lunes, 29 de agosto de 2011

2011/09/04 - Urteko 23. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko irailaren 4a

Urteko 23. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Gaiztoari berba egiten ez badiozu, haren odolaren kontua zuri eskatuko dizut.

Ezekiel Profetearen liburutik 33, 7-9

Horrela dio Jaunak:
Zu, Ezekiel, Israel herriaren jagole izendatu zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean.
Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabidea alda dezan zuk ez baduzu ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu. Aitzitik, bere jokabidea alda dezan gaiztoa ohartarazten baduzu, eta berak ez badu aldatzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 94, 1-2. 6-7. 8-9 (R.: 8)

R.
Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
«Ez gogortu zuen bihotzak.»


Zatozte, egiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi salbatzen gaituen harkaitzari!
Aurkez gakizkion eskerrak emanez, poz-irrintzi eta kantuz. R.

Zatozte, gurtu dezagun ahuspezturik,
belaunika gaitezen egin gaituen Jaunaren aurrean!
Bera da gure Jainkoa,
eta gu hark larraturiko herria, haren gidaritzapeko artaldea. R.

Egingo al diozue gaur kasu haren esanari:
«Ez gogortu bihotzak zuen gurasoek Meriban bezala,
Masako egun hartan basamortuan bezala,
aurpegi eman eta probatu egin baininduten,
nik haien alde egina ikusi arren. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Maite duenak, erabat betetzen du legea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik 13, 8-10

Senideok:
Ez eduki zorrik inorekin, elkar maitatzekoa baizik, zeren lagun hurkoa maite duenak betea baitu legea.
Izan ere, harapo Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez gutiziatu eta beste edozein agindu, esaldi honetan biltzen da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.
Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea.

Jaunak esana.

Aleluia. 2 Cor. 5, 19

Aleluia, aleluia.
Jainkoa da Kristoren bitartez mundua berekin adiskidetu duena,
eta adiskidetzearen mezu hau
gure esku utzi duena.Aleluia.

EBANJELIOA

Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 18, 15-20

Aldi haietan, Jesusek esan zioten ikasleei:
«Zure senide batek bekatu egiten badu, zoaz berarengana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.
Jaramonik egiten ez badizu, berriz, hartu zeurekin lagun bat edo bi, auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki dadin.
Haiei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
«Benetan diotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.
«Beste hau ere esaten dizuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko elkar hartzen badute, eman egingo die zeruko nire Aitak.
Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean».

Jaunak esana


lunes, 22 de agosto de 2011

2011/08/28 - Urteko 22. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko abustuaren 28ea

Urteko 22. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Zure hitza iragartzen dudalako, oi Jauna, irain- eta iseka-bide naiz

Jeremías 20, 7-9

Liluratu egin nauzu, Jauna,
eta ni zure lilurapean erori;
bortxatu egin nauzu eta menderatu.
Barregarri gertatu naiz egun osoan,
burlaka ari zaizkit denak.
Hitz egin behar dudan bakoitzean
garrasi egin behar izaten dut
laguntza eske,
indarkeria eta zapalkuntzaren aurka
hots egin.
Zure hitza iragartzen dudalako,
oi Jauna,
irain- eta iseka-bide naiz
egun guztian.
Pentsatu izan dut:
«Ez dut berriro Jauna aipatuko,
ez dut haren izenean hitz egingo».
Baina, orduan,
suaren antzeko zerbait
sentitzen dut barruan,
eta hezurretaraino erretzen nau;
saiatzen naiz itotzen, baina ezin!

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 62, 2. 3-4. 5-6. 8-9 (R.: 2b)

R.
Zure egarri da nire barrena, Jauna, Nire Jainkoa.

Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabilkizu bila,
zure egarri da nire barrena, zure irrika naizen guztia,
lur lehor, agor, urik gabea bezala. R.

Egon nadila horrela santutegian zuri begira
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederrago zure maitasuna!
Nire ahoak ospatuko zaitu. R.

Bizitza guztian bedeinkatuko zaitut,
zuri dei eginez altxatuko eskuak.
Jakirik gozoenez
bezala aseko naiz,
eta nire ezpainek poz-oihuka goretsiko zaituzte. R.

Bai, zu izan zaitut laguntzaile;
kantuz ariko naiz pozik zure hegalen itzalean.
Zuri itsatsia nago oso-osorik,
eta zure eskuinak eusten niri. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri


Erromatarrei 12, 1-2

Senideok, Jainkoaren maitasunagatik eskatzen dizuet eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri. Hori da egiazko zuen kultua.
Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina.

Jaunak esana.

Aleluia. Cf. Ef 1, 17-18

Aleluia, aleluia.
Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak,
argi ditzala zuen barruko begiak,
jakin dezazuen zer itxarotera
deitu zaituzten. Aleluia.


