lunes, 26 de septiembre de 2011

2011/10/02 - Urteko 27. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko urriaren 2a

Urteko 27. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Israel da Jaun ahalguztidunaren mahastia.

Isaiasen liburutik 5, 1-7

Neure adiskidearen izenean
nator kantatzera
adiskidearen
eta beraren mahastiaren kanta.
Nire adiskideak bazuen mahasti bat
malda jori batean.
Lurra harrotu, harriak kendu
eta landarerik onenak
landatu zituen.
Erdian talaia eraiki zuen,
eta dolarea egin.
Mahats gozoa espero,
eta sasi-mahatsa eman zion.
Orain, bada,
Jerusalemgo bizilagunok,
Judako gizon-emakumeok,
zuek erabaki nire
eta nire mahastiaren arteko auzia.
Zer egin niezaiokeen
neure mahastiari
egin diodanaz gainera?
Mahats gozoa espero nuen:
zergatik eman dit sasi-mahatsa?
Esango dizuet, bai,
zer egingo diodan neure mahastiari:
itxitura kenduko diot,
larre bihur dadin;
harresia zulatuko, zapal dezaten;
lugorri bihurtuko dut:
ez dute inausiko, ez jorratuko,
eta sasiek eta laharrek hartuko dute;
bertan euririk ez egiteko
aginduko diet hodeiei.
Israel da
Jaun ahalguztidunaren mahastia;
Judako herria,
haren landare-sail kutuna.
Zuzenbidea espero zuen
harengandik,
eta horra: zuzengabekeria!
Justizia espero zuen,
eta horra: aieneak!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 79, 9 y 12. 13-14. 15-16. 19-20 (R.: Is 5, 7a)

R. Israel da Jaun ahalguztidunaren mahastia.

Egiptotik mahatsondo bat atera zenuen
eta landatu, jentil-herriak kanpora botaz.
Itsasoraino luzatu zituen adarrak,
Eufrates ibairaino muskilak. R.

Zergatik zulatu diozu inguruko hesia?
Bidaztiek fruitua lapurtzen diote,
basurdeek triskatzen, basapiztiek murrizten. R.

Jainko ahalguztiduna, itzuli, arren!
Begira zerutik, ikus!
Hartzazu zeure mahastiaren ardura,
zaindu zeure eskuz landatu duzuna. R.

Ez gara zuregandik inoiz aldenduko;
bizia emango diguzu eta guk zuri dei egingo.
Oi Jauna, Jainko ahalguztiduna, eraberri gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egizue niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 4, 6-9

Adiskideok: Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez. Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.
Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia. Egizue niregandik ikasi, hartu eta entzun zenutena eta niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Jn. 15,16

Aleluia, aleluia.
Neuk zintuztedan zuek aukeratu. Edonon fruitu ugaria
eta iraunkorra eman dezazuela. Aleluia.

EBANJELIOA

Bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 21, 33-43

Aldi haietan, Jesusek esan zien abadeburu eta herriko zaharrei:
«Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.
Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.
Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.
Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.
Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.
Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».
Jesusek galdetu zien:
–Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?
Erantzun zioten:
–Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.
Jesusek esan zien:
–Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena:

Etxegileek baztertutako harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri?

«Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio.

Jaunak esana.

lunes, 19 de septiembre de 2011

2011/09/25 - Urteko 26. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko irailaren 25a

Urteko 26. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Gaiztoak egin duen gaiztakeriatik aldendu badu, bizirik iraungo du.

Ezekielen liburutik 18, 25-28

Horrela dio Jaunak:
 «Esango duzue: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Entzun, israeldarrok: Nire jokabidea ez dela bidezkoa? Zuena da bidezkoa ez dena. Zintzoa, bere justiziatik aldendu, txarkeria egin eta hiltzen denean, egin duen txarkeriagatik hiltzen da.
 Gaiztoak, berriz, egin duen gaiztakeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizirik iraungo du. Egindako txarkeriez ohartu eta guztietatik aldentzen bada, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 24, 4bc-5. 6-7. 8-9 (R.: 6a)

R.
Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia betidanikoak dituzu.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun.
Zuzen nazazu, zurekiko leial izan nadin, irakats niri,
zu baitzara salbatzen nauen Jainkoa;
zuregan itxaron dut etengabe. R.

Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia eta maitasuna:
betidanikoak dituzu.
Ez gogoratu, ordea, Jauna, nire gaztetako bekatuak
eta nire errebeldiak.
Gogora nazazu zeure maitasunaz, zure ontasunari dagokionez. R.

Ona eta zuzena da Jauna,
eta bidea jakinarazten die bekatariei.
Apalak zuzenbidetik daramatza,
bere bidea erakusten die apalei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 2, 1-11

Senideok: Egia bada Kristok aholku ematen dizuela eta maitasunak adorez betetzen zaituztela, egia bada Espirituagan bat eginik bizi zaretela eta bihozbera eta gupidatsu zaretela, bete nazazue pozez, denok iritzi eta sentiera bereko izanez, elkar maitatuz eta ongi hartuz. Ez egin deus ere norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz; ez nork bere onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baizik. Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak.

Kristo Jesusek,
jainkozko izaerako izanik,
ez zion gogor eutsi nahi izan
jainkozko bere mailari;
bestela baizik,
hustu egin zen bere handi-izateaz
eta esklabo-izaera hartu zuen,
gizakien antzeko eginez.
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion,
Jesusen izenaren omenez,
zeruan, lurrean eta lur azpian,
guztien belaunak makur daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jesu Kristo dela Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana

Aleluia Jn 10, 27

Aleluia, aleluia.
Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute,
eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate. Aleluia.

EBANJELIOA

Damutu eta joan egin zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 21, 28-32

Aldi haietan, Jesusek esan zien abadeburu eta herriko zaharrei:
«Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”. Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten. Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.

Jaunak esana

lunes, 12 de septiembre de 2011

2011/09/18 - Urteko 25. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.

2011ko irailaren 18a

Urteko 25. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nire egitasmoak ez dira zuenak bezalakoak.

Isaiasen liburutik 55, 6-9

Bila ezazue Jauna,
aurki dezakezue eta;
egiozue dei, hurbil duzue eta.
Utz beza gaiztoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo txarrak.
Bihur dadila Jaunarengana,
gupidaz hartuko baitu;
bihurtu gure Jainkoarengana,
guztiz barkabera baita.
Hau dio Jaunak:
«Egiaz, nire egitasmoak
ez dira zuenak bezalakoak,
ezta nire jokabidea ere
zuena bezalakoa.
Nola zerua lurraren gainetik garai,
halaxe nire jokabidea
zuenaren gainetik
eta nire egitasmoak zuenen gainetik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 144, 2-3. 8-9. 17-18 (R.: 18a)

R.
Bedeinkatua izan bedi Jauna
ulermenaz gaindikoa haren handitasuna,
hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik!

Egunero bedeinkatuko zaitut,
zure izena beti goretsiko.
Handia da Jauna, guztiz goresgarria,
ulermenaz gaindikoa haren handitasuna. R.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Zuzena da Jauna jokabide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik,
benetan dei egiten diotenengandik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Niretzat bizitzea Kristo da.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 1, 20c-24. 27a

Senideok: Kristok bere handitasuna agertuko duela niregan. Izan ere, niretzat bizitzea Kristo da eta hiltzea irabazpide. Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu. Alde bietatik nago erakarria: alde batetik, hil egin nahi nuke, Kristorekin egoteko, hau askogatik onena delarik; baina bestetik, nik bizitzen jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat.
Hauxe besterik ez dizuet eskatzen: zuen jokabidea Kristoren berri onari dagokiona izan dadila.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Hch 16, 14b

Aleluia, aleluia.
Jaunak barrutik eragin zion,
zure semearen hitzak gogoz onar zitzan. Aleluia.

