martes, 27 de diciembre de 2011

2012/01/01 - Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2012ko urtarrilaren 1ea

Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut.

Zenbakiak liburutik 6,22-27

Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esaiezu Aaroni eta beronen semeei formula hau erabili behar dutela israeldarrak bedeinkatzeko:
 
«Jaunak bedeinka
eta gorde zaitzala;
Jaunak aurpegi argia erakutsi
eta erruki dakizula.
Jaunak maitasunez begiratu
eta bakea eman diezazula.
«Honela, nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut».
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 6. 8

R.
Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu.

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik 4,4-7

Baina epea bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean zeudenak askatzera, guk seme-alabatzakoa har genezan. Hona hemen seme-alaba zaretenaren seinalea: Jainkoak bere Semearen Espiritua bidali du gure bihotzetara, eta Espirituak «Abba!», hau da, «Aita!» dio oihuka. Orain, beraz, ez zara esklabo, seme baizik eta, seme zarenez, baita oinordeko ere, Jainkoaren borondatez.
Jaunak esana.

Aleluia

Aleluya, aleluya.
Bendito sea tu nombre, Jesús.
Salvador del mundo, gloria a ti. Aleluya.

Aleluya, aleluya.
En distintas ocasiones habló Dios antiguamente
a nuestros padres por los profetas.
Ahora, en esta etapa final, nos ha hablado por el Hijo. Aleluya.

EBANJELIOA

Aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria. Jaio eta zortzi egunera, Jesus izena ezarri zioten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,16-21

Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren. Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.
Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.
Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.
Jaunak esana.

lunes, 26 de diciembre de 2011

2011/12/30 - Familia Santua (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko abenduaren 30a

Familia Santua (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu.

Ben Sirak liburutik Si 3,2-6.12-14

Jaunak seme-alaben gainetik errespetarazten du aita,
amaren aginpidea ezartzen umeen gain.
Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu,
ama errespetatzen duenak altxorra metatzen.
Aita ohoratzen duenak bere seme-alabengan izango du poza,
otoitz egitean Jaunak entzun egingo dio eskaria.
Aita errespetatzen duenak bizitza luzea izango du,
Jaunak esana egiten duenak atsegin emango amari.
Seme, zaindu aita bere zahartzaroan,
ez eman nahigaberik bizi den artean.
Burua galtzen badu ere, izan barkabera;
ez iraindu, indarrez betea zaudela eta.
Ez du Jaunak ahaztuko aitari on egina,
zeure bekatuen ordainetan hartuko dizu kontuan.
Jaunak esana.

Edo.

Zeuregandik jaioko dena izango duzu oinordeko.

Hasiera liburutik 15,1-6; 21,1-3

Gertakizun hauen ondoren, Jauna ikuskari batean mintzatu zitzaion Abrami, esanez:
–Ez izan beldur, Abram! Zure babesle nauzu, eta sari bikaina emango dizut.
Abramek, ordea, erantzun zion:
–Jauna, ene Jainkoa, zer eman diezadakezu, baldin semerik gabe banoa mundutik, eta nire etxaldearen oinordeko Eliezer damaskoarra izango bada?
Hara –erantsi zuen Abramek–, semerik ez didazu eman eta neure etxeko morroia izango dut oinordeko!
Jaunak esan zion:
–Ez horixe! Morroia ez, baizik eta zeuregandik jaioko dena izango duzu oinordeko.
Ondoren, kanpora aterarazi eta esan zion: «Begira zerura eta zenbatu izarrak, ahal baduzu. Horiek bezainbat izango dira zure ondorengoak».
Abramek sinetsi egin zuen Jaunarengan eta, honengatik, Jaunak zuzenetsi egin zuen.
Agindu bezala, Jauna aldeko agertu zitzaion Sarari eta esana bete zion.
Abraham zaharra izan arren, Sara haurdun gertatu zen, eta semea eman zion, Jainkoak iragarritako garaian. Abrahamek, Isaak ezarri zion izena Sararengandik izandako semeari.
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 127, 1-2. 3. 4-5

R.
Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!

Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!
Zeure lanaren fruituaz biziko zara
eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. R.

Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko
izango duzu etxe-txokoan;
seme-alabak olibondo gazteen pareko zeure mahai inguruan. R.

Horra Jaunari begirune dionarentzat
zer bedeinkazio!
Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik,
goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz. R.

Edo.

Salmo 104, 1b-2. 3-4. 5-6. 8-9

R.
Bera da Jauna, gure Jainkoa, gogoan du etengabe bere ituna.

Goretsazue Jauna, dei egin berari,
jakinarazi herrien artean haren egintza bikainak!
Kanta iezaiozue, jo soinua berarentzat,
konta haren egintza miragarriak! R.

