martes, 28 de febrero de 2012

2012/03/04 - Garizumako 2. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko martxoaren 4a

Garizumako 2. Igandea (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Sinesmenean gure aita dugun Abrahamen oparia.

Hasiera liburutik 22,1-2. 9-13.15-18

Handik aldi batera, Jainkoak probatu egin nahi izan zuen Abraham eta dei egin zion:
–Abraham!
Honek erantzun:
–Hemen nauzu!
Eta Jainkoak:
–Hartzazu Isaak zeure semea, hain maite duzun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera. Igo zaitez nik erakutsiko dizudan mendira eta eskain iezadazu semea han erre-oparitzat.
Jainkoak aipatutako lekura iritsi zirenean, aldarea eraiki zuen Abrahamek eta egurra prestatu. Ondoren, lotu zuen Isaak eta aldareko egur gainean ezarri. Eskua luzatuz, hartu zuen aiztoa bere semea hiltzeko. Baina Jaunaren aingeruak dei egin zion zerutik:
–Abraham! Abraham!
–Hemen nauzu! –erantzun zuen Abrahamek.
Aingeruak, orduan:
–Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari! Orain badakit Jainkoari begirune diozula, ez baitiozu zeure seme bakarra ere ukatu.
Jaso zituen begiak Abrahamek, ingurura begiratu eta ahari bat ikusi zuen sasi artean adarretatik kateatua. Hartu eta erre-oparitzat eskaini zuen bere semearen ordez.
Bigarren aldiz deitu zion Jaunaren aingeruak zerutik, esanez: «Honela dio Jaunak: Hala jokatu duzulako, zeure seme bakarra ere ukatu ez didazulako, nik neurez zin dagit:
Oparo bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasertzeko hondarra bezain ugari egingo ditut eta etsaien hiriez jabetuko dira.
Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana bete duzulako».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 115. 10 y 15. 16-17. 18-19 (R.: Sal 114, 9)

R
Jaunaren aurrean ibiliko naiz,
bizien lurraldean.

Sendo nengoen fedean,
«Bai zoritxarreko naizela!» esatean ere.
Mingarri zaio Jaunari
bere fededunen heriotza. R.

Bai, zure zerbitzari naiz,
Jauna, zure zerbitzari apal:
askatu dituzu nire lokarriak!
Gorespen-oparia eskainiko diot,
Jaunari dei eginez. R.

Beteko dizkiot Jaunari promesak,
herri osoaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarietan,
Jerusalemen erdian. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semea ukatu ez zigunak.

San Pablo Apostoluak erromatarrei egindako gutunetik 8, 31b-34

Senideok:
Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka? Bere Semea bera ukatu ez zigunak, baizik eta gu guztion alde heriotzara eman zuenak, nola ez dizkigu harekin batera gauza guztiak dohain emango?
Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratuak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristo da hil zena; are gehiago, piztu ere egin zena, eta orain Jainkoaren eskuinaldean gure alde erreguka ari dena!

Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Cf Mt 17,5

Hodei argi batek estali zituen,
eta mintzo batek hodeitik esan zuen:
«Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»

EBANJELIOA

Hauxe dut neure Seme maitea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10

Denbora haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean:
jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar litzakeen baino zuriago.
Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota baitzeuden.
Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»
Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte.
Agindu hau bete zuten, baina «hildakoen artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean.

Jaunak esana.


domingo, 26 de febrero de 2012

2012/02/26 - Garizumako 1. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko otsailaren 26a

Garizumako 1. Igandea (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Jainkoak ituna egin Noerekin huoldetik salbatua.

Hasiera liburutik 9, 8-15

Jainkoak Noeri eta beronen semeei esan zien, gainera: «Ituna egiten dut zuekin eta zuen ondorengoekin, baita zuekin dituzuen bizidun guztiekin ere: hegazti, abere eta piztiekin, ontzitik atera diren guztiekin. Hona ematen dizuedan itun-hitza: ez duela uholdeak berriro bizidunik hondatuko, ez dela aurrerantzean mundua suntsituko duen uholderik izango».

Hau ere esan zien Jainkoak: «Hau da zuei eta zuen artean bizi diren bizidun guztiei belaunez belaun eta betiko ematen dizuedan itun-hitzaren ezaugarria: neure ostadarra ezartzen dut hodeien artean, eta nire eta munduaren arteko itunaren seinale izango da.

«Nik zerua lainotzean, ostadarra azalduko da hodeietan; orduan, zuei eta bizidun guztiei emandako itun-hitz honetaz oroituko naiz: ez direla aurrerantzean urak uholde bihurtuko, bizidun oro suntsitzeko.»
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 24, 4bc-5ab. 6-7bc. 8-9

R.
Jaunak beti maitasunez eta leialtasunez jokatzen du
beraren ituna eta legeak gordetzen dituztenekin.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun.
Zuzen nazazu, zurekiko leial izan nadin, irakats niri,
zu baitzara salbatzen nauen Jainkoa. R.

Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia
eta maitasuna: betidanikoak dituzu.
Gogora nazazu zeure maitasunaz,
zure ontasunari dagokionez. R.

Ona eta zuzena da Jauna,
eta bidea jakinarazten die bekatariei.
Apalak zuzenbidetik daramatza,
bere bidea erakusten die apalei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ur hura, orain zuek salbatzen zaituzten bataioko uraren irudi zen.

San Pedro Apostoluak egindako lehenengo gutunetik 3, 18-22

Senide maiteok: Kristo bera ere giza bekatuengatik hil zen, eta behin betiko hil ere, errugabea errudunengatik, zuek Jainkoarengana eramateko. Gizakia zenez, hil egin zen, baina Espirituak bizi berria eman zion. Orduan, preso zeuden espirituei salbamena hots egitera joan zen, behinola sinesgogor izan ziren haiei, alegia; Noeren egunetan, ontzia egin bitartean, Jainkoa pazientziaz egon zitzaien zain; baina ontzian banaka batzuk bakarrik, zortzi lagun guztira, izan ziren uretan zehar salbatuak. Ur hura, orain zuek salbatzen zaituzten bataioko uraren irudi zen. Bataioak ez gaitu gorputzeko zikina garbituz salbatzen, Jainkoaren aurrean kontzientzia garbi gordetzeko konpromisoa ezarriz baizik; Jesu Kristoren piztueraren bidez salbatzen gaitu. Hau, zerura igo ondoren, Jainkoaren eskuinaldean dago eta menpean ditu aingeru, aginte eta indarrak.
Jaunak esana.

Ebanjelio aurretik txatala Mt 4,4b

Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.

EBANJELIOA

Satanasek tentatzen zuela eta aingeruak zituen zerbitzari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,12-15

Aldi haietan, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.
Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».
Jaunak esana.

viernes, 17 de febrero de 2012

2012/02/22 - Hausterre eguna (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko otsailaren 22a

Hausterre eguna (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez urratu soinekoak,
bihotzak baizik!

Joel liburutik 2,12-18

«Baina garaiz zabiltzate oraindik
–hala dio Jaunak–.
Itzul zaitezte niregana
bihotz-bihotzez,
barau, negar eta intzirika».
Ez urratu soinekoak,
bihotzak baizik!
Itzul zaitezte Jaunarengana,
zeuen Jainkoarengana,
bihozbera eta errukiorra baita,
haserregaitza eta onginahiz betea,
bere mehatxuez damutzen dena.
Agian, atzera egin
eta damutuko da,
eta ondasunez bedeinkatuko
zaituzte ostera.
Orduan, labore-opariak
eta isur-opariak
egin ahal izango dizkiozue
Jaunari, zeuen Jainkoari.
Jo turuta Sionen,
antolatu baraualdia,
egin batzarrerako deia!
Bildu herria batzar santura;
bildu zaharrak,
ekarri haurrak,
baita bularrekoak ere.
Utz beza senar berriak ezkontza-gela
eta emazte berriak ezkontza-ohea.
Egin bezate negar
apaizek, Jaunaren zerbitzariek,
atari eta aldare artean.
Esan bezate:
«Erruki zakizkio, Jauna,
zeure herriari.
Ez utzi zeure ondarea lotsagarri,
ez bezate beste nazioek
menpean har.
Zergatik esan behar dute
atzerritarrek:
“Non dute, bada, beren Jainkoa?”»
Bere lurrarekiko maitasun-espaz
beterik dago Jauna
eta barkatu egiten dio bere herriari.
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 50, 3-4. 5-6a. 12-13. 14 y 17

R.
Erruki  Jauna, bekatu egin dugu eta.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz.
Garbi nazazu oso-osorik neure errutik,
garbitu neure bekatutik. R.

Aitortzen dut, bai, neure hobena,
begi aurrean dut etengabe neure bekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dut bekatu,
zure borondatearen kontra jokatu. R.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan,
espiritu berri sendoa nire baitan.
Ez nazazu bota zeure aurretik,
ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. R.

Poz nazazu berriro zeure salbamenaz,
sendotu zeure espiritu handi-zabalaz.
Ireki, Jauna, nire ezpainak
eta nire ahoak zure gorespena iragarriko du. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egitzazue bakeak Jainkoarekin: oraintxe da salbamen-eguna.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 5,20-6,2

Senideok, Kristoren mandatari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko balizue bezala da. Kristoren izenean eskatzen dizuegu: egitzazue bakeak Jainkoarekin. Bekatuarekin zerikusirik ez zuen hura, guregatik bekatuarekin bat egin zuen Jainkoak, guk haren bitartez Jainkoarengandik salbamena irits dezagun.
Jainkoak bere ekintzan lankide gaituenez gero, eskatzen dizuegu ez dezazuela alferrik har haren onginahia. Izan ere, Jainkoak dio:
Onginahi-garaian entzun dizut,
salbamen-egunean lagundu.
Begira, bada, oraintxe da onginahi-garaia, oraintxe salbamen-eguna.
Jaunak esana.