EBANJELIOA

Ni ona naizelako ezinikusia didazu?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 20, 1-16

Egun haietan Jesusek bere ikasleei esan zioten;
«Izan ere, Jainkoaren erregetzarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lanaren ordainetan zilarrezko txanpon bana emateko tratua egin ondoren, mahastira bidali zituen langileak.
«Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanaren zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira, eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan egin ziren.
«Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen.
«Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, bertan batzuk geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?” Erantzun zioten: “Ez gaitu inork lanerako hartu”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.
«Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari esan zion: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekotik hasi eta lehenengora”.
«Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana jaso zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago jasoko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana jaso zuten.
«Orduan, nagusiagatik gaizki-esaka hasi ziren; eta esan zioten berari: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin eta guri adina ordaindu diezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi adina!” Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten; ez al dugu tratua zilarrezko txanpon batean egin? Tori dagokizuna eta zoaz; zuri adina eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala ni ona naizelako ezinikusia didazu?”
«Horrela, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

Jaunak esana.

domingo, 11 de septiembre de 2011

2011/09/14 - Gurutz Santuaren Gorospena (A)



Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko irailaren 14a



LEHENENGO IRAKURGAIA

Brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten ziren.

Zenbakiaren liburutik 21, 4b-9

Egun haietan. Israeldarrek bidean, adorea galdu eta gaizki-esaka hasi ziren Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atera gintuzuen Egiptotik? Basamortuan hilarazteko? Ez dugu urik, ez jakirik, eta mana delako janari kaskar honetaz asper-asper eginak gaude!»
Jaunak suge pozoitsuak bidali zizkien eta haien miztoaz israeldar asko hil zen.
Orduan, Moisesengana joan eta esan zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren eta zure aurka gaizki-esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak guregandik urruntzeko».
Moisesek herriaren alde erregutu zion Jaunari. Honek esan zion: «Egizu brontzezko suge bat eta ezarri haga baten muturrean. Sugeren batek zizta eginiko edonor, brontzezkoari begiratzean, sendatu egingo da».
Egin zuen Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ezarri. Eta sugeren batek norbaiti zizta egiten bazion, brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten zen.

Jaunak esana.

 SALMOA

Salmoa 77, 1-2. 34-35. 36-37. 38

R.
Ez ahaztu Jaunaren egintzak.

Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makur belarria nire esanetara.
Alegia bidez mintzatuko naiz,
lehengo garaien ikasbideak azalduz.  R.

Baina Jainkoak haiek hiltzea erabakitzen zuen orduko,
harengana jotzen zuten,
damutu eta hura bilatzen saiatzen ziren,
Jainkoa zutela beren harkaitza oroituz,
goi-goiko Jainkoa zutela beren askatzailea.  R.

Baina ahoan zurikeria besterik ez zuten,
mihiaz engainatu egiten zuten;
ez zeuden bihotzez hari atxikiak,
ez zioten haren itunari fede ematen.  R.

Jainkoak, hala ere, bihozbera izaki eta,
errua barkatzen zien, eta suntsitzen ez.
Sarri eutsi zion haserreari,
bere sumin guztiari jaregin gabe.  R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Apaldu egin zuen bere burua,
horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik 2,6-11

 Kristo Jesusek,
jainkozko izaerako izanik,
ez zion gogor eutsi nahi izan
jainkozko bere mailari;
bestela baizik,
hustu egin zen
bere handi-izateaz
eta esklabo-izaera hartu zuen,
gizakien antzeko eginez.
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion,
Jesusen izenaren omenez,
zeruan, lurrean eta lur azpian,
guztien belaunak makur daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jesu Kristo dela Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.


EBANJELIOA

Halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 13-17

«Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
«Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

Jaunak esana. 

domingo, 4 de septiembre de 2011

2011/09/11 - Urteko 24. igandea

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko irailaren 11a

Urteko 24. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Barkatu lagun hurkoari egin dizun iraina
eta, zuk erregutzean, Jainkoak ere barkatuko dizkizu bekatuak.