Harro zaitezte hartaz, Jainko santuaz,
poztu, Jaunaren bila zabiltzatenok!
Jo ezazue Jaunarengana, indartsuagana,
bila etengabe haren aurpegia. R.

Izan gogoan hark egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak,
zuek, haren zerbitzari Abrahamen jatorrikook,
Jakoben ondorengook, haren aukeratuok! R.

Gogoan du etengabe bere ituna,
mila gizalditarako hitzemana:
Abrahamekin eginiko ituna,
Isaaki emaniko zin-hitza. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik 3, 12-21

Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz. Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri. Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria. Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko.
Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala. Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar.
Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko. Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen.
Jaunak esana.

Edo.

Abraham, Sara eta Isaaken fedea.

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 11,8. 11-12. 17-19

Senideok:
Fedeari esker, Abraham, Jainkoaren deiari obedituz, Jainkoak ondaretzat emango zion lurraldera abiatu zen, nora zihoan ez zekiela abiatu ere.
Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitzeman ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen.
Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere ia azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen.
Fedeari esker eskaini zuen Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu zuenean. Bera, agintzaria hartu zuena, prest zegoen seme bakarra eskaintzeko, nahiz eta seme berorri buruz esana izan Jainkoak:Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak.
Abrahamek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere; horrela, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmen horren ezaugarri gertatu zitzaion.
Jaunak esana.

Aleluia Hb 1,1-2

Aleluia, aleluia.
Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak
gure arbasoei profeten bidez;
azken egun hauetan, berriz,
bere Semearen bidez hitz egin digu. Aleluia.

EBANJELIOA

Haurra haziz zihoan; jakinduriaz betea zegoen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2, 22-40

Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko.
Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio.
Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.
Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe.
Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, esanez:
«Orain bai, Jauna,
zeuk hitzeman bezala,
utz diezaiokezu zeure morroi honi
bakean hiltzen!
Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea,
herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».
Aita-amak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik. Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen. Eta zuri ere saminezko ezpatak zulatuko dizu bihotza».
Bazen profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. Une hartan aurkezturik, Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.
Jaunaren legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara itzuli ziren, Nazaret beren herrira. Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen.
Jaunak esana.

lunes, 19 de diciembre de 2011

2011/12/25 - Jaungoikoaren jaiotza (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko abenduaren 25a

Jaungoikoaren jaiotza (B)


Egunerako meza.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Mundu-bazter guztiek ikusiko dute gure Jainkoaren garaipena.

Isaias liburutik 52,7-10

Bai ederra mendi gainetan
albistaria etortzen ikustea!
Bakea iragartzen du,
zorionaren berri ona ematen,
askapena aldarrikatzen.
Sioni diotso:
«Errege da zure Jainkoa!»
Zure begiraleak deiadarka!
Poz-oihu dagite denek,
beren begiz ikusten baitute
Jauna Sionera itzultzen.
Ekin denok poz-oihuka,
Jerusalemgo horma eroriok,
Jaunak bere herria kontsolatu baitu,
Jerusalem askatu.
Bere jainkozko indar paregabea
azaldu du Jaunak
nazio guztien aurrean.
Mundu-bazter guztiek ikusiko dute
gure Jainkoaren garaipena.
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R.
Bere garaipena azaldu du Jaunak.

Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. R.

Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna. R.

Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua! R.

Ospatu Jauna zitaraz, zitaraz eta kantu ederrez!
Turuta eta adar-hotsez, egin irrintzi errege den Jaunari! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak bere Semearen bidez hitz egin digu

San Paulo Apostoluak Hebrearrei egindako gutunetik 1,1-6

Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez; azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Seme horrexen esku utzi ditu gauza guztiak, egin ere berorren bidez egin baitzuen mundua. Bera da Jainkoaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia, eta berak eusten die gauza guztiei bere hitz ahaltsuaz, eta, bekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskuinaldean eseri da zeru goienetan. Eta aingeruak baino gehiago izatera iritsi da, ondaretzat jaso duen izena ere haiena baino askoz goragokoa denez gero.
Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan:
Nire semea zara zu,
gaur zaitut nik sortu;
eta beste hau ere ez:
Aita izango nau hark ni,
eta seme izango dut nik hura.
Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du:
Adora dezatela bera
Jainkoaren aingeru guztiek.
Jaunak esana.

EBANJELIOA

Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joan liburutik 1,1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.
Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan
zuen izena.
Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten.
Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua
haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez
sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.
Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».
Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain
hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.
Jaunak esana.