EBANJELIOA

Ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 6,1-6.16-18

Aldi haietan, Jesusek esan zuen bere ikasleei:
«Ez egin gero zeuen erlijio-betebeharrak jendaurrean, jendeak ikus zaitzaten; horrela, ez duzue saririk jasoko zeruko zeuen Aitarengandik. Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egin ohi duten bezala, jendearen txaloak irabazteko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
Zuk limosna egitean, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
«Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala: gogoko dute sinagoga eta plazetan zutik otoitz egitea, jendearen agerian. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina. Zu, ordea, otoitz egiteko, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
«Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
Zuk, ordea, barau egitean, igurtzi lurrin gozoz burua eta garbitu aurpegia, zure barauaz jendea ohar ez dadin, ezkutuan dagoen Aita baizik. Eta ezkutukoa ere ikusten duen zure Aitak emango dizu ordaina.
Jaunak esana.

lunes, 13 de febrero de 2012

2012/02/19 - Urteko 7. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko otsailaren 19a

Urteko 7. igandea (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Por mi cuenta borraba tus crímenes.

Isaias liburutik 43, 18-19. 21-22. 24b-25

Horrela dio Jaunak:
Baina orain ez oroitu antzinakoez,
ez gogoratu lehenago gertatuez.
Hara, zerbait berria egitera noa:
hasia da sortzen,
ez al diozue antzematen?
Bidea irekiko dut basamortuan,
ibaiak sorraraziko landa lehorrean.
Eta neuretzat eratu dudan herriak
nire gorapena iragarriko du.
«Zuk, Israel, Jakoben herri horrek,
ez didazu dei egin, nitaz asperturik.
Alderantziz, behartu egin nauzu
zeure bekatuekin,
aspertu zeure erruekin.
Nik, ordea,
neure kabuz suntsitu nituen
zure errebeldiak,
ez nituen kontuan hartu zure erruak.
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 40, 2-3. 4-5. 13-14 (5b)

R.
Senda nazazu, zure aurka bekatu egin dudan arren.

Zorionekoa gizagaixoaz arduratzen dena!
Onik aterako du Jaunak zoritxar-garaian.
Bizirik gordeko du eta zoriontsu egingo lurrean,
ez du utziko etsaien gogara. R.

Ohean minez dagoela, Jaunak lagunduko dio,
eta gaixoaldian oneratuko.
Nik hau esan nuen: «Erruki, Jauna!
Senda nazazu, zure aurka bekatu egin dudan arren». R.

Osasuntsu iraunaraziko nauzu,
zutik eutsiko zeure aurrean betiko.
Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
betidanik betidaino! Amen. Amen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesu Kristo ez zen izan batean «bai» eta bestean «ez»; harengan dena «bai» izan zen.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik 1, 18-22

Senideok, ongi daki Jainkoak zuei hitz egitean ez nabilela batean «bai» eta bestean «ez».
Guk, Silvanok, Timoteok eta nik neuk, hots egin dizuegun Jainkoaren Seme Jesu Kristo ez zen izan batean «bai» eta bestean «ez»; harengan dena «bai» izan zen, hau da, Jainkoak agintzari guztiei baietza eman die harengan; horregatik, Kristoren bitartez esaten diogu «Amen» Jainkoari, berau goresten dugunean.
Jainkoa da, ni eta zuek Kristorenganako fedean sendo ezarri gaituena: berak sagaratu gaitu, bere ezaugarriaz markatu gaitu eta Espiritua ipini du gure baitan, hartuko dugunaren garantia bezala.
Jaunak esana.

Aleluia Lk 4,18  

Aleluia, aleluia.
Jaunak bainau sagaratu
behartsuei berri ona adierazteko;
berak nau bidali
gatibuei askatasuna. Aleluia.

EBANJELIOA

Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 2, 1-12  

Zenbait egunen buruan, berriro Kafarnaumen sartu zen Jesus. Eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin, ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien.
Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzana zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari:
–Seme, barkatuak dituzu bekatuak.
Bazen han eserita zenbait lege-maisu, eta hau zioten beren baitan:
–«Zer ari da hori horrela? Biraoka ari duk. Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak berak baizik?»
Baina Jesusek bere barruan haien gogoetak igarri eta esan zien:
–Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari «Barkatuak dituzu bekatuak» esatea ala «Jaiki, hartu zeure ohatila eta zabiltza» esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.
Eta esan zion elbarriari:
–Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.
Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten, esanez:
–«Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».
Jaunak esana.