EBANJELIOA

Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari.

+ Mateo 16, 21-27

Une hartatik hasi zen Jesus bere ikasleei azaltzen, berak Jerusalemera igo eta zahar, apaizburu eta lege-maisuen aldetik asko sufritu behar zuela; hil egingo zutela eta hiru egunen buruan piztu egingo zela.
Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion:
–Ez dezala Jainkoak nahi, Jauna! Ez zaizu horrelakorik gertatuko.
Baina Jesusek, itzulirik, esan zion Pedrori:
–Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo haiz niretzat, hire asmoak ez baitituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.
Orduan, esan zien Jesusek bere ikasleei:
–Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat.
Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.
Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak berriro bizia bereganatzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin; eta, orduan, bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio.

Jaunak esana.

lunes, 15 de agosto de 2011

2011/08/21 - Urteko 21. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko abustuaren 21ea

Urteko 21. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Daviden jauregiko giltzak
jarriko dizkiot lepoan.


Isaias 22, 19-23

Jainko Jaun ahalguztidunak errege-jauregiko arduradun zen Xebna agintariari horrela dio:

Bota egingo zaitut kargutik,
zauden tokitik kendu.
«Egun hartan,
neure zerbitzari Eliakimi,
Hilkiasen semeari, dei egingo diot;
zure soingainekoa jantzarazi,
zure gerrikoa ezarri
eta zure aginpidea emango diot.
Aita baten pareko izango da
Jerusalemgo eta Judako
herriarentzat.
Daviden jauregiko giltzak
jarriko dizkiot lepoan;
hark irekia, ez du inork itxiko;
hark itxia, ez du inork irekiko.
Iltzea egur gogorrean bezain sendo
ezarriko dut,
bere senitartearen harrogarri
izango da.»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 137, 1-2a. 2bc-3. 6 y 8bc (R.: 8bc)

R.
Jauna, zure maitasuna betikoa!
Ez utzi bertan behera hasi duzun lana.


Eskerrak ematen dizkizut, Jauna, bihotz-bihotzez,
beste jainkoen aurrean zu kantuz ospatzen.
Zure tenplu santura begira ahuspezten naiz,
zuri eskerrak emanez. R.

Zeure maitasun eta leialtasunaz,
paregabe handi egin dituzu zeure izena eta promesa.
Dei egin nizunean, entzun egin zenidan,
bihotzean kemena bizkortu. R.

Bai, gorena da Jauna,
baina apalari arretaz dio begiratzen;
harroari, berriz, urrutitik igartzen.
Jauna, zure maitasuna betikoa!
Ez utzi bertan behera hasi duzun lana. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Berarengandik dira gauza guztiak, beraren bidez eta berarentzat.

Erromatarrei 11, 33-36

Bai handi eta sakonak Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakinduria eta ezaguera! Bai aztergaitzak beraren erabakiak eta sumaezinak haren bideak!

Nork ezagutu du
Jaunaren pentsamendua?
Nor izan da haren aholkulari?
Nork eman dio hari lehenengo,
gero hark itzuli behar izateko?

Berarengandik dira gauza guztiak, beraren bidez eta berarentzat. Aintza berari betiere! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 16, 18

Aleluya, aleluya.
Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza;
eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Aleluya.

EBANJELIOA

Pedro zara zu eta Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

Mateo 16, 13-20

Aldi hartan, Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.
Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.
Orduan, bera Mesias zela inori ez esateko agindu zien Jesusek ikasleei.

Jaunak esana.

lunes, 8 de agosto de 2011

2011/08/15 - Maria Birginaren Jasokundea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko abustuaren 15a

Maria Birginaren Jasokundea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian.

Apokalipsia 11,19a;12,1.3-6a.10ab

Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen.
Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana.
Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen.
Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.
Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten.
Emakumeak, berriz, basamortura egin zuen ihes; han bazter bat prestatua zion Jainkoak.
Ahots handia entzun nuen zeruan esaten:
«Orain etorri da
gure Jainkoaren salbamena,
indarra eta erregetza
eta beraren Mesiasen agintea.»

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 44, 9. 10-11. 15 (R: 9b)

R.
zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik.


Errege-alabak dituzu inguruan,
zure eskuinean erregina,
urre finez apaindurik. R.

Entzun, alaba! Zaude erne eta adi!
Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz.
Bera da zure jaun; egiozu agur. R.

Jai-giro pozgarrian sartzen dira
erregearen jauregira. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak.

1 Korintoarrei 15,20-27a

Senideok: Piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari. Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira.
Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da. Izan ere, gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Laburpena

+ Lucas 1,39-56

Egun haietan, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»
Orduan, Mariak esan zuen:

«Jaunaren handitasuna
dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien
gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei
betiko».

Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Jaunak esana.

2011/08/14 - Urteko 20. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko abustuaren 14a

Urteko 20. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Atzerritarrei neure mendi santura ekarriko ditut.

Isaias 56, 1. 6-7

Hau dio Jaunak:
«Errespetatu zuzenbidea,
egin justizia,
iristear baitago nire salbamena,
agertzear nire garaipena.
«Eta nire kultu-zerbitzurako,
ni maitatu eta nire zerbitzari izateko
atxikiko zaizkidan atzerritarrak,
larunbata profanatu gabe
errespetatzen
eta nire itunari tinko eusten badiote,
neure mendi santura
ekarriko ditut
eta neure otoitz-etxean
pozez beteko.
Atseginez onartuko ditut
neure aldarean
haien erre-opari eta sakrifizioak,
nire etxea herri guztientzat
otoitz-etxe izango baita».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 6 y 8 (R.: 4)

R.
Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!


Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Behin betikoak baitira Jainkoaren dohainak eta deia.

Erromatarrei 11 13-15. 29-32

Senidok: Orain, zuei, jentiloi, mintzo natzaizue: jentilen apostolu naizenez gero, ospetsu egin nahi dut neure zerbitzu hau, ea neure jatorrikoen jelosia pizten dudan eta haietako batzuen batzuk salbatzen ditudan. Israeldarrak baztertzetik munduari Jainkoarekin baketzea etorri baldin bazaio, zer ote datorke Jainkoak berriro haiek onartzetik? Heriotzatik bizira etortzea izango litzateke hori!
Behin betikoak baitira Jainkoaren dohainak eta deia. Zuek, garai batean Jainkoarekin errebelde zinetenok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia lortu duzue. Era berean haiek ere: orain errebelde bihurtu dira, zuei izan zaizuen errukiari esker errukia lor dezaten. Jainkoak errebelde izaten utzi baitzien gizon-emakume guztiei, denei erruki izateko.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 4, 23

Aleluia, aleluia .
Jesus Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen
eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Aleluia.

EBANJELIOA

Emakumea, handia da zure fedea!

+ Mateo 15, 21-28

Handik irtenik, Tiro eta Sidon aldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion:
–Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba.
Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten:
–Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik.
Jesusek, ordea:
–Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak.
Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez:
–Lagun nazazu, Jauna.
Jesusek, orduan:
–Ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.
Emakumeak erantzun zion:
–Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzuna!
Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Jaunak esana.

lunes, 1 de agosto de 2011

2011/08/07 - Urteko 19. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko abustuaren 6a

Urteko 19. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Egon zutik mendian, Jaunaren aitzinean.

1 Erregeak 19, 9a. 11-13a

Elias Horeberaino, Jainkoaren mendiraino, heltzean, leize-zulo batera sartu eta bertan eman zuen gaua. Jaunak, esan zion:
–Irten eta egon zutik mendian, Jaunaren aitzinean; Jauna igaroko da.
Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo zuen; mendiak urratu eta haitzak zartatzen zituen. Jauna, ordea, ez zen haizean. Haizearen ondoren lurrikara izan zen; Jauna, ordea, ez zen lurrikaran.
Lurrikararen ondoren, sua; Jauna, ordea, ez zen suan ere. Suaren ondoren, zuzmur apal baten hotsa. Entzun zuenean, Eliasek aurpegia estali zuen bere soingainekoaz; gero, irten eta zutik gelditu zen leizearen ahoan.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 84, 9ab-10. 11-12. 13-14 (R.: 8)

R.
Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
eman zeure salbamena!


Jainko Jaunak dioena iragarriko dut:
bakea agintzen die bere herri eta fededunei,
Gertu dago, begirune diotenak salbatzeko;
bai, haren ospea gure lurraldean kokatuko da. R.

Maitasunak eta leialtasunak topo egiten dute,
justiziak eta bakeak elkar besarkatzen;
leialtasuna lurretik ernetzen da,
justizia zerutik jaisten. R.

Egiaz, Jaunak euria emango du,
eta gure lurrak uzta ekarriko.
Jaunaren aurretik joango da justizia,
haren urratsei jarraituko ongizateak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Aldendua izatea– ere onartuko nuke nire odoleko senideen onerako balitz

Erromatarrei 9, 1-5

Senideok:
Egia diot –Kristo dut lekuko–, ez diot gezurrik; neure kontzientziak ere, Espiritu Santuak argiturik, hala aitortzen dit: handia da nire nahigabea, etengabea nire bihotzaren mina. Ni neu madarikatua izatea –Kristorengandik aldendua izatea– ere onartuko nuke, baldin eta hori nire odoleko senideen onerako balitz.
Israelen ondorengo dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu zituen; beraiek dituzte Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua eta agintzariak; beraienak dira arbasoak eta, giza jatorriari dagokionez, beraiengandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoen Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Cf Sal 129,5

Aleluia, aleluia.
Jaunaren zain nago,
haren erantzuna dut itxaro. Aleluia.

