lunes, 28 de noviembre de 2011

2011/12/04 - Abendualdiko 2. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko abenduaren 4a

Abendualdiko 2. igandea (B)




LEHENENGO IRAKURGAIA

Prestatu bidea Jaunari.

Isaías liburutik 40,1-5. 9-11

Hau dio zuen Jainkoak:
«Kontsola ezazue,
kontsolatu nire herria!
Mintza bihotzera Jerusalemi;
hots egiozue
burutu duela bere morrontza,
ordaindu bere erruen zorra,
gogor ordainarazi baitizkio Jaunak
bere bekatuak».
Ahots bat oihuka:
«Prestatu basamortuan
bidea Jaunari,
berdindu eremuan galtzada
gure Jainkoari.
Bete daitezela sakanak,
beheratu mendi-muinoak;
bihur bitez zelai eta lautada
paraje latz eta malkarrak.
Orduan, Jaunak
bere ospea agertuko du
eta gizaki guztiek batera
ikusiko dute.
Jaunak berak esan du».
Igo mendi garai batera, Sion,
albiste pozgarria hots egitera;
goratu indarrez ahotsa, Jerusalem,
goratu beldurgabe ahotsa,
esan Judako hiriei:
«Hemen da zuen Jainkoa!
Hara, ahalmen osoz dator
Jainko Jauna,
bere nagusigoa indartsu ezarriz.
Hara, berekin dakar garaipen-agiria,
berak askaturiko herria.
Artzainak bezala
zaintzen du artaldea:
arkumea besoan hartu
eta altzoan eramaten du,
ama berria arduraz gidatzen».
Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 84, 9ab-10. 11-12. 13-14 (8)

R.
Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
eman zeure salbamena!

Jainko Jaunak dioena iragarriko dut:
bakea agintzen die bere herri eta fededunei.
Gertu dago, begirune diotenak salbatzeko;
bai, haren ospea gure lurraldean kokatuko da. R.

Maitasunak eta leialtasunak topo egiten dute,
justiziak eta bakeak elkar besarkatzen;
leialtasuna lurretik ernetzen da,
justizia zerutik jaisten. R.

giaz, Jaunak euria emango du,
eta gure lurrak uzta ekarriko.
aunaren aurretik joango da justizia,
haren urratsei jarraituko ongizateak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Zeru-lur berrien zain gaude.

San Pedro profetak egindako bigarren liburutik 3,8-14

Ene maiteok, ez ahaztu Jaunarentzat egun bat mila urte bezala dela eta mila urte egun bat bezala.
Jauna ez da bere agintzaria betetzeko luzamendutan ari, batzuek hala uste arren; gertatzen dena da pazientzia duela zuekin, ez baitu inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik.
Baina Jaunaren eguna lapurra bezala ustekabean etorriko da. Orduan, burrunba handiz desagertuko dira zeruak, munduaren osagaiak suak kiskalita desegingo eta lurra bere egintza guztiekin agerian geldituko da Jainkoaren epairako.
Dena honela desegitekoa baldin bada, pentsa ezazue zein santu eta jainkozale izan behar duen zuen bizitzak. Bizi, bada, Jainkoa etorriko den egunaren zain eta lan egin lehenbailehen irits dadin. Egun hartan, sutan desegingo dira zeruak, eta munduaren osagaiak kiskalita ezereztuko dira. Gu, ordea, agindutako zeru-lur berrien zain gaude; han dena Jainkoaren nahiaren arabera izango da.
Beraz, ene maiteok, gauza hauen zain zaudeten bitartean, saia zaitezte Jainkoarekin bakean bizitzen, garbi eta errugabe haren aurrean.
Jaunak esana.

Aleluia Lk 3,4.6

Aleluia, aleluia.
Prestatu bidea Jaunari
beheratu mendi-muinoak.
Gizaki guztiek ikusiko dute
Jainkoak ematen duen salbamena. Aleluia.

EBANJELIOA

Prestatu bidea Jaunari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,1-8

Hona hemen nola hasi zen Mesias eta Jainkoaren Seme den Jesusen berri ona.
Isaias profetak idatzia zuen:
Begira, neure mezularia
bidaltzen dut zure aurretik
zuri bidea moldatzera.
Ahots bat oihuka
ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.
Honela, bada, agertu zen Joan Bataiatzailea basamortuan. Bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egiten zuen, bekatuen barkamenerako.
Judea herrialde osoa eta jerusalemdar guztiak harengana zihoazen eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.
Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko; matxinsaltoak eta basaeztia jaten zituen.
Honela hots egiten zuen: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.
Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».
Jaunak esana.

lunes, 21 de noviembre de 2011

2011/11/27 - Abendualdiko 1. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko azaroaren 27a

Abendualdiko 1. igandea (B)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Ai zerua urratu eta jaitsiko bazina!

