” esanez, guzti-guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko bainaute. Barkatu egiten baitiet beren gaiztakeria, beraien bekatua ez dut gehiago gogoratuko. Nik, Jaunak, esana».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 50, 3-4. 12-13. 14-15

R.
Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz.
Garbi nazazu oso-osorik neure errutik,
garbitu neure bekatutik. R.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan,
espiritu berri sendoa nire baitan.
Ez nazazu bota zeure aurretik,
ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. R.

Poz nazazu berriro zeure salbamenaz,
sendotu zeure espiritu handi-zabalaz.
Zure bideak erakutsiko dizkiet gaiztoei,
eta zuregana bihurtuko dira bekatariak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Oinazearen oinazez ikasi zuen obeditzen, eta betiko salbamenaren iturri bilakatu zen.

San Pablo Apostoluak hebrearrei egindako gutunetik 5,7-9

Kristok, mundu honetan bizi zelarik, deiadar handiz eta negar-malkoz egin zion otoitz eta erregu heriotzatik libra zezakeen Jainkoari eta, esaneko izan zitzaiolako, Jainkoak aditu egin zion. Eta, Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi zuen obeditzen; horrela, bete-beteko izatera iritsi zelarik, betiko salbamenaren iturri bilakatu zen berari obeditzen dioten guztientzat.

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Jn 12,26

Nire zerbitzari izan nahi duenak
jarrai biezat – dio Jaunak –
eta ni nagoen tokian,
han izango da nire zerbitzaria ere.

EBANJELIOA

Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen bada, fruitu asko ematen du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 12,20-33

Egun haietan, jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk . Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».
Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.
«Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz! Aita, azaldu zeure aintza!»
Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».
Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak. Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».
Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.

Jaunak esana.

lunes, 12 de marzo de 2012

2012/03/18 - Garizumako 4. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko martxoaren 18a

Garizumako 4. Igandea (B)



LEHENENGO IRAKURGAIA

aunaren hasarrea eta errukia agertzen dira, herriaren erbeste eta askatasunaren bitartez..

Kronikak bigarren liburutik 36, 14-16. 19-23

Egun haietan, apaizburuek eta herriak ere okerkeria okerkeriaren gainean egiten zuten, arrotzen ohitura higuingarriak hartuz. Jaunak Jerusalemen beretzat sagaratua zuen tenplua ere kutsatu egin zuten. Jaunak, beren arbasoen Jainkoak, etengabe egin zizkien oharrak bere mezularien bidez; izan ere, errukia baitzien bere herriari eta bere egoitzari. Baina haiek Jainkoaren mezulariei iseka egin, beraien esanak gutxietsi eta barre egiten zieten profetei. Jaunak bere herriaren kontra zuen haserrea gainez egiteraino handitu zen eta ez zen salbabiderik izan.
Gero, babiloniarrek Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresia bota eta su eman zien jauregiei eta bertako gauza ederrei, dena hondatuz.
Bizirik geldituak Babiloniara erbesteratu zituen. Han erregearen eta beronen ondorengoen esklabo izan ziren, harik eta pertsiarren erregealdia etorri zen arte. Horrela bete zen Jaunak Jeremias profetaren ahoz esana: «Hirurogeita hamar urtez egongo da utzia lurralde hau, hondamenaldi osoan zehar, Jaunari ukatu zizkioten atseden-urteak bete arte».
Pertsiako errege Ziroren lehen urtean , Jeremias profetaren ahoz iragarria bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok hitzez eta idatziz bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen: «Hau agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit. Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez hara, Jauna, beren Jainkoa, lagun dutela!»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmo 136, 1-2. 3. 4. 5. 6 (J.: 6a)

R
Geldi bekit mihia ahosabaian itsatsirik,
beti gogoan ez bazaitut.

Babiloniako ibai bazterretan eseriak geunden negarrez,
oi Sion, zutaz oroituz.
Ur ondoko sahatsetan utziak genituen zitarak zintzilik. R.

Eta han, guri kantu eske zeuden erbesteratu gintuztenak,
kanta alai eske gure zapaltzaileak:
«Kantatu guretzat Siongo kantak». R.

Nola kantatu Jaunaren kanturik atzerriko lurraldean?
Zutaz ahaztu banendi, Jerusalem, geldi bekit eskua elbarri. R.

Geldi bekit mihia ahosabaian itsatsirik,
beti gogoan ez bazaitut,
zu, Jerusalem, neure pozik handiena ez bazaitut. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Geure bekatuengatik hilik geundelarik, bizia eman zigun Kristorekin.

San Pablo Apostoluak efesoarrei egindako gutunetik 2, 4-10

Senideok: Jainkoak, hain baita errukitsua eta halako maitasun neurrigabez maitatu baikaitu, geure bekatuengatik hilik geundelarik, bizia eman zigun Kristorekin batera –onginahi hutsez salbatu zaituzte!–; eta Kristo Jesusekin batera eta berarengan piztu gintuen eta zeruetan eserarazi. Horrela, Kristo Jesusengan gurekiko hain ona izanez agertu nahi izan die datozen gizaldiei zein ugaria eta eskuzabala den bere onginahia. Dohain hutsez zarete salbatuak sinesmenaren bidez; eta hau ez dator zuengandik, baizik eta Jainkoaren emaitza da; ez dator egintzetatik, inor harro ez dadin. Izan ere, Jainkoak eginak gara; Kristo Jesusengan sortu gaitu, on egiten saia gaitezen, Jainkoak guretzat aurrez erabakia zuen bezala.

Jaumak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Jn 3,16  

Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik betiko bizia izan da.

EBANJELIOA

Jainkoak bere Seme bakarra emon deutso munduari, haren bitartez bizia izan dagian.
Dios mandó su Hijo al mundo para que el mundo se salve por él.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 14-21

Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
16 «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik. 18 Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan. 19 Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako. 20 Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin. 21 Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin».

Jaunak esana.