EBANJELIOA

Agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.

+ Mateo 14, 22-33

Jendea asetzeraino jan zutenean, Jesusek ikasleak txalupan sarrarazi eta bere aurretik beste aldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendeari agur egin ondoren, mendira igo zen, bakardadean otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik.
Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, uhinek astindua, haizea kontra baitzuen. Goiz aldera, ikasleengana joan zen Jesus, ur gainean oinez. Aintziran ibiltzen ikusi zutenean, ikasleak izutu egin ziren, mamuren bat zelakoan; eta beldurraren beldurrez oihuka hasi ziren.
Baina Jesusek berehala hitz egin zien eta esan:
–Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!
Orduan, Pedrok esan zion:
–Jauna, benetan zeu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.
Jesusek erantzun:
–Zatoz.
Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion, eta, hondoratzen hasi zelarik, deiadar egin zuen:
–Jauna, salba nazazu.
Jesusek eskua eman eta heldu egin zion, esanez:
–Sinesmen gutxiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?
Txalupara igo zirenean, haizea baretu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren, esanez:
–Egiaz Jainkoaren Semea zara zu!

Jaunak esana.

2011/08/06 - Jaungoikoaren antzalda (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko abustuaren 6a

Jaungoikoaren antzalda (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Haren jantzia elurra bezain zuri.

Daniel 7,9-10.13-14

«Begira nengoela, hona hemen zer ikusi nuen: Errege-aulki batzuk jarri zituzten eta gizon zahar bat jesarri zen.

«Haren jantzia elurra bezain zuri,
buruko ileak artilea bezain garbi!
Haren aulkia eta gurpilak
sugar kiskalgarri!
Suzko ibai bat
ateratzen zen haren aurretik.
Jendetza izugarria zuen zerbitzari,
milaka eta milaka zeuden
haren aurrean zutik.
Auzia hasi
eta zabaldu ziren liburuak.

«Nire gau-ikuskarietan, gizaseme antzeko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen. Gizon zaharrarengana hurbildu zenean, honi aurkeztu zioten.
Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen.

«Haren aginteak beti iraungo du,
ez du azkenik izango,
haren erregetza
ez da inoiz hondatuko.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 96, 1-2. 5-6. 9 (R : cf. 9 ab)

R.
Jauna, goi-goikoa zara, lur osoaren gainetik gailen.

Errege da Jauna! Poz bedi lurra,
alai bitez uharte eta kostaldeak!
Hodei beltz-ilunak haren inguruan,
justizia eta zuzenbidea haren tronu-oinarri. R.

Mendiak argizaria bezala urtzen dira
Jaunaren aurrean, lur osoaren Jabearen aurrean.
Zeruek haren justizia iragartzen dute,
herri guztiek haren ospea ikusten. R.

Izan ere, Jauna, goi-goikoa zara,
lur osoaren gainetik gailen,
jainko guztien gainetik garai. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori.

2 Pedro 1,16-19

Senide maiteok: Jesu Kristo gure Jaunaren ahalmenezko etorrerari buruz hitz egin genizuenean, ez ginen oinarritu irudipenezko ipuinetan, geure esperientzian baizik, geure begiz ikusi baikenuen haren handitasuna. Jesusek Jainko Aitarengandik hartu zituen ohorea eta aintza, honela esan baitzion Jainkoaren ospe bikainetik etorritako mintzoak: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut nik atsegin».
Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori, mendi santuan Jesusekin geundela.
Badugu profeten hitza ere, hitz guztiz sendoa, eta zuek ederki egiten duzue hitz horri adi-adi egonez: toki ilunean argi egiten duen kriseilua bezala da zuentzat, eguna zabaldu eta goizeko izarra zuen bihotzetan jaiki arte.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 17,5c

Aleluia, aleluia.
Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin.
Entzun berari! Aleluia.

EBANJELIOA

Otoitz egiten bitartean, aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion.

+ Mateo 17, 1-9

Egun haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri.
Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
Oraindik hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta mintzo batek hodeitik esan zuen: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»
Hau entzutean, ikasleak ahuspez erori ziren beldur-ikaraz. Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Zuti zaitezte. Ez beldurtu!»
Begiak altxaturik, Jesus bakarrik ikusi zuten, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, agindu hau eman zien Jesusek: «Ez esan inori ikusi duzuena, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte».

Jaunak esana.