Isaías liburutik 63, 16b-17. 19b; 64, 2b-7

Zeu zara, Jauna, gure aita,
«Gure askatzaile»
duzu izena betidanik.
Zergatik utzi diguzu
zure bideetatik aldentzen,
zuri begirunerik ez izateraino
gure bihotzak gogortzen?
Itzul zakizkigu,
zeure zerbitzariongatik,
zeure oinordetzat aukeratu dituzun
leinuongatik.
Ai zerua urratu eta jaitsiko bazina!
Mendiek dar-dar egingo lukete
zure aurrean.
Zu jaitsi,
eta mendiek zure aurrean dar-dar.
Ez da inoiz entzun,
ez da inoiz aditu, ez ikusi,
zuk ez beste jainkoren batek
berarengan itxaro duenaren alde
horrelakoak egin dituenik.
Bere poza zuzen jokatzean
jartzen duenari,
zure nahia beti gogoan duenari,
bidera ateratzen zatzaizkio.
Bai, haserre zaude
bekatu egin dugulako,
antzinatik bide-galdurik
ibili garelako.
Kutsaturik gaude guztiok,
gure egintzarik onenak ere
zapi zikinen antzeko;
orbela bezala gaude iharturik
eta haizeak bezala garamatzate
geure erruek.
Inork ez dizu dei egiten,
ezta zuri atxikitzen saiatzen ere,
zeure aurpegia ezkutatu baitiguzu,
eta geure erruetan murgilduta utzi.
Baina zu, Jauna, gure aita zara;
gu buztina, eta zu buztinlaria:
zeuk eginak gaituzu guztiok!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 79, 2ac y 3b. 15-16. 18-19 (4)

R.
Oi Jainko, eraberri gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen!

Entzun, Israelen artzain.
Hegaldun izakien arteko tronuan zauden hori,
ager zakizkie distiraz
Suspertu zeure ahalmena eta zatozkigu salbatzera! R.

Jainko ahalguztiduna, itzuli, arren!
Begira zerutik, ikus!
Hartzazu zeure mahastiaren ardura,
zaindu zeure eskuz landatu duzuna. R.

Zure eskuak babes beza zuk aukeraturiko erregea,
zeure indarraz jantzi duzun gizasemea.
Ez gara zuregandik inoiz aldenduko;
bizia emango diguzu eta guk zuri dei egingo. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 1,3-9

Senideok: Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
Eskerrak ematen dizkiot etengabe neure Jainkoari zuengatik, Jesu Kristoren bidez agertu dizuen onginahiagatik.
Izan ere, Kristoren bitartez, gauza guztietan aberats egin zaituzte, bai hitz egiteko eta bai ezagutzeko. Kristori buruz egiten dugun aitormena zuen artean sendo finkatu denez, ez da zuek ez duzuen dohainik, Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean.
Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino, inork zuen aurka zeresanik izan ez dezan Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.
Leiala da Jainkoa, eta berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin elkarturik bizitzera.

Jaunak esana.

Aleluia Sal 84,8

Aleluia, aleluia.
Egiaz, Jaunak euria emango du,
eta gure lurrak uzta ekarriko. Aleluia.

EBANJELIOA

Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 13,33-37

Egun haietan, Jesusek bere ikasleei esan zioten: «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den.
Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.
«Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean. Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki. Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»

Jaunak esana.

lunes, 14 de noviembre de 2011

2011/11/20 . Urteko 34. igandea - Jesukristo unibertsoaren erregea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko azaroaren 20a

Urteko 34. igandea - Jesukristo unibertsoaren erregea (A)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuei, nire artaldekoei, Nik erabakiko dut ardien arteko auzia.

Ezekiel profeta liburutik 34, 11-12. 15-17

Hau baitiot nik, Jainko Jaunak: Ni neu egingo naiz artaldearen kargu, neu arduratuko hartaz.
Artaldea sakabanatu zaionean, artzaina bere ardiez arduratzen den bezala, halaxe arduratuko naiz ni neure ardiez; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut.
Nik neuk larratuko dut artaldea, eta neuk harraraziko diot atseden. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Ardi galduaren bila joango naiz, desbideraturik dabilena artalderatuko, hautsia duenari hanka lotuko, gaixoa indartu egingo dut. (Baina ardi gizenak eta indartsuak suntsitu egingo ditut). Zuzen zainduko ditut neure ardiak.
«Zuei, nire artaldekoei, hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Nik erabakiko dut ardien arteko auzia, ahari eta akerren artekoa.
Jaunak esana,

SALMOA

Salmoa 22, 1-2a. 2b-3. 5. 6 (R.: 1)

R.
Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.

Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.
Larre guritan etzanarazten nau. R.