Ben Siraken liburutik 27,33-28, 9

Amorrua eta haserrea higuingarriak dira;
berauetan maisu da gizon bekataria.
Mendekatzen denak Jaunaren mendekua jasan beharko du,
bekatuen kontu zorrotza hartuko dio.
Barkatu lagun hurkoari egin dizun iraina
eta, zuk erregutzean, Jainkoak ere barkatuko dizkizu bekatuak.
Gizon batek amorrua badio beste bati,
nola eska diezaioke Jaunari osasuna?
Bere antzekoari errukirik ez dionak,
nola eskatuko du bere bekatuen barkamena?
Gizaki huts baino ez denak amorraturik irauten badu,
nork lortuko dio bere bekatuen barkamena?
Gogoratu amaiera eta egin uko gorrotoari;
oroitu ustelkeriaz eta heriotzaz, eta bete aginduak.
Gogoratu aginduak eta ez izan gorroto lagun hurkoari;
oroitu Goi-goikoaren itunaz, eta ez hartu iraina kontuan.
Urrundu liskarretik eta bekatuari ihes egingo diozu,
odol-beroak liskarra pizten baitu.
Bekatariak sesioa sortzen du lagunartean,
konponezina bakean bizi direnen artean.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 102, 1-2. 3-4. 9-10. 11-12 (R.: 8)

R.
Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta onginahiz betea.

Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ene barren osoak haren izen santua!
Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ez bitza ahaztu haren mesedeak!
R.

Erru guztiak barkatzen dizkit,
gaitz guztiak sendatzen;
bizia Herio Leizetik ateratzen dit,
maitasun eta errukiz inguratzen nau. R.

Ez da beti agiraka ari,
ez du haserrea luzaro gordetzen.
Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,
ez digu ordaintzen geure erruen arabera. R.

Nola zerua lurraren gainean garai,
hala haren maitasuna begirune diotenentzat handi.
Nola ekialdea mendebaldetik urruti,
hala ditu hark gure hobenak beregandik urruntzen.
R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 14, 7-9

Senideok:
Gutariko bat ere ez da beretzat bizi, ezta hiltzen ere beretzat; bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
Horretarako hil eta piztu zen Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko.

Jaunak esana.

Aleluia. Jn 13, 34

Aleluia, aleluia.
Agindu berri bat ematen dizuet:
elkar maita dezazuela.
Nik maitatu zaituztedan bezala. Aleluia.

EBANJELIOA

Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 18, 21-35

Aldi haietan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion:
–Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?
Jesusek erantzun zion:
–Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz.
«Hain zuzen, zerbitzariekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da Jainkoaren erregetzarekin. Kontuak garbitzen hasi orduko, milioi asko zor zizkion zerbitzari bat eraman zioten. Honek ez zuen zerez ordaindu, eta nagusiak bera, emaztea, seme-alabak eta ondasun guztiak saltzeko agindu zuen, zorra ordainarazteko. Zerbitzariak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, eskatu zion: “Emadazu astia, eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen zerbitzaria.
«Baina zerbitzari hark, irten orduko, diru pixka bat zor zion zerbitzu-lagun batekin egin zuen topo eta, lepotik heldurik eta ito beharrean, esaten zion: “Emadak zor duana”. Laguna oinetara erori zitzaion, erreguka: “Emadak astia, eta dena ordainduko diat”. Baina hark ezetz. Eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte.
«Gertatua ikusirik, beste zerbitzariak biziki nahigabetu ziren, eta guztiaren berri nagusiari ematera joan ziren. Orduan, nagusiak zerbitzari hari berriro dei egin eta esan zion: “Zerbitzari gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, erregutu didaalako. Ez al huen hik ere heure lagunaz errukitu behar, ni hitaz errukitu nintzen bezala?” Eta, haserre bizitan, zigorpean utzi zuen nagusiak, zor guztia ordaindu arte.
«Berdin-berdin egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».

Jaunak esana.