Ur baretara eramaten,
eta indarrak berritzen;
bide egokitik narama, leiala delako. R.

Zuk atontzen didazu mahaia etsaien begi aurrean,
ukenduz gantzutzen didazu burua; gainezka dut kopa. R.

Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute
bizitzako egun guztietan;
Jaunaren etxean biziko naiz amaigabeko egunetan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainko Aitari erreinua emango dio, eta Jainkoa guztietan guztia izango da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik 15, 20-26. 28

Senideok, piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari.
Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean.
Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte.
Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da.
Jainkoak gauza guztiak menpean jarriko dizkionean, Semea bera menpean jarriko zaio gauza guztiak menpean jarri zizkionari, eta Jainkoa guztietan guztia izango da.
Jaunak esana.

Aleluia Mc 11, 9b-10a

Aleluia, aleluia.
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua datorren erreinua,
gure aita Daviden erreinua. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere errege-aulkian eseriko da eta batzuk besteengandik bereizi egingo ditu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 31-46

Egun haietan, Jesusek bere ikaslei esan zien: «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.
Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala, eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.
Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.
«Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.
Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”. Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?” Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».
Jaunak esana.

lunes, 7 de noviembre de 2011

2011/11/13 - Urteko 33. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko azaroaren 13a

Urteko 33. igandea (A)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Gogotsu lan egiten haren eskuek.

Esaera Zaharraren liburutik 31, 10-13. 19-20. 30-31

Nork aurkituko etxekoandre jatorra?
Koralek baino askoz gehiago balio du.
Konfiantza osoa du senarrak harengan,
ez da sekula beharrean aurkituko.
Zoriona ekartzen dio, eta ez zoritxarra,
bizitzako egun guztietan.
Artilea eta lihoa eskuratzen ditu,
gogotsu lan egiten haren eskuek.
Eskuaz goruari heltzen dio
eta atzamarrez ardatzari eragiten.
Dohakabeari eskua zabaltzen dio
eta behartsuari laguntza ematen.
Gezurrezkoa da xarma, hutsala edertasuna;
goresgarria, ordea, Jauna errespetatzen duen emakumea.
Kanta iezaiozue bere lanarengatik,
goretsi herri osoaren aurrean berak eginarengatik.
Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 127, 1-2. 3. 4-5 (R.: 1a)

R.
Zorionekoa Jaunari begirune diona.

Zorionekoa Jaunari begirune diona
eta haren bidetik dabilena!
Zeure lanaren fruituaz biziko zara
eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. R.

Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko
izango duzu etxe-txokoan;
seme-alabak olibondo gazteen pareko zeure mahai inguruan. R.

Horra Jaunari begirune dionarentzat
zer bedeinkazio!
Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik,
goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaunaren eguna ez du zuek lapurrak bezala zertan harrapatu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik 5, 1-6

Senideok, hori noiz eta nola izango den, ez duzue nik idatzi beharrik. Zeuek dakizue aski ongi Jaunaren eguna ustekabean etorriko dela, lapurra gauez bezala. Jendea «Hau bakea eta segurtasuna!» esaten ariko denean, orduan etorriko zaie hondamendia gainera, ustekabean, haurdun dagoenari erdiminak bezala, eta ez dute ihes egiterik izango.
Zuek, ordea, senideok, ez zarete ilunpetan bizi, eta egun horrek ez du zuek lapurrak bezala zertan harrapatu. Zuek guztiok argiaren eta egunaren aldeko zarete; ez gaude, ez, gauaren eta ilunaren menpean. Beraz, ez dezagun lorik egin gainerakoek bezala, baizik eta egon gaitezen erne eta argi.
Jaunak esana.

Aleluia Jn ]5,4a.5b

Aleluia, aleluia.
Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala
-Dio Jaunak-;
Norbait niri itsatsia badago fruitu asko emango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Gauza gutxian leial izan zara, sartu zeure jaunaren festa ospatzera

+ Lectura del santo evangelio según san Mateo 25, 14-30

«Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.
«Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.
Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!” Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.
Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.
Jaunak esana.